Familia eredu askotarikoak eskolan. Familia ereduak lantzeko materiala

Eskolan familia eredu anitzak lantzeko beharra ikusirik, egokia iruditu zitzaien ipuinen bidez lantzea. Hasteko, bi ipuin argitaratu dira, baina gehiago ere etorriko dira, hurrengo bi urteetan zehar osatuz joango baita bilduma. Lehenengo biek adopzioaren eta harrera familien gaia lantzen dute. Datorren urtean gay eta lesbianen familiak eta banatutako gurasoenak landuko dituzten ipuinak kaleratuko dira. Eta 2006an gurasobakarreko familiak eta etorkinen familiak hartuko dira ardatz.



Elkarte horien laguntza denontzat

Gaur egun familiaren aniztasuna lantzeko material pedagogikorik ez dago. Irakasleek beraien kabuz bilatu behar dute materiala baldin eta gaia ganoraz landu nahi badute egungo errealitate soziala ikusita.

Ahalegin horretan lagundu nahi dute BEROA, UME ALAIA, GEHITU eta AGIPASE elkarteek, eta material xume bat prestatu dute denen artean, hurrengo orrialdeetan irakur daitekeena, hain zuzen.

Horrez gain, elkarte horien ateak irekita daude edozein kontsulta egiteko edota informazioa emateko. Hona hemen beraiekin harremanetan jartzeko bideak:



UME ALAIA

Adopziorako Laguntza Elkartea

Gipuzkoan

Tel.: 943 113 693 - 655 726 911

E-posta: umealaiagi@euskalnet.net



Bizkaian

Tel.: 656 797 063

umealaia@canal21.com



BEROA

Gipuzkoako Harrera Familien Elkartea

Tel/faxa: 943 482 594

E-posta: asociacionberoa@hotmail.com

GEHITU

Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Elkartea

Tel/faxa: 943 468 516

E-posta:info@gehitu.net



AGIPASE

Gipuzkoako Guraso Bananduen Elkartea

Tel/faxa: 943 482 614

E-posta: agipase@euskalnet.net



Sarrera

Agiri hau sinatzen dugun erakundeok -AGIPASE (Gipuzkoako Guraso Bananduen Elkartea), UME ALAIA (Adopziorako Laguntza Elkartea), BEROA (Gipuzkoako Harrerako Familien Elkartea) eta Gehitu (Euskal Herriko gay eta lesbianen elkartea)- berau idatzi beharra sentitu dugu, eskoletan umedun familien kontua lantzen denean erabiltzen den metodologia aldatzen laguntzeko. Metodologia horrek gu guztiok inguratzen gaituen gizarte errealitatea islatu beharko luke eta ez litzateke soilik familia eredu tradizional bakar batean oinarritu behar, gaur egun eredu horrekin batera beste familia eredu alternatibo eta desberdin batzuek ere badaudelako. Sortzen ari diren familia eredu edo bizikidetasun egoera berri horiek ezagutu eta onartu egin behar dira, familia horien barnean bizi diren adingabeek onespen eza edota porrota sufri ez dezaten beren errealitatearekin oso antz txikia edo antzik ez duen familia errealitate bat planteatzen zaienean.

Duela zenbat urte familietan ezkontza gunea nahiko egonkorra zen eta ezkontideen artean paperen banaketa osagarri bat eginez osatzen zen gune hori. Eredu hori, ordea, aldatzen ari da, hainbat arrazoigatik: behin-behineko lana, etengabeko prestakuntza, emakumea lan munduan sartzea eta lana eta amatasuna bateratzeko zailtasuna... Bikoteko kide bakoitzak lan ordaindua izateak aukera ematen du berdintasunean -ez menpekotasunean- oinarritutako harreman bat izateko beharrezkoa den independentzia ekonomikoa izatea.

