Web 2.0 eta Google aplikazioak irakaskuntzan

Informazioa guk maneiatzen ikasi behar dugula diozu, ez informazioak gu. Horretarako, ze tresna ezagutu behar ditugu gutxien-gutxienez?  

Gaur egun informazio uholdea izugarria da, intoxikazioaren garaian bizi garela esan ohi da. Alde guztietatik iristen zaigu zer edo zer interesgarria, baliagarria.... Baina nola kudeatu informazio hori guztia? Bestalde, azken urteotan asko aldatu da informaziora iristeko modua; izan ere, kontzeptu aldaketa nabarmena egon da horren guztiaren atzean. Duela gutxi arte gu joaten ginen informazio bila (telebista edo irratia piztu, berriak ikusi edo entzuteko; prentsa erosi, gertatzen ari zenaren berri izateko...); orain, dauden baliabideak ondo erabiltzen jakinez gero, informazioa da gugana hel daitekeena.
Internet izan da giltzarri kontzeptu aldaketa horretan eta baita RSS (Real Simple Syndication) delakoa ere. Esan bezala, iristen zaigun informazio gehiena bertatik jasotzen dugu, baina hainbeste ugaldu da informazio kantitatea, non informazioa jasotzea bezain garrantzitsua den informazio hori kudeatzeko gaitasuna eta tresnak eskura izatea. Esparru horretan, ezinbestekoa
iruditzen zait ezagutzea  batzaile edo jario-irakurleak eta markagune sozialak, hau da,  Google Reader,  Twitter eta Delicious bezalako tresnak. Dena den, ez ditugu horiek guztiak ikastaroan ikusiko.

Zein izango da ikastaroaren helburua?

Ikastaro honetan IKTei buruzko hausnarketa bultzatuko dugu, hausnarketa kritikoa. Zein onura ekar diezaioke teknologia berriak irakaskuntzari? Egungo irakaslea prestatuta al dago aldaketarako? Galdera horiei eta gehiagori erantzuna ematen saiatu gara. Halere, praktikan oinarritua egongo da ikastaroa; izan ere, helburu nagusia Googlek eskaintzen dizkigun hainbat tresna eta baliabide ezagutzeaz gain, gure eguneroko jardunean horietatik zeintzuk txerta ditzakegun erabakitzea izango baita.
Bestalde, dakigun bezala, azkenaldian joera da gero eta gutxiago lan egitea nork bere  ordenagailuan instalatutako aplikazioekin eta gehiago “hodeian” lan egitea. Baina zer da hodeia
edo “Cloud Computing” delakoa? Bada, ikastaroan Googlen hodeian lan egiteko ofimatika paketea -nolabait deitzearren- ezagutu eta praktikan erabiliko dugu.
XXI. mendeko irakasleak informazioa bilatu, gorde, antolatu eta partekatzeko modu eraginkorrak ezagutu beharko lituzke. Horretarako hainbat web aplikazio erabiltzen ikasiko dugu ikastaroan, ezta?
Bai, ia inori ez dio ihes egiten, garai berriotan, XXI. mendean, irakaslearen papera aldatu behar dela arrazoi askorengatik. Konpetentzia digitalak lortzea ezinbestekoa izango da egungo
irakaslearentzat, kontuan izan behar baitugu gure ikasleak natibo digitalak direla. IKTak, beraz, ezinbestekoak dira aldaketa hori lortuko badugu.
Zer-nolako aplikazioak eskaintzen dizkigu Googlek irakaskuntzan aritzeko? Aurkez ditzakezu gain-gainetik, google docs, calendar, reader, sites...?
Googlek oso tresna interesgarriak eskaintzen dizkigu, esan bezala, “hodeian” lan egiteko. Baldintza bakarra Googleko korreo zerbitzuan, Gmailen, kontua zabaltzea izango da. Handik abiatuta, beste tresna horietara guztietara iritsiko gara: docs, calendar, reader, sites… Irudian ikus dezakegun bezala, aplikazio guztiek zerbait ezberdina eskainiko digute (testuak, aurkezpenak eta galdeketak egiteko aukera; agenda antolatzekoa, webgune bat sortzekoa…), baina guztiek izango dute zerbait komunean: konexioa dugun edozein ordenagailu edo gailutik  sarbidea, eta partekatzeko aukera.  Hau da, dokumentu, aurkezpen, gune, egutegi edo dena delakoa pertsona batekin edo gehiagorekin partekatu
ahal izango dugu. Honela, aldi berean zein bakoitza geure aldetik, baina dokumentu beraren gainean, lan egin
ahal izango dugu. Honek izugarrizko aukerak ematen dizkigu irakaskuntzan lankideekin, ikasleekin eta ikasleek euren artean talde lanetan aritzeko.