Gorputz hezkuntzaren defentsan

Curriculuma eta Gorputz Hezkuntza ikergai

Gorputz Hezkuntzari irakaskuntza sistema arautuan eman beharko litzaiokeen garrantzia ezagutu nahi zuten. Horretarako, guztira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 235 ikastetxetako 1.276 laguni galdetu zioten. Eskola Kontseiluetara, zuzendariengana, irakasleengana eta gurasoengana jo dute. Baita, nola ez, DBHko 3.eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleengana. Guztiei egin zaizkie galdera berak, eta haien erantzunak jaso eta txukun aurkeztu dituzte Siadecoko eta Sohat-eko kideek.

Eusko Jaurlaritzak 2007an onartu zuen Euskal Curriculumaren dekretua. Bertan, Gorputz Hezkuntzari eskaini beharreko ordu kopuruetan murrizketa nabarmena agindu zuen. Orduan sortu zen Sohat, Hezkuntza sailak dekretua alda zezan lan egiteko. Garai hartan, 75.000 sinadura bildu zituzten Soin Hezkuntzako irakasgaiaren alde. 

Jendartean jasotako babes horrek bultzatu ditu Hezkuntza Curriculuma eta Gorputz Hezkuntzaren gainean ikerketa sakona egitera. 

Ikerketako datuak eskuan, alderdi politikoekin bilduko dira orain. Dekretua aldatzeko proposamena aldarrikatzeko bidean lagun izateko eskatuko diete alderdiei. Izan ere, Eusko Legebiltzarrera jotzeko asmoa dute.

Bestalde, herrialde guztiak kontuan hartuta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa dira Derrigorrezko Hezkuntza osoan Gorputz Hezkuntzari denbora gutxiena eskaintzen dietenak. Hauexek dira, zikloka, herrialde bakoitzean Gorputz Hezkuntzari eskaintzen zaion ordu kopurua astero. 

 

Ikerketaren emaitzak atalez atal

 Eragina arloka

2007ko Dekretuak irakasgai bakoitzean izan zuen eragina ezagutze aldera, zein arlo indartu diren eta zein ahuldu galdetu zaie. Erantzunetatik ondorioztatu da, gehien indartu direnak atzerriko hizkuntzak eta informatika izan direla eta gehien ahuldu direnak, berriz, Gorputz Hezkuntza eta Arte Hezkuntza. Gainerako ikasgaien ondoan Gorputz Hezkuntza ahuldu egin dela esan dute, gainera, zuzendarien %69k eta irakasleen %68k.

Eragina lanpostuetan 

Horrek guztiak, eragina izan du lanpostuetan, noski. Lanpostuen Zerrendaren bilakaera aztertuz gero, honoko ondorioa ikus liteke: Gorputz Hezkuntza arloan ikasturte batetik bestera 36 lanpostu galdu dira. Atzerriko Hizkuntzako Lanpostu Zerrendei dagokionean, berriz, 33 lanpostu gehitu dira.

Indartu beharreko arloak   

Ikastetxe bakoitzari bere egoera kontuan hartuz etorkizunera begira zein arlo indartu beharko lituzkeen galdetuta, lehentasunen artean Gorputz Hezkuntzaren irakasgaia hirugarren nabarmendu da, Euskara eta Atzerriko Hizkuntzak irakasgaien atzetik.

Irakasgai bakoizari desberdin begiratzen diete hezkuntza komunitateko partaideek. Hala, zuzendariek, irakasleek, gurasoek eta ikasleek beheko grafikoan jasotako moduan nabarmendu dituzte lehentasunak. Irakasle taldeak, bere aldetik, Gorputz Hezkuntza indartu beharreko bigarren arlo gisa baloratu du:

Indartu beharreko lehentasun arloak

Konpetentziak 

Gorputz Hezkuntzaren bidez zein konpetentzia garatzen ote diren ere galdetu zaie. Konpetentzia guztien artean baloratuenak, ikasleen autonomia eta ekimenerako gaitasuna eta jendarterako eta herritartasunerako gaitasunak izan dira nabarmendu direnak. Zehazki, inkestatuek norberaren autonomia eta ekimenerako gaitasun garapenari 8,64ko balorazioa eman diote eta jendarterako eta herritartasunerako gaitasunari 7,60ko balorazioa.

