Esperientzia honen justifikazioa
Hezkuntza ekintza bihurtzeko orduan hainbat arlo esperimentatzen ditugu gure eskolan.
Hauetatik estetikaren heziketa da bereziki garatu izan duguna ondorengo mailetan:
a) Eskolarena, esparru estetiko bezala harturik.
b) Hezitzaileena, zenbait une berezitan gauzatzen ditugun lanak direlarik.
d) Haurrena, beraien esperientzia artistikoak direla eta.
Eskola, esparru estetikoa
Oinarri-oinarrizkoa da berau, eskola espazio eta txoko atsegin, alai, polit eta
esanguratsuz osatuta egotea nahi baldin badugu. Hau kontuan hartuta xehetasun guztiak
garrantzi handikoak bilakatzen dira. Argiak, apaingarriak, mugikariak, gortinak, hormen
koloreak, edredoiak, altzariak...hots, den-dena, eskola ingurune eder eta harmoniatsua
izan dadin.
Hezitzaileen lana
Guk geuk ere landu eta garatzen ditugu gure abildade artistiko eta estetikoak eskola
dekoratzeko mugikariak, hormirudiak eta abar sortzen ditugunean, baita haurren lanak
gurasoei erakusteko egiten ditugun karpetak osatzerakoan ere, Gabonetan edota ziklo
amaierako jardueretan.
Hauxe da beharbada, kanpotik begiraturik, gure ekintzarik ikusgarriena eta denboran
luzeen irauten duena.
Haurren esperientzia artistikoak
Haurrekin egunero burutzen ditugun ekintzak beraien esperimentazio eta
manipulaziorako trebetasuna garatzeko entrenamendutzat hartzen ditugu. Entrenamendu
hau esanahitsua, sentsoriala, motorea, komunikaziozkoa eta adierazgarria izatea nahi
dugu.
Gure lanean arlo asko ukitzen ditugu ahalik eta ekintza eredu globalena gerta dadin.
Helburu orokorrak
Plastikaren inguruko ekintza hauekiko jarrera baikor eta partehartzailea bultzatu eta
ekintza hori gustukoa bilakatuz haurrek goza dezaten nahi da.
Honekin batera beste xede hauek ere zaintzen ditugu gure ekintzetan:
-Garapen sentsoriala (ukimenarena, ikusmenarena, entzumenarena..)
-Garapen psikomotorea (eskuen kontrola, koordinazioa, disoziazioa, errotazioa...)
-Garapen kognitibo-adimenezkoa (kontzeptuak: koloreak, neurriak eta formak,
aldaketen pertzepzioa, ehundurak...)
-Garapen sozio-afektiboa. Elkarri lagunduz lan egiten duen talde bateko partaide dela
sentitzea nahi dugu; lan bat sortzeko eta burutzeko gai dela sentitzeko moduko giroa
sortuz bere autoestimua lantzea; bere sortze-lanak besteei erakusteko eta emozioak
azaltzeko gogoa izatea; autonomiaz jabetzen joatea margoak eta materialak bere
aukeran utziz eta bere hiztegia zabalduz beren esperientziak azaltzen treba daitezen.
Bitartekoak
- Eskuak
- Margoak (plastidecor, argizariak, klarionak, pastelak, tenperak...)
- Plastilina
- Buztina
- Bestelakoak (guraizeak, linternak, azukrea, txokolate-hautsa, fruta, hostoak, harriak,
loreak, zaborretarako materiala...)
- Paperak (pinotxo, zelofan, zetazkoa, landare-papera, ebakinak, aldizkariak, orriak,
gometxak, kartulinak...)
- Irudiak (Mirórenak, Van Goghenak eta abar...)
- Tresnak: isipuak, neurri ezberdinetako espumazko arrabolak, sprayak...)
Metodologia
Hautatutako egunetan egiten dira plastikako saioak baina ez beti espazio berberean, ez
eta euskarri berdinetan. Mahaiak, zorua, plano okerrak nahiz horizontalak tartekatzen
ditugu plastika jarduera hauetan.
Materiala beren eskura egoten da eta haur bakoitzaren erritmoa eta nahia kontuan
hartzen dugu. Horregatik, materialaren erabilera guztiz librea da, nahiz haurrengan garai
bat egon, 12-14 hilabete betetzean janariekin esperimentatzen eta manipulatzen hasten
direnean, non hezitzailea imitaziorako erreferentzia bihurtzen den eta, hori dela eta,
plastika saioa zuzenduxea bihur daitekeen.
Hiru zatitan bana dezakegu saio bateko prozesua:
- Materiala eta eszenatokiaren prestakuntza
- Jarduera (haurrak nahi duen adina luzatuko da)
- Lanen erakusketa. Haur talde batek egindako ahaleginak erakusteko balioko digu
erakustaldiak. Beren lanak ikusgai egotea nor bere buruaren eta besteenaren
identifikazio garapenerako ere baliogarria da eta, azkenik, eskolaz kanpoko lotura
sortzeko ere, kasu honetan familiarekin, oso tresna deigarria bihurtzen da.
Plastika saioak erritmo ezberdinetako musikaz girotzen ditugu. Hasieran haurrak
motibatu nahian erabiltzen dugu musika; gero, jardunean ari diren bitartean, erritmoaz
jabetzeko eta, lana amaitu ondoren, erlaxatzeko eta lasaitzeko.
Ondorioak
Urteotako lanak erakutsi digu bete-betean asmatu genuela plastika saioak gure
programan txertatzearekin. Gure Haur Txikien Eskola gu denok, handi eta txiki,
errepresentaturik gauden erakustoki zabal bat da. Koloreekin, bolumenekin eta
argiarekin jolastuz gure imajinazioa gainditzea ahalbidetzen duen unea da hau; hartu,
eman, begiratzen ikasi eta artea landuz gozatzeko unea, alegia.
1999-01-01 zenbakia