“Etsita” etorri omen da Madrildik Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroarekin LOMCE lege aurreproiektuaren gainean izandako bileraren ostean: “Aurreproiektua itxita dago eta parlamentuko tramitearekin egingo dut aurrera”, esan omen zuen ministroak.
Hutsune tekniko batzuk ikusi baditu ere, hezkuntza-lege erreformarekin erabat ados agertu da Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria.
Kezkagarria da guretzat, LOMCE aurreproiektuak zentralizazioan nola sakontzen duen ikustea, zer-nolako kontrol ideologikoa finkatzen duen, nola baldintzatzen duen arlo pedagogikoa, zer argudio azientifikoekin ezartzen duen gaztelania beste hizkuntzen gainetik, nola murrizten duen eskola-komunitatearen parte-hartzea, eta abar.
Gure herriak hamarkadak daramatza bere ibilbide propioa eraikitzen, eta lortutako emaitzak nahiko onak dira. Irakasleen, ikasleen, gurasoen, herritarren eta hainbat instituzioren parte-hartzearen ondorioz, euskalduntzean aurreratzen ari gara, curriculumak eskola komunitateetara egokitzen ari dira, aniztasuna landuz eskola inklusiboagoa egin da, eta abar. Horrek guztiak, gure hezkuntza Europako batez besteko mailan jarri du, Lanbide Heziketa Europako hoberenetakoa egin du, ikasleen arteko aldea murriztu egin du, oro har, maila hobetzen ari delako; eta, ondorioz, herritarren kohesioan lagundu egin du.
Horregatik, gure hezkuntza hobetuko duten neurriekin jarraitu behar dugu:
- Euskara Kontseiluak sustatuta eta hezkuntza eragileak elkarlanean arituta eta adostuta, Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamena errealitate bihurtzen segitu behar dugu. Izan ere, euskaraz (D ereduan) ikasten dutenak dira, nagusiki, bi hizkuntza ofizialetan maila nahikoa lortzen dutenak. Horrek aukera berdintasunean laguntzen du, beste hizkuntza batzuk ikasten errazten du, eta jendartea kohesionatuagoa egiten du.
- Geure herriko curriculumak garatzeko egiten ari diren ahaleginak sustatzen. Bertakoa biziz eta ezagutuz mundura irekiz.
- Legearen zentralizazio berriaren aurrean, deszentralizazioa handitzen eta eskola-komunitateko guztien parte-hartzea bermatzen jarraitu behar da. Praktikak
erakutsi baitigu eskola-komunitateak parte hartzen duen heinean, ikasleek era guztietako emaitzak hobetzen dituztela, emaitza akademikoak barne.
- Ikasleen arteko bereizketei uko egiten eta inklusioan gehiago sakontzen.
- Gure herriaren eta herritarren beharren arabera hezkuntza eraikitzen.
Izan ere, eguneroko lanak eta elkarlanak erakutsi digute bide zuzena zein den. Orain arteko baldintzak hain egokiak ez izan arren, gure herrian lortu diren hezkuntza-aurrerapenak nabarmenak izan dira. Eta, aurrera begira ere, bitarteko gehiago izateak, kanpoko injerentziarik ez egoteak eta oinarri zientifikoz lan egiteak hobetuko dute geure hezkuntza.