AGIRREAZALDEGI, Alberto:

2004-2005 ikasturte honetan, EAEko ikastetxeetan zenbat haur ditugu matrikulatuak? Zenbat probintziako? Zenbat ereduko? Zenbat ikastetxetan?

Gaur egun EAEn gutxi gorabehera 10.000 ikasle etorkin ditugu, egunetik egunera kopuru hori gehitzen doalarik.

Pasa den ikasturte bukaerako datuei begiratzen badiegu (2003-2004), ikasturte bukaeran 8.647 ikasle etorkin genituen irakaskuntza arautuan matrikulaturik. Duela hiru urtetik hona ikasle etorkinen matrikulazio tasa urtero % 40 ari da hazten, etorkinen eta bertakoen arteko erlazioa hirukoiztu egin delarik azken lau urteotan, % 0,95tik % 3,13ra pasaz. Ikasle etorkin horien ia bi herenak (%69) latinoamerikarrak dira.

EAEko hiru lurralde historikoetan dauden ikasle etorkinen kopuru osoari begiratzen badiogu, Bizkaian dugu EAEko ikasle etorkinen erdia, % 52,7, Gipuzkoan % 28,8, eta Araban % 18,5. Hala ere, datuak probintzia bakoitzeko ikasleria osoarekin alderatzen baditugu, ehunekoak aldatu egiten dira: Araban % 2,53; Bizkaian % 1,59; Gipuzkoan % 1,45.

Eskola sareen banaketari dagokionez, sare publikoak pasa den ikasturte bukaeran ikasle etorkinen % 70 (6.042 ikasle) biltzen zuen, eta itunpeko sareak % 30 (2.605 ikasle). Hala ere, lurraldetik lurraldera ehuneko horiek asko aldatzen dira. Honatx datuak:

Ereduei dagokienez, EAEko ikasle etorkinen erdia (% 54), iazko ikasturtean A ereduan zegoen matrikulaturik, % 27 B ereduan, eta % 19 D ereduan. Kasu honetan ere, lurralde historiko batetik bestera, bada alderik. Hala, Gipuzkoan ikasle etorkinen % 78, B eta D ereduetan matrikulatua zegoen bitartean, Araban, ikasle etorkinen % 19 baino ez zegoen eredu horietan ikasten.



Sarri kritikatu izan da ikasle etorkinen matrikulazioa dela eta, ghettizazio fenomeno bat sortzen ari dela ikastetxe konkretu batzuetan. Hori zer dela eta gertatu dela uste duzue?

Horri aurka egiteko zein bide hartu dituzue edota hartuko dituzue?

Ez dago arrazoi bakar bat. Gehienetan eskolaz kanpoko arrazoiak izan ohi dira. Etorkinak auzo jakin batzuetan bizi dira etxebizitza arazoak tarteko. Ondorioz, gertuko ikastetxean eskolatzea nahi izaten dute, eta horixe da bidezkoena, eskolan auzoko lagunak aurkituko dituelako eta integrazioa naturalagoa izango delako. Baina, ikastetxe horietan etorkin asko pilatzen direnean, hiri handietan batez ere, bertako ikasleek alde egiten dute etorkinekin ez nahasteko, eta orduan sortzen da ghettizazioa. Are gehiago oraindik egoera sozial eta familiar baztertuetan dauden ikasle gehiago aurkitzen badira bertan. Hori da itxurazko gizarte solidario honen hipokresia. Hezkuntza Sailean dauzkagun irizpideak argiak dira eta horrela jasota daude "Ikasle etorkinak eskolatzeko Programan". Baina eskolaz kanpoko faktoreen eragina nabarmena da batzuetan. Eskolatze Batzordeek ausart jokatu beharra daukate hori ekiditeko eta ikastetxea aukeratzeko eskubidearen gainetik beste arrazoi batzuek jarri beharko lirateke. Baina hori gaizki ikusia dago gizartean.



Zein ezaugarritako haurrak hartzen dituzue ikasle etorkintzat?