Etengabe aldatzen ari den mundu honetan, bizi garen mundu honetan, ez da ezer behin betiko, ez dakigu ziurtasun osoz zein ibilbidetik jo, eta familia unitatea hausteko arriskua ere etengabekoa da; bikoteen arteko gatazken ondorioz bikoteak banandu eta dibortziatu egiten dira, guraso bakarreko familien kopurua hazi egin da eta etxe egitura berriro osatzen da maiz. Aldi berean, ugalkortasuna txikiagoa da, eta emakumea hobeto prestatuta dagoenez eta lan munduan sartu denez edota antisorgailuen erabilera orokortu denez, jaiotza tasa jaitsi egin da. Horren guztiaren ondorioz, amatasun adina atzeratu egin da eta abandonatutako haurren kopurua ere murriztu egin da. Horixe da nazioarteko adopzioak gora eta estatu mailakoak behera egiteko arrazoia. Aldiz, garapen bidean dauden herrialdeetan abandonatutako umeen kopuruak gora egin du, munduan hainbat herrialdetan gertatutako aldaketa ekonomikoen, gerren, etnien arteko gatazken eta natur hondamendien ondorioz.

Pertsona ezkongabeek ez diote uko egin ama edo aita izateari eta, ondorioz, guraso bakarreko familien kopurua hazi egin da.

Bikote homosexualek onar ditzaten exijitzen dute, eta baita beren egoera bikote heterosexualekin parekatzea ere.

Etorkinen kopurua handitu egin da, begi aurrean ditugun bi munduen arteko desberdintasun ekonomikoen ondorioz.

Geletan biltzen diren umeak bizikidetasun errealitate askotariko horren fruitu dira eta, etxe bakarrean bizi diren aitak, amak eta seme-alabek osatutako familia nuklear tradizionaleko umeekin batera, gutxi-asko berriagoak diren familia ereduak gero eta usuago aurkituko ditugu gela horietan:

- Aita edo ama, seme-alabekin (adoptatuak, familia harreran daudenak, ama biologiko ezkongabea dutenak, lagundutako ugalketa tekniken bidez izandakoak, bikotea banandu delako edota bikoteko kideetariko bat hil delako aitarekin edo amarekin bizi direnak).

- Harrera egoeran adingabeak dituzten bikoteak, behin-behineko izaeraz jatorrizko familiarengandik bananduta dauden adingabeak dituztenak.

- Estatuan bertan edo nazioartean adoptatutako seme-alabak dituzten bikoteak, baita beste etnia edo arraza batzuetako umeak dituztenak ere; edota seme edo alaba biologikoak eta adoptatutakoak dituztenak etab.

- Seme-alabak dituzten bikote homosexualak (seme-alabak banakako adopzio bidez, harreraren bidez, aurreko harreman heterosexualen ondorioz edota lagundutako ugaltze tekniken bidez dituztenak).

- Banandutako bikoteko kide batek berriro eratutako familia, aurreko harremanen ondorioz seme-alabak dituenean.

- Beste kultura eta familia erreferentzia batzuetatik datozen etorkinen familiak.



Gure gizartean aldaketa horiek guztiak gertatu badira ere, eskolan familia lantzeko orduan eredu bakartzat familia nuklearra hartzen da, eta zaharkituta gelditu den eta neurri batean baztertzailea den ikasmateriala erabiltzen da, gure ingurunea islatzen ez duena. Ume asko kanpoan uzten ditu, eta ondorioz, ume askok beren burua non kokatu ez jakiteko arriskua dute, behin baino gehiagotan egiaztatu ahal izan denez. Horrek guztiak segurtasun eza eta leialtasun gatazkak sortarazten ditu eta gainerako ikaskideekiko desberdin sentitzen dira.

Horregatik, Hasieran azaldutako elkarteetakook familia lantzeko orduan ikuspegi aldaketa bat eskatzen dugu, gure ikasgeletako haurrak ezaugarri zehatz batzuk dituzten familietako kide direlako lotsa ez daitezen eta familia eredu desberdinak gure gizartea aberasten duten elementutzat har ditzaten, gizarte hau etengabe aldatzen ari den gizartea baita.



Zer da adopzioa?

