Nafarroako landa eremuko eskolak: Txikitasunak elkarturik

Eskola txikiak, izan badirelako

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak lurraldeko Haur Hezkuntzako ikastetxeetara astean hiru bider barazkiak eta fruituak eramateko programa jarri du abian, baina programa horretatik kanpo utzi ditu  75 ikastetxe, eskola publiko horiek programan parte hartzeko behar adina haur ez dituztelako. Ez dituzte eta ez dituzte izango, eskola txikiak baitira. Baina Nafarroako Gobernuak eskola txikien izaera ez du oraindik kontuan hartzen, gisa horretako ekimenak bultzatzen dituenean.

Horixe da Nafarroako eskola txikiek gaur egun bizi duten errealitatea: izaera bera ere ez dietela aitortzen Gobernuak. Eta, hortik hasita, arazo administratibo ugari dituzte.Arazo horiei aurre egiteko eta indarrak batzeko, eskola txikietako irakasle talde bat elkartu da, eta urratsak egiten ari dira elkarrekin. Administraziotik kanpo sortutako mugimendu horrek landa eremuko Nafarroako ikastetxeen % 70 inguru batu du. Duela bi urte eta erdi hasi ziren elkartzen eta urtean hiruzpalau bilera egiten, arazoak identifikatzeko eta aterabideak aurkitzeko; “Lehen bileratik zonalde guztietako irakasleek erakutsi zuten interesa eta elkartzeko premia”, gogoratu du Eneko Fernandez Urdazubi-Zugarramurdiko eskolako zuzendariak. “Maisu-maistren topagune izango zen elkarte bat behar genuen, bakoitzak bere esperientziaren berri emateko eta besteenak ezagutzeko aukera emango zion bilgune bat”. Elkarte horrek ehun bat irakasle batu dituzten jardunaldiak antolatu ditu berriki, eta administrazioa ere bertaratzea lortu du.Urtarrilean Lekarozen egindako jardunaldi horien bidez, lehenik eta behin, landa eremuko eskolek abian jarri duten elkarlana eman zuten ezagutzera, eta eskola txiki horien arteko ezagutza eta lankidetza bideratu eta bultzatu zituzten. Garrantzia berezia izan zuen, Nafarroako landa eremuan, maisu-maistren artean elkarlanerako zubiak eta eztabaidarako espazio komunak sortzeko sumatu zen premiak. Jardunaldien balioespena “oso positiboa” izan da antolatzaileentzat: “Baztan eta Bidasoaldeko irakasleak ez ezik, Pirinioetakoak, Lizarraldekoak edota Sakanakoak izan ziren Lekarozen”. 

 

Hagitz errealitate desberdinak

Nafarroako eskola txikien erradiografia bat egiten hasita, oso ezaugarri desberdinak dituzten ikastetxeekin egingo genuke topo. Gaur egun, 78 ikastetxe daude guztira, 11 zonaldetan bereizirik:

1. Arraioz, Amaiur, Ziga, Oronoz, Azpilkueta, Arizkun, Erratzu, Irurita, Gartzain, Almandoz eta Urdazubi-Zugarramurdi.

2. Beintza-Labaien, Saldias, Eratsun, Legasa, Narbarte, Ituren, Areso, Betelu, Goizueta eta Jauntsarats.3. Arantza, Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Sunbilla.4. Erronkari.5. Otsagabia eta Ezkaroze.6. Garralda, Auritz, Aurizberri, Erro, Luzaide, Urrotz eta Zubiri.7. Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Lakuntza, Olazti eta Urdiain.8. Ledea, Zare, Esa, Oibar, Kaseda, Irunberri eta Elo.9. Añorbe, Obanos, Barasoain, Berbintzana, Mendigorria eta Miranda Arga.10. Figarol, Mélida, Murillo el Fruto, Arrada, Santakara, Beire, Pitillas eta Uxue.11. Abartzuza, Allo, Antzin, Arroitz, Lezaun, Lerin, Murieta, Oteitza, Cárcar, Deikaztelu, Sartaguda, Sesma, Villatuerta eta Zudairi.

