nerea mendizabal

Iragan uztaileko ikastaroetara zenbat guraso, hezitzaile eta irakasle etorri zen kontuan izanda, zigorra gainditzeko premia dagoela ikusten da, ezta?
Ez gara eroso sentitzen zigortzen dugunean. Jakingo bagenu zigorra erabiliz gauzak aldatuko liratekeela, eta denontzat ona litzatekeela, bada, igual askoz lasaitasun handiagoarekin erabiliko genuke. Baina, ikusirik zigorrak erabilita heldua ez dela gustura gelditzen, jasotzen duen erantzuna ere ez dela jaso nahiko lukeena, eta, gainera, haur horren eta helduaren arteko erlazioan horrek min egiten duela, garbi ikusten da zigorra ez dela gustuko metodoa. Gainera, eraginkortasunari begiratuta ere, zigorra ez da metodo eraginkorra. 
Baina, zigorrak, zerbait izantekotan, eraginkorra izan behar du, ezta?
Hori da. Orduan konturatzen gara zigorra jarri, jartzen dugula, baina askotan ez dela betetzen; eta betetzen den kasuetan ere, hurrengoan zigor handiagoa edo mehatxu handiagoa bota behar diogula eraginkorra izan dadin, eta, orduan, esaten dugu: “Umea handitzen doan neurrian, zenbateraino handitu behar diot zigorra, zer egin behar dut azkenean?”. Beste batzuetan, berriz, zigorra jartzen dugu eta, gure aurrean ez, baina ezkutuan haurrak egiten du guk ez egitea nahi dugun hori; hori da benetan erakutsi nahi dioguna haurrari? Horrekin ere ez gara gustura gelditzen. Beste batzuetan, berriz, gogoratzen gara umetan ikaragarrizko zigorra jarri zigutela, baina ez gara gogoratzen zer egin genuen hori merezi izateko; zer ikasi dut, orduan, zigor horrekin, zertarako balio izan dit?
Garbi dagoena da zigorrak, mehatxuak eta xantaiak sentimendu desatseginak eragiten dizkigutela denoi: zigortzen gaituztenean, ez gara eroso sentitzen, ez pozik, ez gustura, ez harro; baizik eta haserre sentitzen gara, ezintasuna sentitzen dugu, agian mendeku hartzeko gogoa izaten dugu, beldurra… Eta, azkenean, eskatzen ari garena egitea lortzen badugu ere, sentimendu horretatik, energia horretatik egingo du haurrak agintzen diogun hori, eta ez benetan hori egitea aukeratzen duelako, edo konturatzen delako guraso edo hezitzailearentzat garrantzitsua dela, eta kontuan hartu nahi gaituelako. Zigorraren bidez ez da bide hori jorratzen. Zigorrak funtzionatzen duenean ere, hau da, nik nahi dudana lortu dudanean ere, nola eta zer preziotan lortu dut?
Zigorra beti erabili izan da, tradizioz eta historikoki. Orain, baztertu egin behar dute irakasleek, hezitzaileek edo gurasoek ohitura hori; nola hasten da baztertze hori, gelditu eta jabetzetik?
Bai. Lehendabizi, ohartu behar dugu 8.000-10.000 urte daramatzagula gizakiok era horretako hizkuntza erabiltzen: epaiak, mehatxuak, zigorrak, moralizatzea… eta era horretako eskaerak. Bestalde, orain, bat-batean, entzuten dugu ez dela oso egokia zigorra jartzea; eta esaten du irakasle edo gurasoak: “Ados, baina, orain, zer egin behar dut?”. Zigorra oso erraietako gauza da, erabiltzen duenarentzat oso garrantzitsua da eskatzen ari den hori… Baina, zigorra erabili nahi ez badu, bitartekorik gabe gelditzen da pertsona. Batetik, ohartu behar dugu jaso duguna eta jasotzen ari garena, gehienetan, automatikoki irtengo zaiguna izango dela, nahiz eta konturatu zigorra ez dela egokia, eta zentzu guztia bilatu zigorra ez erabiltzeari. Hala ere, hori ez da nahikoa. Lehendabiziko gauza jabetzea da, baina jabetzea bakarrik ez da nahikoa. 
