BIDEBIETA Institutua, Donostia: Espezie exotikoak: turistak ala inbaditzaileak?

Batxilergoko 2. mailako ikasleen ideia izan zen erakusketa egitearena, behin gai hori lantzen ari zirelarik, egokia iruditu baitzitzaien beste ikaskideei horren berri ematea. Miguel Ibañez irakaslea ikasleak adina emozionatu zen. Horma irudi informatiboak jartzeaz gain, animalia eta landare exotiko inbaditzaileak bildu eta jarri zituzten ikusgai: Japoniako sargazoa eta falopia, Panpako belarra, Amerikako karramarroa, ganbusia, Floridako dordoka... Ikusgai izan ziren espezie horietako gehienak planetako 100 arriskutsuenen artean sailkatuta daude.



Zer da espezie inbaditzailea?

Espezie inbaditzailea da leku batean berezkoa izan ez eta hara gizakiaren bidez iristen den izaki biziduna. Horietako batzuk ez dira ingurune berrira egokitzen eta desagertu egiten dira. Beste batzuk, aldiz, egokitu eta ugaldu egiten dira, baina espezie autoktonoekin bizirauteko lehian desagertu egiten dira. Beste batzuek aurrera egiten dute eta espezie inbaditzaile bihurtzen dira. Eta orduan hasten dira arazoak. Gerta liteke, adibidez, lehen landare asko zeuden zelai batean, gero kanpotik ekarritako bat bakarra gelditzea.

Izan ere, espezie inbaditzaileek autoktonoak jaten eta desagerrarazten dituzte. Horrek, fauna eta flora guztia alda dezake, eta baita kalteak eragin ere. Esate baterako, Itsaso Beltzean medusa bat ikaragarri zabaldu zen, eta landareak ezezik, hango arrain guztiak akabatu zituen. Kaspio itsasora zabaltzeko beldur dira eta hori geldiarazten saiatzen ari dira, besteak beste hor kabiarra dagoelako.

Edonola ere, eragindako kaltea ez da berdina kasu guztietan. Badira arazo larriak eragin dituzten espezieak: karramarro gorria, zebra muskuilua, alga hiltzailea... Beste batzuek arazo arinagoak eragin dituzte. Eta leku batetik bestera ere aldea nabari da. Esate baterako, ganbusiak Gipuzkoan eragindako arazoa ez da hain larria, baina bai, aldiz, Valentziako lurretan. Han "saramuc" arrain autoktonoaren desagerpena eragin dezake. Era berean, Japoniako falopiak ez du kalte handirik eragingo Andaluzian eta Extremaduran, hezetasun handia behar baitu. Aitzitik, oso arriskutsua bilaka daiteke Euskal Herriko ibai ertzetako ekosistemarako.



Nola iristen dira?

Bi modutara ailegatzen dira: gizakiak berariaz ekarrita eta gizakiak nahi gabe ekarrita.

Gizakiak propio ekartzen dituenean, hainbat erabilpenetarako ekartzen ditu: nekazaritzarako edo abeltzantzarako (koipua, Amerikako bisoia...); etxeak eta lorategiak apaintzeko (sasiakazia, alga hiltzailea, Japoniako falopia, Panpako belarra...); atsegin hartzeko (Floridako dordoka, maskotak...); edota zenbait gune birpopulatzeko (Amerikako karramarro gorria, luzioa, siluroa, ganbusia...).

Askotan, ordea, gizakiak nahi gabe lekualdatzen ditu espezieok. Horrela iritsi zen, esate baterako, Hego Afrikatik Mallorkara 1987an geranioaren tximeleta (Cacyreus mashalli), haren arrautzak zekartzan landareren batean.

Lekualdatze horiek ez dira gaur goizeko kontuak. Neolito garaian, jada, sortu ziren nekazaritzaren eta abeltzantzaren eraginez. Dena dela, gaur egun askoz ere joan-etorri handiagoa dago, jendearen mugikortasuna ere askoz handiagoa delako. Miguel Ibañez irakasle biologoak dioenez, "100 espezie berritatik hamarrek biziraun dezakete, eta bat bihur daiteke inbaditzaile. Orduan, 100 espezie ekartzen badira, % 1eko arriskua dago. Baina 100.000 ekartzen badira... Eta hori da gaur egun gertatzen dena. Ikusi besterik ez dago zenbat landare eta animalia mota dagoen dendetan".

