Udalbiltza berriro abian

Abian da berriro UDALBILTZA. Zortzi urte pasa dira Espainiako estatuak haren jarduna etenez Euskal Herrian nazio mailan izan dugun erakunde bakarrak martxan ipini zituen hamaika egitasmo izoztu zituenetik. 
Hezkuntza alorrean dihardugunok Euskal Curriculumari eman zion babesa eta bultzada aitortu eta eskertu behar diogu Udalbiltzari. Izan ere, haren itzalean elkarlanera batu zituen herrialde eta hezkuntza sare guztietako, publiko, kristau eskola zein ikastoletako jendea.
Europako, eta seguruenik munduko, gainerako lurraldeetan estatuek diseinatu dituzte beren hezkuntza curriculumak. Euskal Herrian, ordea, hilabeteetan norbanakoek eta herri eragileek egin zituzten proposamenak. Denen artean, milaka pertsonen artean, auzolanean, eraiki zen Euskal Curriculuma. Gisa eta kolore guztietako eragile, elkarte eta pertsonek egin zizkioten beren ekarpenak Curriculumari.
Izan ere, “Nor egokiago zer jakin beharko luke euskal ikasle batek derrigorrezko hezkuntza amaitzen duenean?” galdera erantzuteko jendartea baino... Pertsona horiek, ikasleak, jendarterako eta ahal bada jendarte hobeago baterako, prestatu nahi baditugu, bederen?
Urte hauetan guztietan aukera izan dugu hainbat herrialdetako Hezkuntza Sistema ezagutzeko. Denen artean bi aipatuko ditugu: Finlandia eta Estonia. Biak ala biak ezagunak dira erdietsi dituzten emaitzengatik, besteak beste.
Ez dago zalantzarik bietan herriaren eraikuntzan eta kulturaren sustapenean hezkuntza eta eskola jokatzen ari diren papera funtsezkoak direla. Independentzia lortu zuten bi herrialdeetan, gainera, Udalek eskumen garrantzitsuak dituzte hezkuntzan eta zuzeneko parte hartzea eta erabakimena dute eskoletan. Udalak, beraz, ezinbesteko elementuak dira emaitza onak erdiesten laguntzen duten zuzeneko eta gertuko kudeaketan.
Gurean, azken 50 urtetan eskolak euskararen berreskurapenean eta hedapenean egin duen lana begibistakoa da. Edukiaren arloan, bestalde, Udalbiltzak Euskal Curriculuma sustatzearen alde egin duen lana itzela izan da.
Horregatik, Udalbiltza indargabetzearekin batera, Euskal Curriculumaren gorpuztea indargabetua geratu zen, era berean. Horrek argitan uzten du zer-nolako garrantzia duen eta zein beharrezkoa den horrelako erakunde bat izatea.
Aukerez betetako garaiak zabaldu dira gure herriarentzat. Aldi berean, lanerako garaiak dira, batez ere. Hezkuntza arlotik ere gure hazia eta ahalegina eskaini behar diogu eraikitzen ari garen etorkizun berriari. Oxala Udalbiltza lehenbailehen eskuartetik kendu zizkioten lanak berrartzeko moduan den eta Euskal Curriculumaren egitasmoari arnas berria ematen dion. Bidaide izango gaitu.