Orduan, jabetu ondoren, tresnak bilatu beharko ditugu aurre egiteko. Eta hori izan da ikastaroaren asmoa. Argi dagoena da irakasle, hezitzaile eta gurasook, denok, ziur jakingo bagenu, zigorra erabili gabe, beste metodo baten bidez haurren heziketa ziurtatuko genukeela, arduratsua izango litzatekeela haurra, bai ikasketei begira eta baita bere bizitzari begira ere, guztiok nahiago izango genuke bestelako metodo bat erabiltzea. Baina ez daukagu ziurtasunik, eta, gainera, tresnak falta zaizkigu, horren aurrean mahaia hankarik gabe gelditzen zaigu. Beraz, zigorra gainditzeari zentzua bilatzen badiogu, eta benetan bestelako heziketa bat nahi badugu, zer egin eta nola egin pentsatu behar dugu.
Eta zer egin dezakegu?
Lehenik eta behin, komunikazioa landu behar dugu. Adierazi behar dugu horrelako memento batean niri  hezitzaile edo guraso naizen aldetik  zer gertatzen zaidan, eta saiatu behar dut ulertzen umeari zer gertatzen zaion; nire ikuspuntutik “desegokia” den jokaera duenean, zerbait aldatzeko eskatzen diodanean, komunikazioa landu behar dugu. 
Komunikazioa, enpatia… zein dira giltzak?
Alde batetik, komunikazioaz ari garenean, bi zati izan behar ditugu kontuan: batetik, niri zer gertatu zaidan; eta, bestetik, haurrari zer gertatu zaion; eta horrek enpatia dakar, bestearen lekuan jartzea, eta ulertzen saiatzea. Gakoa da niri zer gertatu zaidan azaltzeko gelditzea, argitzea zer gertatu zaidan, eta, horretarako, neure buruarekiko enpatia behar dut. Neure buruarekiko enpatia agertzeko gai ez banaiz, larri nabilelako, blokeatua nagoelako, haserre nagoelako…, orduan laguntza eskatu beharko dut, enpatia eman beharko dit norbaitek. Niri zer gertatzen zaidan ulertzen dudanean, orduan errazago ulertuko dut bestea, haurra.
Lehenengo geure buruarekin hasi behar dugu, beraz.
Baina hori horrela izateko, komunikazio ez-bortitzak ematen duen gakoetako bat hauxe da: jokaera guztien atzean, bai helduon edo bai haurren jokaeren atzean, emozioen atzean, judizioen atzean, horien guztien atzean, behar batzuk daude. Eta behar horiek bete gabe daudenean -edo beteta daudenean- jokatzen dugu beste modu horretan. Haur bat jangelan jatera derrigortzen badut, beharbada jakin nahi izango dut nire esku dagoen haur horrek egoki hazteko behar dituen elikagai guztiak izango dituen, eta horretaz ziur ez nagoenean hori lortzeko hainbat modu probatuko ditut: mehatxuak, zigorrak, derrigortzeak…
Aldi berean, haurraren jokaera bat aldatu nahi badut, ezin dut eskatu, adibidez: “Ez egin hori berriro”. Askotan, jokaera aldatu nahi izaten dugu, jokaera hori eragiten duen arrazoiari begiratu eta hura ase gabe. Horregatik gustatzen zait “betaurreko” horiek janztea, jokaeraren atzean zer dagoen ikusteko. Atzean dagoen hori ikusten badut, eta behar hori haurra eskatzen ari zaidan moduan asetzen badut, umeak utzi egingo dio niretzat desegokia den jokaera hori egiteari; aldiz, honelako zerbait eskatzen badiot: “utzi jotzeari”, “utzi garrasi egiteari”, “jarri lanean”, “ikasi hori”…, ezin du egin, haurrak ezin du hori egin. Eta egiten badu ere, koste handiaren truke egingo du, ez garelako ari haren beharrak kontuan hartzen. Asko mugitzen den eta atentzioa zentratu ezin duen haur batentzat beharrezkoa da hori nahita egiten ez duela ulertzea eta onartzea, eta hortik aurrera, haur horrekiko atentzio dosia, segurtasun emozionala, autoestimua, babesa eskaintzeko bideak jorratu behar direla uste dut, zerbait egitera behartu edo medikazioaz haren jokaera kontrolatu baino. 
