MARTINEZ DE LUNA, Iñaki:

Soziolinguistika Klusterra sortu berri duzue. Klusterrak zer esan nahi duen azal ezazu.

Klusterraren ideia Amerikatik dator, enpresen mundutik. Berezitasuna zera da: diseinu malgua duela, eta horregatik aproposa dela tamaina eta jatorri askotariko taldeak eta adituak biltzeko (ez du eraketa zurrunik, institutu batek duen bezala). Bazkideek esaten dute zer lan ildo jorratu nahi dituzten, eta horien inguruan hainbat batzorde antolatzen dira; kide bakoitzak batzorde ezberdinetan parte har dezake, premien edo interesen arabera. Klusterrak badu bihotz edo motor bat ere, dena koordinatzen duena. Motor horrek batetik kideek bultzatu nahi dituzten lan-ildotan egiten du lan, eta bestetik kanpoan zer berri dagoen ikusi eta bertara ekartzeaz arduratzen da.

Euskal Herrian bada kluster mordoska. Ezagunena eta aitzindarietako bat Ezagutzaren Klusterra da.



Soziolinguistika Klusterraren kasuan, zer eratako partaide eta norbanakoak dira kide?

Partaide izateko aski da izena ematea, erabat zabala da klusterra. Batetik pertsona solteak daude, arlo horretako interesatuak edo adituak, eta bestetik erakundeak: Elhuyar, Emun, Mondragon Unibertsitatea, EHUko sail batzuk, Nafarroako Unibertsitate Publikoa ere sartzeko bidean da, UEU, Eusko Ikaskuntza... Erakunde publikoei dagokienez, EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak adierazi digu interesa dutela eta gure hausnarketa estrategikoan parte hartu nahi dutela. Bizkaiko Foru Aldundiarekin ere harremanak izan ditugu.

Orain proiektuaren berri zabaltzen ari gara, jendearekin harremanetan jarriz. Eta bestetik gure plan estrategikoa ari gara zehazten.



Zergatik ikusi zenuten halako antolamendu baten beharra?

Soziolinguistikan dauden premia batzuei oraindik ez zaielako erantzun: formazioa, ikerketa bultzatzea, dibulgazioa... Bestetik, Euskal Herrian soziolinguistika oso mundu aberatsa, dinamikoa eta indartsua da, eta hor zubi lana egiteko edo sare bat osatzeko premia ere bazegoela ikusten genuen. Nor bere lekuan zebilen, elkarren berri izan gabe, eta ezjakintasun horretan askotan baliabideak behar bezala ez dira aprobetxatzen, edo ekimen berriak modu bateratuan abian jartzeko aukera ere ez da bultzatzen, eta leku batean egiten diren ahaleginak beste batzuetan errepikatu egiten dira hortik gutxira. Aldiz, sarean lan eginez gero, sinergiak sortzen dira.



Egitura honek kideen lehia onartzen du, baina era berean proiektu bateratuak bultzatzen ditu. Konplexua ez al da mugak definitzea, zer den baten proiektua, zer den denen intereseko proiektua...

Bai, eta aurreko klusterretatik ikasitako praktika mesedegarri izango zaigu. Erakunde edo talde guztiek eskubide osoa dute klusterretik kanpo euren zereginekin eta proiektuekin aurrera egiteko. Klusterrak berak ez du inondik ere lehian sartu behar partaide batekin, bere lan ildoetan ez du zertan sartu behar. Klusterrak zerbitzua eman behar du, baina ez oztopo izan kide bakoitzarentzat.



Hizkuntzaren normalkuntza prozesuari zer eskaintzen dio Soziolinguistika Klusterrak?

Oinarri-oinarrizkoena dena: mekanismoak ulertzea, hasteko. Arazoari aurre egin ahal izateko, lehenengo arazo hori sortzen duten mekanismoak ulertu behar dira, ulertu zergatik gertatzen den hau edo zergatik ez den espero genuena gertatzen. Eta ulertze hori hainbat dimentsiotan landu beharko dugu: maila zientifikoan, dibulgazio mailan, edo kale mailan ere zer den jendeak jakin behar duena. Soziolinguistikaz formazio premia handia dago. Jendeak hizkuntzaren egoera zein den jakin behar du.

Bestetik klusterrak konponbideak ere bilatuko ditu. Ikerketa aplikatua da bultzako duguna. Alegia, egoera ikertuko da, gero horren aurrean zer egin erabakitzeko eta proiektuen bidez aurrerapausoak emateko.



