Adimen emozionala: irakasleen gizakitasuna

Iazko ikastaroan, irakasleen gizatasuna landu zenuen, parte-hartzaileak norberaren bizitzari begira jarri zenituen, norberaren emozioak nolakoak diren ikusi zenuen. Erraza izan al zen? Edo gogorra da hori egitea?

Oso dibertigarria izan zen, umorearen bidetik iritsi baikinen emozioetara. Normalean, emozioei buruz hitz egiteko garaian, bide mingarrietatik jotzen da; baina, zurrunbilo pertsonalak baztertu eta, emozio negatiboetan ez, baizik eta positiboetan oinarritzen bagara, emaitzak oso positiboak izaten dira, eta halakoxeak izan ziren iazkoak. Ez dugu psikodramarik egiten, norberaren barruan dauden gaitasun eta balio positiboez hitz egiten dugu, eta jendea ikaragarri harritzen da  barruan ze gaitasun dituen konturatzen denean.

Aurten, gizakiaren barrualdea landu ondoren, beste urrats bat egin nahi duzu, eraginak landu nahi dituzu, harremanak landu nahi dituzu. Geure bizitza erlazioen munduan ongi finkatzea da helburua. Nola egiten da hori?  

Horretarako, bi adar eduki behar dira kontuan: batetik, barrualdera begira dagoena, eta, bestetik, kanpora begira dagoena. Harreman sare batean bizi gara, sozialak gara, baina bizitza intimoa ere badaukagu, eta arlo bateko
arauak eta bestekoak guztiz desberdinak dira: arlo intimoan, maitasuna eta konfiantza sartzen dira; eta arlo sozialean, botereak eta legeek agintzen dute. Gizarte legeak ikasi eta erabiltzen jakin beharra dago, eta gure inguruko botere egoera nola dagoen ikusi behar dugu, mendeko egoera batean gaudela jabetu behar dugu, botere eta lege horiek mina egiteko ez, baizik eta ongia egiteko erabiltzen ikasteko.

Nola lor dezakegu besteak bere onena ateratzea?

Normalean jendeak boterea ez du min egiteko erabiltzen, ongia egiteko baizik, jende gehienak helburu onak baititu. Baina nola lor dezakegu besteak bere onena ateratzea, edo nola lor dezakegu jendeak gauza positiboak
egitea, indarkeria erabili gabe? Bada, sedukzioaren bidez. Eta horixe landuko dugu ikastaroan: sedukzioaren bidez besteak bere barnean duen altxorra ateratzen ikastea; izan ere, guztiok daukagu altxor bat barruan, guztiok daukagu sobera adimen eta gaitasun gure barruan.

Teknika harrigarriak erabiliko dituzu horretarako, ezta?

Bai, hipnosia eta autohipnosia erabiliko ditugu. Inkontzientera iritsiko gara hipnosiaren bidez, oso ondo funtzionatzen duen teknika baita, eta geure burua hipnotizatzen ere ikasiko dugu, edozeinek bere buruarekin erabil dezakeen teknika baita; emozioak
arriskurik gabe aldatzen laguntzen digu, eta oso emaitza onak eta azkarrak
ematen ditu. Autohipnosiaren bidez,
emozio positiboak askatzen ikasiko dute parte-hartzaileek.

Zer da autohipnosia?

Hainbat kontzientzia maila ditugu, eta maila horietan batetik bestera ibiliko gara, beti ere norberak kontrola ditzakeen mailetan barrena. Hau da, parte-hartzaileak ez du bere buruaren kontrola galduko, baina inkontzienteko ahalmenak askatzen ikasiko du, barruan dituen eta ezagutzen ez dituen gaitasunak eta adimena askatzen ikasiko du. Eta euskaraz egingo dugu hori.

Hori guztia lanean nola erabil dezake hezitzaileak?

Irakasle bakoitzari eta parte hartuko duen pertsona bakoitzari bere nortasuna sendotzeko balio izango dio
ikastaroak, barruan dauzkan gaitasunak eta adimena ezagutzen lagunduko dio, eta, baliabide horiek badauzkala jakinda, bizitzan eta eskolan erabiltzea izango da kontua, erlazioak hobetzen
ikastea, zauriak zaintzea, nortasuna sendotzea, lotsa gainditzea...