Zein gomendio izan beharko genituzke kontuan eskola egokitze aldian?

Bizitzako lehen urteetan haurraren eta amaren artean sortzen den harreman estuaren jatorria, haurrak bere ­erreferentziazko atxikimendu pertsonetara lotuta sentitzearen beharrak eragiten du. Lotura horren bidez, izan ere, haurraren garapen eta heltze egokia gertatzen baita. Haurrarengan eta amarengan gertatzen diren atxikimendu jokaerei esker lotura hori sendotuz ­joan daiteke.
Ikuspuntu horretatik, atxikimendua eta lotura afektiboa gizakiaren oinarrizko beharrak dira, gosea eta egarria bezain oinarrizkoak. Lotura horretan, haurrak pertsona zehatz batekin harreman berezi bat eratzen du. Hori, “atxikimendu irudi nagusia” izango da, eta gehienetan ama izaten da. Lotura nagusi  hori haurraren ongizaterako guztiz beharrezkoa da, jaiotzeko unean gizakia heldutasunik gabe eta mendetasun egoeran aurkitzen baita.
Haurraren eta amaren arteko lotura ­afektiboak aztertzeko, utero barneko bizitzaraino egin behar da atzera. Han, umekia jada amari lotuta dago zilbor-hestearen bidez eta harekiko lotura ­afektibo indartsua sortzen ari da. Hala, umekia gai da amaren ahotsa ezagutzeko, haren emozioetara erreakzionatzeko, eta abar.
Jaiotzaren ondoren, atxikimendu jokaerak arian-arian garatuz joango ­dira honokoen arabera:
• Amaren irudiaren oroitzapena.
• Irudi horren ezagutza ikusi edo nabaritzen duen bezain laster.
• Irudi horrek haur bakoitzarentzat irudikatzen duena elikadura, ziurtasuna, babesa, maitasuna eta abar mailan.
Atxikimenduaren funtzioa ezagutzeko kontuan izan behar da animalia ahuletan (haurraren heldutasun eza) ­agertzen dela eta txikiaren segurtasunerako balizko arrisku egoeretan eta ­alarma egoeretan azaltzen dela.
Etologiaren ildoa jarraituz, atxikimenduaren funtzio nagusia harrapakarien aurkako babesa da –hau da, biziraupena– benetako arrisku baten aurrean zein galzoriaren aurrean. Ondorioz, beldur erantzunaren intentsitatean alde handia dago konfiantza eta ziurtasuna ematen duen pertsona bat baldin badago aurrean edo ez.
Atxikimendu jokaera hori jaiotzetik 3 urte bitartera luzatzen da, adin horretako haurrak ez baitu objetuen kontzientziarik; hau da, hark uste du zerbait bere begien aurretik desagertzen bada gerta litekeela berriro ez agertzea.
Horrek esan nahi du, adin horretako haur bat bat-batean ingurune ezezagun batean utzi eta alde egiten badugu, aldi berean atxikimendu pertsona nagusiari deitzeko jokaera piztuko zaiola hura itzul dadin. Gehienetan hori etengabeko negarraren bidez egiten du, ­ama itzultzen denean lasaitzen dena ­edo geratzen dena haurra konturatzen denean negar asko egiteagatik ere ama ez dela itzultzen. Kasu horretan, haurraren nolabaiteko egokitzapena gertatzen da ingurune berrira eta hango pertsonetara.
Egoera hori sahiestu eta haurraren ongizatean dituen ondorio ekidiezinak baztertze aldera, beharrezkoa da egokitzapen aldi egokia egitea. Aldi horretan, beharrezkoa da atxikimendu pertsona nagusia hezitzailearekin harremantzea. Hartara, haurrak ez du hartuko ezezagun gisa eta ez da egoera okertuko, atxikimendu jarrerak lehertuz; ­izan ere, eskola ingurua berez ingurune arrotza da haurrarentzat.
Era berean, beharrezkoa da haurrak bere erritmoan eskolako ingurua esploratzea bere atxikimendu pertsona nagusiaren aurrean. Era horretara, haurrak jada ez ditu mehatxu eta arriskutsu gisa hartuko inguru eta heldu berriak eta egokitzapen egokia gertatuko da. Horrek guztiak ahalbidetuko du haurra atxikimendu pertsona nagusitik arriskurik gabe askatzen joatea eta ­urrats oso garrantzitsua izango da bere autonomia lortze aldera.
Hala, eskolarekin izango duen lehen topaketa berak erdietsitako lorpena bilakatuko da, behartutako ezer izan gabe. Ondorioz, eskolarekiko lehen esperientzia atsegina barneratzea ahalbidetuko du eta familia eta eskola giroaren artean gerta litekeen haustura saihestuko du bien artean jarraitasun ­eta egonkortasun loturak eraikiz.
