MARTINEZ, Iñaki: Desberdinak al dira herrietako eta hirietako ikasleak? Horren nabarmenki? Zertan? Nola?

Nire ohiko lan egoerari "esker" (behin-behinekotasuna), azken urteetan zenbait institututan lan egitea egokitu zait, orientatzaile gisa. Institutu horiek ezaugarri desberdinak zituzten, noski, eta ezaugarri horiei egokitzen saiatzen nintzen, urtero ikastetxez aldatzea egokitu zaien hainbat langileren ildotik. Ondorioz, ikastetxe bakoitzean ikasketa orientaziorako prozesu desberdinak jarri izan ditut martxan, egoerara egokitze aldera. Kontuan hartzen nituen populazioaren ezaugarriak, ikasle kopurua, tutoreen inplikazioa, ikastetxearen plangintza, hizkuntza ereduak... eta hiria ala herria izan.

Dena den, bada beti aplikatu dudan tresna bat: interesen test ezagun bat pasa izan dut 15-16 urteko gazteen artean (DBHko 4. mailan edo BBBko 2 mailan). Hain zuzen ere, Perez Yusteren (BADyG atalekoa) "Lanbide lehentasunak edo interesak. Goi maila" izeneko testa. Ez dugu hemen eztabaidatuko tresnarik egokiena den edo ez, ezta ikasketa orientazioaren prozesuan eta beste tresna eta lan batzuen artean betetzen zuen funtzioa ere. Test hori prozesuaren urrats bat baino ez zela esango dugu, eta ikastetxe guztietan prozesu osoak askoz ere sakonagoa izan nahi zuela (ez dakit noraino, baina ahaleginak egiten ziren horretan).

Bost urtean jasotako datuak gorde ditut, eta horiek guztiak orain bilduta, analisi txiki bat egiteko aukera eman dit.

Testaren ezaugarriak

50 galdera egiten zaizkio ikasleari, bere lanbide interesei buruzkoak. Galdera bakoitzak lau aukera dauzka erantzuteko, eta ikasle bakoitzak 0, 1, 2 eta 3 puntu eman behar dio aukera bakoitzari, gutxien gustatzen zaionetik gehien gustatzen zaionera.

Erantzun guztien batuketa multzoka egiten da eta ikasle bakoitzak 13 puntuazio multzo ateratzen ditu 0 eta 48 (multzo bakoitzean lor daitekeen puntuaziorik altuena) puntuazioren artean: Hauexek dira:

1. Zientzia Zehatzen Ikerketa (ZZI)

2. Giza Zientzien Ikerketa (GZI)

3. Aplikazio tekniko-zientifikoak (ATZ)

4. Artistikoak (ART)

5. Musika (MUS)

6. Geografia-Historia (GHI)

7. Literatur filologikoak (LIF)

8. Ekonomia eta enpresa ikasketak (EKE)

9. Informatika (INF)

10. Hezkuntza (HEZ)

11. Medikuntza laguntzak (MEL)

12. Harremanetarako eta pertsuasiorako ekintza publikoak (HPE)

13. Arriskua-Ekintza (ARE)



Ikasle bakoitzaren puntuazioekin bi irudi egin daitezke: bata puntuazio absolutuekin (0 eta 48ren artean), eta bestea taldearekiko puntuazio erlatiboekin. Horretarako, ikastetxearen erreferentzia erabiltzen da. Hala, zentil batzuen puntuazioa kalkulatu nuen (2, 6, 15, 30, 50, 70, 85, 94 eta 98) eta, horrela, ikasleek bazekiten zein bi puntuazioren artean kokatu behar zuten beren puntuazio absolutua. Horrela azaltzen nien ikasleei, eta egin ere bai. Kalkulu horrek aukera ematen dio ikasleari zera jakiteko: ea bere puntuazioa altua (adibidez, Musika arloan) bere aukera pertsonalari zor dion (zentil altu batekin adierazita) edo taldearen ezaugarriei (adibidez, adinari). Azken kasu horretan zentil baxua edukiko luke. Zentilen balioen emaitzak zeraren menpe daude: tarte bakoitzaren barruko puntuazio zuzenen banaketa uniformearen menpe.