 

Arantzatik Allora, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, oso errealitate desberdinak bizi dituzte 78 ikastetxe horiek. Batzuek bost haur dituzte, eta beste batzuek, 50 edo 90. Batzuek irakasle bakarra dute, eta badira 11 irakaslekoak ere. Zenbaitek gela bakarra dute ikasle guztientzat, eta beste batzuek bi edo hiru gela dituzte. Baina publikoak, herrikoak eta tamaina txikoak dira guztiak, eta horrek batzen ditu. Landa eremuko eskolatzat definitzen ditu administrazioak eskola txiki horiek, baina eskola txikietako irakasleek ez dituzte zentrook nekazaritza edo abeltzaintza eremuarekin lotzen, azken hamarkadan izandako aldaketa sozioekonomiko eta kulturalek herrien ezaugarriak aldatu dituzten neurrian, eskola txikien ezaugarriak ere aldatu dituztela ikusi baitute. Horregatik, ikastetxe horien izaera berriro definitzea beharrezkoa dela uste dute irakasleek, eta herri eskola modura definitzen dituzte: “Hiriaren eta herriaren definizioak kontrajartzea interesatzen zaigu, guk ez baitugu hirietako errealitatea bizi”.

Beharrak eta premiak elkartu ditu eskola txikietako irakasleak, baina jakitun dira pedagogikoki abantailak dituztela eskola handien aldean: “Giza harreman estu eta sakonagoak izateko aukerak ditugu ikasleen, irakasleen eta gurasoen artean, herri administrazioarekiko harreman handiagoa izan dezakegu, ikasteko eta irakasteko prozesua arrunt pertsonala izan ohi da, baliabideak kudeatzeko erraztasunak ditugu…”Baina, esan bezala, beharrek eta arazoek elkartu dituzte, batik bat, irakasleak. Ikastetxe bakoitzak premia bereziak dituen arren, administrazioari begira behar eta betebehar berberak dituzte, guztiak publikoak direnez, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren mende baitaude; eta haren betebehar dira, adibidez, eskolen kudeaketa administratiboa, egoitza eta materialen hornidura, curriculumaren inguruko aferak…Irakasle taldea elkartzen hasi, eta lehen gauza diagnosi bat egitea izan da, eta euren arazoak identifikatzea. “Txosten horrekin egin dugu aitzinera”, dio Fernandezek. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentura nahiz sindikatuetara eta eragileetara aurkeztu dute txosten hori. Txosten horretan, bost ardatzetan biltzen dituzte arazoak: lehenengo, afera ekonomikoak aztertu dituzte, ikastetxearen horniduretarako eta funtzionamendurako sosei dagozkien arazoak, esate baterako; bigarrenik, giza baliabideei loturiko aferak aztertu dituzte; hirugarrenik, kudeaketari loturikoak; laugarrenik, egoitzei buruzkoak, espazioa falta baitute askok, edota baldintza kaxkarretan baitaude batzuk; eta azkenik, eskola txikien izaera onartzea eskatzen dute.“Legedi guztietan gure berezitasuna aitortzea, horixe nahi genuke guk”, dio Fernandezek. “Hezkuntza Departamentutik egiten diren gauza guztiek eskola handiak hartzen dituzte aintzakotzat, eta programa anitzek ez dute balio guretzat”. Ingeleserako kanpaina berri bat jarri du Fernandezek adibidetzat: ikastetxeak bosgarren mailan 15 ikasle izan behar ditu gutxienez, programa horretan sartu ahal izateko. “Guk igual ikastetxe osoan ere ez ditugu 15 ikasle”. Lege eta egitasmo guztietan eskola txikien izaera kontuan izatea eskatzen dute, beraz, eta egin beharreko salbuespenak egitea. “Administrazioak gu aintzakotzat hartzea eta tratu desberdin eta duina jasotzea gustatuko litzaiguke”. Elkartzen, txostena egiten eta eskaerak egiten hasi direnetik, aldaketak sumatu dituzte Hezkuntza Departamentuan. Baina, hala ere, hezkuntza proiektua oraindik Iruñean zentralizatzen dela ikusten dute: “Ez ditugu eskubide berak oraindik, eta guk horixe eskatzen dugu: Izaban bizi den batek, Tuteran bizi den batek, Lesakan bizi den batek edo Iruñean bizi den batek eskubide berak izatea”. Iaz, lehen aldiz, Nafarroako Lege Proiektuaren eztabaida prozesuan solaskide gisa gonbidatu zituen Gobernuak landa eremuko eskola txikietako eragileak. “Lege guztietako atal guztietarako geure proposamena aurkeztu genuen”, dio Fernandezek. “Orain, legea ateratzen denean, proposamen horiek aintzat hartu dituzten ala ez ikusi beharko dugu”. Bitartean, araudi aldetik “aldaketa txikiak” gertatzen ari direla dio irakasleak: “Ari dira konturatzen existitzen garela, eta horixe da lehendabiziko pausoa”. 

