Joxe Ramon Mauduit: "Bizitzaren zentzua errazago bilatzen da, baldin eta haurraren gaitasunak hasieratik abian jartzen baldin badira"

Zertarako balio du haurrentzako masajeak? Zer onura dakarzkio haurrari?

Lehendabizi, haurrak dituen gaitasunak kontuan edukitzeko balio du. Eta baita komunikatzeko ere, haurraren eta gurasoen arteko komunikazioa errazteko; masajearen bitartez, bai adierazpena, bai mugimendua, bai mimika, bai ahotsa… horiek guztiak transmititzen direlako. Eta jolas egiten delako.
Bigarrenik, hainbat tentsio biguntzeko, arintzeko eta bideratzeko. Orain arte ez zen kontuan hartzen haurra nola jaiotzen zen, hau da, zer egoeratan jaiotzen zen. Haur batzuek jaiotzeko unea trauma moduan bizi izan zutela konturatu ginen, forzepsarekin behartuak izan zirelako, luzaroan egon zirelako postura berean, eta lepoa edo beste atalen bat nahiko estu eduki zituztelako, etab. Tentsio horiek denak bidera eta aska daitezke masajeen bidez; eta ondoren, horiek denak askatu eta gero, haurra prest egongo da pertzepzio funtzioak abian jartzeko, hau da, kanpoko informazioa jasotzeko. Izan ere, informazio hori jasotzeko, gorputzak nahiko aske egon behar du. Ez dadila egon horrelako tentsioekin kezkatuta, egon dadila munduak ematen dionari so, aberastasun horretatik abiatuta garatzeko.
Garrantzitsua da bizitzen hasten denetik kontuan edukitzea hori dena, haurrari hasieratik bere gaitasunak bideratzen laguntzeko garrantzi handia duelako garai horrek.
Nik behin eta berriro esaten dut hau: bizitzaren zentzua errazago bilatzen da, baldin eta haurraren gaitasunak hasieratik abian jartzen badira.
Zein dira gaitasun horiek?
Zentzumenak lantzea: usaimena, ikusmena, entzumena, ukimena eta dastamena.

Horregatik aipatzen duzu ukitu + sentitu = kokatu?

Bai. Ukitzeak pertsonak ukitzeko duen gaitasunari egiten dio erreferentzia. Hori unibertsoaren funtzionamenduan dago kokatuta. Gu etorri garen lekuraino etortzeko, aukeraketa bat egin da, eta eboluzio bat egon da. Gu zerk ukitu gaituen eta nola ukitu gaituen, horrek ekarri gaitu gaurko gaitasunak edukitzera edo bizitzera.
Eta sentitzeak, berriz, jaiotzatik hasita, sentitzeko modu bat garatzeari egiten dio erreferentzia. Pertsona edo animalia bakoitzak bere espezieari dagokion berezko hezte prozesua du. Horren ondorioz, hazten garenean, gure egitura izaten dugu, eta munduarekin erlazionatzeko modu bat edo beste bat. Adibidez, gizakiaren kasuan, haren sentitzeko modua landua eta bideratua izan bada, haren gaitasunak aintzat hartu baldin badira, sentitzeko bide hori aberastasunez bete duela esango dugu. Eta oraindik ere aberasten joateko gaitasun handia dugunez, gero eta sentsibilitate handiagoa barneratzen joango gara.
Horregatik, sentitzeak izugarrizko garrantzia du, gure benetako kokapen eta integraziora heltzen garenean. Izan ere, heldua izatea oso gaitasun garrantzitsuekin dago lotuta, ez da soilik bi hanken gainean egotea, nola baizik. Nola gauden kokatuta. Ez da geure buruarekin gaudela sentitzea soilik, horrekin batera ondo jakin behar da zein ingurutan gauden, eta inguru horrekiko harremanetan nola kokatzen garen, eta nola eboluzionatzen dugun. Horixe litzateke kokatzea.

Larruazala ukitzeko premiaz, sentitzeko premiaz hitz egingo duzu ikastaroan. Zer-nolako garrantzia du larruazalak?