Uraren bidez iristen diren espezieak ere miloika dira. "Urtean 10 bilioi tonelada ur mugitzen dira batetik bestera itsasontzien bidez" dio Ibañezek. "Itsasontzi batek Karibeko itsasoan ura hartzen duenean eta Kantauri itsasora etorri eta hustutzen duen bakoitzean, kolonizazio esperimentu bat egiten ari da. Eta uneoro horrelako miloika esperimentu egiten dira. Esperimentu horietatik batek arrakasta edukitzearekin, konturatu gabe aldatze esperimentuak egiten ari gara".



Zer egin dezakegu?

Egia da ez dagoela arazo horren kontzientziarik. "Jendeak ez daki horrelako gauzak gertatzen direnik, eta beraz, oso kontzientzia txikia dago. Gainera, gauza exotikoek erakarri egiten gaituzte, gustatu egiten zaigu etxean edukitzea" dio Ibañezek. "Biologoak gara, gainera, askotan joera hori daukagunak. Baina orain arte interes naturalekoa zena, orain arrisku latza bihurtzen ari da".

Kontua ez da egoera dramatizatzea eta beldurtzea, informatzea eta zer egin daitekeen jakitea baizik. Horregatik, Bidebietako ikasleek hainbat aholku ematen dituzte:

- Ez ekarri atzerriko izaki bizidunik (landare zein animalia) bidaiatzen duzunean. Hobeto bizi dira sorlekuan, inolako arazorik sortu gabe.

- Erabili bertako espezieak zerbait apaintzeko landareren bat behar duzunean.

- Ez erosi animalia exotikorik lagun egingo dizun animaliaren bat behar duzunean. Dagoeneko baldin baduzu, berriz, ongi zaindu.

- Ez utzi kanpoan animalia edo landare exotikorik. Aspertu bazara eta alde batera utzi nahi baduzu, eramazu dende egokiren batera edo jo ezazu animalientzako ospitaleren batera. Edo bestela, eutanasia egin; hozkailuan sartu eta hil egiten dira naturalki, minik gabe.

Espezie inbaditzaileen hedapenari aurre hartu nahi bazaio, instituzioek ere hainbat neurri hartu beharko dituztela argi ikusten du Ibañez irakasleak. Hasteko, inportatzen diren gaiak sakonki ikuskatuz eta araudi zorrotzak jarriz. Zenbait espezie inbaditzaileren batek kutsatuta dagoela susmatzen bada, behar diren neurriak hartu beharko lirateke. Hainbat salgairen salerosketa ere debekatu egin beharko litzateke, nazioarteko itunei men eginez. "Portugalen 1999an araudi zorrotza ezarri zuten. Besteak beste, sar ezin daitezkeen zuhaitz espezieak eta landatu ezin daitezkeen espezieak zerrendatu zituzten, eta animalia eta landareak saltzen dituzten dendei ere hainbat kontrol jarri zitzaizkien. Hemen, ordea, parte naturaletan baino ez dago neurririk" azaltzen digu Ibañezek. "Sarritan seriotasunik gabe hartzen dira neurriak, baina hemendik urte batzuetara neurri zorrotzagoak hartu beharko dira".

Zenbait espezie inbaditzaile



Alga hiltzailea ( Caulerpa taxifolia)

Alga berde ederra da, oso erabilia arrain tropikaleko akuarioak dotoretzeko. 1984an hasi zen ugaltzen Mediterraneoan, ur horri Monakoko akuariotik ekarritakoa nahastu ondoren.

Kalte bikoitza eragiten du: batetik, bizkor hazten denez, poseidonia (fanerogama marina) zelaiak suntsitzen ditu, eta horrela, babesik gabe uzten ditu arrain eta ornogabe asko; bestetik, pozoi indartsu bat sortzen du (caulerpina), eta animalia askoren heriotza eragin (horregatik deitzen zaio "hiltzailea").

Azke urteotan asko hedatu da Mediterraneoan; 1992an antzeman zuten Mallorkan, eta 2000n, berriz, Kalifornian.



Japoniako falopia (Fallopia japonica)

Hosto iraunkorrak ditu Asiako landare honek, eta arrak eta emeak daude. Ugalketa asexuala du, oso erraza eta azkarra.

