Editoriala

Herrialde askotariko etorkinen etorrera dela eta, zurrunbilo batean murgildurik gabiltza. Hitzaldiak, jardunaldiak, mahai inguruak, txostenak eta abar gero eta eskurago ditugu.
Euskaldunon kezka iturri nagusietakoak hizkuntza eta kultura dira. XXeko hamarkadan Espainiatik etorritako etorkin batzuek euskara ikasi zuten; beste askok ez. Hemengo kulturan integratzeko ahalegina egin dute batzuek; besteek ez. Euskara hizkuntza gutxitua da eta normalkuntza prozesuan darrai. Hori da errealitatea.
Horri, orain, jatorri askotariko etorkinekiko elkarbizitza gehitu behar zaio. Kultura eta hizkuntza askotarikoak dira. Hori aberasgarria da; elkarri gauza ugari erakusteko bidea ematen du. Guk beraien kultura eta ohiturak ezagutu ditzakegu, eta haiek gureak. Baina iristen al dira gure kultura ezagutzera? Zein kultura ezagutzen dute?
Oso kezkagarria da oraindik ere etorkinen ahotik zera entzutea: "ongi iruditzen zait euskaldunek bere hizkuntza eta kultura berreskuratu nahi izatea, baina ez diezagutela denoi derrigortu. Euskara ikasten "denbora galdu" beharrean, nahiago dut beste hizkuntza unibertsalagoak ikasi". Gu etorkinekin elkarbizitzen hasteko prest gaude, eta beraiek gurekin? Hemen integratzeko esaten dugunean, Euskal Herrian esan nahi dugu, euskal kulturan, euskal hizkuntzan, eta badirudi, askok hori ez dutela argi.
Etorkinen lehenengo premia harrera gizarteko herritarrekin komunikatzea da. Horretarako, hizkuntza ikasi behar dute, eta gaztelaniari ematen diote lehentasuna. Ikusi besterik ez dago jardunaldietan eta hitzaldietan hizketan aritzen diren etorkinak nola mintzatzen diren. Batzuek, gero, euskara ere ikasten dute; beste batzuek ez. Hor, gure hizkuntz normalkuntzarako beste oztopo batekin aurkitzen ari gara.
Gizartean oro har hori gertatzen ari den bitartean, zer pasatzen da eskolan? Orain arte A ereduan eskolatzen ziren haur etorkin gehienak. Zer ari gara egiten? Familiek nahi duten eredua aukeratzeko askatasuna dute. Baina ematen al zaie hemengo errealitate linguistikoaren berri? Esaten al zaie A eta B ereduetan eskolatuz gero ez dutela lortuko hezkuntza sistema honetan finkatzen den helburua; hots, bi hizkuntza ofizialak ahoz nahiz idatziz menperatzea? Esaten al zaie hizkuntza ofizialetako bat ez jakiteak eskubideak murriztea dakarrela? Esaten al zaie euskara jakiteak garrantzi handia duela integrazioari begira?
Ahalegin gehiago egin beharrean gaude Hemengo dantzak eta abestiak erakusteko prest gaude; gure mendietan eta herrietan barna paseatzeko prest gaude; gure plater eta edari goxoak partekatzeko prest gaude; baina hori dena euskaraz bizi nahi dugu.