Larruazalak izugarrizko garrantzia dauka. Zeren, kokatu esaten dugunean, ondo nabaritu behar dugu geure barrukoaren eta kanpokoaren arteko aldea. Eta hori larruazalaren bitartez egiten dugu. Larruazalak izugarrizko sentsibilitatea dauka, burmuinean kokatzen da. Beraz, guk gure azalaren sentsibilitatea zenbat eta garbiago eduki, gure azalean ondo kokatuta baldin badaukagu, barruko zein kanpoko funtzio guztiak egokitzen lagunduko digu horrek.
Masajeak azala lantzen du, eta gorputzeko atalak lantzen dira horrela, tentsioa eduki dezaketen atalak. Tentsioak bigundu egiten dira, giharrek tonua, izaera, berreskuratzen dute, eta gorputzeko tentsioak saihestu egiten dira. Horren ondorioz, barruko ahalmenak bideratu egiten dira.
Larruazala gorputzeko zatirik zabalena da, eta izugarrizko garrantzia dauka burmuinean. Garrantzi handia dauka haurraren lehendabiziko urtean horrek. Zeren, gorputza zutik jartzeko bidean artikulazio guztiak masajeen bidez ondo goxatu baldin badira, gorputza lurrean jartzeko modua oso koherentea izango da gorputzeko sentipenekin. Bizitzaren bizitasuna barruan sentituko du. Horrela, tentsioak ere saihestu edo bideratu egiten dira, gorputzak ez du tentsio horiekin borroka egin beharko.

Zer jakin behar dugu haurrei masajeak emateko? Nola has gaitezke?

Hasteko, haurraren gorputzaren gainean eskuak jartzen ditugunean, haren erreakzioak eta gureak ikusi behar dira. Nola gauden eta haurra nola dagoen ikusi behar da, zein den bakoitzaren egoera. Une batzuetan ezinezkoa da masajeak ematea; beste batzuetan, egoera egokia da, eta aurrera, beraz: gorputzari tankera hartu, eta, eskuak sartuz, jolas bat sortu. Hori da egin behar dena. Jolas horretan sortzaile izanez gero, oso lan polita egiten da.
Baina ez da masajea ematea soilik. Masajea ematen duena lurrean dago, eta jolas egitera ohitu behar du. Elementu garrantzitsuena jolas egitea da. Jolas egiteko gai baldin bazara, jolasean sartzen baldin bazara, zuk zeure barruarekin malgutasun handia daukazula esan nahi du, eta haurraren malgutasuna ere kontuan hartzen ari zarela, eta hori lantzen saiatzen ari zarela. Jolasak izugarrizko garrantzia dauka. Jolasaren bitartez, mimika eginez, kontuak esanez… haurrari harekin zaudela sentiarazten diozu, harekin jolasten eta hura kontuan hartzen ari zarela, harentzat onena lortu nahian eta harekin aberastu nahian.

Haurraren gaitasunak lantzea eta haurra aintzat hartzea aipatzen duzu uneoro. Horri esaten zaio errespetuzko heziketa?

Noski, zeren, errespetuzko heziketa esaten dugunean, haurrak dituen gaitasunetarako eta haren hezteko gaitasunetarako baldintza egokiak bilatzea esan nahi dugu. Modu horretan, haur horrek etorkizunean nolabait ere gaitasun handiagoa izan dezan bideratzen ari gara: munduan egoteko, oreka edukitzeko, koordinatzeko, hausnartzeko (hausnartzeak ekintzei aurrea hartzea esan nahi du)… gaitasun handiagoa izango du.
Horretarako, nahitaezkoa da norberaren barruan prozesu horiek nola gertatzen diren bizi izatea eta esperimentatzea. Bizipen hori zenbat eta aberatsagoa izan, orduan eta jarrera irekiagoa izango dugu berrikuntzen aurrean.

Horren gabeziarik sumatzen al duzu? Errespetuzko heziketa hori ba al dago?