Zigorraren bidez haurraren jokaera aldatzea lortzen dugunean, sarri, helduon onespena lortzea izaten da haurraren helburu bakarra, edo beldurragatik egiten du. Beste askotan, berriz, zigorra erabiliagatik ere, ez dugu lortzen haurraren jokaera aldatzea. Eta ez lortze hori, bai umearentzat eta bai hezitzailearentzat, oso frustragarria da, berak egin ezin duen zerbait ari baikatzaizkio eskatzen; konturatzen da gu haserrerazten gaituela, eta askotan errudun sentitzen da. 
Oraindik hitz egiten ez duen haur batekin, hozka egiten edo jotzen duen haur batekin, nola komunikatu?
Haurra, bere erara, zerbait daukala ari zaigu esaten. Guk, aldiz, umea gaiztoa dela pentsatzen badugu, ez lukeela hori egin behar pentsatzen badugu, eta jarrera ezkor horretatik gerturatzen bagatzaizkio umeari, gaiztoa dela eta ez duela hori egin behar adierazten ari gara, horrela jokatzera eraman duena ulertu gabe eta irakasleak edo gurasoak zergatik eskatzen duen hori ulertu gabe.
Haurrak hozka egin duen kasuetan, edo jotzen duenean, adibidez, askotan ez daukagu ezer asko esateko, zerbait adierazten ari zaigu haurra, eta guk “betaurreko” horiek jantzi behar ditugu, zer komunikatu nahi digun ulertzeko; batzuetan, izan liteke oso haserre dabilela lagunak jostailua kendu diolako, edo zerbait gertatu zaiolako… Berresteko, bereak diren gauzak defendatzeko hartu duen jokaera bat izan liteke jotzea edo hozka egitea. Aldiz, irakasleak edo gurasoetako batek, horrelako jokaera baten aurrean, builaka esaten badio: “Ez ezazu egin hozka, ez ezazu jo!”, era berean, ari gatzaizkio esaten: “Ez eutsi zeureari, ez zaitez babestu”… Ikusi beharko genuke zeinen ona den haurrak bere beharrak ase nahi izatea. Egia da, asetzeko hartu duen modua ez dela guri gustatzen zaiguna, edo ume horrentzako etorkizunerako nahiko genukeena, eta horretan lagun diezaiokegu, berresteko, babesteko eta seguru sentitzeko baldintzak eskainiz, baina oraingoz komunikatzen ari da, espresatzen ari da, eta ez diezaiogun hori blokeatu.
Eta, haur baten ordez, 15 haur dituzunean gelan, hau da, irakaslea zarenean, eta haur bakoitzak bere beharrak dituenean, zer gako eman diezazkiokegu irakasle bati? Gakoek berdinak izan behar dute irakasleentzat eta gurasoentzat?
Gakoak, gauzak ulertzeko moduak, bai. Egia da, irakasle baten lekuan, horrenbeste haur dauzkanean, baldintzak ez direla gurasoenen berdinak. Baina, aldi berean, denon beharrak berdinak dira, bai umeenak eta baita helduonak ere. 