 

Abantaila metodologikoak

Desabantaila administratibo ugari dituzten arren, eskola txikiek badituzte euren abantailak ere, eta ez dira gutxi. Abantaila horiek gorde eta defendatu nahi dituzte elkartu diren irakasleek. Lehenik eta behin, premiak berak eskola handiek erabiltzen ez duten metodologia erabiltzera bultzatzen ditu irakasleak: eskola txikietan, adin desberdinetako haurrak elkarrekin egoten dira, eta horixe da eskola txikien ezaugarri bat; metodologia tradizionala baztertzera daramatza horrek. “Guk bestelako metodologia aukeratzen dugu: proiektuen bidez lan egitea”. Ikasleak adinaren arabera geletan bereizi gabe eta ikasliburuak erabili gabe irakatsi ohi dute, beraz, eskola txikietan. Eskola txiki asko beharrak eraman ditu pedagogia hori aukeratzera, baina Baztanen kontzienteki egiten dute hautu hori: “Adinak ez bereiztea eta proiektuen arabera lan egitea ikasleentzat oso aberasgarria den sistema da”, dio Fernandezek. “Ezin ditugu landu gai guztiak ikasle guztiekin ikasliburuen bidez, gela berean oso adin desberdinetako ikasleak dituzulako. Ikasle zaharrenek beraien lanak egiten dituzte, eta, adin txikiko ikasleak lanean ari diren bitartean, eurei ere balio die errepasatzeko; eta alderantziz, adin txikiagoko ikasleak gauzak lantzen hasten dira, aldameneko ikasle zaharragoak lantzen ari direnean”. Ikaste prozesuan, adin desberdinetako ikasleen arteko elkarrekintza eta laguntza oso aberasgarria eta baliagarria dela uste dute metodologia hori darabilten irakasleek.

Beste alderdi positibo bat ikasleek lortzen duten autonomia maila da. “Zaharrenek ardura handiagoak hartzen dituzte txikiagoekin”. Metodologia aldetik, horixe iruditzen zaio irakasteko metodorik onena Fernandezi: “Eskola handi batean irakatsiko bagenu ere, metodologia horixe aldarrikatuko genuke”. Adinkako sistema tradizionala, gainera, ez zaio naturala iruditzen Fernandezi: “Bizitzan adinaren arabera banatzen gaituzten alor bakarretakoa da eskola tradizionala, ez lagun artean, ez kirol ekintzetan ez beste ezertan ez gara adinaren arabera banatzen”. Eskola txiki askok proiektuetan eta gelak partekatzean oinarritzen den metodologia erabiltzen duen arren, landa eremuko eskolek ez daukate metodologia bateraturik oraingoz. “Bakoitzak bere erara lan egiten du, nahiz eta badiren oso ondo koordinatuta eta elkarlanean ari diren zonaldeak ere”. Beste batzuek, aldiz, banaka lan egiten dute, euren kabuz garatzen dute eskola programa. “Oraingoz, Nafarroako eskola txiki guztiok ez gara hasi metodologia bateratu bat lantzen; lehen urratsa administrazioarekin ditugun arazoak konpontzea da”. Baina ez dute baztertzen etorkizunean metodologia bateratu batekin lan egitea.Eskola txikiek koordinatuta lan egiten duten zonaldeen eredu da Baztan, gaur gaurkoz, tradizioz eskola txikiek elkartuen funtzionatzen duten zonaldea baita. Ia hogei urte dira elkarturik eta koordinaturik lan egiten dutela hango 11 eskolek. “11 eskolek eskola bakarra balira bezala funtzionatzen dute, eta hori, azken batean, koordinazio eredu bat da, landa eremuko beste eskola txiki batzuentzat”. Proiektuak, irteerak edota kanpaldiak partekatzen dituzte, eta ikasleen arteko sozializazioa ere bermatzen dute, tarteka, zenbait zentrotako haurrak hainbat ekimenetarako elkartuz. Metodologiaz aparte, eskola txikien beste ezaugarria bat ikasleen, gurasoen eta irakasle eta eskolaren arteko hurbiltasun handia da. 10 haurreko eskola batean, gurasoak eskola baten bostena izan daitezke, adibidez, eta zeresan handia daukate familiek.  Ikasle bakoitzaren jarraipen zehatza egiteko aukera ematen du, gainera, eskola txikiak. Eta horrek eragina dauka herri txiki horien bilakaeran: azken batean, eskolak bizia ematen dio herriari, eta, eskola ixtean denean, galdu egiten du bizia herriak.Metodologia tradizionala ez erabiltzeak abantailak dakarzkio ikaslearen garapenari eta autonomiari, baina irakasleei beste lan bat egitea eskatzen die. “Eta zenbait irakasle ez dago prest horretarako: unibertsitatetik ateratzen diren irakasle askok ez dakite gisa horretako eskola txikirik izan badenik ere; ematen den eredu bakarra adin bereko ikaslez osaturiko gelak eta ikasliburuen bidezko metodologia da; eta eskola txikietan, norberak egokitu behar du proiektua bere eskola txikiko behar eta errealitatera, norberak bilatu behar ditu jarduerak”. Baina behin metodologia eta sistema honetan murgiltzen den irakasleak emaitza “hobeak” eta “aberatsagoak” jasotzen ditu. “Lehenengo ezagutu egin behar gaituzte, bai irakasleek eta baita administrazioak ere, landa eremuko eskola txikiak aintzat hartu, txikiak izanagatik eskubide berak baititugu”.