Gaur egun, oraindik ere ez gara ohartu haurraren gaitasunak zein diren eta nola landu behar diren. Helduon oreka ez da lortu oraindik, ez da ase. Helduok, oraindik ere, nahikoa lan dugu geure arazoekin. Askotan, ez dakigu nondik nora jo, gure gaitasunak ongi kokatu gabe ditugu oraindik… Horregatik, lehendabizi gu geu gustura sentitu bitartean, arazoak izango ditugu, haurren heziketari behar den moduan kasu egiteko.
Oraindik produktibitateak dauka indarra: egiteak, ez izateak. Baina, izan gabe, nola egin? Lehendabizi, gara, eta, gero, garen horrekin egiten dugu eta ikusten dugu zer eginbehar ditugun.
Oraindik ere jolasean ari gara, haurrak jostailuak balira bezala. Oraindik ez gara ohartu gure izateak oinarri bat duela; alegia, gure barruko integrazioa eta gure barruko gaitasunen koordinazioa gauzatzea. Orduan sentitzen gara gure barruaren jabe, eta orduan ibiltzen gara gure erritmoan, ez besteenean. Horrekin kokatzen dugu gure izatea.

Hortaz, zer egin beharko lukete gurasoek, beren seme-alabentzat errespetuzko heziketa nahi badute?

Gurasoek, beren buruarekin ongi sentitzea lortu eta gero, beraien nahia aurrera eramateko ingurune bat behar dute. Gaur egungo gizartean guraso askok ahalik eta harremanik eta maitasunik sakonena eduki nahi dute seme-alabekin, baina gizartea noraezean dabilenez, gauzak ez dira erabakitzen haurrei begira. Horren ondorioz, gurasoak bakarrik sentitzen dira, ez dakite zein den erantzun egokiena. Eta, gainera, zailtasun ugari dituzte, ekonomikoak, denbora aldetikoak, bitartekoen gabezia… Gaur egun, guraso askok borroka handia egin behar dute seme-alabekiko harreman aberats hori aurrera ateratzeko, benetan nahi izan arren.
Horrez gain, gaur egun, ezjakintasun handia dago haurraren gaitasunen inguruan. Eta informazio hori behar dute gurasoek. Hor lan handia dago egiteko.
Beste alderdi bat hezitzaileekiko komunikazioa da. Funtsezkoa da hori. Errespetuzko heziketa nahi badugu, gurasoen eta hezitzaileen arteko komunikazioak aberatsa eta konfiantzazkoa izan behar du. Denek norabide berean lan egin behar dute.
Hezitzaile guztiek irizpide bera eduki behar dute haurra hezteko garaian, eta gurasoek horren berri izan behar dute, haurraren garatze bide horren berri izan behar dute. Gurasoen eta hezitzaileen arteko kolaborazioa funtsezko elementua da. Eta horretan ari gara Usurbilen.

Nolako esperientzia jarri duzue abian Usurbilen?

Usurbilgo haur eskolan, haurrei masajeak ematen hasi ginen. Ohartu ginen, masajeak ez ezik, oinarri guztia landu behar zela; hau da, gurasoen prestakuntza eta informazioa, hezitzaileen arteko laguntza, gurasoen eta hezitzaileen arteko koordinazioa eta kolaborazioa, haurren beharrak eta gaitasunak…
Errespetuzko heziketa baterako, funtsezkoa da denek oinarrizko beharrak aseta edukitzea. Horregatik, haur eskolako partaide guztiekin ez ezik, herriko pediatrarekin, emaginarekin, ikastolarekin eta udalarekin batera abiatu dugu prozesua. Denak bateratuta eta norabide berean. Helburua haurren gaitasunak lantzea da, gerora eduki ditzaketen zailtasunak eta gaixotasunak saihesteko.
MOEk (Munduko Osasun Erakundea) esan du gurasoek eta profesionalek (hezitzaileak, pediatrak, emaginak…) irizpide bateratuekin jardun behar dutela, haurren heziketa bideratzeko, haurraren gaitasunak zein diren eta nola oreka daitezkeen erabakitzeko eta bideratzeko, alegia. Batasun hori aintzat hartuta abiatu gara Usurbilen.

Zer aldaketa egin dituzue hori bideratzeko?