Haur batek mugitzeko beharra baldin badu, eta irakasleak planteatu duen ariketan mugitu ezin badu, nola kudea dezake egoera? Bada, berdin. Kontua da, irakasle lanean ari garenean, denborak mugitzen gaituela askotan; denborarik ez daukadanez, jokaera aldatu nahi izaten dugu: “Eseri eta geldi egon, eta hasi lana egiten”, iruditzen zaigulako azkarragoa dela jokaera aldatzea, arrazoia bilatzea baino; baina, luzarora, irakasleak erabiltzen duen metodo horrek denbora gehiago eskatuko dio, eguna joan eta eguna etorri berdin ari baita ikaslearekin, arazoa ez baita konpontzen. Umea ulertu egin behar du irakasleak: “Zuri memento honetan ez zaizu piperrik interesatzen egiten ari garena, nahiago duzu mugitu, kanpora joan, zuk nahi duzuna egin…”; ikasle hori ulertzen ari gara era horretan, eta irakaslea adierazten ari zaio egoera nola ikusten duen, umea ulertzen duela; baina berak ere eskola eman nahi duela azaldu behar dio, haur horrek ere irakasleak planteatzen duen ariketa egin dezan nahi duela, harentzat garrantzitsua eta interesgarria izan daitekeelako; baina, noski, aldi berean urduri jartzen da irakaslea, beste 14 ume baititu gelan. Haurrarekin komunikatu egin behar du irakasleak: “Zuk autonomia eta mugikortasuna behar dituzu; eta nik lasaitasuna eta segurtasuna behar ditut eskola emateko orduan, eta zu ere ikasgai hau barneratzen joango zarela jakin behar dut. Nola egin dezakegu hori? Bururatzen al zaizu moduren bat?”. Haurra, irakasleak ulertzen duenean, lasaitu egiten da. Beharrak identifikatzen ditugun mementoan, beharrak ditugula aitortzen zaigun mementoan, lasaitu egiten gara, eta, ondoren, behar horiek asetzen hasiko gara; baina, askotan, egoera ezagutzea, irakaslea konturatzea haurrak zer behar duen, ikasle horrentzat ikaragarria da. Ez du esan nahi aldatu egingo duela jarrera, baina gertuago sentituko da irakaslearekiko, lotura horrek askoz ere azkarrago ekarriko baitu irakasleak iritsi nahi duen leku horretara. Eta ez bada iristen ere, lotura hori askoz goxoagoa izango da.
Errespetuan oinarritutako heziketa bilatu behar dugu, baina sistema ez ote doa, neurri handi batean, horren kontra? Hau da, gai-zerrenda bat dago, ordutegi bat, adin-tarte bat…
Bai, haurrak dituen beharrak entzutearen kontrako jarrera da hori. Ezen, behar horiei leku ematen diegunean, haurra askoz egoera hobean egongo da, irakasleak planteatzen diona gustura egiteko. 
Batzuetan nahi dugu denek, ikasle guztiek, memento berean gauzak berdin egitea, eta ez da posible izaten; aldiz, haurrarekin hitz egiten badugu, saioa programatzerakoan hark ere parte hartzen duela ikusarazten badiogu, eta, adibidez, lehenengo 10 minutuetan hark aukeratzen duen zerbait egitea garrantzitsua dela adosten badugu, 10 minutu “galduko” ditugu, baina ziurtatuko dugu gero, egin, egingo duela. Aldi berean, ikasi nahi dutena beraien interesekoa baldin bada, edo ikasteko erabiliko duten moduan ere aukeratzeko edo elkarrekin diseinatzeko aukera baldin badute, ez da zaila ikustea baldintza hobeak izango dituztela. Bestela, eguna joan eta eguna etorri, bere beharrak aldarrikatu egingo dizkit, eta pentsatuko du ez dizkiodala onartzen.
Baina irakaslea borroka horretan dago, ezta? Barne borroka handia sortzen dio irakasleari egoerak, programazioa bete behar du, baina berak beste modu batera egin nahiko lituzke gauzak.
Gure eskolak, sistemak, zer egin nahi du gure haurrekin? Programazioa betetzea da nik irakasle zereginetik dudan funtzioa? Galdetzen hasten garenean zein den eskolaren funtzioa, edo, irakasle naizen aldetik, gizartean zein den nire rola, askotan entzuten dugu irakasleak sinetsi egin behar duela ume horri emango dionak balioko diola bizitzarako, bestela, zertarako joaten gara eskolara?