Arriskutsua da batzuetan definizio zurrunak egitea, ez delako beti asmatzen. Baina, oro har, beste hezkuntza sistema batetik datozenak eta hemengo hizkuntzak ezagutzen ez dituztenak dira etorkinak. EAEko hezkuntza sistemak ezaugarri bereziak ditu, bai hizkuntzaren aldetik eta bai curriculumaren aldetik ere, eta beharrezkoa da neurri batzuk arautzea ikasle etorkinak EAEko hezkuntza sistemara behar bezala egokituko direla bermatzeko. Zentzu horretan, ikasle etorri berriak, laguntza edo arreta berezia behar dutelako, dira guretzat etorkin.



2004ko udaberrian "Ikasle etorkinak artatzeko programa" kaleratu zenuten. Zer-nolako harrera izan du administrazioan, erakundeetan eta ikastetxeetan? Eta etorkinen gurasoen aldetik?

Harrera oso ona izan du Programak. Administraziotik sortutakoa izan denez, bete beharreko programa da administrazioarentzat. Programa hori gauzatzeko diru kopuru handia jarri du Administrazioak baliabideak bermatze aldera. Ikastetxeetan eta erakundeetan ere begi onez ikusi dute. Programa hori indarrean jarri ez bazen, ezin izango ziren hainbat jarduera eta esku-hartze martxan jarri. Etorkinen gurasoen aldetik, interes handiarekin hartu dute, euren seme-alaben arazo askori aurre egiteko aukera eskaintzen dielako. Nolanahi ere, hasieran gaudenez, programa horren jarraipena egin beharra daukagu hobekuntza neurriak etengabe egiteko.



Programa horren helburu nagusia ikasle etorkinen "integrazioa" omen da. Zer adierazi nahi du zuentzat "integrazio" hitzak?

Integrazioa ez da soilik gure kultura eta ohiturak asimilatzea beren nortasuna galduz. Ez da geureganatzea, bertakotzea baizik, eskubide eta betebehar guztiekin, bakoitzaren izaera errespetatuz. Etorkinen integrazioa lortu nahi da, baina euren izaera eta nortasuna ezereztu gabe. Eskolak kanpoko ezberdintasunak konpondu ezin baditu ere, barnean berdintasuna eta kulturarteko hezkuntza bultzatu behar du, ikasle bakoitzaren nortasuna eta kultura errespetatuz. Programaren integrazio-printzipioak argi dio: "helburu hori kultura desberdinetako ikasleekin betetzeko biderik koherenteena kultura arteko hezkuntza da, hau da, berdintasunean eta dibertsitatearekiko errespetuan oinarritutako hezkuntza."



"Integrazio" hori lotzeko, Hezkuntza Sailak zein arlo landuko ditu? Nola? Jada zein baliabide, programa... dituzue martxan edota eskaini dizkiezue ikastetxeei hori lortzeko?

Programa indarrean jarri denetik hainbat jarduera jarri ditu indarrean Hezkuntza Sailak: irakasleen prestakuntza eta horientzako materialak sortzea izan da lehen egitekoa. Horrela, ikastetxeetan harrera plana egiteko orientabideak eman dira eta irakasleen prestakuntzara zuzenduriko hainbat saio egin dira. Aurrerantzean ere egiteko asmoa dago. Bestalde, hizkuntza indartzeko programa jarri zen indarrean iaz, eta aurten ere baliabide asko jarri dira programa hori gauzatzeko. Familia etorri berriekin harremanak izateko interpreteak jartzen dira bitartekaritzaren bitartez harrera egokia gauzatzeko. Horrez gain, euskal hezkuntza sistemari buruzko informazio-gida eleaniztun bat argitaratu du Hezkuntza Sailak familia etorkinen artean banatzeko.



Euskararen ezagutzari garrantzia handia ematen diozue programa honetan. Hori dela eta, pasa den ikasturtetik hasita ikasle etorkinei begirako errefortzu linguistikoak eskaintzen dira zenbait ikastetxetan. Zein ezaugarri izan behar ditu ikastetxe batek euskara errefortzu horiek lortzeko? Hau da, zenbat etorkin; zer ezaugarritako etorkinak? Errefortzu horiek nola eskaintzen dira? Hau da, lanordu osoz, erdiz...



