Haur eta gazteak gure ispilu, noski

Eusko Jaurlaritzak haurtzaroaren eta nerabezaroaren behar eta eskariak ikerketa egin berri du.

Ikerketa horretan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 194 adingabe, 91 guraso eta 84 irakasle galdekatu dituzte: 369 lagun, orotara.
Ikerketa horren ondorioak, gainera, beste zenbait lanekin batera, Euskal Autonomi Erkidegoko Haur eta Nerabeen I. Plana  egiteko oinarri gisa erabiliko omen dituzte. Plan hori, seguruenik, urte honen amaierarako onartuko da.
Egun hauetan, hainbat egunkaritako izenburuetako letra lodietan ikerketa horren zenbait ondorio irakurri ahal izan dira: ikerketa nork bere begiekin ikusten dituztenak. Hala, “Nerabeek guapo egon nahi dute besteen onarpena jasotzeko”, “Euskal gazteek haien irudi fisikoa zaintzen dute irainen eta bazterkeriaren berdur” eta  “Etorkinak bazterketa sozialarekin lotzen dituzte haur eta nerabeek” irakurri ditugu, besteak beste.
Eta zein beste ondorio agertu dira? Ikasketak gauza aspergarriekin erlazionatzen dituztela; hala ere, gazteek beren etorkizunaren agertokia ikasketekin lotzen dute.
Komunikazio falta dagoela haien eta gurasoen artean, eta ez soilik sexuallitatearekin harremana duten gaietan. Gurasoekin gai intimoak partekatzeak lotsarazi egiten dituela.
Zoriontasunaren ideia kontserbadorea dute: zoriontsu izateko bikotea izatea beharrezkoa da eta amatasuna “esperientzia utziezina” da. Gainera, haien bizitzako helburua, norbera bere etxearen jabe izatea, lan egonkorra eta bikotea lortzea dira.
Bestalde, txostenaren ondorioen arabera, nerabeek, batez ere hiriguneetakoek, txirotasuna eta bazterkeria segurtasun ezarekin erlazionatzen dituzte. Lehen Hezkuntzako zein Bigarren Hezkuntzako ikasleek immigrazioa bazteketarekin identifikatzen dute.
Azpimarratu behar da ondorioak ez direla hainbeste alderatzen duela hamarkada bat edo bi beste gazte batzuekin egindako ikerketetan lortutakoetatik.
Baina hain desberdinak ote dira guregandik? Gutako zenbatek ez ote ditugu haien nahi eta iritzi berak?
Murgilduta gauden jendarteak dauzkan eta sustatzen dituen estrategiei ederki erantzuten diete gure gazte gehienek, ikerketaren arabera. Jendarteak eskaintzen dizkien ereduek sakon txertatzen ari dira gure haur eta nerabeengan. Etxekoek, komunikabideek eta hezkuntzak ere serio hausnartu beharko genuke zein balio eta munduaren zein ikuskera azaldu nahi diegun.
Agertutako emaitzen artean, ikasleek gaitasun kritiko urria dute eta jendartearekiko interes eskasa. Era berean, ez dute partaidetzarako estrategia edo gunerik ikusten eta erabakiak hartzea, politikariekin erlazionatzen dute. Azken ideia hori ez dugu inongo izenburutan ikusi. Atarramentu ederra!