Orduan, ados, ikasgai horiek emateak niri ziurtasun osoz erakusten dit haurra hurrengo ikasturtera prestatuta iritsiko dela, edo unibertsitatera joateko edo bizitzari aurre egiteko prestatuko dugula. Baina, bizitzari aurre egitea ikasgai zehatz batzuk ikastea da? Hori bakarrik da? Akademikoki eta kontzeptualki, nahikoa da ikasgaiak barneratzea bizitzari aurre egiteko, ala beharrezkoagoa da bizirik daukagunari kasu egitea eta erlazionatzeko gai izatea? Golemannek esaten du bizitzako arrakastaren ehuneko hein handi bat norberak harremanak ezartzeko duen gaitasunetik datorrela, eta ehuneko hogei inguru datorrela jakintza akademikotik. Eta arrakastaz ari denean, zentzu guztietan ari da: profesionalki, pertsonalki, sozialki, familian… Orduan, gaur, hezkuntzan, zergatik ematen zaio hainbesteko garrantzia matematikari, historiari… Eta zergatik ez ditugu ukitzen komunikazioa, erlazioak, emozioak…, horrek emango badigu arrakasta? 
Haurrak, ikasgai edo eduki horiek barneratzeko, segurtasun afektiboa eduki behar du, lehenik eta behin. Emozionalki ez bada sentitzen babestua, ulertua eta maitatua, ume horrek ez dauka oinarririk, eta ezingo ditu edukiak jaso eta barneratu, ezingo da kontzentratu, ezingo du ulertu… Horrelako egoeren aurrean, askotan, eskolaz kanpoko laguntza jartzen diogu haurrari, eskola partikularrak matematika eta ingeleserako, eta, azkenean, gehiegi eskatu diogu: “Ikasi egin behar duzu, geldi egon behar duzu, isilik egon behar duzu, errepikatu, etxerako lanak egin, ariketak egin…”. Eta haurrak ezin du, oinarri afektiborik ez duelako, ezin du. Horren inguruan ikerketa asko egin dira, eta oinarri afektiboaren eta eskolako emaitzen arteko korrelazioak erakusten dituzte, segurtasun edo oinarri afektibo hori dagoenean ikasketak arduratsuago hartuko ditu ikasleak. Irakasle garenok oinarri afektiboa lantzen badugu, beste guztia bere kabuz etorriko da. 
Baina, badirudi oinarri afektibo hori lantzea gurasoen lana dela, etxetik landuta ekarriko duela umeak.
Egia da ume batzuk segurtasun afektibo gabe etorriko direla eskolara, eta gabezia handiekin; eta, aldiz, oinarri afektibo hori duten haurrei ere onartu egin behar zaie hori badaukatela, aitortu, eta hortik abiatuko gara. Beharrak ase beharra dute haurrek, baina badute hori baino behar handiago bat: behar horiek aitortzea. Horregatik, oinarri afektibo hori ere aitortu egin behar zaie, eta ulertzen baditugu, errazagoa izango da ondorengo lana.
Irakasle askok diote eurak irakasleak direla, eta ez psikologoak. Ados, baina haurra egoera horretan dator eskolara, eta etxean ez badauka ere, irakaslearekin eraikitzen ari den harremanean segurtasun afektiboa eduki behar luke. Nola egiten du irakasleak lotura hori umearekin? Irakasleak ez ditu beteko etxean dituen gabezia horiek, baina harekiko harremanean bermatu egin behar du giro segurua izango duela, ulermena, afektuzko onarpena, haurraren erritmora egokitzea… Nola lortuko du irakasleak hori? Ulermenetik. Zeren etxean ez dauka, eta eskolan ere ez du edukiko giro segurua, eta, gainera, ikasteko eskatuko diogu.
Beste batzuetan, haurrak babesturik etor daitezke etxetik, baina eskolan senti dezakete ez daukatela segurtasun afektibo hori. 