Eta zer du eskaintzeko Soziolinguistika Klusterrak hezkuntza erakundeei?

Ikerketa, gogoeta zientifikoa eta dibulgazioa tartean egonda, hor badago zer atera edo zer gauzatua material didaktikoetan. Bestetik kezka zehatzei erantzuteko ere sor daiteke elkarlana hezkuntza erakundeen eta klusterraren artean. "Zergatik ez dute neska-mutilek patio orduan euskaraz egiten?"; "bada, guk ikertutakoaren arabera hauxe da dakiguna", edo "ez dugu erantzunik. Nahi al duzue lan ildo bat sortzea horren inguruan?". Halako elkarlanak guretzat oso proiektu desiragarriak dira.



Jende arruntak hizkuntzaren egoera zein den jakin behar duela esan duzu, soziolinguistikaz formazioa falta dugula. Aldiz, egunkarietan noiznahi ikusten ditugu inkestak, eta eskolatan ere euskararen egoeraz hitz egiten da...

Eskoletan hizkuntzari buruz lantzen dena gehienbat gramatika da, eta hori bezala beste hainbat alderdi hizkuntzalaritzari dagozkionak. Baina soziolinguistikaz apenas lantzen den ezer. Eskolan ez dugu inondik ikusi hizkuntza egoera soziala nolakoa den, zergatik dauden hizkuntza nagusiak eta baztertutako hizkuntzak, boterearen eragina... Eta hizkuntza gutxitu bateko hiztunak izanik, soziolinguistikaz formaziorik ez izatea hutsune handia da.

Hizkuntza bat jakiteak ez du esan nahi hizkuntza hori erabiliko denik. Hizkuntza bat erabiltzeko edo ez erabiltzeko baldintzak oso konplexuak dira, bai arlo pertsonalean, baita gizarte arloan ere. Eta mekanismo horiek guztiak ezagutu ezean, ez dago konponbidea bilatzerik. Soziolinguistika eskola curriculumetan sartu beharko da, bestela hurrengo belaunaldiek ere gureak bezain ezjakitun jarraituko dute. Ez da logikoa gramatikari "horrenbesteko" garrantzia ematea, eta hizkuntza gutxitu bateko hiztunak izanik soziolinguistikari lekurik ez ematea.

Egunkarietan datu estatistikoak kaleratzen dira noiznahi, alboan iritzi oso aldeko eta oso kontrakoekin, eta azkenean jendeak nahastuta bukatzen du. Datu estadistikoak interpretatzeko gako batzuk badaude, eta hori da jendearen esku jarri behar dena. Bestela, frustrazioan erortzen gara askotan, errealitatearen irakurketa osoa egiten ez dakigulako.

Batzuk frustrazioan erortzen dira gaurko egoerari soilik erreparatzen diotelako, alegia perspektiba falta dutelako, eta ahazten dutelako hizkuntza bat errekuperatzea prozesu luzea dela, hainbat belaunaldik bertan parte hartu behar dutela, eta beraz, ez dela soilik gure garaiko kontua.

Beste hainbat guraso eta irakasle ere frustratuta sentitzen da haurrek euskara jakin badakitelako baina ez dutelako erabiltzen. Bada frustrazioa ez da ona, erruduntasuna ere ez, eta autoerruduntasuna are gutxiago! Erdararako joera hori esplikatzen duten arrazoiak egon badaude eta ez dugu frustraziorik sentitu beharrik egoera gustukoa ez dugulako. Egin behar duguna da jakin egoera halakoa dela, honegatik eta hargatik, eta ikusi zer egin beste pauso bat emateko.



Soziolinguistika curriculumean sartu behar litzatekeela aipatu duzu. Ikasgai bat izan behar al luke soziolinguistikak?

Egokia litzateke. Baina egia da egun irakaskuntzaren gain jartzen dela dena, eta ez dagoela alor guztiak irakasgai bihurtzeko modurik. Hala ere soziolinguistikaren eduki batzuk txerta daitezke beste ikasgaietan (Historian, esaterako), edo izan daiteke zehar lerro bat ere. Soziolinguistikak hainbat adar dauzka (ekonomia, psikologia, antropologia ...). Fokatzerik zuzenena diziplina anitzekoa litzateke. Horrek esan nahi du eskolan hainbat ikuspuntutatik aipa daitekeela soziolinguistika, ez derrigorrez irakasgai bat bezala planteatuta.



