2-3 urteko haurren psikomotrizitate praktika

Psikomotrizitate praktika, nola, zergatik eta zertarako da  

eraginkorra eta baliagarria?
Haurraren eboluzioan funtsezkoa da sinbolizatzeko gaitasuna garatzea: haurrari aukera eman behar zaio bere barrukoa, bizitzan izandako esperientziak eta harremanak irudikatzeko gorputzaren bitartez, ekintzaren bitartez, jolasaren eta zenbait irudiren bitartez.
Psikomotrizitate praktikan saiatzen da aukera hori ematen haurrari: sentsazioetatik, sentimenduak eta emozioak bizi, pentsamendura iristen. Gizakiaren hiru aspektu hauen integrazioa helburua dugu. Bainan dena bere garaian eta behartu gabe, haurrari protagonismoa utziz, seguritate marko argi baten barruan.
Eskola munduan, psikomotrizitate praktikak haurrari eskaintzen dio bere pertsona osotasunean azaltzea. Bere gaitasunetan kokatu eta ez bere zailtasunetan. Bere inziatiba eta gogoari eutsi (ez “azalean” nahi duena egin baizik eta benetazko gogoa aurkitu bere baitan). Eta guzti hau plazeraren bitartez: egiteraen plazera, eragitearen plazera, mugitzearen plazera, jolastearen plazera, sinbolizatzearen plazera, hitz egitearen plazera, entzutearen plazera, pentsatzearen plazera. Izatearen plazera.

Zeintzuk dira psikomotrizitate saio baten helburuak?

Haurrak heldutasun ibilbidea egitea, sentsazioetatik pentsamendura, sinbolizazio maila gero eta garatuagoetan  aritzen.
Hasieran, haurrarengan egiteko,
izateko gogoa sortu  abiapuntua dugu. Horretarako psikomotrizistaren jarrerak oinarrizkoak dira: haurraren iniziatiba eta autonomia errespetatzea; entzuteko gaitasuna eta enpatia izatea; seguritate legearen erreferentea izatea.
Gelaren diseinua, espazioen eta denboren antolaketa eta erabiltzen diren materialak izango dira psikomotrizistak erabiltzen dituen baliabideak bere jarrerak azaltzeko. Horrekin guztiarekin markoa eraikiko du, seguritate markoa, eta horrela konfiantzazko harremana eta ingurua osatuko ditu.
Hasierako konfiantza eta seguritate hauetan oinarritua, haurra egiteko gogoaren poderioz psikomotrizitate gelan egiten eta eragiten hasiko da. Egite honetan aurkituko ditu bere barruan dituen plazerak, gogoak, beldurrak, mugak, etab.
Psikomotrizistak eta berak sortutako markoak ematen dioten seguritateaz plazerean bizi ahal izango ditu esperientzia horiek. Plazerak bere buruaren batasuna eta osotasuna eragingo ditu. Bere buruaren oinarria eraikiko du plazer horrek.
Barruko plazer honetatik abiatuz, barruko identitate honetatik abiatuz, haurrak sortuko ditu irudiak eta sinbolizazio maila desberdinetan arituko da. Horrela bere esperientzia horiek integratuko ditu irudi horiekin bere pertsonaren batasuna lortzeko.
Beraz, izatearen plazerrak, egitearen plazerrak norebrak bere burua sendotuko du, eta pentsamendura eta komunikaziora irekiko da haurra, hazte
eta autonomia bidea zabaltzen.