Adopzioa haurrak babesteko neurri bat da, jatorrizko familiarik gabe gelditu diren umeei (umezurtz edo behin betiko abandonatuta gelditu direlako) familia berri bat aurkitzeko aukera ematen diena. Adaptatutako semeak edo alabak seme edo alaba biologiko baten eskubide eta betebehar berberak bereganatuko ditu eta egoera berean kokatuko da. Adopzioaren helburuetariko bat haur batentzat egokia den familia bilatzea da (eta ez familia baten nahien araberako ume bat aurkitzea).



Adoptatzeko baldintzak:

Estatu espainiarrean haur bat honako egoeretan soilik adopta daiteke:

1.- Filiazioa ezezaguna denean.

2.- Gurasoek adopziorako onespena ematen dutenean.

3.- Aita-amei epailearen aginduz guraso agintea kendu zaienean edota aginte hori kentzeko bidean daudenean.



Estatu barneko adopzioa

Adopzio gurasoek eta adoptatuko den umeak nazionalitate bera dutenean eta herrialde berean bizi direnean egiten den adopzioa da.



Nazioarteko adopzioa

Bi mota bereizten dira:

A. Adoptatuko den umeak ohiko bizitoki duen herrialdetik irten behar du, adopzio gurasoen nazionalitatea edozein izanik ere (beste herrialde bateko adopzioa).

B. Adopzio gurasoek eta adoptatuko duten umeak nazionalitate desberdina dute, umearen herrialdean bertan bizi diren edo ez kontuan hartu gabe (nazioarteko adopzioa, zentzu hertsian).

Hagako Hitzarmenak bereizketa hori egiten du eta tresna honen aplikazioa haurra beste herrialde batera eraman behar denean egiten den adopziora mugatzen du.



Baliozkoa den edozein adopzio motatan bi fase bereizten dira:

1.- Administratiboa.

2.- Judiziala.

Nazioarteko adopzioan kontuan hartu behar da bi herrialdeen barne zuzenbidea, hau da, adoptatukoaren jatorrizko herrialdekoa eta adopzio gurasoena.

Adingabearen jatorrizko herrialdeko legearen arabera, hau jada Adopzio Auto batekin etor daiteke, edota beste kasu batzuetan adoptatu aurreko tutoretzarekin etorriko dira.Gure herrialdera iristen direnean eta gure legeen arabera, tutoreak edo adopzio gurasoak arduratuko dira dagokion komunitateko auzitegietan Adopzio Autoa eskatzeaz, eta ondoren Erregistro Zibilean eta Familia Liburuan inskribatzera joko da; orduan adopzio gurasoen abizenak ezarriko zaizkio.



Zer da familia harrera?

Definizioz, familia harrera haurrari epe jakin batean bere berezko familiak ondo zaindu ezin duenean, berezko familia horren ordezko edo osagarri modura familia arreta eskaintzeko erabiltzen den baliabide bat da.

Hainbat egoeratan beren familiarekin bizi ezin duten haurrei eta nerabeei zuzentzen zaien baliabide bat da familia harrera, eta horregatik, ezin da inoiz adopzioarekin nahastu.

Egiaz ez dago harrera egiteko pertsona eredu bat edo familia eredu bat. Hasiera batean, edozein izan daiteke harrera egiteko gai, nahiz eta ezin duen edozeinek edozein haur hartu. Dena den, ezin dugu ahaztu harrera egiteko beharrezkoa dela aurrez prestatzea.



Harreraren helburua:

- Soila: aldi baterako izaera du, bai adingabearen egoera ikusita berriro gero bere familiarekin biziko dela uste delako, bai izaera finkoagoko babes neurri bat hartzen den bitarteko aldiari dagokiolako.

- Iraunkorra: adingabearen adinak eta honen edo familiaren beste ezaugarri batzuek horrela egitea eskatzen dutenean eta adingabeentzako arreta zerbitzuei horren berri eman ondoren.

-Adoptatu aurrekoa: erakunde publikoak bideratuko du, adingabearen adopzio proposamena agintaritza judizialari helarazten dionean.