Garapen pertsonala

Ikasleen garapen pertsonalarekin zerikusia duten alderdiei dagokienean, galdetutakoen ustez, Gorputz Hezkuntzak batez ere ahalmen fisikoak eta motorrak garatzen laguntzen du. Arlo horiei, 9,13ko balioa eman diote. Balorazio horien artean, altuenak, hemen ere, zuzendariek eta irakasleek emandakoak izan dira: 9,37koa eta 9,26koa, hurrenez hurren.

Soin hezkuntza Europan 

Eta zer gertatuko ote da Gorputz Hezkuntzaren irakaskuntzarekin Europako herrialdeetan? Europako hainbat herrialdeetan derrigorrezko hezkuntzan Soin Hezkuntzarako orduak eta, irakasgai guztiak kontuan hartuta, guztira aholkatutako ikastorduak alderatuta aurkeztu dituzte ondorengo taulan.

Egindako ikerketan jasotako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan derrigorrezko hezkuntzan 490 ordu eskaintzen zaizkio gutxienez Gorputz Hezkuntzari. Era berean, Frantziak 1080 ordu, Alemaniak 677 eta Filandiak 513 eskaintzen dizkio.

Derrigorrezko hezkuntzako ordu guztiekiko Gorputz Hezkuntzari eskaintzen zaizkionen balio erlatiboari begiratuz gero, hauxe ikus dezakegu: EAEn, %5,2; Alemanian, %8,9; Finlandian, %8,1; eta abar.

SOHATen proposamenarekiko atxikimendua 

SOHATek jakin nahi zuen Hezkuntzaren Curriculumeko helburuak lortzeko bermatu beharreko gutxieneko ordutegiari buruz egiten duen  proposamenarekin  (astean 2 ordu gutxienez) ados ote dagoen ala ez hezkuntza komunitatea. Proposameneko planteamendu guztiek balorazio nahikoa altuak izan dituzte: baxuenak 7,93ko balorazioa izan du eta altuenak 9,10ekoa. Lehen Hezkuntzarako egindako proposamenarekin ados dago %82 eta Bigarren Hezkuntzarako proposamenarekin, berriz, %72.

Proposatuetakoen artean, gehien baloratu dena Derrigorrezko Hezkuntzan Gorputz Hezkuntza ezinbesteko alorra izan behar duela izan da. 

Nola gauzatu proposamena? 

Luzatutako proposamena zuzendariek baloratu dute gehien. Era berean, beharrezkotzat jo dute planteamendu hori dekretu bidez arautzea. Eta azpimarratzekoa da %71 agertu dela dekretuz egitearen alde.

Zein arlori murriztu orduak

Baina, noski, Gorputz Hezkuntzari eskaini beharreko orduak gehitzekotan, beste alorren batzuei murriztu beharko zaizkie... galdera hori ere luzatu dute inkestan eta hona zer erantzun duten inkestatutakoek: Gorputz Hezkuntzarako astean gutxienez bi ordu bermatzeko Lehen Hezkuntzan erlijioari (%75) eta Bigarren Hezkuntzan Herritartasunerako eta Giza Eskubideetarako ikasgaiei (%33) murriztu behar zaizkie orduak. Eta kontuan hartzekoa, zuzendariak, irakasleak eta ikasleak bat etorri dira orduen murrizketarako arlo horiek aukeratzekoan.

Zerk bultzatu zaituzte azterketa hori egitera?

Luis Larrañaga (Pizti) Soin Hezkuntzako irakaslea eta SOHATeko partaidea 

 

2007an, Hezkuntza Curriculuma ezarri zenean, Hezkuntza Sailak ez zuen inolako argudio pedagogikorik eman Gorputz Hezkuntzako (GH) orduak murrizteko. Ez zuten argitu zergatik ikasle batek GHko helburuak lortzeko Derrigorrezko Hezkuntzan astean gutxienez 2,5 ordu behar zituen 2007ra arte  eta zergatik 2007tik aurrera, soilik, 1,5 ordu, nahiz eta gaitasunen ikuspegi berriaren ondorioz GHren curriculuma puztu. 