 

Igantziko herri eskola. Emozioak protagonista dituen eskola

Eskola txikia izatearen abantailak baliatu dituzte Igantzin, irakaskuntza beste era batean lantzen hasteko: emozioen hezkuntza lantzen dute. “Eskola txikia izateak lagundu besterik ez du egiten emozioen gaia lantzerakoan. Hau familia bat da, familia polit bat, eta konfiantza handia dago”, dio Joxean Ortega irakasle eta eskolako zuzendariak. Igantziko eskolako proiektua aurkeztu zuten landa eremuko irakasleek, urtarrilean Lekarozen egin zuten topaketan.

Jon Berastegik emozioen hezkuntzako mintegi bat eman zien Igantziko eskolako irakasleei, “parte-hartze aktibo eta barrenekoa eskatzen zuen ikastaroa”; eta Ortega zuzendariak dioenez, prestakuntzaren ondoren irakaskuntza beste modu batera ikusten hasi dira, erabat. “Zeure buruari galdetzen diozu ea egiten ari zarena baliagarria ote den; ze, ematen dituzu gai pila bat, eta hurrengo urtean ikusten duzu ikasleak ez direla ezertaz akordatzen. Zertan ari gara, orduan? Zertarako?”. Edukiak bere horretan, “hain modu itxian” landu beharrean, emozioak lantzea erabaki zuen orduan Igantziko eskolak; “Irakaskuntza beste era batera ikusten dugu orain, eta gustura gaude”. Pertsonari, bere osotasunean, eman nahi diote garrantzia. “Beste lekuetan bezala, hemen ere edukiak lantzen genituen, eta pertsonak, pertsona diren neurrian, baztertuak gelditzen zirela ikusten genuen; aldatzea erabaki genuen orduan, emozioetan oinarritzea heziketa, eta balioak lantzea, pertsonon oinarri direlako”.Jon Berastegiren mintegiaren aurretik ere, emozioak eta balioak lantzen gutxienez 10 urte zeramatzan Igantziko eskolak: sexu heziketako mintegia, yogako ikastaroak, emozioen hezkuntzakoak Mariaje Urangarekin, gatazken ebazpenari buruzkoak...Mintegia egin eta programazioa osatu ondoren, eskolara egokitu dute, eta, ikasturte honetan, emozioak lantzeko proiektu bat jarri dute abian eskolan. Hiru helburu ditu proiektuak:1- Pertsona bere osotasunean lantzea, eta ez edukien aldetik soilik. Ikasleak barrenean daukana ateratzen laguntzea, eta horri balioa ematea.2- Atentzioa eta ikasteko teknikak hobetzea. Erlaxazioa, azterketa aitzineko antsietatea kentzea, ikasteko kontzentrazioa lantzea...3- Aldaketari aurre egiteko gaitasunak eta tresnak ematea; izan ere, 6. maila bukatzen dutenean, Berara joaten dira Igantziko ikasleak, familian egotetik institutura igarotzen dira, eta ikaragarrizko aldaketa da hori.