Bai, noski, eta txikiekin askotan gertatzen da hori: etxean badauka lotura hori, baina, eskolan, oinarria eraiki egin behar du andereñoarekin eta ez dakit zenbat ikaslerekin. Horri begiratu gabe, honelakoak esaten dira: “Umeak egokitu egin behar du, eta ohitu egin behar du”. Txikiekin bezala handiekin gerta daiteke hori: zenbait irakaslerekin lotura eraikitzea oso zaila egiten zaigu. Denok gogoratzen ditugu horrelakoak: “Jo, irakasle harekin irakasgai hura ikaragarri gustatzen zitzaidan; eta, hurrengo urtean, beste irakasle harekin, irakasgai bera ez zitzaidan batere gustatzen”. Irakasleak ikasleak espero duena bete ezin duenean, itxaropenak bete ezin dituenean, gauzak beste era batera ulertzen dituenean… blokeatu egiten du ikaslea, eta ez du sentitzen segurtasun afektiborik, eta ez du sentitzen ulermenik, eta, hortik abiaturik, ezin du atera irakasgai horretan ikasleak barruan daukan onena. Barruan duen gaitasun hori ateratzeko, oinarriak eman behar dizkio irakasleak umeari; eta gaitasun hori denek daukate: denok daukagu entzuteko gaitasuna, denok daukagu konfiantza, denok daukagu adierazteko gaitasuna, denok daukagu adimena, maitasuna, indarra… Kontua da nola aktibatu ahalmen horiek.
Irakasle asko ari dira balio jakin batzuetan hezten umeak, zigorrik gabeko heziketa landuz; baina, ume hori etxetik zigorren eta jarraibide horien arabera hezita datorrenean, konfrontazioa sortzen da.
Edo alderantziz; gerta daiteke etxean zigorrik gabe heztea gurasoek, eta eskolan zigorrak eta horrelako balioak transmititzea irakasleak. Hori ere askotan gertatzen da. 
Irakaslearen kasuan, umea zigortzen dutenak gurasoak direnean eta irakaslea konfrontazio horretan sartzen denean, berriro ere begiratu behar dugu guraso horiek zergatik aukeratzen duten haurra zigorren bidez heztea; jokaera horien atzean behar batzuk daude. Eta guraso horiek metodo edo jokabide hori ari dira aukeratzen, ziurtatu nahi dutelako ume horrek etorkizun ona izango duela, balio jakin batzuen arabera heziko dela… Azken batean, ume horrentzat onena nahi dute, eta horretarako bilatu duten modu bakarra hori da oraingoz. Orduan, irakasleak guraso horiekin topo egiten badu, eta honelako zerbait esaten badie: “Horrela ez zoazte inora, ez zarete konturatzen horrek ez duela balio, eta ni beste bide batetik ari naiz…”. Horrelako jarrera hartzen badu irakasleak, gurasoak erasota sentitzen dira, eta sentitzen dute gauzak gaizki ari direla egiten, eta irakaslea epaitzen ari dela. Hor talkan eta konfrontazioan gaude, eta gauzak modu horretan esateak okertu egiten ditu; gurasoak ere enpatia behar du; irakasleak ulertzen badu, komunikatzen badu, gurasoen interesak entzuten baditu eta onartzen badu biek umearentzat onena nahi dutela eta barku berean doazela, eginda dute bidearen erdia; erasota sentitzen ez bada, irekita egongo baita modu berri hori ezagutzeko. Guraso bakoitzak ere ikusi behar du noiz dagoen prest metodo aldatzeko.
Gurasook, hezitzaileok eta irakasleok batera daukaguna haurra da, eta bakoitzak nola egiten duen begiratzen hasten bagara, eta zeinek egiten duen ondo eta zeinek egiten duen gaizki…, oker gabiltza. Begirada umearengan jarri behar dugu, ez dugu pentsatu behar zein ari den ondo eta zein gaizki, zeren gatazkak hortik datoz, norberak berak egiten dituela gauzak ondo eta ondokoak gaizki pentsatzetik, eta ondokoak ona nirea dela konturatu beharko lukeela uste izatetik. Hor dago gatazka. Begirada umearengan jartzen badugu, biok umearentzat onena nahi dugula ulertu behar dugu, eta hortik eraikitzen saiatu.
Eta alderantziz ere gertatzen da: gurasoak izan daitezke ulerberagoak, eta irakasleak, zigorra jartzen dutenak. 