Aplikazioaren baldintzak

Esan dudanez, testa hainbat eskolatan aplikatu zen (den-denak ikastetxe publikoak eta, noski, mistoak):

1. Iruñeko institutukoak BBBko ikasleak ziren. Beraz, aukeratutako ikasleak ziren, 8. maila gaindituta zeukatenak.

2. Berako institutuan Irakaskuntza Ertainen Erreformako ikasleak ziren. Lanbide Heziketako 1. mailako ikasketak egiteko aukera bazegoen, baina gogora dezagun IEEn sartzeko ez zela ezinbestekoa 8. maila osoa gainditua izatea. Dena den, hori zen zonalde herritar horretako institutu bakarra. Nafarroako eskolatze maila kontuan hartuta, 8. maila bukatu zutenak institutuan zeudelakoan nago. Zehazki Gizarte Bermeko ikasleak lau ziren. Beraz, ikasle horiek aukeratu gabekotzat hartu ditut beti.

3. kasuan bi ikastetxe ziren: herri handietatik urrun egoteagatik DBH osoa eskaintzen duten ikastetxeak. Oso txikiak, zenbakiei begiratzen badiegu (11 eta 5 ikasle).

4. ikastetxea Gasteizko Ekialdea ikastetxea zen, euskaldun hutsa eta 700 ikasle inguru zituena.

5. ikastetxea Baztan bailarako Lekaroz-Elizondo institutua zen.

Aukeratu gabekoak diogunean kontuan izan behar dugu ikasle guztiak ez direla iristen 4. mailara.

Analisi honetan ez ditut aintzat hartu testa urte desberdinetan pasatzeak sor ditzakeen desberdintasunak.

Probaren baliotasunari dagokionez, nik egin behar ditudan analisiak egiteko propio sortu den proba ez dela esan behar da. Proba hau estandarizatua da eta lehenago sortua, hain zuzen ere, DBHko etapa ezarri baino lehen argitaratutako proba bat baita. Gainera, unibertsitateko jarduerekin eta ogibideekin daude lotuta 13 lan arloetatik 6 gutxienez. (Proba hau Batxilergo Bateratu Balioanitzean -BBB- erabiltzen zen gehienbat).

Azken gauza bat: proba hau gaztelaniaz pasatu dut ikasleen artean. Ez dago euskaratuta eta ez dago arlo honetan euskaratutako antzeko probarik. Denok dakigu zein egoeratan gauden euskaraz lan egiten dugun guztiok. Bada, arlo psikopedagogikoan okerrago gabiltza.

Ikasketa orientazio unea iritsita, Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe gehienetan edota guztietan ikasketa orientazioari ekin diete Orientazio sail guztiek. Egia esan, aspaldidanik dabiltza lan horietan, baina Bigarren Hezkuntzarako ikasleek beste gauza asko dituzte buruan (azterketak, lagunak, jaiak, neska-mutilak...), eta otsailean eta martxoan aurrematrikulaziorako paperak ikusten dituztenean, izututa, orientatzailearekin edota tutorearekin mintzatzera joan ohi dira maiz.



Datuen trataera

Datu guztiak Excel eta SPSS izeneko programetan sartuta, konparaketa ugari egiteko aukera eman du, esan dugunez. Zehazki 13 lan arloak konparatu ditut hiru irizpideren arabera: herrikoana/hirikoa, aukeratutako/ aukeratu gabeko ikasleak eta gaztelaniako ikasleak/euskarakoak. Beste aldagai garrantzitsu batzuk ezin izan ditut egin, datuak hasieran gelaka jaso nituelako eta ez kasuka.

Argi gera bedi hau ez dela dokumentu zientifikoa, nire datuen bilketa egin eta gero atera ditudan ondorio multzoa baizik.



Emaitzak konparatuta

Hona hemen datuen laburpen bat, desbideratzeak eta beste datu mota batzuk kenduta.

Ondoren, arlo bakoitzean (Informatika, Literatur filologikoa...) talde bakoitzak (gaztelaniakoak euskaldunekin alderatuta, edo herrikoak hirikoekin alderatuta...) ateratzen zituen noten batez bestekoak ateratzen nituen. Horrela, talde bakoitzaren lehentasunak zein ziren jakiten nuen (zein ikasle taldek duen nahiago arlo zientifiko teknikoa: erdaldunek ala euskaldunek? Eta ekonomikoa? Herrikoek ala hirikoek? Hau da, arlo bakoitzean zeukaten batez besteko puntuazioa alderatzen nuen beste taldearekin. Eta hori, aipatutako hiru irizpideen arabera.

