Hedabideek sexuari buruz igortzen diguten informazio pilatik nola bereiz dezakegu nerabeei begira baliagarria dena eta ez dena?

Komunikabideak eta sexuak

Komunikabideek bi sexuak errepresentatzen dituzte egoera ezberdinetan, lanean, kirolean, aisialdian, harremanetan… horrela, gizonak eta
emakumeak nolakoak izan behar dugun esaten digute, batzuetan zuzenean, bestetan, zeharka. Informazio hori irensten hasten gara txiki-txikitatik eta sinesten! Horra gure lana hezitzaile bezala: hedabideek gure irudimena betetzen duten bitartean, irizpide propioak izateko gaitasuna eraikitzen laguntzea!

Sexuen hezkuntza zertarako?

Mutil eta neskei, gizon eta emakume bihurtzeko bidean laguntzea da helburua. Gizontasuna eta emakumetasuna modu pertsonal eta aukeratuan bizitzeko aukerak erakustea eta erabakiak hartzeko perspektiba eta ezagutzak helaraztea. Honek, esperientzia positiboak bizitzen lagunduko die, dudarik gabe.

Zein funtzio betetzen dute komunikabideek sexuen hezkuntzan?

Hezkuntza sexuala legez derrigorrezko edukia den arren, ez dago inolaz bermatua eta egiten denean, ordu exkax batzuk eskaintzen dira eskoletan. Etxekoak, aldiz, bakoitzak ahal duena egiten du, askok baliabide urritasuna dutela adierazten dutelarik. Gauzak horrela, telebistak, zinemak, publizitateak, bideojokoek eta aldizkariek hezten gaituzte, haur, gazte eta zahar. Benetako emakumea izateko zein ezaugarri fisiko behar ditugun izan eta nolako bizitza erotikoa izan behar dugun
esaten zaigu. Gizonari, gizon izateko, nola adierazi behar den eta zein trebetasun izan behar dituen zehazten zaio.
Gizakiok dugun ezaugarri naturala da bakoitza desberdina izatea. Bestetik, kanpotik eskatzen zaizkigun ezaugarri fisiko, maitale gaitasun edota adierazpen moduak ez dira egokitzen gure bizitzetara. Kontraesan honen aurrean, pentsatu ohi dugu, gu garela egokitzen ez garenak. Inposatzen zaizkigun ereduak hertsiak eta ezinezkoak direla argi izan behar dugu!

Komunikabideetatik zer da baliagarria?

Guztiak balio digu. Baldintza batekin, aztertzeko gaitasuna garatzea. Prentsa, telesailak, aldizkarien edukiak… denak balioko digute hazteko
eta gure sexualitate propioa ereiteko. Aztertzeko tresnak baldin baditugu, komunikabideez gozatu, barre egin eta gure gizon edo emakume izateko bidea aurkituko dugu.
Komunikabideetatik baztertzea zaila baino zailagoa den garai hauetan, euren edukiak perspektibaz ulertu eta erlatibizatzeko gaitasuna garatzea
ezinbestekoa dugu.
Hitza eta irudigintza
Hitzak errazagoak dira kritikatzen, ulergarriagoak direlako eta asimilatzeko denbora gehiago hartzen dugulako baina irudien botere, kopuru eta azkartasunaren aurrean, oro har, babes gabe gaude.
Jada 2-3 urteko haurrentzako liburuak, marrazki bizidunak, telebistako
iragarkiak, zinemak… gizon eta emakume izateko era mugatuak deskribatzen dizkigute. Eredu horiek aldez aurretik ezagutzen baditugu, entretenigarri horietaz disfrutatu dezakegu intoxikatuak izan gabe.

Argazkigintzaren eragina sexuazio prozesuan

Gizon eta emakume oro, sexualki garatuz doa bizitza osoan zehar. Argazkigintzak berak, bere eragina izan du zeregin horretan 1826. urtean lehen argazki egonkorra lortu zenetik egungo photoshoparen garaira arte. Gure irudikapen kolektiboak osatu ditu. Begiratzen ikasteko garaia dugu.
Gizon eta emakume izateko ereduak marrazkigintzan
Haurrek eta gazteek erabiltzen dituzten materialak irudiz josiak daude.
Irakurketa arinagoa egiteko dela pentsatu ohi dugu eta askotan ez gara konturatzen, marrazkiek gaitasun hezitzaile handiago dutela testuek baino. Neska eta mutilen jarrerak definitzen dituzte baita gorputz ‘normalak’ nolakoak behar duten izan zehazten ere.
Erotismoa sarean
Erotikari dagokienean, esan daiteke 10 urtetik aurrera haurrek bideo pornografikoak ikusten dituztela sarean. Harreman erotikoen naturari buruz hauek ikusiz ikasten dutena nahiko zalantzagarria eta kezkagarria suertatzen da. Honen aurrean, helduon azalpenak beharrezkoak dirudite, isiltasuna baino gehiago.
Euren balio propioak erein ditzaten, euren aniztasunak ezagutu eta
onar ditzaten lan egin behar dugu. Euren gorputzak maitatzeko eta partekatzeko ezinbestekoa da. Helduon parte-hartze aktiboa beharrezkoa dugu mutil eta neska bezala, gizon eta emakume izanez pozik bizi daitezen.