Hori da, badira beste ulermen-maila bat landu nahi duten gurasoak, eta ez daudenak ados  irakasleek eskolan zigorraren metodoa edo pentsatzeko txokoa erabiltzearekin. Hor ere, berdin-berdin, gurasoak ulerberak badira eta irakaslearen lana aitortzen badute, eta, aldi berean, gurasoek azaldu badiote zer gertatzen zaion umeari, nola ikusten duten, mehatxu egiteak kezkatu egiten dituela gurasoak, haurrarengan ikusten dutenagatik umea blokeatuta etortzen delako… Irakaslea ulertzen saiatzen bagara, ikusten badugu beharbada ez zaiola batere erraza egiten programazioa betetzea, dituen baldintzak kontuan hartuta, haren intentzioa haurrari ahalik eta ondoen erakustea dela eta ahal duen ondoen egiten ari dela… Konplizitatea, errespetua eta ulermena erabiltzen baditugu, errazagoa izango da, noski, irakaslearentzat ere.
Eta permisibitatearen kasuan, gurasoek inoiz ezetz esaten ez dutenean, araurik jartzen ez dutenean… nola jokatu behar du irakasleak?
Zeri esaten diogu permisibitatea? Kanpotik begira ari diren irakasleek edo gurasoek pentsa dezakete umeak nahi duena egiten duela, gurasoek dena uzten diotela, umea gainbabesten ari direla… Eta, beharbada, gurasoak beren irizpideen arabera jokatzen ari dira. Ikusi behar da guraso horiek zergatik jokatzen duten guri permisiboa iruditzen zaigun eran, eta ea jokaera horrek haurrari laguntzen dion ala kalte egiten dion. Haurraren behar emozionalak betetzea haurra gaizki ohitzea, gainbabestea, mugarik ez jartzea dela interpretatzen da sarritan, eta nik ez dut horrela pentsatzen. 
Egia da autoritarismo handi batetik permisibitatera pasatu garela, hau da, “ni naiz heldua eta nik dakit eta kito, eta hau egin behar duzu” esatetik, “nik ez dut nahi niri egin didatena egitea, umeak nahi duena egiten du, mugarik ez dago…” esatera, eta hori ondorio larriak ekartzen ari da, autoritarismoak ekarri zituenak adinakoak, edo larriagoak, zeren umeak galduta daude, erreferentzia garbirik ez daukatelako. Umearentzat garrantzitsua da erreferentzia horiek edukitzea. 
Bada tarteko bide bat: autoritatea behar dugu, haurrak erreferentzia batzuekin joka dezan. Baina autoritate hori ez da ni guraso edo irakasle naizelako esleitzen zaidan autoritatea, baizik eta autoritate hori irabazi egin behar da. Autoritate hori haurraren eta irakaslearen/gurasoen beharrak kontuan izango dituen eredu batetik etorriko da, ez zurearen ala nirearen arteko borrokatik. Botere-borroka hori kaltegarria da; izan ere, umeari mendeko izateko eskatzen diogunean, batzuek onartzen dute mendetasun-funtzioa, baina beste ume batzuek ez, eta errebelatu egiten dira, eta, orduan, irakaslearen/gurasoen gainean jartzen dira. Marshall Rosenbergek proposatzen digun komunikazio ez-bortitzeko ereduan, boterearekin ulertu behar dugu, hau da, boterea bestearekin partekatu behar dugu, ez da nire boterea edo zurea. Eta komunikazioaren, ulermenaren, enpatiaren bidez iritsiko gara horra.
Zer gertatzen zaio umeari etxean eredu bat duenean, eta eskolan beste bat?
Umeak zoratu egingo dira? Etxean ere zora litezke haurrak: aitak gauza bat esan dezake, amak beste bat, eta aitona-amonek beste bat; eta eskolan ere irakasleek gauza desberdinak esan ditzakete. Orduan, harmonia hori nahi izatea, estilo komun bat izatea, ederra litzateke, baina niri topiko bat iruditzen zait, eta frustraziorako eta gatazkarako bidea, ezinezkoa delako umea guk heziko genukeen bezala heztea nahi izatea. Ikus dezakegu bakoitzak dituen mugak desberdinak direnean, zer egin dezakegun muga horiek gerturatzeko, ulertzeko muga hori jartzen dudanean zein behar ari den asetzen gutako bakoitza, baina ez garenean iristen muga horiek partekatzera, ez gara iristen eta kito, nire mugak batzuk dira eta zureak beste batzuk; eta umeak ikasiko du nirekin honaino eta zurekin horraino joka dezakeela; bizilegea da. Helduok ere hori egiten dugu: lagun bati honaino eska diezaiokegu, eta beste bati, ez hainbeste. 
