Aucouturierren Psikomotrizitate Praktikako (APP) Saioa Haur Hezkuntzan, hezkuntza-baliabide garrantzitsua da. Lehenengo, artikulu honetan berariaz APPz hitz egingo dudala nabarmendu nahi dut, eta ez psikomotrizitateari buruzko ikuspegi orokor batez. Gure inguruan, Haur Hezkuntzako ikuspegi pedagogikoak berrikusten eta berritzen ari dira mugimendu ugari, eta gogoeta bat zabaldu da mugimendu horietan espazioen, denboren, estrategien eta hezkuntza-jardueren egituraketaz, haurren (0-6 urte) garapen osasungarri eta globalari laguntzeko interesgarria izan daitekeena. Indar handia hartu du gaur egun motrizitatearen garapenari edo mugimenduari eta haurtzaroan duen garapenari buruzko eztabaidak. Aski ezagunak dira, zentzu horretan, Emmi Piklerren ekarpenak eta “Loczyko ikuspegi pedagogiko” izenda dezakeguna.
APPren ikuspuntutik, interes berezia dugu honako berrespen honetan: haur bakoitzak, zaintzen duten helduekin dituen kalitatezko harremanetatik abiatuta, mugimenduaren etapak eraiki ditzake modu autonomo batean, zutitu eta oinez, korrika, jauzika... hasi bitarteko posturak eta horiei dagozkien mugimenduak bereganatuz. Hortaz, ez dago haur bati mugitzen irakatsi beharrik, eta ez dugu zertan mugitzera behartu. Berrespen horrek “mugimendu libreaz” hitz eginarazi digu, lehen haurtzaroan haur bakoitzak ahalik eta oztopo gutxienekin “aske mugitzeko” aukerak izan beharraz, ildo horretatik, espazioan segurtasunez eta autonomiaz bere gorputzarekin esperimentatzeko ahalik eta aukera gehien izan ditzan.
Haur bakoitzak ez dauka zertan egon ariketa batzuen zain edo “mugimendu-eskolen” zain, bere beharrak eta adierazteko eta gorputza eta ingurua esploratzeko ahalmenak garatzeko. “Aske mugitzeko” aukera izan behar luke. Badirudi horrek zalantzan jartzen duela “taldeko psikomotrizitateko hezkuntza-saioak” egiteko komenigarritasuna, eta halaxe egin du hezkuntza-munduko sektore batek. Beharrezkoa ez den zerbait dela ematen du, artifiziala, funtsezkoena haur bakoitzak nahi eta behar duen guztietan mugitzeko eta bat-batean eta bere kabuz esperimentatzeko aukera izatea baita.
Oinarrizko oker kontzeptual batean du sorburua, ordea, saio horiek zalantzan jartzeak: APP saio batean landuko dena mugimendua dela jotzen da, eta APPko planteamenduen ezagutza falta handia jartzen du agerian horrek.
Gainera, “haziera naturalaren inguruko mitoak” izenez bataiatu ditudan usteetako bat adierazten du: haurrak bulkada biologiko batzuk ditu bere barruan, eta aski da horiei “modu natural” batean garatzeko aukera ematea, “gai” izango den pertsona “zoriontsu” bat garatzeko.
Badirudi helduak hezkuntzaren esparruan modu “artifizial” batean esku hartzeak eragotzi egiten duela “garapen natural” hori, “ona” den hori. Ikuspegi horretatik, haurrak taldeko psikomotrizitate-saio batera “joanaraztea” naturaren aurkako esku-hartze inbaditzaile bat litzateke.
Hona iritsita, beste gogoeta bat erantsi nahi nuke: Haur Hezkuntzari buruzko debateetan, ohitura hartu behar litzateke aipatzen den garapenaldi bakoitza ahalik eta gehien zehazteko: bizitzako lehen hilabeteak, 1-2 urte, 2-3, etab. Haurrak zaintzen dituzten helduen jarrerek eta hezkuntza-baliabideek bilakatu beharra baitute, haurren bizitzako eta garapeneko une bakoitzeko gaitasun eta beharren arabera.
Gehiegitxotan irakurtzen edo entzuten ditugu horrelakoak: “ez dira haurrak frustratu behar”, “haurren zera hori errespetatu egin behar da”... Baina gauza bera esan dezakegu hilabete batzuk dituen haurraren jarrerez eta hezkuntza-ekintzez eta bost urte dituen beste batenaz?
Hel diezaiogun beste hari bati, baliogarria baitzaigu artikulu honen xederako: gaur egungo gizarteak baditu zenbait ezaugarri, neurri handian eskolaren hezkuntza-zeregina konplexuago egiten dutenak (ez naiz ari okerragoa edo hobea denaz, konplexutasunaz baizik; alde egin beharra dago “on eta txar” eskemetatik, gaia aztertu eta erantzun konplexuak aurkitzeko).