Orain arteko esperientziak erakutsi digu sortzen diren estres egoerak kontuan hartu behar direla, bai hezitzaileenak eta bai haurrenak. Zeren, haurrek estres egoera bizi badute, hezitzaileak ere kutsatu egiten dira, eta haiek ere bizitzen dituzte. Beraz, estresa sortzen duten egoerak nola saihestu eta, horretarako, zer laguntza bilatu ari gara lantzen.
Irtenbide batzuk aurkitu ditugu. Esate baterako, lehen haurrak etzaulkietan egoten ziren, eta orain, berriz, lurrean egoten dira. Horrela, haurren gaitasunak abian jartzen dira, eta baita ikertzeko gaitasuna ere. Noski, lasaiago egoten dira egoera horretan.
Topatu ditugu hezitzaileen estresa gainditzeko bideak ere. Hezitzaile asko estresak jota egoten dira egun askotan. Baina normala dela edo horrelakoak askotan gertatzen direla esaten dugunez eta arrarotzat jotzen ez denez, jasan egin behar dutela uste dugu. Eta hori ezin da horrela izan. Landu egin behar da, eta hezitzaileek laguntza behar dute, ezinean dabiltzanean. Zailtasunak bideratzeko, laguntza eduki behar da inguruan. Ezin da pentsatu norberak bakarrik bilatu behar diola irtenbidea bere egoerari. Horregatik, bildu egiten gara, eta hezitzaileek dituzten beharrak, arazoak eta kezkak izaten ditugu hizpide. Horretan ari gara, eta sakontzen jarraitu behar dugu.
Horrez gain, bada lantzen dugun beste alderdi bat, garrantzitsuena guretzat: nola lortu amaren eta hezitzailearen arteko harremana ona izan dadin, haurrak hezitzailea erreferentziazko bigarren pertsonatzat har dezan, horrek segurtasuna eta lasaitasuna ematen baitizkio. Helburua da amaren eta hezitzailearen arteko harremana ama haurdun dagoenetik hastea. Horretarako, haurdun dagoenean haur eskolara etor daiteke ama, eta gero, lanean hasi baino lehen, aurreneko lau hilabeteetan ere bai, haurrarekin. Zenbat eta lehenago hasi, orduan eta segurtasun handiagoa sentituko du haurrak banaketa garaia iristen denean, haurra konfiantzazko norbaitekin geldituko delako. Hezitzaileak amarekin duen harremanak lasaitasuna emango dio haurrari. Egokitzapena oso kontuan hartzen dugu, haurrak amarengandik banatzean aldaketa bortitzik jasan ez dezan.

Zer gehiago ekar dezake lankidetza horrek?

Prebentzioa erraztu dezake. Esate baterako, haurren heziketa prozesuan desberdintasun handiak egon daitezke, eta hezitzaileek ez dakite askotan nola aurre gin desberdintasun horiei. Horrelakoetan, gurasoek haurrei buruzko informazioa ematen baldin badiete, asko errazten da kontua. Hezitzaileek, informazio hori edukita, beste leku batzuetara jo dezake laguntza eske, eta haurren ezintasunei begiratzen hasten dira, 8 urtera arte edo ikasketetan zailtasunak eduki arte itxaron ordez. Zenbait gauza aurretik ikus eta bidera daitezke, elkarlan eta komunikazio horri esker.

Prebentzioa litzateke hori. Baina jabetzen al gara benetan prebentzioak duen garrantziaz? Zeren, gaur egun, prebentzioak baino pisu handiagoa du ondorengo medikazioak.

Kontuan eduki behar dugu medikazioak sintomak isilarazten dituela, baina sintomek hor jarraitzen dutela, isilduta edo ezkutuan. Eta noski, isiltzea baino garrantzitsuagoa da erantzuna bilatzea eta haurraren gaitasunei leku egitea. Zeren, sendagaiek izaera alda dezakete. Adibidez, gaur egun hiperaktibitatea tratatzeko sendagaiak erraz ematen dira, eta sendagaiak hartzen hasi aurretik, beste gauza asko eduki behar dira kontuan. Esate baterako, haurraren hiperaktibitatea sortu duen estresa non dagoen, hipertonia non duen, eta zein garaitan gertatu den haurraren erritmoa aldarazi duen egoera.
Garbi eduki behar genuke, prebentzioan arreta jarriz gero, gauzei aurrea hartuz gero, arazo eta zailtasun gutxiago izango dituztela haurrek gerora. Horretarako, MOEk esaten duena egin behar dugu: profesionalei eta gurasoei informazioa eman, eta ahalik eta orientabide koordinatuenak bideratu. Badago horren beharra.
Ez gara konturatzen nola sortzen diren gaixotasunak. Haurraren osasuna bideratzeko gaitasuna galtzen ari gara. MOEk dio haurraren osasuna kolokan dagoela, eta kalte handia egingo duten ondorioak datozela. Gero, 8-10 urte dituztenean hasten gara konturatzen zerbait ez doala ondo, edo zailtasunak dituztela… Lehen urteetako prebentzioa da hori saihesteko modua. Diru asko gastatzen da gaixotasunak tratatzen. Eta hobe litzateke askoz gaixotasuna sortu baino lehen haurrei behar duten arreta ematea, eta haurrek behar duten heziketa prozesu horri kasu egitea. Hori izango litzateke prebentzioa.