Psikomotrizitate praktikaren gakoa haurrari bere garapenaren  

protagonista izateko espazioa ematea da, ezta?
Psikomotrizitate praktika “ez zuzendutako” pedagogien artean kokatu dezakegu. Hau da, haurrarekin ez dugu zuzendutako ariketen bitartez lan
egiten.
Zergatik? Konfidantza dugulako haurraren gaitasunetan. Haur txikiak, uzten bazaio, bizi nahi du, ezagutu nahi du, handitu nahi du, esperimentatu nahi du, mugitu nahi du, jolastu nahi du. Hezkuntzako profesionalok egin behar duguna hauxe da:  ondo aztertu zer nolako ingurugiroak antolatu haurrak aukera hori edukitzeko, zer nolako jarrerak eta harremanak sortu behar ditugun haurra bere prozesuaren protagonista izateko.
Haurrak ez badu egiten handitzearen prozesua bere barrutik abiatuz, heteronomia dinamika batean murgilduko da, dependentzian.
Bizitzaren hasieratik haurrak dakarren bizitzeko energia eta indarrak
errespetatu behar ditugu. Ez ditugu murriztu behar, baina bai bideratu. Honetan datza hezkuntza: nola eman bidea energia horri sozializazio prozesu baten barruan.
Psikomotrizitate praktikan haurrari ematen zaion lehenengo mezua hau da: “gela honetan zu izan zaitezke zaren bezalakoa. Hemen zure burua azaldu dezakezu”. Gero gure lana izango da nola lagundu haurrari heldutasun
eta autonomia bidean aritzen.
Eta haurra bere prozesuaren protagonista izateko ezinbesteko abiapuntua da bere gorputzaren eta mugimenduaren plazera bizitzea. Horregatik gure geletan autonomian mugitzeko eta eragiteko baliabideak egon behar dira. Plazerezko sentsazioak bizitzen direnean, norberarengandik sortu den
ekintzetan oinarrituak, orduan haurrak sustraitu egiten du bere garapen prozesua bere baitan. Barrukoa eta kanpokoa aurkituko dira, eta elkarrizketatuko dute. Kanpokoak ez du estaliko barrukoa.
Gaur egun eskoletan kontuan izaten al da haurrak zer nolako  
baldintzak behar dituen 2-3 urte dituenean? Zer egin dezake eskolak adin horrek duen garrantzia kontuan hartzeko?
Lehehengoa: 2-3 urteko haurrak ez du eskola behar (bere ingurua egokia baldin bada). Gizarteak du eskolaren beharra.
Bigarrena: hori dela eta baldintza
egokienak sortu behar ditugu haurraren eskolarizazioa ahal duen seguruena izateko.
Hirugarrena: egokitzapen sistema bat sortu behar da eskola bakoitzean, eskolatzearen hasieran, 2 urteko haurren larritasunak eta beldurrak jaisteko garai horretan, beste helburuen artean.
Laugarrena: adin honetan geroko sozializazioaren oinarriak eraikitzen
ari dira, baina haurrak ez daude batere prest taldeka funtzionatzeko. Horregatik kopuruak egokiak izan behar dira: 12 haur baino gehiago ez.
Bostgarrena: espazio eta material
egokiak egon behar dira. Txikiak izateak ez du esan nahi leku txikiak nahikoak direla. Ondo aztertu behar da zer nolako objektuak erabili eta nola eta noiz eskaini.  Ordutegiaren antolaketa. Erritmoak (seguritatea-autonomia-seguritatea-autonomia…).
Seigarrena: adin honetako haurrekin dagoen hezitzaileak ondo ezagutu behar ditu zeintzuk diren haur hauen premiak eta interesak bere bizitzan eta hortik abiatu.
Zazpigarrena: banaketa dugu horietako ardatz nagusi bat: haurrari aukera eman behar zaio berak mendera dezan prozesu hori. Hezitzailearen jarrerak asko zaindu behar dira honetan.
Zortzigarrena:  hezitzaileen formazioa adin txikietan pentsatzen duguna baino askoz inportanteagoa da. Haur txikiek gogor eragiten dute hezitzailearen pertsonarengan eta emozioetan. Hezitzaileak jakin behar du hori guztia jasotzen eta komunikazioa eta jolasa bihurtzen, eta ez proiektatzen berea haurrengan.
Bederatzigarrena: familiekin harremana funtsezkoa da. Elkarlana. Norberaren identitatea eta lekua errespetatuz.
Etab. etab.