 

Emozioak curriculumean

Helburu horiek lortzeko, curriculumaren eta ordutegiaren barruan lantzen dituzte emozioak. Batetik, tutoretza eskoletan egiten dute hori, baina eskola orduetan yoga eta sormen margolaritzako eskolak ere lantzen dituzte, eta lehendik antzerkia ere egiten zuten. Bestalde, eskola orduetatik kanpo, kirola aniztasuna lantzen hasi dira, berdintasuna, lehia izaerarik gabeko jarduera eta norbera bere buruarekin eta gorputzarekin ondo sentiaraztea sustatzen duen kirol jarduera.Ortegaren ustez, funtsezko ezaugarria da Igantziko eskola giroan dagoen konfiantza, emozioak lantzeko “Haurrek konfiantza behar dute emozioei buruz solastatzeko. Eta ezagutzak ematen du konfiantza; eta, ezagutzeko, konfiantza sentitzeko, irekitzeko eta adierazteko, bakoitzak bere denbora behar du”. Eskolan haur gutxi izateak lagundu egiten du ikasle bakoitzak behar duen denbora hori har dezan, zuzendariak dioenez.Igantzi 600 bat biztanleko herria da, eta 60 bat haur ditu eskolan, 38 familia. “Haurrek gugan ikaragarrizko konfiantza dute; gu euren irakasleak gara, baina zerbait gehiago ere bagara, haurrak maite ditugu eta zaintzen ditugu, eta eurek ere maite gaituzte”.Haurrekin bezala, gurasoekiko gertutasunak ere irakaskuntza eredu hau bultzatzeko anitz laguntzen duela dio ikastetxeko zuzendariak. “Ikasturte hasieran aurkeztu genien lanketa gurasoei, eta emozioen hezkuntzari buruzko liburuak ere pasatu genizkien; harrituta baina oso gustura hartu zuten proposamena”. Heldu den ikasturteari begira, Igantziko irakasleek jaso duten prestakuntza gurasoei egokitzea eta hakien lantzea litzateke ikastetxearen asmoa, Beran egin duten bezala.Emozioen hezkuntza lantzeko ikastetxeak egin duen proiektua aurrera eramateko Igantzin duten arazo bakarra dirua da. “Eskola txikietan dugun arazoa hori da, dirua”. Proiektuak eskolaz kanpoko irakasleen kontratazioa eskatzen du; Marina Pintosek ematen du yoga, eta Felix Ligok, berriz, sormen margolaritza, eta antzerkirako eta kirol aniztasuna lantzeko ere jendea kontratatu behar dute. 12.000 euroko aurrekontua du proiektuak, eta Nafarroako Gobernutik 4.000 euro jasotzen dituzte urtean; baina, hala ere, kanpoko finantzazioa bilatu eta lortu dute. “Heldu den urtean proiektuarekin jarraitzeko zailtasun gehiago izanen ditugu, baina saiatuko gara”.

 

