Antzerki irakasle jantziak, antzerkiaren balioak hedatzeko

Antzerki irakasleak prestatzeari ekin diozue aurten. Euskaraz antzerkia irakatsiko duten profesionalen falta sumatu duzue?

EHAZEk euskal gizartea antzerkizalea izatea lortu nahi du. Horregatik, dituen balioak gizartera zabaltzea eta, balio horien eraginez, geurea dugun hizkuntza naturalean hausnartzea,
ikastea eta gozatzea du helburu. Zaletasun hori indartzen joan dadin, zale diren irakasleak behar ditu antzerkiak.
Eta irakasle horiek prestatzeari ekin nahi dio EHAZEk. Zergatik? Falta sumatu baino areago, oraindaino antzerki
irakasle profesionalik ia izan ez delako Euskal Herrian.

Zein dira antzerkigintzatik jaso ditzakegun altxorrak?

Antzerkigintzak badu magia bat bere baitan, antzerkigintza probatzen duen jende gehientsuenari antzerkiarekiko betiko lotura berezi bat sortzen zaio. Antzerkigintzak geure burua ezagutzeko eta geure buruaz gozatzeko parada ematen digu, ez da zalantzarik horretaz; baina, gainera, jende multzo baten bizi kalitatea hobetzeko ekintzetara bideratuko gaitu, barrua irriz pozteko balio baitezake, edota gai sozialei astinduak emateko. Ez al da nahikoa altxor? Edota nahikoa baino gehiago, aberatsa?

Antzerkigintza eta antzerkizaletasuna sustatzeko garaian, zer rol betetzen dute irakasleek?

Irakasleek antzerkigintzaren magia hori transmititzen jakin behar dute. Irakasleek antzerkigintzaren ateak irekitzen lagundu behar diete ikasleei, eta baita beren bidea eraikitzen ere. Horretarako, hezkuntzako beste arlo guztietan bezala, irakasleak profesionala izan behar du bere arloan, baina baita irakaskuntzan ere. Gure herriko antzerki irakasleak sormena lantzera eta beren gaitasunak jorratzera eta hobetzera bideratu behar ditu ikasleak, haur, gazte nahiz helduak, euskaraz ari diren bitartean.

Antzerkia euskaraz irakasteko zenbait metodologia ezagutaraziko dituzuela diozue. Esango diguzue zein diren metodologia horiek?

Euskaldunok ez dugu oraindik ere geure antzerki metodorik eta ezaugarri propio finkorik. Horixe da gure errealitatea. Horretan dihardute aktore eta
oholtza gaineko profesional batzuek gaur egun, eta gizartean nabarmena da bide onetik abiatu direla. Hala ere, irakaskuntzari dagokionez, jendeak orain arte borondate hutsez jardun du antzerkia euskaraz irakasten. Euskaraz sortutako antzerkia nola irakatsi, hori lantzea da EHAZEren helburuetako bat. Baina antzerki irakasle guztien artean jorratu beharrekoa da bide hori, eta guk, ikastaroaren bidez, bide hori bilatzeari ekin nahi diogu.

Ikastaroa nola egituratuko duzue?

Prozesua aurkezteaz gain, partaideek dituzten egoeretatik edo kasuetatik abiatuta, teoria hori praktikan jartzen saiatuko gara.