Lehen esan bezala, hizkuntza indartzeko programa jarri zen martxan iaz, eta programa horri esker, ikasturte honetan 115 irakasle jarri dira ikastetxe publikoetan eta diru laguntza deialdi bat atera da itunpeko ikastetxeentzat. Programa horren helburua da euskaraz ez dakiten ikasle etorkinei arreta berezia eskaintzea hizkuntza eta komunikazio gaitasunak lortzen laguntzeko. Hezkuntza sisteman sartu berriak izanik, euskaraz komunikatzeko zailtasun handia duten eta, beraz, hizkuntzaren aldetik plan indargarri bat behar duten ikasleei arreta emateko pentsatuak dira baliabide horiek. Indarketa programa LHko eta DBHko ikasleentzat zuzendua dago, ikasle berantiar etorri berriek hizkuntza ahalik eta azkarren ikas dezaten. Beraz, ikastetxeak baliabide hori lortzeko ezaugarri horretako ikasleak izan behar ditu eta proiektu bat aurkeztu behar du eskatzen diren baliabideak zehaztuz eta esku-hartze proposamena eginez. Horrez gain, kontuan hartzen da ikastetxeak daukan etorkin kopurua eta etorri berriena. Ondorioz, irakasle oso bat edo bi ikastetxeen artean partekatua eskaintzan zaie ikastetxe publikoei proiektua aurrera eramateko eta bertako irakasle bat proposatu behar du ikastetxeak. Aldiz, itunpeko ikastetxeentzat diru laguntza-deialdia egin da eta eskaera egin ondoren baldintzak betetzen dituztenei astean 23, 12 edo 8 orduko errefortzua gauzatzeko diru laguntza ematen zaie.



Haur Hezkuntzako haurrei begira, kanpora begira behintzat, badirudi ez duzuela euskara errefortzurik jartzen. Hala al da? Eta hala bada, zergatik? Adinaren arabera integrazio programa desberdinak pentsatu al dituzue? Adinak zer garrantzi edo eragin du integrazio prozesuan?

Zenbat eta adin txikiagoa izan orduan eta errazago ikasten du haur batek hizkuntza berri bat. Komunikazio estrategiak askoz errazagoak dira haurren artean gaztetxoen artean baino. Ez da berdin Haur Hezkuntzako ikasle bati edo Bigarren Hezkuntzako ikasle bati hizkuntz bat irakastea. Hiruzpalau urte dituen haurra gelara zuzenean egoki daiteke murgiltze programak direla medio, baina DBHko ikasleak arreta berezia behar du, laguntza egoki baten bitartez. Haur batek inguruko guztia zurrupatzen du nahigabe ere. Curriculum mailan desfaserik ez duenean berehala jartzen da beste ikasleen mailan eta errazago egiten zaio gelakideen erritmoa jarraitzea. Aldiz, ikasle helduagoek integraziorako zailtasun handiagoa azaltzen dute.



Zer neurri hartzen dira gaztelania dakiten eta ez dakiten etorkinentzat euskal hezkuntza sisteman integratzerako orduan? Berdinak? Desberdinak?

Ez da bereizketarik egiten. EAEn bi hizkuntza dira ofizialak eta biak ezagutzeko aukerak eskaini behar zaie. Biak dira beharrezkoak etorkinak integrazio osoa izan dezan. Gaztelania ezagutzen dutenek euskara ikasi behar dute. Gaztelania soilik jakitea ez da nahiko euskal gizartean, eta hori argi adierazi behar zaie etorkinei, batez ere latinoamerikarrei. Eskolak integraziorako aukera guztiak eskaini behar dizkie, bi hizkuntzak irakatsiz eta bietan aritzeko aukerak eskainiz.



Bukatzeko, urte berria hasi berri da. Zer eskatzen diozu 2005 urte honi?Ezer ez, urte berriak berez ez duelako ezer ekarriko. Eskatzekotan gizarteari eskatuko nioke, eskolari gehiegi eskatzen zaiolako eta etorkinak gizarteratzea gizarte osoaren eginkizuna delako. Eskolak bere egitekoa du gizartean, baina dena ezin da utzi eskolaren esku. Gizarteak beste maila guztietan erantzun behar du. Eskola gizartearen ispilu izango da, eta ez alderantziz. Beraz, gaurko gizartea anitza denez, gizarteak bere gain hartu behar du kultura aniztasuna eta gizartekide guztion eginkizun bihurtu.