Harrera familiaren izaera:

-Norberaren familian hartzea: adingabea familia biologikoko kide baten tutoretzapean gelditzen denean (osaba-izebak, aitona-amonak...).

-Besteren familian hartzea: zaintza familia biologikotik kanpoko beste familia baten esku gelditzen denean.



Harreraren izaera:

-Administratiboa: familia biologikoa adingabearen harrera prozesua hastearekin ados dagoenean.

-Judiziala: familia biologikoa bere seme-alabak beste familia batean hartzea planteatzearekin ados ez dagoenean eta babes neurri hau hartzeko erabakia epaileak hartzen duenean.



Zer dira banandutako gurasoen familiak?

Beren bizimodua bananduta, aparteko etxeetan, egitea erabakitzen duten gurasoen familiak dira. Horregatik, haurrek aitarekin eta amarekin bizi beharko dute, baina etxebizitza desberdinetan. Adingabeek ahalik eta gutxien sufritzeko moduan bideratuko da. Bien arteko zaintzaren bidez batarekin edo bestearekin denbora berdina pasa dezake, edota zaintza guraso batek izan dezake bere gain eta besteak bisiten erregimen zabala izan dezake, maitasun harremanei eta loturei eusteko. Adingabeak direnez eta beren kabuz erabaki ezin dutenez, gurasoak elkarrekin ados ez badaude, epaitegietan lan egiten duen profesionalen talde batek erabakiko du zein gurasorekin biziko den adingabea; psikologo batek, gizarte langile batek eta abokatu batek osatzen dute taldea.

Gerta daiteke banandutako familia batetik berriro eratutako familia bat sortzea. Familia mota hauetan, gurasoetariko batek edo biek beste bikotekide bat aurkituko dute eta bikotekide berri horrekin etxe berean bizitzen jartzea erabaki dezakete; gerta daiteke, gainera, aitaren edo amaren kide berriak osatu berri den familia horretara seme-alabak ekartzea, edota berriro eratutako familia horren barnean ume gehiago izatea eta, beraz, neba-arreba berriekin topo egitea.



Familia homoparentalak

Bi gizonek edo bi emakumek osaturiko familiei deitzen zaie familia homoparentalak.

Azken eredu hau ez da apenas ezagutzen, ezkutuan dago, ez du onarpen sozialik, estatistika ofizialetan ere ez da ageri. Nola izendatu ere ozta-ozta jakiten da. Soilik zenbait alor akademikotan, gutxitan nolanahi ere, eta gayen eta lesbianen eremuetan hasi da zabaltzen.

Hala ere, era honetako familiak existitu existitzen dira. Lesbianek intseminazio artifiziala baliatzen dute, edo norbanaka seme-alabak adopta ditzakete. Baita aurretiko erlaziotik izandako seme-alabekin osatu ere familia.

Errealitate horrek gizarteari hainbat galdera planteatzen dizkio eta, beraz, erantzun berriak ematea eskatzen du. Dudarik gabe, kezka handiena sortzen duena hauxe da: zein eragin duen haurren garapenean familia homoparentaletan hazi eta hezteak.

Zalantza horiek zenbait herrialdetan (AEBn, Erresuma Batuan, Kanadan, Suedian, Belgikan) egindako ikerketek argitzen dituzte. Espainiako Estatuan bada ikerketa bat, Sevillako Unibertsitateak eta Madrilgo Psikologoen Elkargoak egina. Denek honako hau ondorioztatzen dute: gay eta lesbianek autoestimu handia dutela , eta beraz, guraso izateko gai direla. Euren seme-alabek ez dutela alderik familia eredu tradizionaletan hazitako haurrekin, garapen psikologikoari eta intelektualari dagokienez; nortasun garapena berdina dela; ikaskideekiko eta lagunekiko erlazioak berdinak direla; eta azkenik, gurasoen orientazio sexualak ez duela eraginik seme-alaben orientazioan.

Ikerketak bi diferentzia soilik nabarmentzen ditu: batetik, gay eta lesbianen haurrek hobeto onartzen dutela homosexualitatea; eta bestetik, genero rolak malguagoak dituztela.

