“Haur eskoletako hezitzaileen lana, txikiekin izan arren ez da txikian pentsatzeko; aitzitik, handian pentsatzeko lana da”.
Sarritan hezkuntza arduradunek hartutako erabakiak eta eguneroko jardunak beste bide batetik badoaz ere, inork gutxik ipin dezake zalantzan bizitzako lehen urteak gutako bakoitzarengan izan duten garrantzia eta utzi duten marka.
Nazioartean, eta baita hemen ere, egin diren ikerketek argi erakutsi dute bizitzako lehen sei urteak –eta horien artean, batez ere lehen hiruek–, haurraren garapenean erabakiorrak direla. Eta erabakiorrak dira garapeneko atal guztietan: ama hizkuntza eta beste hizkuntzen jabekuntzan, garapen kognitiboan, nortasunaren garapenean, sozializazioan, norbere buruaren ezagutzan eta abar. Ondorioz, adin horretan egiten denak, edo egiten ez denak, arrastoa utziko du bizi osorako.
Haurraren ongizatea, nola ez, funtsezkoa izango da. Baina ez etxean soilik, baita eskolan ere. Kalitateko haur-eskola batek bereziki zaindu beharko luke bertan dauden haur guztien, eta haur bakoitzaren, ongizatea. Izan ere, haurra inguratzen duenarekin eta dutenekin lasai badago, ziur sentitzen bada, orduan bermatuko baita haurrak berez duen esplorazio sena, eta jakin badakigu edozein ezagutzaren oinarria dela esplorazio hori. Ongizatearen oinarrietako bat den ziurtasun hori izango da, bestalde, haurrak berez, senez, dakartzan gaitasunak garatzeko bermerik egokiena.
Ikerketek eta adituek atera dituzten ondorioak oso kontuan izan beharko lirateke, zientziako gainerako alorretan egiten den gisan. Gaur egun dakiguna jakinda, gutxienez, haurra beste era batean, modu berri batean, begiratzeko saiakera egin beharko genuke: gaitasunez beterik dagoen pertsona gisa, horiek guztiak garatzeko inguru eta esperientzia egokiak eskainiko dizkion eta ziurtasuna emango dion heldu bat behar duen pertsona.
Haurra, oso txikia izanik ere, kapaza den pertsona gisa ikusten hasten garenean, berehala ohartuko gara adin hori aukera paregabea dela gaur egun hezkuntza munduan kezkatzen gaituzten hainbat gaitan eragiteko. Oso txikiak izanda ere, garrantzi handia eman behar zaiola haur horiekin egiten den lanari.
Irakaspen horietatik ondorioak ateratzeko tenorea da, orain. Eta denen artean, ondorio behinena, etapa hori bereziki mimatu beharreko eskolaldia dela da. Haur-eskoletan tentuz eta egoki aplikatutako hezkuntza politikek emango dituzte beren fruituak; zailagoa baita, betiere, desegoki egindako gauzak, edo garaian ez egin izanak, konpontzea.
Egunerokoak erakusten digu, ordea, zein urrun gauden, oraindik, ulertzeko errazak diren jarduteko modu horietatik. Horregatik, sekulako beldurra ematen du zenbaitetan Haur-eskolen lanarekiko eta izatearekiko jokatzen den arinkeriak.