3 urtetik hasita

Balioak eta emozioak bost ardatzen arabera lantzen dituzte ikastetxe osoan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gela guztietan, ariketak adinaren arabera moldatuz eta egokituz. Hauek dira lantzen dituzten gaitasunak:1- Kontzientzia emozionala edo sentitzen dituzten emozioak identifikatzea eta izena jartzea, haurra sentitzen duena zer den jabe dadin.2- Emozio positiboak zein negatiboak kontrolatzen ikastea.3- Autonomia emozionala, edo nia lantzea.4- Emozioak komunikatzen eta gizarteratzen ikastea.5- Bizitza positiboki hartzen ikastea.Haur Hezkuntzan, 3, 4 eta 5 urteko haurrak elkarrekin edukitzen dituzte gelan Igantzin, eta guztiak hasi ziren ikasturte hasieran emozioak lantzeko ariketa praktikoak egiten. “Ariketak egiten hasi ginenean, nahiko bakanak zirela iruditu zitzaigun, eta 3 urteko haurrekin emaitzak eman ahal izatea zaila izango zela uste genuen”, dio Rosa Maiz irakasleak. “Baina, orain, ikusi dugu emaitzak ematen dituela, eta denek ez bada ere gehienak solastatzen direla nahiko ongi, eta erraten dutela, adibidez, ‘triste nago’. Emozioak adierazten dituzte txiki-txikitatik, eta adieraztera ausartu ez dena ere ohitu da besteren ahotik entzutera, eta gogoeta egitera”.Astean arratsalde oso bat eskaintzen diote emozioak eta balioak lantzeari, baina egunero eskaintzen diote denbora gaiari, Haur Hezkuntzako geletan. Adibidez, ariketatako bat termometroarena da: haur bakoitzak termometro bat du orri batean marraztuta, eta, gibelean, 15 egunean behin, betebehar bat edo asmo bat idazten dute; eta egunean zehar asmo hori bete badute, eranskailu gorri bat jarriko dute termometroan, eta etxera eramango dute. “Hasieran, geuk erraten genien eranskailua merezi zuten ala ez, baina, orain, eurak dira askotan ez dutela merezi aitortzen dutenak, guk jakin gabe ere, jolas orduan edo beste orduren batean betebeharra urratu dutelako”. Irakasleek ez zuten espero hain txikitatik haurrek kontzientzia hartuko zutenik.Lehen Hezkuntzan, asteko bi tutoretza saiotan lantzen dituzte balioak eta emozioak, ariketen bidez, normalean. Eskola orduetan emozioei buruz hitz egiten dutenean, haurrek emozio horiek euren biografiarekin edo ingurukoenarekin lotzen dituzte: “Eskua altxatu eta nola sentitzen diren azaltzen dute, baztertuak sentitu izan direla edo triste daudela adierazten dute”, azaldu du Lehen Hezkuntzako irakasle Marta Orubek. Emozioak lantzeko ariketa horiei esker, gainera, bullying kasu bat ere antzeman zuten ikastetxean, eta gaur egun, ikasleak gai dira horretaz hitz egiteko, bai bullyinga jasan zuena eta bai eragileak ere.Irakasleentzat ez da erraza izan hezkuntza eredu berria lantzea.  Batetik, ikasleak euren emozioak adierazten aditzeak hunkitu egin  dituelako irakasleak; eta bestetik, gai honetan eredu izatea ez delako erraza: “Konturatzen gara geuretzat ere zaila dela emozioak adieraztea eta kudeatzea”, dio Maizek. “Eta askotan haurrei eskatzen dieguna geuk ere ez dugu betetzen”. Ortegak dio irakasleentzat eredua ematea dela zailena: “Eskola horiek batzuetan sufriarazi egiten diote irakasleari, haurrek ez baitute egiten guk errandakoa; aitzitik, guk egiten dugunarekin ematen diegu eredua”.Orain arteko esperientziaren balorazioa oso positiboa izan da, dena den, bai lantzen duten irakasleen aldetik eta baita zuzendariaren aldetik ere: “Umeak oso motibatuta ikusten ditugu, eta ondo ari garela uste dugu”.

 

Eratsungo herri eskola

Landa eremuko eskola txiki bat gutxiago izango da datorren urtean

 

Eratsungo eskola itxi egingo du  datorren ikasturtean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak. Bost haur behar dira gutxienez eskola bat itxi ez dezaten, eta Eratsungo eskolan lau haur bakarrik ari dira ikasten ikasturte honetan, eta hurrengoan ere lau izango dira. Haatik, hurrengo urteetan haur gehiago izango dira, ume txikiak baitaude Eratsunen, eta 2015era arte bederen bermatua dago gutxieneko haur kopurua. Urtebeteko salbuespena egiteko eskatu diote Gobernuari Eratsungo gurasoek eta alkateak, baina Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez du salbuespenik onartu, eta Eratsungo herri eskola ixtea erabaki du.

