Koherentzia eta inkoherentzia. Bi hitz horiek defini dezakete Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saiburuaren agintaldia.
Koherentzia izan du bere alderdiaren printzipioekin: hizkuntzen trataeran, curriculumean, bakegintzan, estatuaren ikuskeran, eta abarrean. Bestalde, etengabeko inkoherentzia izan du plazaratutako hitzen eta egindakoen artean.
Inkoherentzien artean, nork ez du Zelaa entzun esaten “hezkuntza garrantzitsua da: ez da gastua, inbertsioa baizik”. Eta, bere agintaldian, hezkuntzara bideraturikoa Barne Produktu Gordinaren %4,1etik %3,8ra jaitsi du; Europako batez bestekoa %6an dabilenean. Edo, “guk ez ditugu PPren hezkuntza murrizketak aplikatzen”, esan du; eskoletan, etengabe murrizketak jasaten aritu direnean. Edota, “hezkuntza eragile guztiak kontuan hartzen ditugu” adierazi, eta, gehiengo sindikalarekin adostu gabe (LAB, ELA eta EILAS), %27 soilik ordezkatzen duten CCOO eta UGT sindikatuekin lan hitzarmena izenpetu. Hala nola, denontzako egokia izango den “Bakerako Hezkuntza Plana egingo dugu” esan, eta, PPrekin adostutako alde bateko plana martxan jarri nahi izan. Azkenean, planaren harrera hotzak norabidea aldatzera behartu du. “Doktrinatzen ari zarete” esan zien besteei, eta Zelaa bera izan da bere ideologiaren doktrinatzaile.
Baina, lehen aipatu bezala, izan du koherentzia PSE-EE bere alderdiarekin. Kataluniako edota Galiziako alderdi sozialistek ez bezala, hemengo sozialistek ez dute bertako hizkuntza, euskara, irakas hizkuntza gisa jarri; alderantziz baizik, “hiru eleko eredua”-rekin, parez pare jarri dute euskara, gaztelania eta ingelesa. Eta, egindako Ebaluazio Diagnostikoetan argi agertzen da, euskarak behar duela laguntza handiena, haren egoera normalizatu nahi bada. Sailburuak, ordea, ez dio inolako arretarik jarri emaitza horri.
Bestalde, Euskal Herria kontzeptua nola erabili behar den agindu die irakasleei, Nafarroan bezala, testuliburuak kontrolatu nahi izan ditu, bere gustuko edukia zabaltzen ez dutenak ia itotzen utziz.
Azken agintaldian egin dena ikusita, zer proposa genezake aurrera begira?
Herri gisa pentsatuta, gure hezkuntzaren ildo nagusiak zirriborratzera ausartuko gara:
- Hezkuntza inbertsio gisa balioestea. Hitzetatik haratago, ideia hori gorpuzteaeta praktikan jartzea. Europako hainbat lurralderen ildoari jarraituta, BPGtik hezkuntzara bideratu beharreko diru kopurua igo egin beharko litzateke.
- Hezkuntza demokratizatzea oinarri on bat litzateke. Eragileekin hitz egin, beharrak aztertu eta lehentasunak adostu. Posible den neurrian, gestioa deszentralizatzea; gertuko gestioak, hezkuntzako partaideen parte-hartzeak, emaitzak hobetzen dituela frogatuta baitago.
- Euskararen Kontseiluak egindako “Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen ”, edota, antzeko proposamenak, eguneroko praktikan jartzea.
- Eskolarako curriculuma, herritarrak burujabeak izan daitezen egokitzea.
- Hezitzaileen prestakuntza zaintzea eta bitartekoak eskaintzea.