Zertan datza ekimena?
• Ikastetxe bakoitzean, etxean erabilitako olioa biltzeko sistema bat abian jarriko da. Sistema asko daude aukeran. Ikastetxe bakoitzak berari ongien datorkion sistema aukeratuko du. Eta haurrek etxean erabilitako olioa plastikozko botiletan eramango dute eskolara.
• Ekimen honetan parte hartzera animatzen diren ikastetxeetan, kontzientziazio-kanpaina bat garatuko du Ekogras-ek. Kanpaina hori antolatzeko, berriz, hainbat ekintza proposatuko ditu Irrien Lagunak Klubak: Olibatxoren eta Irrien Lagunak Klubeko pertsonaien bisitak; “Olibatxok”, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek olioa nola birziklatzen den azalduz grabatutako DVDa banatzea; material didaktikoak banatzea, eta abar.
• Jasotako olioaren truke lortuko diren etekinekin, ikastetxeek erabakitako gizarte-proiektu bat babestuko dute:
- Irrien Lagunak Elkartasun Taldeko elkarteek proposatutako proiektu bat izan daiteke: Etiopia Utopia elkarteak Wucron ezarri nahi duen hortz-klinika; Banaiz bagera elkarteak etorkinak lan-merkatuan euskaratik eta euskaraz txertatzen laguntzeko bideratutako proiektua; minbizia duten haurrentzako proiektua…
- Edota, ikastetxean bertan, beste behar bati aurre egiteko bidera daiteke: behar dituzten baliabideak erosteko, bertan erabakitako kanpainaren bat abian jartzeko…
“Olio-gune” proiektua 2012-2013 ikasturtean abiarazi nahi dutenez, gaia lehenbailehen aztertzea komeni da, eta, parte hartzeko erabakia hartuz gero, proiektuaren zehaztapenak lehenbailehen lantzen hastea.•