Ez dago “hezkuntza onik”, “hezkuntza perfekturik”, edo “onenik”. Horregatik, gure hezkuntza-planteamenduetan elkarrengandik nahiko gertu sentitzen garenon artean ere, alde eta ñabardura ugari daude... Ez dago hezkuntza-eredu “eztabaidaezin” bat ekarriko digun egia zientifikorik. Ez da komeni “hezkuntza-uniformetasuna”.
Baina horrek ez du ekarri behar hezkuntza-jarrera hauskorra eta desegonkorra. Hezkuntza-elkarterako (neska-mutilak, hezitzaileak, familiak, erakundeak, gizartea) aski segurua izango den esparru bat osatzea ahalbidetuko duten erabaki argiak (eta, neurri horretan, malguak baina ez kaotikoak) hartzeko ardura dugu.
Gure gizarteak begi-bistako egiarik badu, ANIZTASUNA eta KONPLEXUTASUNA ditu ardatz egia horrek, eta INTERAKZIOA da esku hartzen duten faktore guztien arteko dinamika. Hortaz, hezkuntzak kontuan hartu behar lituzke alderdi horiek.
Baina aniztasuna eta konplexutasuna ez dagozkio gizarte-errealitateari soilik, pertsonari ere badagozkio, “sistema bizidun”-a den neurrian, bai eta burmuin- eta neurologia-garapenari ere (oso modan dago): gizakiak adierazitako funtzio edo ahalmen bakoitzerako leku jakin bat aurkitzen tematuta zebiltzan ikertzaileak (linealtasunaren bilaketa eta “kausa-efektu” erlazio zuzena), baina aniztasun handiko errealitate konplexu interaktibo batekin egin dute topo.
Gainera, aurretik finkatuta ezertxo ere ez dagoela egiaztatu ahal izan da. Genetika aldatu egiten da. Aldatu egiten da biologia. Genetikoa edo biologikoa dena adierazteko modua aldatu egiten da, ingurumenarekiko interakzioaren arabera. Badaude faktore baldintzatzaileak, baina ez faktore erabakigarri absolutuak. Ez litzateke egokia hau esatea: “garrantzia duena erlazioa da”, edo “garrantzia duena genetika da”, edota “biologia da garrantzitsuena”. Faktore guztien arteko interakzioaren garrantziaz hitz egin beharko litzateke, eta, beraz, oreken dinamika zirkular, ekologiko eta ez-lineal batez.
Adierazitako hori guztia abiapuntu hartuta, goazen APPren zentzua bere testuinguruan kokatzera eta eskola-eremuari ekar diezaiokeena aztertzera.
Bada funtsezkoa den zerbait: haurraren bizitzan, GUZTIA ez da eskola. Batzuetan, badirudi haurrak eskolan bizi behar lukeela GUZTIA, esperimentatzeko, ikasteko, eraginak jasotzeko beste tokirik ez balego bezala. Ez dezagun ahaztu funtsezkoena gertuko eta ohiko familia-esparruan xurgatzen dela. Eta, ezta ere, ez dezagun ahantz, haurren inguru sozioekonomiko eta ideologikoak duen eragina.
Errealitate oso horren barnean, APP ez da eskola-bizitzako une bat besterik. Ez da DENA, ez du izateko asmorik ere, ez da haurrak behar dituen esperientzia guztiak topatuko dituen toki bat.
Orduan, zer ekarpen egiten diote APP saioek haurrari?
Lehenengo eta behin, oinarrizko zerbait: emozioei, sentimenduei eta pentsamenduei dagokienez eta harreman-esperientzietatik abiatuta (bere buruarekin, besteekin, espazioarekin, materialekin....), bere buruaren ezagutzan prestatu den heldu batekiko harremana; harremanetatik bere barnean sortzen diren sentimendu, sentipen eta pentsamenduak ezagutzen dituen heldu batekin jarriko da harremanetan, neurri batean, horri esker. Heldu horrek lan egin du enpatia, prestutasuna, deszentrazioa duen pertsona/profesionala izateko, harrera-gaitasunak izateko, sostengua, euspena, sendotasuna, argitasuna eta ulermena emateko.
Hezkuntzaren dimentsio subjektiboa egokiro ezagutu, onartu, eduki eta bideratzeko prestatutako profesionala dela adierazten du horrek. Hezkuntzaren esparruan haurrekin biltze horri beren ezaugarri pertsonalak erantsiko dizkio profesional horrek, nahi ez duen efekturik, kontrolatu gabekorik, ez eragiteko; bere gaitasun eta mugez, gatazka subjektiboez, jabetuko da, bere lanean aurrez aurre dituen haurrekiko eguneroko harremanean modu masibo batean proiekta baitaitezke.
Ez dugu ahaztu behar Haur Hezkuntzan profesionala ez dutela “babesten” eskola-edukiek, ikasgaiek; besoko umeen eta haur txikien prestakuntzaren esparruan lan egiten du, eta, ikuspegi horretatik, harremanean alderdi subjektiboek (emozioek, afektuek, sentimenduek) berebiziko garrantzia dute haurrek bizi dituzten esperientzietan.
