1996. urteko maiatzean elkartu ziren lehenengo aldiz Zarautzen eskola
publikoetako zuzendariak eta aurtengo maiatzean finkatu dira elkartearen estatutuak.
Sortze unean 34 ikastetxetako zuzendarik hartu zuten parte. Sarean Elkartearen funtzio
nagusiak bi direla esan daiteke:
1) Kanpo-komunikazioa eta ikastetxearen ordezkaritza.
2) Zuzendaritza funtzioaren garapen profesionala irakasleengan.
Lehenengoari dagokionez, ikastetxeen arteko harremanak sortu, daudenak indartu eta
hedatzea dute helburu. Eta horrekin batera, ikastetxeen eta Administrazioaren artean
maila desberdineko komunikazio bideak garatzea elkarrizketa eta negoziazioa bultzatuz
beste erakundeekin batera.
Bigarren funtzioan zuzendarien arteko harremana egongo litzateke. Hau da,
zuzendaritza lana burutzen duten profesionalak harremanetan jartzea nahi dute. Elkarren
artean esperientziak trukatzeko gunea sortzeko asmoa dute, ildo honetan. Sarean
Elkartearen bultzatzaileen ustez zuzendaritza lanari giza eta profesional mailan ematen
zaion garrantzia eta ordainsaria eskasak dira. Eta horrez gain, gizartetik,
Administraziotik eta eskola komunitatetik eskatzen zaizkion ardura eta eskakizunak ez
datoz bat bere konpetentzia mailarekin.
Oro har, harreman falta nabaritzen dute Elkarteko kideek, gizarteko eta eskola
komunitateko kideekin erlaziorik ez dutela (gurasoekin, PATeko aholkulariekin, beste
ikastetxeekin...). Harreman guztiak Administrazioarekin dituztenetara mugatzen dira.
Eta hutsune hori betetzeko asmoz sortu zen Sarean.
Topaketen ondorioak
Orain arte Sarean elkarteak landu dituen gaiak bi mailatakoak izan dira:
1) Ikastetxe eta Administrazioaren arteko harremanetarako bitartekoak eta prozedurak,
hots, antolakuntza arazoak.
2) Edukiak, zuzendaritza kudeaketarako arazo zehatzak. Arlo honetan, besteak beste,
gai hauek landu dira: administrariak, jangelak, lanak, informatika azpiegitura, Eskola
Publikoaren kanpo irudia, lantaldeak, prestakuntzaren antolaketa...
Azken topaketa hauetan landu eta eztabaidatu diren gaiak hauek izan dira: 0-2 adinaren
eskolaratzea, plantilla ereduak, administrariak, irakasleriaren beharrak informatika
alorrean eta eskola asegurua.
0-2 adinaren eskolaratzeari buruz, Haur Hezkuntzako lehen zikloko mapa egitearen
beharra ikusi dute. Horretarako Sarean, guraso elkarte, sindikatu eta Haur Eskoletako
ordezkarien arteko plataforma komunaren beharra ikusi dute. Haurtzaindegia duten
lekuetan hauek aprobetxatu beharko liratekeela uste dute, eta ez dauden lekuetan berriak
ezarri beharko liratekeela, baina kriterio eta baliabide berdinekin.
Plantilla ereduen gaiaren barruan, jorragai izan daitezkeen esparru desberdinak finkatu
dituzte: gutxieneko plantilla ereduak, zuzendaritza kredituak eta ikastetxe eredu
bakoitzaren gestiorako behar den ordu kopuruaren zehaztapena, plantilletako
espezialisten definizioa, ordezkapenak, plantillen egonkortasuna, giza baliabideen
erabilerari buruzko autonomia eta plantillen negoziazio prozesua.
Administrarien egoera topaketetan jorragai izan den beste gai bat izan da. Lehenengo
gauza administraria eta administratzailearen arteko ezberdintasuna argitzea izan da.
Administratzailea gerente modukoa izango litzateke, ekonomia kudeaketa eramango
lukeena. Eta administraria, berriz, bulegaria, bulegoko lana beteko lukeena. Partaide
guztiak ados agertu dira ikastetxe guztietan administrariaren beharra dagoela
azpimarratzerakoan. Publifikatutako ikastoletan administrariak mantetzea eta beste
ikastetxeetan figura hori sortzea lortu behar dela azpimarratu dute.
Informatika alorrean planifikazio falta nabarmendu da. Azpiegitura aldetik, Hezkuntza
Sailak izandako portaera salatu dute, agindutako azpiegitura eta materialen zain
baitaude oraindik. Horrez gain, programak euskaratzea, sareak eratzea eta arduradunak
izendatzea proposatu zuten.
Hezkuntzako gainerako erakundeen iritzia
V. Topaketa hauetara hezkuntza munduan dauden beste zenbait erakunde gonbidatu
zituzten Sarean Elkartekoek: EILAS, CCOO, ELA, LAB, Bizkaiko Guraso Elkartea,
Denon Eskolak eta Baikara. Zuzendaritzaren egoerari buruz hitz egiterakoan guztiak
zuzendaritza gorpuztu eta hierarkizatuaren aurka agertu ziren. Administrariaren beharra
ere ikusten dute zuzendaritza lanaren lagungarri gisa.
Bestalde, sindikatuek zuzendaritza lanaren eta sindikalgintzaren arteko muga sarritan ez
dutela garbi ikusten adierazi zuten. Guraso elkarteek, berriz, Sarean Elkartearen lanari
ez diotela trabarik jarriko esan dute, denon arteko inplikazioaren beharra azpimarratuz.
V. Topaketa hauen ondorioak Sarean Elkarteak argitaratzen duen Publinet aldizkarian
kaleratzeko asmoa dute, orain artekoetan egin duten bezala.
1999-01-01 zenbakia