Zer-nolako ratioa eskatuko luke errespetuzko heziketak haur eskola batean?

Zenbat haur hezitzaile batekin? Hori zehaztea ez da batere erraza. Zeren, egun batean haur bat aztoratu samar egon daiteke, hortzetako mina edo beste zerbait duelako, eta, orduan, askoz gehiago eskatuko du. Gelan horrelako bi baldin badauzkazu, lau haur soilik izanda ere, estresa sortuko zaizu horrelako birekin. Egun batean hezitzaile bat ederki asko egon daiteke zortzi haurrekin, eta hurrengo egunean, egoera erabat aldatuta, ezinezkoa izan daiteke hori. Estresa onartzen ez dugun bitartean eta kontuan edukitzen ez dugun bitartean, zaila da ratioa zehaztea.
Orduan, malgutasuna beharko litzateke: horrelako egoeretan hezitzaile gehiago, eta egoera lasaiagoetan, berriz, gutxiago. Egoerak zaindu egin behar ditugu, eta irtenbide egokia emango litzaieke horrela.

Mirtha Chokler psikomotrizista argentinarrak zera zioen: “Ez eseri haurrak denbora baino lehen, ez heldu eskuetatik oinez ikas dezaten. Utzi lurrean egoten eta bera hasiko da”. Ados al zaude horrekin?

Guztiz ados nago Mirtha Choklerrek dioenarekin. Gaur egungo gizarteak duen jarreraren ondorioa da: dena presaka eta azkar egin behar. Oraindik ere ez dugu ulertzen haurra, ez dakigu zer gertatzen zaion.
Oso garrantzitsua da hau jakitea: haurrak mugimendu guztiak gorputzak eskatu ahala bere kasa egiten dituenean, orduan soilik egiten da bere buruaren jabe. Eta bere buruaren edo mugimenduen jabe izateak izugarrizko garrantzia dauka, etorkizunera begira. Izan ere, gu geure barruko beharren arabera mugitzen gara, eta behar horiek txikitatik barneratuta badauzkagu, horrek esan nahi du gure barruko sendotasuna barneratuta daukagula. Gure barruan halako koherentzia eta integrazioa dugunez, gure mugimenduei ere etengabe bilatzen diegu zentzua, ez gara gelditzen besteek zer esango edo zer egingo. Guk zer nahi dugun kontuan edukita bizitzen ohituta gaude, eta, horri esker, guk nahi dugun hori eramaten dugu aurrera.
Horregatik, haurra eserita guk jartzen badugu edo ibil dadin eskuetatik heltzen badiogu, eten egiten dugu hori. Haurrari besteek laguntzen diote, besteek eramaten dute, ez da bere kasa hasten.
Aldiz, 3 urte bitartean, haurraren gorputzaren integrazioa osatuz doa, artikulazioak landu egiten ditu, eta estimuluak ez dira gelditu ere egiten, hori dena ondo garatu arte. Orduan, haurra minik hartzeko arriskurik ez duen leku batean uzten baduzu, haurra ez da gelditu ere egingo, esperimentatuz, esperimentatuz eta esperimentatuz bere gorputzari satisfazioa ematen dioten mugimendu guztiak egingo ditu.
Hori ere ez dugu ikusten gizarte honetan. Ez daukagu horretarako espazio egokirik. Gaur egun, edozein parketara joan, eta lurra gogorra da, edo ez ditu haurrak lurrean ibiltzera bultzatzen. Lurrean etzanda ibiltzea gaizki ikusita dago. Badirudi garbitasuna dela garrantzitsuena. Eta ez gara konturatzen haurrari lurrean ibiltzeak ematen diola plazerik handiena.
Horixe da, gainera, niretzat, garrantzizko erreferentzia bat: lurraren kudeaketa. Lurraren bitartez kokatzen baitute haurrek beren bertikaltasuna.