Egokitzapen prozesu hori laguntze aldera, bereziki garrantzitsua da esandako guztiaren ondoan hainbat gomendio kontuan izatea:
Honaino esandakoez gain, eskolarekiko lehen kontaktu horretan erreakzio eta jarrera gisa epe motzean ager daitezkeen hainbat efektu kontuan ­izan behar dira. ­Efektu horiek, nagusiki, bi multzo hauetan laburbil daitezke:
Aldentze emozionala: eskolatik irten eta bere erreferentzia pertsona ­ikusterakoan haurra hotz ­agertzen da eta zenbaitetan izkin ­egiten diola dirudi. Egoera horrek egunak iraun ditzake eta egoera normalera itzultzea mantsoa gertatzen da. Itzulera hori lagunduko du helduak lasaitasuna mantendu eta jokaera hori egoki testuinguratzeko gai den heinean.
Gertu egoteko exijentzia: bere erreferentzia pertsona berriro ikusterakoan haurra lehen baino gehiago atxikitzen da eta ez du gogoko zentimetro bat ere aldentzea. Erreferentzia pertsonak lasaitasunari eusten badio, eta “antsietate atxikimendu” hori baimentzen badio, jokaera epe laburrean amaituko da ­eta normaltasunera itzuliko da dena. Kontra, atxikimendu pertsonak ez badu baimentzen eta jokaera hori arbuiatzen badu, aurkako jokaerak sor daitezke bide batez.
 
Hainbat gomendio
 1. Komenigarria da pertsona bera ­izatea egokitzapen aldia egiten duena, haurraren ­egonkortasuna eta segurtasuna ziurtatzeko. Egokiena, pertsona hori bere atxikimendu pertsona erreferentziala izatea litzateke; ezinezkoa bada, komenigarria da aldez aurretik haurrari esatea egun horretan norekin joango den eskolara eta nor joango zaion bila.
2. Komenigarria da erreferentzia pertsona zenbait egunez gelan egotea leku jakinean. Zehaztu beharreko ­egun kopurua oso aldakorra izan daiteke, gomendagarriena, iraupena haur bakoitzaren erritmoaren araberakoa ­izatea da. Garrantzitsua da haurra espaziora joatea behartu beharrean bera bere kasa askatzea. Une horretan gertatuko da, hain zuzen, ­erreferentzia pertsonaren eta hezitzailearen arteko elkarrekintza; azken hori, haurrarentzat arrotza izateari utziko diolarik.
3. Egun horien ondoren, erreferentzia pertsona pasilloan edo zentroak aurreikusita duen beste leku batean gera daiteke. Batez ere, haurraren begi bistan eta eskura dagoen ­lekua izan behar du. Gainera, haurrari aldez aurretik esango zaio “ama hor dagoela”. 
Haurra espaziora joan ondoren ­atxikimendu pertsona dagoen lekura ­itzultzen bada ­onartu egiten zaio, entzuten zaio eta kontsola dadin ahalegintzen da, baina karga emozional gehiegi eman gabe. Garrantzitsua da haurrak sentitzea noiz dagoen prest banaketarako eta erreferentzia pertsonak jakinaraztea, horretarako agurtzeko ­unea ez luzatuz.
4. Garrantzitsua da ulertzea haurren artean gerta daitezkeen jarrera bortitzen aurrean hezitzaileak esku hartu behar duela eta ez erreferentzia pertsonak. Era horretara, hezitzailea garrantzia hartzen joango da haurraren aurrean eta “botere eskualdatzea” erraztuko da.
5. Kosta hala kosta “ez ezazu negar egin amatxo triste joango da-eta” gisako xantaia ­emozionala edo “ez ezazu negar egin amatxo berehala dator –eta” gezurra ekidin behar ­dira. Izan ere, inguru berrira egokitzeko aukera egokia oztopatzen ariko baikinateke, nabarmen. 
6. Utz diezaiogun haurrari bere gogokoa duen jostailua, familiari lotuko dion etxekoa duen zerbait (txupetea, peluxea, zapia...)  eramaten, hala nahi badu. Zentzu horretan, funtsezkoa da haurrarentzat trantsizio-objektu horrek duen garrantzia ezagutzea eta egokitzapena egiteko garaian lagungarri gerta dakigukeela.
7. Ez da garai ona haurraren bizitzan aldaketa gehiago sartzeko (pardela kendu, logela aldatu...). Komenigarria izango da egokitzapen garaia gainditu arte itxarotea.