Gero, arlo bakoitzean (Informatikan, adibidez) bi batez bestekoen arteko kenketa egin eta zenbaki absolututan jartzen nituen. Horrela, arlo bakoitzean bi talderen arteko desberdintasuna neurtzea lortzen nuen: Informatikan dagoen desberdintasuna Arlo Artistikoan dagoen desberdintasuna baino handiagoa al da?

Bukatzeko, puntuazio absolutu horien batez bestekoak atera nituen. Horrek bi talderen arteko desberdintasunen batez bestekoa ematen du, hau da, irizpide bakoitzaren arabera norainoko desberdintasuna dagoen bi talderen artean. Zenbat eta zenbaki altuagoa izan, orduan eta handiagoak izango dira bi talderen arteko desberdintasunak (desberdintasunen batez bestekoa). Beraz, irizpide honek edo horrek gehiago alderatzen ditu ikasleak irizpide hark baino. Adibidez, hizkuntza ereduen arteko desberdintasunak garrantzi handiagoa al dauka bizi garen bizilekuaren izaerak baino (herrikoa/hirikoa)?

"Erantzunak" aurreko orrialdeko koadroan daude.



Ondorioak

Aurreko analisia egin ondoren, oso ondorio politak atera ditut nik ikerketatxo honetatik:

1. Taldeak desberdinak dira, eta aukeratutako ikasleek aukeratu gabeko ikasleek baino nahiago dituzte arlo desberdinak. Ikus irizpide bakoitzean koloreztatutako bi lerroen puntuazioen arteko desberdintasunak binaka. Gehienetan puntuazioak desberdinak dira. Ia ez dago berdinketarik bikote horietan (berdinketa deitu diot puntu bat edo gutxiagoko desberdintasunari). Posible diren konparaketa hauetan, 13 arlo x 3 konparaketa = 39 konparaketetan, 9 berdinketa aurkitu ditut.

2. Berdinketa bat izanda, gerta daiteke arlo berberean beste berdinketa bat aurkitzea (Ekonomikoa-enpresa ikasketak eta Hezkuntza eta Medikuntza Laguntzak izeneko arloen hiru konparaketen artean bi berdinketa daude). Hau da, arlo horietan ikasleak orekatuta agertzen dira, taldeak egiteko irizpidea bata edo bestea izan.

3. Hizkuntza ereduen araberako desberdintasunak dira ahulenak (1,17). Handiagoak dira aukeratutako ikasleen artekoak (1,75). Eta handienak, nabarmenki, herrikoa/hirikoak eragiten dituenak (2,64). Puntuazioak txikiak dira, baina kasu honetan taldeek hartutako puntuazioen arteko desberdintasunen desbideratzeak dira. Puntuazio horiek gauza garrantzitsua adierazten digute: orientazio planak antolatzerakoan, kontuan hartu beharreko gauza dela bizilekuaren izaera: herrikoa edo hirikoa, "ikasle aukeratuak edo ez" izeneko irizpidea baino gehiago bederen, eta hizkuntza ereduen araberako desberdintasunak baino are gehiago.

Arlo praktikoan beste ondorio hauek atera daitezke:

1. "Lanbide Lehentasunak edo interesak" izeneko test honi etekin gehiago atera dakioke puntuazio tipikoak ateraz, eta horrekin informazio garrantzitsua eman dakieke ikasleei (beren taldean kokatzen baditugu, behintzat).

2. Ikastetxez ikastetxe ibiltzeari etekin handiagoa atera ahal diogu, nahiz eta egoerarik erakargarriena ez izan.

3. Ikastetxe handietan sortzen diren lan baldintzak batzuetan ez dira atseginak. Baina zenbakiak egiteko aproposak dira zenbaitetan. Badakit ikasleak ez direla zenbakiak, baina zenbakiek barruan ditugun susmo horiek ebazteko balio dute batzuetan, horrelako ikerketatxoen bidez. Neuk, adibidez, beti nabaritu dut herriko ikasleen eta hiriko ikasleen arteko desberdintasuna. Baina, ez nekien zertan zetzan, edota nire irudipen bat soilik ote zen. Orain, nire ustez, interesetan desberdinak direla frogatu diot neure buruari.

4. Ikasleen generoak (neska-mutila) duen eragina ezagutzeak ere laguntzen du ikasketa orientazio planak garatzeko orduan, eskolaren, gizartearen edo dena delakoaren eragina orekatzeko. Alor horretan ibiltzen garenok urtero "mutilen" eta "nesken" ikasketen aukeraketa ez-naturala ikusten dugulako, eta zenbait arlotan oraindik banaketa artifiziala ikusten da.