Oh happy, kanta eta dantza ezazu

Nerabeak kantura eta dantzara erakartzeko, beharrezkoa al da euren gustuko kantuak jorratzea? Ze garrantzi du aukeratzen den kantuak ikasleen motibazioan?

Nerabeak izan, txikiagoak izan, edo edozein adinetakoak izan, kontuan
eduki behar da ze garai ari den bizitzen, eta garai horretan ze musika duen gogoko. Irakaslearen erantzukizuna da
ikaslea dagoen garai horretan motibatzen duen kantua aukeratzea, eta egokitzea. Ez da nerabeen gustuko edozein kantu aukeratu behar; abestiak
ezaugarri batzuk eduki behar ditu, eta egokitu egin behar da aurrean daukazun taldearen arabera. Adibidez, punk abesti bat eskatzen badute gazteek, ziurrenik bere horretan ezingo da landu eskolan, baina abesti horren zatiren bat hartu eta moldatu ahal izango da taldean lantzeko, eta horrela motibatuago
egongo dira ikasleak.
Abesti guztiek ez dute berdin funtzionatzen talde guztietan, aurrean dituzun nerabeen nahi eta ezaugarrietara moldatzen jakin behar da, neska-mutil kopurura, mutilen ahots aldaketara… Taldeak berak emango dizkio irakasleari pautak.

Jarduera honekin kantuaren parametro guztiak lantzen dira, ezta? Hizkuntza, ahoskera, arnasketa, erritmoa… nola lantzen dira parametro horiek guztiak?

Kantua eta dantza ikasturte guztian zehar landuz, normalean astean bi edo hiru ordu eskaintzen zaizkio jarduera honi, eta horrek eskatzen du ikasturte hasieran ikasleen ezaugarriak ezagutzeko casting edo proba batzuk egitea, ikasleen perfilak ezagutu ahal izateko, hizkuntza gaitasuna, belarria, musika ezagutza, nola mugitzen diren, ingelesa nola ezagutzen eta ahoskatzen duten, erritmoa… ezagutu ahal izateko. Parametro guztiak aparte lantzen dira, ariketa desberdinen bidez lortzen dugu informazioa. Lehenengo lauhilekoan datu guztiak ditugu, eta horien arabera, kantuak egokitu eta landu ditzakegu. Baina horrek ez du esan nahi belarri txarra duena, edo dantzarako gaitasun gutxiago duena jardueratik kanpo gelditu behar denik; alor teknikoan, edo programazioan… beti dago zeregina, eta nerabeak estimula daitezke.

Kantuarekin batera dantza lantzen duzu zuk. Ze jarrera dute gaztetxoek dantzara gonbidatzen dituzunean?

Ikasle askok, adin honetan, eurek eskatzen dute dantza sartzea ikuskizunetan. Telebistaren indarrez, bideo-klipen eraginez, bereziki pop musikaren zaleek eurek eskatzen dituzte koreografiak. Ikasleak dantzak eskatzen hasi ziren une berean, ni Cuatro telebistarako dantza eta kantua nahasten zituen formatua lantzen ari nintzen, eta gero Oh Happy!-rekin hasi nintzen ETBn,
eta ondorioz, nire esperientziak eta gaztetxoen eskariak bat egin zuten une beretsuan, eta koreografiak lantzen hasi ginen. Nerabeak, azken batean, kultura horretatik datoz eta euren nahikariz, jolas-orduetan prestatzen dituzte koreografiak, euren iniziatibaz sortzen dira askotan.

Nerabeak protagonista sentitzeko jarduera egokia da Oh Happy-k eskaintzen duena, ezta? Nola lantzen duzue aspektu hori?

Edade honetan, dantzarako edo kanturako dohain oso onak izan arren, lotsa handia dute nerabeek, eta hori da arazo handiena. Lotsa, beldurrak eta gora-behera handiak dituzte nerabeek garai honetan, eta horiek gainditu eta
urratsa ematera bultzatzen dituzunean aldaketa handia egiten dute nerabe askok. Beren buruagan konfiantza handia hartzen dute, hasiera batean ikusten ez zituzten gaitasunak dauzkatela ohartzen baitira, estimuluari esker. Kasu bakan batzuetan kontrakoa ere gerta daiteke, baina normalean, aurrera
urratsa egiten duenak, eta jendaurrean kantatzera edo dantzatzera animatzen denak, aldaketa handia egiten du. Ziklo oso batean ikasleen eboluzioa jarraitu ondoren, ikusi dut aldaketa handi hori.

Irakasleen egitekoa zein da ikasleekin kantua eta dantza jorratzeko garaian?

Irakasleak oso kontuan izan behar ditu adinaren problematika hauek, lotsak, beldurrak eta gora-beherak, eta horren arabera bultzatu eta estimulatu beharko ditu ikasleak.
Horrez gain, nire kasuan adibidez, ahotsa lantzen dut kantuan espezialista naizelako eta horretan jakinduria dudalako, baina espezialista izan gabe
ere, zenbait gako kontuan izan behar dira, adibidez, kantuak moldatu egin behar direla aurrean daukagun taldearen ezaugarrien arabera; DBHko bigarren mailako ikasleen kasuan, esate baterako, ahotsa aldatzen hasten zaie mutilei, eta ze puntutan dauden oso kontuan izan beharko du irakasleak jarduerak funtziona dezan. Ikastetxea ze puntutan dagoen ere kontuan izan behar du irakasleak, musikarako ze zaletasun eta ze ezagutza duten ikasleek, dantza egiten duten eskola orduetatik kanpo… ezaugarri horiek guztiak kontuan izan behar ditu irakasleak.
Ikastaroan, oso modu sinplean,
ikasleek eskatzen dituzten gaur egungo kantu modernoak lantzeko errekurtsoak eskainiko dizkiegu irakasleei.