086: Zer egin hezkuntza egiturak haurra kontuan hartzen ez duenean?

Aldizkaria gauzatzeko ahaleginean ari ginela, Euskadi Irratiko "Arratsaldeko" saioa entzuteko parada izan genuen. Gure artean askotan aipatu den gai bati buruz ari ziren: irakasleen mugikortasun handia nola gertatzen den hainbat ikastetxetan.

Egoera horretan lanean ari direnak elkarrizketatzen zituzten. Zortzi elkarrizketatu, zortzi iritzi eta antzeko zortzi egoera. Ia denek herrialde desberdinetan jarduten zuten lanean, orain hemen, gero han eta nork jakin bihar non!

Sakeleko telefonoa eta Euskal Herriko mapa eramaten omen dituzte beraiekin bere gorputzeko atal erantsiak bailiran, ezinbesteko laguntzat harturik, betiere administrazioaren deiaren zain. Eta behin deituta, lan eskaintza aukeratzeko, mapa ateratzen omen dute joan beharreko herriak non dauden aurkitzeko eta zein errepide mota dauden aztertzeko. Askotan,zenbait herritara iristeko komunikabide eskasak izaten dira, eta horrek ia derrigorrez auota izatea eskatzen die. Zenbaitetan, goizean deitu eta arratsalderako joan behar omen dute aukeratutako ikastetxera, eta gehienetan, egun batetik bestera. Hori guztia, egun bateko ordezkapena egiteko izan liteke eta ikasturte osokoa izatera ere irits liteke. Elkarrizketatuetatik bik edo hiruk lanordu herena egiteko ikasturte osorako kontratua zuten.

Horietako bat duela bost ikasturte hasi omen zen lanean eta, jada, 45 ikastetxetatik pasatu omen da. Eta duela hiru urte 16 ikastetxetatik pasatu omen zen ikasturte bakar batean.

Hala ere, denboraren poderioz puntuak irabazten eta aukeretan hobetzen ari omen direla eta, gustura zeudela azaltzen zuten denek.

Hori guztia entzunda, aipatu saioaren arduradunekin harremanetan jarri ginen eta ea zerk bultzatu zituen gai hori lantzera galdetu genien. Hauxe beraien arrazoia: Eskola Txikien gaia lantzean, Errezilgo herri ikastetxera joan omen ziren. Bertan, Lekeitioko irakasle bat eta Markinako beste bat omen zebiltzan ordezkapen lanetan. Tokitakoak! Eta egoera horrek atentzioa deituta, gaia lantzeari ekin zioten.

Hezkuntzatik kanpokoei atentzioa deitzen omen die, eta hezkuntza munduan gabiltzanoi?

Lehenik eta behin, garbi utzi nahi dugu denok lanerako eskubidea dugula. Eta egoera hori jasaten dutenek ezer gutxi egin dezakete egiten dutenetik aparte: lana eskatu eta baldin badago, dagoen tokira joan.

Eta hori esanda, non gelditzen da ikastetxearen hezkuntza proiektua? Non ikasleen, gurasoen eta gainontzeko langileen eskubideak?

Ezin bada ikastetxeka, ezin al dira Berritzeguneak bezala eskualdeka antolatu ikastetxeen proiektuak, ikasleak eta abar hobeto ezagutu ditzaten?

Baina ez izan inozoak! Gaur egungo egoera eta antolaketa langileen eskubidetzat saltzen jarraituko dute zenbaitzuk.