Horrekin batera, bada maiz ahaztu ohi den zerbait, edo jaramonik egiten ez zaiona agian: sinbolikoa denak, jolasak, duen indar eraldatzailea; baina ez edozein jolasek, haurren ekimenetik abiatzen denak baizik; berorren subjektu sentitzen delako eta, aldi berean, zentzua eta balioa ematen dion beste norbaitek ezagutzen duelako, zentzu osoa hartzen du bere baitan; horrez gain, jolasten ari diren beste batzuekin komunikatzeko eta elkartzeko balio dio.
Ez dugu ahaztu behar haurraren bizitzak, eta haren garapenak zentzua har dezan ezinbestekoa dela zaintzen duten eta haren iraupena babesten duten helduek bizitzan txertatu izana. Haurrari zentzua eta nortasuna ematen dioten helduez ari gara, haurraren ispiluez; barne-eraikuntzara jo dezakete horrela, “norberaren kontzientzia” hartzera, pertsonari “gizatasuna” ematen dion dimentsio sinbolikora.
Bil ditzagun, beraz, psikomotrizitateko saioari zentzua emango dioten zenbait elementu:
Laburpen txiki eta ez oso honetatik abiatuta, zehazten has gaitezke, adina oinarri hartuta, zein izan daitekeen APP eskolako hezkuntza-proiektuan txertatzeko egitura praktikoa, labur-labur:
Horregatik, dimentsio sinboliko horrekin koherenteak diren espazio eta denbora-tarteekin saioen egitura bat ezartzea proposatzen da, haurraren ondoan egonez “guztiahaltasun garai” horretatik urruntzean (bizitzako lehen urtetik aurrera gertatzen da batik bat), gaitasunen eta mugen errealitatera jotzeko.
Heltze-ibilbide bat izango da, eta, saio hasierako topaketen eta amaieren esparruan, aukera izango du beti haurrak ibilbide integratzaile bat egiteko, hasi mugimendutik eta sentipenetatik eta pentsamendu eta hitzetara iritsi arte, hainbat esperientzia sinbolikoren bidez.
Ikusi ahal izan dugunez, “berdintasun” mundutik “desberdintasun” mundurako ibilbide bat egingo dugu. Guztiahaltasunetik gaitasunen eta mugen errealitatera. Atxikimendutik bereizketara.
Artikulu honek ez du helburu 6 urtetik harago jotzea, baina gogoratu interesgarria litzatekeela 7/8 urtetik aurrea proposatutako oinarrizko egiturari eustea, haurrei beren heldutasun eta garapenaren arabera espazio-denbora hori aldatzen joateko aukera emanez. Lehen Hezkuntzako lehen bi ikasturteez ari gara.
Hainbat ondorio
Haurrei mugimendu-ekintza, jolasa eta pentsamendua integratzeko baliabide bat eskaintzea litzateke kontua, helduarekiko kalitatezko harremanen bidez eta parekoekiko komunikaziorako bideak irekiz, segurtasun psiko-afektiboko esparru batean, betiere, dimentsio hori ez baita gauzatzen haurrak “jolas libreko” bizipenetan bizi duen errealitateko egoeretan “heldu baten ispilu-begiradarik gabe”.
Parekoen arteko haurren ekintzak, jolas libreak, errepikatzeko joera har dezake, zentzua, euspena eta euskarria ematen dizkion helduaren begiradarik gabe (beldur den haurrak bere beldurrarekin jarraitzen du...). Helduarekin interakzio horretan, haurrak bere sentipenak, afektuak, sentimenduak, pentsamenduak alda ditzake, eta, horrela, eraldatzeko eta heltzeko prozesu batean sar daiteke.
Izan dezagun gogoan haur txikiaren oinarrizko ongizateak nahiz ezinegonak haien esperientziekin lotuta daudela, helduekiko harremana hartuta abiapuntutzat, eta ez parekoekikoa. Uneko helduekiko harreman-egoeretatik abiatuta alda dezake umeak eta alda daiteke bera. Eta, orduan, errealitatea aldatzeko dinamika horrekin jarrai dezake “heldurik gabe” (nahiz eta, egiaz, inoiz ez den “heldurik gabe” izango).
Eraldatzeko aukera horretara jotzeko espazio-denbora pribilegiatua da psikomotrizitateko saioa, batez ere APPko psikomotrizistak, prestakuntza pertsonal eta profesional handia duenak, eskain dezakeen harremanaren kalitateagatik.
Bizipen eta harreman esanguratsu horietatik abiatuta garatzen dira autonomia eta norberaren kontzientzia, harremanen esparruan beti (hala zioen Winnicottek: “Haurtxoa ez da existitzen”; gizakiak bestea gabe ez duela irauten esan nahi zuen, ez dela posible).