Orduan, lurrean ibiltzea funtsezkoa da, gero ongi ibiltzen ikasteko.

Hasieratik haurra lurrean jartzen baduzu, berehala hasten da gorputzarekin jolasean, eta, jolas horretan, beti gorputzeko atalak lantzen aritzen da. Garapen prozesua burutik hanketara osatzen denez, sentsibilitatea nora joaten zaion, hura garatzen hasten da.
3-4 hilabeterekin, eskuak sentitzen hasten da. Ahoan daukan sentsibilitate guztia eskuak ahora eramanez konkistatu nahi izango du.
Gorputza, lehendabizi, lurrean etzanda egoten da, eta, arrastaka, erakartzen duen helburuaren bila joaten da. Hor buruak izugarrizko lana egiten du: helburuak ditu, eta helburu horiek asetzeko, gorputzari dituen bitartekoak erabiltzeko eskatzen dio. Bitarteko horiek, poliki-poliki, aberastuz joaten dira. Eta aberaste prozesu hori esperimentatzen ari den heinean, konturatzen da espazioa konkistatzeko bere gorputzak dituen gaitasunak handituz doazela. Beraz, hori zenbat eta gehiago bizi duen eta zenbat eta berezkoagoa duen, gorputzaren jabe egiten joango da.
Gero, lurrean arrastaka ibiltzetik lau hankan ibiltzera pasatzen da. Eta, gero, makurtuta eta zutik jartzera. Zutik jartzen denean, behin eta berriro, gorputza bota eta zutitu egiten du, bota eta zutitu… Gorputzeko pertzepzioa, oreka eta koordinazioa ondo kokatu nahi dituelako egiten du hori.
Horregatik, zutik jartzeak, bertikaltasun horrek, izugarrizko garrantzia dauka. Baina ez lurrean dagoen unetik, jaiotzen den unetik bertatik baizik. Zeren, haurraren zentzumenak oso irekita egoten dira, berehala hasten dira zentzumenen bidezko integrazioa lantzen; begirada, usaimena… hasieratik hasten dira mugimendu guztiak integratzen. Oso integrazio konplexua da, eta hasieratik eduki behar da kontuan, ez lurrean dagoenetik soilik.
Helduak ikusita, garbi ikusten dut prozesu horrek duen garrantzia. Urte asko daramatzat helduei masajeak ematen, eta askok hipotonia daukate gerrian, orno lunbarrak ez zirelako behar adinako denborarekin landu ondo jartzeko, kokatzeko. Horren ondorioz, ahulezia edo gaixotasun asko dakartzagu txikitatik, hezte prozesua ongi bideratu ez dugulako.
Gaur egun, informazio kaxkarra dugu horri guztiari buruz.
Gaur egun, oraindik, produktibitateak dauka indarra: egiteak, ez izateak. Baina, izan gabe, nola egin? Lehendabizi gara, eta, gero, garen horrekin egiten dugu eta ikusten dugu zer eginbehar ditugun.
Oraindik ere jolasean ari gara, haurrak jostailuak balira bezala. Oraindik ez gara ohartu gure izateak oinarri bat duela; alegia, gure barruko integrazioa eta gure barruko gaitasunen koordinazioa gauzatzea. Orduan sentitzen gara gure barruaren jabe, eta orduan ibiltzen gara gure erritmoan, ez besteenean. Horrekin kokatzen dugu gure izatea.

Gaur egun, masajeen eragina oso garrantzitsua da, gorputz sendoa izateko.

Urte eta bost hilabeteko haur batek erraz egiten zuen negar, eta zorabiatu egiten zen. Behin, diafragman eta bularraldean masajeak eman eta gune horiek landu nizkion. Egun hartan lo sakon egin zuen, eta, geroztik, ez zuen halakorik sentitu.