Hezkuntza arloak aurrean erronka garrantzitsua du: aniztasunean heztea, alegia, heziketa irekia eta adeitsua eskaintzea afektibitatea eta sexualitatea bizitzeko era guztiekiko. Helburua homosexualitatea naturaltasunez bizitzen irakastea da.

Egoera honek, halaber, eskatzen du hezitzaileak aniztasun balioez jabetzea gero haurrei helarazteko. Eskola barruan jartzen diren adibideak ez daitezela izan beti aita-ama. Ama-ama, aita-aita ereduak ere erabil daitezela, dagoeneko badirelako.

Horrek guztiak ekarriko du haurrak ezberdintasunarekiko begirunean heztea, eta denok irabaziko dugu, ez guraso homosexualak dituzten haurrek bakarrik.



Adingabeekin familia gaia lantzeko jarraibideak



- Familia eredu guztiak baliagarri direla azpimarratzea, eredurik baztertu gabe.

- Ez daude hobeak edo okerragoak diren familia ereduak, desberdinak dira, besterik gabe, familiarteko loturak ez baitagozkio odolari, sentimenduei baizik.

- Bi familiatako kide izan zaitezkeela ulertzea: familia biologikokoa eta harrera familiakoa, banaketa prozesu baten ondoren osatutako familia batekoa...

- Bizitzan egoera zailei aurre egin behar izan dietelako haurrak gehiegi ez babestea.

- Haurren jaiotzari eta lehen urteei buruzko galderak ez egitea, batzuetan garai horri buruzko informaziorik ez dutenez daturik ezin eman dutelako; adibidez, jaio zen pisua eta altuera, haurtxoa zen garaiko argazkiak etab.

- Familia egoera eta egoera pertsona azaltzeko espazioak eta uneak eskaintzea ikasleari, errealitate hori edozein delarik ere.

- Adingabearen jatorrizko familiari buruzko iritzi negatiboak saihestea, leialtasun gatazkak eragin baitiezazkioke horrek eta hazkuntzan eragin negatiboa izan baitezake.

- Adingabeek azal ditzaketen krisialdietan ulerkorrak izatea eta harrera familiari aholkua eskatzea horrelakoak gainditzeko. Uzkur eta gogogabe nahiz oldartsu eta urduri ager daitezke.

- Adingabe hauek eskolako zereginetan kontzentratzeko dituzten zailtasunen aurrean ulerkorrak izatea, bizi diren familia egoera kontuan hartuta (galerak, lotura berriak sortzea etab.). Ikasketa maila baxuagoa erakuts dezakete, egoera berrira moldatzeko behar izan duten indarra handia izan baita.

- Moldatze prozesuaren hasierako aldian irakasleak harreman berriak zaindu eta sustatu beharko ditu, lehenengo fase horretan arreta batez ere harremanetan jarriz, eta ez horrenbeste ikasketen emaitzetan. Komenigarria izan daiteke fase horretan haur horri laguntzeko ikaskide bat esleitzea, gauzak azal diezazkion eta lagun diezaion.

- Iristen den haurra horren txikia ez denean, atzerritik datorrenean edo ikastetxeko hizkuntzarekin harremanetan egon ez denean, hizkuntza bati emango zaio lehentasuna besteen gainetik.

- Ikastetxearen eta gurasoen artean etengabeko harremanak izatea komeni da, ikaslearen bilakaeraren jarraipena ondo egiteko eta, beharrezkoa bada, eskolaz kanpoko jarduerekin edo jarduera psikologikoekin laguntzeko.

- Haurra ez da inoiz gurasoak banatzearen errudun, eta ez da errudun sentiaraziko; ezta ondorio adingabe baten adopzioa edo harrera duen egoera baten errundun ere.

- Adingabeei beren familiari buruz, datozen herrialderi buruz (beste herrialde batekoak badira) eta horrelakoei buruz lagunei datuak azaltzeko uneak eta espazioak eskainiko zaizkie.