Modenako (Italia) 0-6 urteko udal haur eskolak Europan eredu

Lan egiteko modua eta antolaketa

Modenako udalak konpromiso handia du hezkuntzarekin. Sorreratik etengabe hobetzen aritu da eta hango eskolak, gaur egun, eredu bihurtu dira Europan txikien hezkuntzan interesa duen edonorentzat .

Modenan badaude haur eskola estatalak eta baita pribatuak ere, baina udalarenak dira antolaketa, pedagogia eta lan egiteko moduagatik herritarrentzat erreferentzia direnak.

Une honetan, 20 zentro, dozena bat pedagogo, ehunka hezitzaile eta abar kudeatzen ditu. Hala ere, zentro bakoitzak bere izaera propioa du, eta berezko hezkuntza proiektua garatzen du, auzotarren ezaugarriak kontuan hartuz eta bertako beharretara egokituz.



Heziketa integrala eta konstruktibista

Nagusiki, Gardner-en eta Bruner-en teorietan eta esperientzietan oinarritzen dira. Haurren adimen mota desberdinak hartzen dituzte kontuan heziketa integrala jaso dezaten.

Pertzepzioaren heziketa asko lantzen dute, eta ikasleek, euren beharretatik abiatuz hainbat lan proposamen egiten dituzte.

Garrantzitsuak da esperientziak, errealitatea, beharrak eta emozioak bizitzea, eta horren ondorioz, hausnarketa egitea, era eta euskarri anitzetan egin daitekeelarik.

Haurren arteko elkarreragina errazten da, eta aipatzekoa da harremanetan sentitzen den errespetua eta elkarbizitzarako giro lasaia.



Langile guztiak dira hezitzaile

Pedagogo, garbitzaile, irakasle, sukaldari, harrerako edota mantenuko izan, denak hartzen dira hezitzailetzat, eta hortik abiatuta jokatzen dute.



Hezitzaile prestatuak

Etengabeko formazioan oinarritzen dira. Proposamen berriak etengabe diseinatzen, esperimentatzen eta ebaluatzen ari dira; behaketa eta haurren urratsen kontrol lanek dedikazio handia dutelarik.

Irakasleen arteko komunikazioa lantzen da, eta osotasunaren ikuspegia guztien artean eraikitzen dute.



Espazioaren eta denboraren antolaketa

Aurreko guztia aurrera eraman ahal izateko, beharrezkoa da espazioaren eta denboraren antolaketa egokia. Haurren beharrei egokitutako espazioak lortzeari berebiziko garrantzia ematen diote, horrek eroso eta gustura egoteko duen eraginagatik.



Ikasleen eta gurasoen harrerako begirunea

Haurren eskolatzea mimo handiz lantzen dute. Udako oporretan gurasoak eta haurrak elkarrekin eskolatzen hasten dira : espazioa ezagutzen, bertako funtzionamenduaz jabetzen, gurasoak dagokien prestakuntza jasotzen... denak eskola komunitateko partaide sentitzen.



Gurasoen parte-hartzea

Familien zeregina eta protagonismoa eskolako ezaugarri nagusietakoa da. Eskolan egiten denak jarraipena behar du eta horretarako gurasoak proiektuetan sartuta egotea oso garrantzitsua da.



Ikasleek euren identitatea lantzea helburu

Hezitzaileek edota ikasleek proposatzen dituzten proiektuak lantzen dituzte, helburuak, konpetentziak eta identitatea kontuan hartzen direlarik.

Haur bakoitza haur historikotzat hartzen dute.



Udalaren kontzientzia

Modenako udalarentzat garrantzitsua da haurrek sormena lantzea, euren artean komunikazioa erraztea, talde lanak bultzatzea eta herria ezagutzea. Horretarako, herritar orok erabil ditzakeen herri mailako zerbitzuak ditu: irteera gidatuak prestatzen dituen zerbitzua, "memo" deritzan zerbitzu anitzeko zentroa, eta beste hainbat zerbitzu, denak herritar guztientzat irekiak.