Umeak mugak behar dituela uste dugu; orduan, haurra mugatu egin behar dugula ikus dezakegu, eta muga horietatik ezin garela atera, eta, modu horretan denok ados egon beharko dugula haurra mugatzeko orduan. Niri gehiago laguntzen dit beste ikuspegi batek: hasteko, mugak behar dituela esatea baino, gehiago gustatzen zait erreferentziak behar dituela esatea: muga ezetzarekin, debekuarekin lotzen baita; bestalde, umeak mugak behar dituela diogunean, nik ez dut uste umearenak direnik eta horregatik mugatu behar dugunik; erreferentzia edo muga horiek nireak dira, eta umeak horiek ezagutzea eta kontuan hartzea nahi dut. Nireak bezala, irakaslearenak, aitarenak, amarenak, aitona-amonenak… Hau da, jakin beharko luke zein diren nire erreferentziak; eta, era horretan, ez da gatazkan sartuko besteekin, ikusiko baitu amaren erreferentziak zein diren eta aitarenak zein diren, aitona-amonenak zein diren eta eskolakoak zein diren. Erreferentzia horiek zenbat eta gertuagokoak eta komunagoak izan, orduan eta errazagoa izango da denontzat, guretzat eta, nola ez, umearentzat. Baina, kontua ez da umeak mugak behar dituela, baizik eta umeak gure erreferentziak ezagutu behar dituela, eta horiek errespetatzea gustatuko litzaigukeela. 
Irakasle asko guraso dira, eta, batzuetan, rol bat betetzen dute etxean eta beste bat eskolan: etxean ulerberak dira beren seme-alabekin, eta eskolan agintariak ikasleekin. 
Agian, gauza bera gertatzen zaio bikotekidearekin edo gurasoekin. Umearekin komunikazio zuzena erraza egiten zaio, eta eroso sentitzen da, baina, espazio horretan beste bat sartzen denean, segurtasun-falta eta beldurrak pizten zaizkio. Eskolan, irakasleak beldur asko izan ohi ditu, segurtasun-falta handia: gai izango ote den dagokion rola betetzeko, haurrei eman beharreko irakasgaia emateko, lankideek edo zuzendariak nola ikusiko duten hari dagokion rolean… Hori guztia lortzeko erabiltzen den bide bat autoritarismoa da, zigorra, agindua eta buila; egoera horretan irakasleak ez daukalako beste tresnarik. Bai haurrekin eta bai bere buruarekin eroso sentitzen denean, eskolako esparruan ere ulermena erabiliko du, eta zigorra alboratu egingo du. Irakasleari ez zaio gustatzen mehatxuak eta zigorrak erabiltzea. Zer gertatzen zaio irakasleari, gelara sartzean, ulermena, komunikazioa, konexioa… alde batera uzteko? Eta urduri eta erne jartzen bada? Zer gertatzen zaio? Geure barruan galdera horri erantzuten diogunean argibide asko izango ditugu. 
Irakasleen artean askotan entzuten dut beraiek beste era batera jokatzeko gogoa dutela, baina ikasleak gainjarriko ote zaizkien, gela aztoratuko ote duten edota ondoko irakasleek nola begiratuko dieten beldur direla; beste irakasleek zer pentsatuko ote dute, haur bat eskolan, adi egon beharrean, 10 minutuz jolasean badabil…? Irakasle horren zeregina epaitu egingo dute, eta irakasleak, umeak bezala, onartua izan nahi du, eta, batzuetan, berak jokatu nahi izango ez lukeen bezala jokatzen du, onarpen edo balioespen hori bilatzeko.