Ikastetxeei eskatzen zaien funtzioetako bat euskararen transmisioa da. Funtzio horri zer moduz erantzuten dio eskolak?

Oro har dezente ondo. Ahal den neurrian, eskolak bere funtzioa betetzen du. Beste gauza bat da guk zer-nolako espektatibak dauzkagun eskolarengan jarriak euskara dela-eta. Oso argi izan behar dugu gauza bat: eskolak ezin dituela hizkuntza baten funtzio guztiak garatu. Adibidez, lagunarteko hizkera. Hori lagunarteak eman behar du, ez eskolak eta ez familiak. Horregatik da gizarte eragile guztien laguntza horren garrantzitsua.

Gainera, bere bilakaera historikoa kontuan hartuta, nik uste eskolak txukun betetzen duela bere funtzioa. Gaurko irakasleak belaunaldi erdaldunetakoak dira, eta beraz, euren mugak dituzte. Baina hori da daukaguna, eta horrekin egin behar dugu aurrera.

Benetako galdera beste bat da: zer gertatzen da eskola inguruan? Euskal Herri osoan D ereduko ikastetxeetan eskolaz kanpo kirol jarduna erdara hutsean betetzen du laurden batek. Hori D ereduan. Lehen pausoa eskolaz kanpoko jarduera horiek euskalduntzea litzateke. Beste kasu batzuetan, hartzen diren begiraleak euskaldunak dira, baina gero haurrei ez diete euskaraz egiten. Kuriosoa da: zentroko helburuak eta printzipioak arlo batzuetan oso zorrotzak diren bezala, gero gurasoek antolatzen dituzten ekintza horietan badirudi ez dagoela ez helbururik, ez printzipio zorrotzik, ez ezer. Begiraleak kontratatzerakoan argi utzi behar zaie zein den ikastetxearen asmoa, heziketa aldetik, balio aldetik eta euskara aldetik. Eta hirurak landu ditzatela. Hizkuntzaren funtzio batzuk garatzeko horren garrantzitsua izanik erabilera, harrigarria da nola ez den zorrotz zaintzen.



Eskolaz kanpoko ekintzetako begiraleek zer formazio behar lukete alde horretatik begiratuta?

Hasteko, eskakizuna behar dute. Kontratatu duen erakundeak ez badizkie baldintza edo printzipio batzuk exijitzen, alferrik ari gara. Bestetik, azalpen batzuk jaso behar dituzte: ikastetxearen egoera zein den hizkuntza aldetik, zein diren helburuak eta bera zertarako dagoen. Zenbait kasutan hiztegi egokia eskaini behar zaio, euskaraz nola esaten diren bere jarduerako hainbat hitz, hori gabe ez baita ziur sentituko. Babesa eman behar zaio hasiera-hasieran, eroso senti dadin.



Ikasgelatan jatorrizko hizkuntza askotariko gero eta etorkin gehiago dago. Egoera honen aurrean prestatuta al gaude euskara irakasteko?

Bai, alde horretatik etorkin bat bertako erdaldun bat bezala da, nik ez dut arazorik ikusten. Arazoa eskolaz kanpo ikusten dut: etorkinek euskara ikasteko premia sentituko dute baldin eta ikusten badute erabilgarria dela, balio duela. Markinan ez dute izango A eredurako hainbesteko joerarik, eta Bilbon edo Gasteizen bai. Guk berdin egingo genuke kanpoko herri batera joanda.

Ondo dago etorkinen kasua kontuan hartzea, esaterako eskola publikoa erdaldunen ghetto bihur ez dadin (eta etorkinak izan edo bertako erdaldunak, berdin). Baina iruditzen zait etorkinen gaia "puztuta" ere badagoela. Hizkuntza ikuspegitik, beste hainbat alderdik dute lehentasuna, nire ustez. Adibidez, D ereduan ikasten dutenen hizkuntza gaitasuna mugatua den bitartean, eta erabileraraino iristen ez den bitartean, zergatik kezkatu euskara zer den ere ez dakien batekin? Baliabideak modu emankorrenean erabiltzeko kontua da. D ereduko neska-mutil batek euskara erabili ahal izateko askoz pauso txikiagoak behar ditu, ezer ez dakien batek baino. Ni euskal hiztun komunitatean txertatzetik gertuen daudenetan zentratuko nintzateke. Ondo dago etorkinez kezkatzea, baina gauza bakoitza bere neurrian.



