Autismoaren azalpena ikuspegi praktikotik

Autismoaren gaur egungo egoera gizarteari azaltzea duzue helburu ikastaro honetan. Diagnostikorako irizpideak aldatu egin dira, eta profesionalek sakonago ezagutzen dute gaia. Asko aldatu al da egoera azken urteotan?

Oro har, sentsibilitate handiagoa dagoela esan daiteke, eta hiru arrazoiren ondorio izan liteke hori: zenbaitek diagnostikorako erabiltzen diren tresnen zehaztasun maila handiagoa dela argudiatzen du; beste batzuek, aldiz, Autismoaren Espektroko Nahasteen (AEN) inguruan jarduten duten profesionalen prestakuntza hobea dela diote; eta, azkenik, beste zenbaitek dio AENen eragina benetan hazi egin dela.
Ikastaroa hiru ataletan bereiziko duzue: lehenengoan, autismoaren definizioaz jardungo zarete. Laburpentxo bat egin zenezakete?
Nahaste Autista, Garapenaren Nahaste Orokortua da, eta hiru ezaugarri nagusi ditu: harremanetarako zailtasun kualitatiboa, komunikazio mailako nahaste kualitatiboa eta jokaera patroi, interes eta ekintza mugatu, errepikakor eta estereotipatuen presentzia.?

Bigarrengoan, tratamenduaz hitz egingo duzue, garatzeko esparru orokorrez, erreferentziazko programez, lan dinamikez... Aurrerapen bat egin dezakezue?

Tratamenduaren arloa lantzerakoan, diagnostikoan agertzen diren zailtasunekin lotu nahi dugu gaia; hau da, harremana, komunikazioa, eta jokabide eta interes mugatuak. Horretarako, psikologiako hainbat proposamen
egin dira, formatu moduan, hala nola Hanen programa, PECS, Teacch, RDI
eta abar. Hik Hasiko ikastaro honetan, gure aurkezpena komunikatzeko gaitasunetan oinarrituko da, eta, hortik
abiatuta, gainerako zailtasunei erantzuten saiatuko gara, ikuspegi orokor bat hartuta, betiere; atea irekita utziko dugu, beste uneren batean gehiago sakontzeko. Foro honetako gure bigarren parte-hartzea izango da hau, eta horrelako gai bat ez da inoiz agortzen; ziur aurrerago ere aukera gehiago izango ditugula gehiago zehazteko.

Gautenaren lanari dagokionez, zein dira erakundearen helburuak eta zerbitzuak?

Gipuzkoako Autismo Elkartea 1978an sortu zen, pareko arazoak zituzten familia batzuen ekimenez. Beraiek zituzten zailtasunak zirela eta, gizartea sentibera bihurtzea eta beharrezkoak zituzten zerbitzuak ezartzea izan zituzten  helburu nagusi.
Gautenako zerbitzuek laguntza behar duten pertsonak artatu nahi dituzte, erabateko laguntza emanez bizitza
osoan, bai alor klinikoan, bai hezkuntzaren esparruan, bai aisialdian, bai lanean eta bai etxebizitzaren arloan, eta pertsona horiek eta horien senideek bizi kalitate ona izan dezatela lortu nahi dute.
Baliatzen ditugun laguntza programak pertsonalizatuak dira, eta parte-hartzaileekin edo horien ordezkariekin hitzartzen ditugu. Gizartean ahalik eta hobekien barnera daitezen lortzea dugu xede.