Entzun genuen defentsa argudio bakarra ikastetxeek duten balizko  autonomia -2,5 ordu astean, izan zen-. Benetako autonomia bultzatu nahi izan balitz, ordea, zergatik ez utzi ordu kopuru guztien banaketa ikastetxeen esku Europako herrialde batzuetan egiten den bezala? 

Hausnarketa egin eta arrazoi hauek aurkitu genituen murrizketen jatorrian: PISA azterketako emaitzen eragina, Zientziak indartzeko beharra, eta Atzerriko Hizkuntzari presentzia gehiago eskaintzeko asmoa. 

Gure galdera lehen eta orain hau da: Zergatik  zentratu da murrizketa Gorputz Hezkuntzan? Posible al zen beste era batera egitea? Ba al dago ikerketaren bat Hezkuntza mailan edo Hezkuntza komunitate mailan GHren murrizketa justifikatzen duenik?

Gaur egungo errealitatearen arabera erantzuna ezezkoa da. Guk ez dugu ukatzen Zientzietan, Euskaran eta Atzerriko Hizkuntzan indarrak metatu behar direnik. Ziur gaude jakintza arlo guztien ordu banaketan gaur egun legez indarrean dugun banaketa baino banaketa orekatuagoak eta egokiagoak badaudela. Horrelako diseinua egin aurretik Administrazioak, Hezkuntza Sailak, guk burutu berri dugun ikerketaren antzekoa gauzatu beharko luke Hezkuntza Curriculuma diseinatzeko eta sakonki aztertu Hezkuntzako komunitateko eragile guztiekin zer indartu, zer bermatu eta nola. 

Hutsune nabari horrek bultzatu gaitu gehien bat egin beharreko Curriculumaren azterketa egitera. Lehenik murrizketaren neurriaren aurkako mobilizazioetara jo genuen: greba eguna, sinadura bilketa (75.000 sinadura GHren alde), hezkuntzako eragileen atxikimendua... Lan hori guztia aurrera eraman ondoren, ikerketa sakonaren beharra ikusi genuen: igerilekura jauzia egiteko prest geunden, hezkuntza komunitatearen iritzia ezagutu nahi genuen nahiz eta jakin, agian, GH jakintza arloaren kontrako emaitzak eta iritziak jasoko zirela. Baina konfiantza genuen GH arloak jaso duen balorazio ona aterako zuela, ikasleen Derrigorrezko Hezkuntzan arlo oso esanguratsua delako eta oinarrizko gaitasunen lorpenean ekarpen adierazgarriak egiten dituelako ikasleen ebaluazio bileretan askotan agerian geratzen den bezalaxe. 

 

Zein asmo duzue aurrera begira?

Ikerketa bukatu ondoren, mementuz, buru-belarri gabiltza gizarteari emaitzen berri ematen komunikabideetan.

Lan horrekin bukatu ondoren, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordera joateko asmoa dugu bertan ikerketaren emaitzak azaltzeko.

Horrekin batera, talde politikoen ordezkariekin bilduko gara beraien iritziak jasotzeko eta GHrekin egin den bidegabekeria ikusaraziz Dekretuaren aldaketa bultzatzeko. 

Lege aldaketa bultzatzeaz gain profesional onak izatera derrigortuta gaude. Etengabeko prestakuntza, berrikuntza eta koordinazioa bultzatzen ditugu GHko mintegietan eta eskoletako klaustroetan eta zuzendaritza taldeen aurrean GHko arloaren defentsa eta presentzia ziurtatze lanetan murgilduta gaude. 

Ez dira erronka txikiak aurretik ditugunak. Espero dugu orain arte sostengatu gaituen itxaropenak, etorkizunean, gaur egun ematen ari den gisako emaitza onak ematen jarraitzea.