Gurasoak, irakasleak eta herria bera nahiz sindikatuak mugitu dira Eratsungo eskola itxi ez dezaten, eta, Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin bildu diren arren, ez dute lortu Eratsungo eskola bost haurrekin beharrean laurekin zabalik edukitzea. Ixtearen kontrako sinadura bilketa egin zuten hiru egunez, eta 1.200 sinadura bildu zituzten Gobernuan aurkezteko. Martxoaren 15ean izan zuten herriko ordezkariek bilera Nafarroako Gobernuarekin, eta, erantzuteko 15 eguneko epea zuen arren, Gobernuak zortzigarren egunerako jakinarazi zuen eskola itxi egingo zuela. “Penaz” hartu du eskola ixteko erabakia Pedro Deskarga Eratsungo alkateak, eta hartutako erabakia aldarazteko zerbait egiten saiatuko direla adierazi du, “nahiz eta zaila izanen den”. EILAS eta LAB sindikatuek ere salatu dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, eta irakasleei, gurasoei eta eskola elkarteari elkartasuna adierazi diete. “Eskola itxita ez da soilik eskola proiektu bat bukatzen, gizartearen garapena bermatuko duen proiektu bati ere ematen zaio bukaera, eta, zentzu horretan, atzerapauso garrantzitsua da”, adierazi du EILASek; LABek deituta, ixtearen kontrako elkarretaratzea egin zuten martxoaren 30ean, Iruñean.

 

150 biztanle, lau haur

Basaburuko herrian 150 lagun bizi dira, eta ikasturte honetan, Jasone eta Amagoia Mindegia Benito eta Izarne eta Haritz Mariezkurrena Lasaga izan dira Eratsungo eskolako ikasleak. Jasone hurrengo ikasturtean Doneztebera joango da DBH egitera, 12 urte beteko baititu; baina Naroa Retegi Eskudero hasiko litzateke datorren urtean Eratsunen, 3 urte beteko baititu. Baina Naroak, horren txikia izanagatik ere, Doneztebera joan beharko du, hiru ikaskideekin batera, Eratsunen ez baita eskolarik izango. Gurasoek haurrak Eratsunen gelditzea nahi zuten, haurrak horren txikiak direnez, ez zutelako nahi egunero Donezteberaino 15 kilometroko eta 35-45 minutuko bide bihurgunetsua eginaraztea. Horren haur txikiak egunero autobusean joan-etorrian ibiltzea eta egun osoa etxetik kanpo pasaraztea “gogorra” iruditzen zaie gurasoei.Pedro Deskarga herriko alkateak ere saihestu nahi izan du landa eremuko eskolaren itxiera, horrek herriari bizia kentzen diolako. “Beti izan dugu eskola herrian, eta hemen jarraitzea nahi dugu. Herriari bizia ematen dio. Haurrak egunero plazan jostetan ikusteak poz handia ematen du. Lehendik herria triste badago, eskola itxita tristeago geldituko da”. Baina ez dute lortu, eta, gauzak asko aldatzen ez badira, eskola itxi egingo dute 2011-2012 ikasturtean. Eta orain, irakasleak, gurasoak eta alkatea beldur dira, beste kasu batzuetan bezala, behin eskola itxita, zaila gertatuko zaielako haur nahikoa dauzkatenean ostera ere eskola zabaltzea. Zubietan, Anizen edota Elgorriagan, adibidez, itxi egin zituzten eskolak haur gutxi zeudenean, eta ez dituzte berriro ireki, nahiz eta haur kopurua igo egin den. Landa eremuko biztanleei hezkuntza eskaintza bermatu beharko liekeen Foru Legea urratzen du era horretan Nafarroako Gobernuak, eskola txikiak zabalik edukitzeko behar den gutxieneko haur kopurua edukiagatik ere, eskolak itxita baitauzkate. EILASek salatu du, horrelako neurriekin, Hezkuntza Departamentuak gehiago begiratzen diola errentagarritasun ekonomikoari ezen ez errentagarritasun sozialari edo kulturalari. Hezkuntza Departamentuak, Eratsungo eskola ixteko argudio gisa, lau haurrek beste haur batzuekin sozializatu behar dutela erantsi du. Baina gurasoek diote hori egiten dutela; izan ere, haurrak Legasara joaten dira, Malerrekako Saldias eta Labaiengo haurrekin batera. Gainera, Legasako eskolan hiru haur izanagatik ere, eskola zabalik utzi zuen Gobernuak, salbuespena eginez, Eratsunen ez bezala.