XIX. mendean ekarri zuten Europara, apaingarri gisa, eta berehala zabaldu zen hezeguneetan, batez ere Ingalaterran, non gaur egun debekaturik dagoen. Azken urteotan Gipuzkoako eremu asko kolonizatu ditu, ibai bazterrak, batez ere. Hori gutxi balitz, landare horrek kutsaturiko lurra ekarri zuten Bidebietara orain gutxi, eta oso azkar ari da hazten zenbait lekutan.

Bitxikeria gisa, zera esan daiteke: Falopia dela munduko landarerik emankor eta astunena (ehunka mila tonako pisua), kontuan hartzen badugu Europa inbaditu duten landare guztiak emeak direla, eta sorburu berekoak -klonak, nolabait esateko-.



Floridako dortoka(Trachemys scripta elegans)

Galapago hau AEBren hegoaldean bizi da, klima bero eta epeleko lurralde zingiratsuetan.

Oso erraz hazten denez gizakiaren babespean, erruz hasi dira saltzen azken urteotan maskota dendetan (1987an milioitik gora inportatu ziren).

Haragijale eta sarraskijalea da, eta 30 cm luze izatera iritsiten da. Ohikoa da, gainera, hazi hala uztea errekatxo edo aintziraren batera botaz, horrek bertako galapagoei (galapago arrunta eta legenduna) egin dakiekeen kalteaz jabetu gabe.

Gaur egun Ebroko ekosistemari egin diezaiokeen kaltea ikusita, ekimen zenbait abiarazi dira ibai horretatik uxatzeko.



Afrikako barraskilo erraldoia(Achatina fulica)

Afrikako hego-ekialdean du jatorria, eta 30 cm luze eta 250 gr. inguru izatera iristen da. XIX. mendean azaldu zen Indian, eta XX. mende hasieran Ozeano Bareko zenbait uhartetara iritsi zen.

1966an barraskilo mota horretako hiru eraman zituen haur batek Hawaitik Miamira, eta haren amonak lorategian utzi zituen. Horrela hasi zen izurriteak arazo ikaragarriak eragin zituen: 10 urtetik gora behar izan ziren suntsitzeko, eta milioi bat dolarreko gastua. Berriki (2003ko azaroan), halere, atzeman dituzte batzuk AEBtako maskota dendetan, debekatuta dagoen arren.

Gaur egun, barraskilo erraldoia izugarrizko kalteak eragiten ari da Brasilgo nekazaritzan. Espezie horrek eragindako hondamendi ekologikorik handiena Frantziar Polinesian gertatu zen. 1967an, ale batzuk eraman zituzten hara sukaldaritzan erabiltzeko, baina neurriz gain ugaldu zen, eta Ameriketako barraskilo harrapari bat (Euglandina rosea) baliatu behar izan zuten hari aurre egiteko. Barraskilo harrapari hark erdira gutxitu zuen Afrikako barraskiloaren kopurua, baina horiek ez ezik, uharteko barraskilo propioak ere kaltetu zituen (espezien erdia desagerrarazi zuen). Bistan dago, kasu hartan, okerragoa izan zela konponbidea gaitza bera baino.





Karramarro gorria(Procambarus clarkii)

Ibaiko karramarro gorriak Mississipiko (AEB) ur gezetako urtegietan du jatorria. 1973an Badajozera ekarri zuten, ezkutuan; hurrengo urtean 500 kg. eraman zituzten Sevillako etxalde batera.

Karramarro horiek ingurune berrietara iritsi eta han hedatzeko bi modu nagusi dituzte: batzuetan ihes egiten dute eta beste leku batzuetan finkatzen dira; beste batzuetan, berriz, gizakiak berak ahalbidetzen du hedapena, arrantzaleek zenbait gune birpolulatzeko baliatzen baitituzte.

Horrela, Iberiar Penintsulako ibai guztietara iritsi da oso denbora gutxian.

Karramarro exotiko horrek onddo parasito bat darama, eta bertako karramarroen (Austropotamobius pallipes) heriotza eragiten du; horixe gertatu zen, hain zuzen ere, duela urte batzuk zabaldutako izurritearen ondorioz.

Ikusten denez, XIX. mende bukaeran europar espezieko mahastiei gertaturikoa gerta dakioke orain karramarroari: garai hartan, Ameriketatik ekarritako mahatsak zekarren onddoak europar espezieko mahatsaren desagerpena ekarri zuen, "mildiu" izeneko gaitzak jota; orain, berriz, hango karramarro gorria da arazo iturri, bertakoen suntsipena eragin baitezake.