Oh Happy Day! Ikasleek musika eta dantza ikas ditzaten aldi berean

Bigarren Hezkuntzan eskaini ditut Oh Happy Day! gisako saioak, eta ongi funtzionatzen dute, beraiek ezagutzen dituzten kantuak direlako. Nerabezaroa adin zaila da, baina ongi sartzen dira, beraien interesetatik abiatzen direlako. Gaurko gazteek oso gustuko dituzte irudia eta musika, eta erakarri egiten ditu horrek.

Frogatua dut abesti mota horrekin ikasleak gusturago aritzen direla, eta gogo onez sartzen direla musika ikasgaian. Abestiak, oro har, XX. mendekoak eta modernoak dira. Euskal abesti tradizionalak ere lantzen dira, baina ukitu modernoa eta gaurkotua eskaini behar zaie, ikasleentzat errazagoak eta gertukoagokoak izateko.
Kantuarekin batera dantza
Dantzaren arloan, koreografiako pauso edo mugimendu errazak ikasten dituzte, kantuarekin batera aritzeko. Beraz, oinarria kantua da, baina mugimendu batzuk eransten zaizkio.
Normalean, ikasleen artean dantza egiteko prest daudenak agertzen dira, eta, gainera, beraiek izaten dira iaioenak koreografia prestatzerakoan, zer pauso eman esatean eta horrelakoetan, protagonista sentitzen dira. Hori guztia garatzen uzteak balio handia du heziketan.

Kantuaren parametro guztiak lantzen dira:

- Hizkuntza. Kantuak hainbat herrialdetatik jasotzen direnez, hizkuntza ugari erabiltzen dira. Egia da ingelesa dela kantua modernoetan nagusitzen dena, baina beste hainbat hizkuntzatakoak ere abesten ditugu. Euskarazkoak ere ugari ditugu.
- Ahoskera.
-Arnasketa. Oso garrantzitsua da.
- Musika altuera. Beraiek egokitzen dira abestien altuerara. Adin horietan, LHko hirugarren zikloan edo DBHko lehenengo zikloan, aldaketa nabarmenak izaten dituzte ahotsean. Neskek eta mutilek, gainera, adin desberdinetan egiten dituzte ahots aldaketa horiek, eta kontuan hartu behar da hori guztia. Halakoetan, bakoitzari bere ahotsa ezagutzen eta dagokion erregistroan abesten laguntzen zaio. Teoria batzuek diotenez, aldaketa garai horietan gaztetxoek ez dute abestu behar. Nik, aldiz, garai horietan ere abestu egin behar dela pentsatzen dut; gutxiago, agian, baina lagundu egin behar zaie beren altuera ezagutzen, gustura jardun dezaten. Izan ere, nahiz eta hainbeste ez abestu, besteei lagun diezaiekete dantza egiten, antolatzen eta beste hainbat gauza egiten.
- Erritmoa.
- Ñabardurak. Noiz kantatu behar den ozenago, noiz leunago edo lotuago, noiz moztu behar den, eta abar.

Ikus daitekeenez, oso esparru aberatsa da kantuarena. Liburua erabiliz edo partitura baten bidez landu daiteke, teoriaren helburua zein den uler dezaten, baina, praktikan, kantuaren bidez, guztia lantzen da.

12-16 urte: garai aldakorra

Maila horietan, ikasturte bakoitza desberdina da. Irakaslearen egitekoa ikasleen interesa nola sortu edo motibatzeko zer egin jakitea da. Izan ere, 12 urtetik 16rako bitarte horretan, lotsa ematen die abesteak, baina, ongi estimulatzen badituzu, egiten dute. Nire ustez, denok balio dugu abesteko, edozein adinetan, eta, horren belarri ona ez badugu ere, taldeari beste hainbat gauzatan lagun diezaiokegu: dantzan, musika jartzen, arlo teknikoan, eta abarretan.
Irakasleon egitekoa
Beldur eszenikoa gainditzen lagundu egin behar zaie ikasleei. Hasieratik ikuskizunerako prestatzen badituzu, egoera hori lantzen baduzu, agertokian aritzeak zer adierazten duen bizi badute, dituzten beldurrak gainditzen lagunduko zaie, eta estimulatu egingo dira. Jakina da nerabezaroa adin berezia dela, baina, tentuz lantzen bada eta taldean egiten bada, samurrago pasatzen dute, eta beraien estimulua handiagoa da. Horregatik, bakarlarien lana landu badaiteke ere, batez ere taldeko lana lantzen da.
Kontuan hartzekoak
- Komenigarri da abesti batzuk irakasleak berak aukeratzea, eta ikasleei zer landu nahi den eta zertarako erabiliko den azaltzea. Ona da beste kanta batzuk, aldiz, ikasleek proposatzea, nahiz eta horiei egokitzapen batzuk egin beharko zaizkien.
- Taldeak 10 ikasletik 20ra bitartekoak izatea komeni da. Irakasle bakarrarentzat 20 kidetik gora izateak zaildu egiten du lana.
- Lan jarraitua egitea komeni da. Ikastetxe batean urte batzuk badaramatzazu, ikasleak ezagutzeko aukera izango duzu, eta giroa sortzen joan zintezke. Proposamenak egin ditzakezu, probatu, eta, horrela, ikuskizun polita egitera hel zintezke. Ikasleekin ez duzu lehia lantzen, baina ahalik eta ikuskizun ederrena egiteko erronka har zenezake.
Ikuskizun hori prestatzeko, casting moduko bat egin dezakezu ikasleekin. Horrela, nahi duenak abestu egingo du, beste batek musika joko du, erritmoa eramango du beste batek, edo dantza egingo du… Bakoitzak gustura sentitzen den horretan jardun dezake.
Abestien oinarri musikala baldin baduzu, horrek asko lagunduko dizu haren gainean lantzen, abestiak egokitzen, eta abarretan.
Nire ustez, metodologia berri bat eskain liteke estilo horren bidez. Bere garaian txirula landu zen gisara, zergatik ezin da sortu horrelako metodo bat adin tarte batentzat, abesti modernoak edo modernizatuak erabiliz?
Izan ere, Oh Happy Day!  saioak 10-14 urte bitarteko ikasle askok eta askok ikusten zituzten. Uste dut horrek guztiak zerbait adierazten duela interesen ikuspegitik.•