Psikomotrizitateak nola laguntzen du 2-3 urteko haurrak bere  

buruagan segurtasuna eduki dezan?
Psikomotrizista bere burua asko landu duen pertsona bat delako: horrela badaki zeinen inportantea den haurra errespetatzea eta hari seguritatea
ematea.
Bere jarreren bitartez haurrak jakin behar du gela horretan ez dagoela arriskurik, inor ez duela behartuko, ez duela erreprimituko. Identitate argi eta sendo bat duen pertsona bat aurkituko du, eta horrek aukera emango dio bere
identitatea eraikitzen.
Hor aurkituko du” bai” eta “ez” esaten dakien heldu bat. Haurraren pertsonari beti “bai” esaten diona. Aukera
ematen duen legea, ez murrizten duena, defendatzen duen heldua.
Horrela haurra zentratuko da bere esperientzietan, lasaitasunean. Denbora edukiko du aurrera eta atzera egiteko, errepikatzeko, “gaizki” eta “ondo” egiteko juiziorik gabe. Denbora
edukiko du bere pertsonaz arduratzeko. Bere buruaren oinarriak eraikitzeko denbora. Horrela gero joango da mundura seguritatean, identitate batekin.
Psikomotrizitate gelan haurrak egin ditzake jolas asko, ekintza asko, baliogarriak direnak bere bizitzan dituen beldurrak, inseguritateak, gaizki egoteak gainditzeko.
Adibide bat jarriko dut: gorago aipatu dut banaketak duen garrantzia: ba adin honetan haurrek badituzte baliabide batzuk bere burua ziurtatzeko horren aurrean: jolastea eta mugitzea bat da: bere baitan aurkitzen duen plazer horretan bere seguritatezko  pertsonen errepresentazioa eraikitzen duelako (beraiekin izandako plazera gaurkotuz). Bestaldetik bete-hustu , Joan-etorri, desagertu-agertu, bildu-sakabanatu, etabarreko ekintzetan “presentzia-absentzia dinamika menderatzen ari da. Horrela bera da banaketa prozesua menderatzen duena, bere autonomia prozesuaren oinarriak lantzen.

Autonomia eta sozializazioa nola lantzen du haurrak  

psikomotrizitate gelan?
1.- Hasierako harreman egokia bizi. Bizitzaren lehenengo urtean, Winnicott-ek dioenez “Bai handi bat” eman behar zaio. Haurrak eraiki behar du: “NAIZ” eta izateko gogoa eduki. Ahalguzti magikoaren garaia da. Dena ematen zaio umeari. Errealitetak bere muga eta frustrazioekin itxoin behar du.
Umea besteaz eta bere afektuaz betetzen da. Atxikimendua egiten du.
2.- Progresiboki errealitatearekin kontaktua egin behar du. “Ez txikiak” jasoko ditu bere pertsonari esandako “bai handi”-aren gainean. Besteak eta bere burua pixkanaka bereiztuko ditu. Haurra, pixkanaka, banatu behar da, bere burua eraiki behar du ondo bereiztuta.
Afektibitatea eta legea, hezkuntzaren oinarri. Bere izatea zalantzaz kanpo dagoenez, frustrazioak jasotzen hasi daiteke. Inoiz ez, errepresioa. Haurraren premiak errespetatzen, frustratu daiteke nola bete premia horiek. Adibidez: “bota ditzakezu pilotak airetik baina ez egurrak”: inportanteena da haurraren botatzeko premia hori errespetatzea, baina bideratu dezakegu nola
egin botatze hori: hemen dago sozializazioaren hasiera.
Frustrazio horretan ez dago haurraren autonomiaren murrizketa. Alderantziz: aukera ematen zaio bereizten eta argitzen besteen identitatea eta berea. Haurra hasten da sartzen errealitatean, gizartean, elkar bizitzan.
Psikomotrizitate gelan frustrazio legea lantzen dugu: “bai bainan ez” edo “ez baina bai”: “indar handia duzu eta bultzatu ditzakezu dorreak edo saltoak eman, edo karraxiak bota, bainan ezin duzu mina eman”, hau da: “bai, erakutsi dezakezu zure indarra, zure energia baina ez mina ematen.
Orduan haurrak badaki bideratu ditzakeela bere gogoak eta energiak espazioan, objektuetan, bere gorputzaren bitartez, bere jolasen bitartez, berak egindako eraikuntzen bitartez….baina besteekiko errespetuaren barruan.
“Gela honetan egia izango balitz bezala dena egin daiteke” “gela honetan gauza askotan jolastu dezakezue bainan minik eman gabe eta minik hartu gabe”.
Bukatzeko, esan behar dut gure gaurko gizarte honetan sozializazio prozesuak premiazkoak bihurtzen ari direla: afektibitatea eta legea behar dira, biak.