Ikastetxe asko dago Hizkuntza Normalkuntza Planean murgilduta. Zer iritzi duzu Normalkuntza Planez?

Ezagutzen dut pixka bat, eta lehen aipatu ditugun katebegi guztiak lotzea lortzen du: ezagutza zientifikoa garatzea, eta gero dibulgazioa egitea (Ulibarri programaren bidez). Horixe da justu klusterraren filosofia: ezagutza landu behar da, ikertu maila zientifikoan, baina gero horren hedapena egin. Eskolen kasuan Hizkuntza Normalkuntzaren inguruko sare horrek oso ondo betetzen du eginkizun hori. Ekimen miresgarria eta txalogarria da, eta gutxiegi ezagutzen dena.



Unibertsitateek jakin al dute soziolinguistika arloan euskal gizartearen premiei erantzuten?

Zoritxarrez unibertsitatea oso atzetik joan da gizartearekin alderatuta. Pentsa hizkuntzarekiko kezka noiz sortu zen. Historiako azken sasoi hau hartzen badugu, 60ko hamarkadan sortu ziren lehenengo ikastolak. Garai hartan egia da ez geneukala unibertsitate propiorik, baina unibertsitate pribatuetan ere ez zegoen ezer. Gaur egun ere soziolinguistikaz, bete-betean, ez dago gauza handirik: unibertsitatean goi mailako jende gutxik dauka honen berririk edo honekiko interesik. Udako Euskal Unibertsitatea izan da soziolinguistikari era jarraian kasu egin dion bakarra.

Aldiz, gizarten, errealitatean, soziolinguistika oso aberatsa da. BAT soziolinguistika aldizkaria bera, edukiz maila zientifikoko aldizkaria da, baina ez zuen unibertsitate batek sortu, herri ekimenetik sortu zen. Unibertsitateak ez die behar bezala erantzun gizarteak zeuzkan premiei.



Beste hizkuntza gutxituengandik behar beste ikasi al dugu?

Kanpoan badago zer ikasia eta nondik ikasia. Nik uste euskaldunok bakarrak garenaren inpresioa dugula eta geure zilborrari begiratzen diogula. Baina munduan ere hizkuntza gutxituen inguruan dagoen dinamika izugarria da. Hori garbi ikusi zen duela 2 urte Bartzelonan egin zen nazioarteko kongresu batean. Batek hurbiletik ezagutzen duenean, oso harrituta gelditzen da.



Zein hizkuntza gutxitu dira zure erreferenteak?

Ez naiz eredu bati atxikitzearen zale. Modu mekanikoan jokatzeko arriskua dago (eta euskararen kasuan halaxe egin izan da batzuetan). Kanpoan zer dagoen jaso bai, baina gero galbahetik pasa behar da eta egokitu. Hori da klusterraren funtzio garrantzitsuetako bat: kanpoan zer dagoen ikusi eta ekartzea, eta hemen egiten dena kanpoan zabaltzea.



Nola ikusten duzu hizkuntza gutxituen egoera Europan kokatuta?

Ez dut itxaropen handirik. Estatuek osatzen dute Europa eta euren interesei egingo diete kasu, ez herrienei. Nik konfiantza Euskal Herriko gizartearengan daukat. Kanpotik aldeko haizea datorrenean baliatu egin beharko dugu, baina kontrakoa datorrenean guk eutsi beharko diogu, kanpotik ez digute ezer konponduko.



Baikorra al zara gizartearengan, aurrera begira ?

Bai. Baina gizartea dinamizatu egin behar da. Horretarako ezinbestekoa da zer gertatzen ari den ondo ulertzea eta ezagutaraztea, jendeak parte har dezan eta behar diren pausoak eman ditzan. Aktibismoa oso garrantzitsua da, herri eta gizarte mugimenduak klabeak dira, eta ez hizkuntza munduan soilik, baita, esaterako, demokrazian ere. Gainera, aukera handiak daude. Duela urte batzuk imajinatzen ez genituen mugimenduak jada sortuta daude (Mundu Mailako Foroa, esaterako). Niretzat hori da etorkizuna, hizkuntzarentzat bezala beste edozein gauzetarako.