Beti txori artean…

Duela hilabete gutxi gure denda berria ireki dugu Donostia erdialdean ahizpa eta biok. Urte batzuk daramatzagu arropa bildumak diseinatu eta saltzen, eta momentu egokia iritsi dela ikusitakoan, gure proiektu berri eta pertsonal honi heldu diogu.  Buru-hauste, ilusio eta erabaki askoren artean, dendako dekorazioan pentsatu behar…

Ez dakit zergatik, baina txoriak etortzen zaizkit burura. Perikito batzuen serigrafia zahar bat erosi nuen enkantean mostradore atzean jartzeko, gero ustekabean galdu zena, eta kaiola beltz bat jarri dugu apalean. Lucie Saint-Leu Parisko diseinatzailearen pitxi bildumako hainbat pieza ere salgai jarri ditugu dendan, eta berehala jantzi ditut soinean enara beltzak irudikatuta dituen belarritakoak, bada zerbait bereziki erakartzen nautena…
Txikitako oroitzapenak etortzen zaizkit gogora, Lasarteko Andre Joakina-eneako jolas garaiak. Gogoan dut nola gutako bakoitzak etxetik guretzat berezia zena eramaten zuen, batzuetan jostailu bat, bestetan ipuin bat, edota animaliaren bat. Eta egun horretan zuk zeureganatzen zenuen atentzio osoa. Txoriak ziren askotan lagunen jostailu, ai ene!… pentsatze hutsak ere hotzikara ematen dit. Ezagutzen nauenak badaki gaur egun izugarrizko fobia diedala txoriei… Horren arrazoia bilatzean beti joaten zait burua jolas garai haietara. Kaletxori txiki bat datorkit burura, indar guztiak batuz ukitzera iritsi nintzen uso (orduan niretzako) erraldoi bat (ustez azkenaldiz nire bizitzan), eta HONTZA bat. Hontza hitza idazteak dardara eta guzti sortarazten dit gorputzean barrena… Momentu haietan beldurra ez bazen ere hain nabarmena, ez nituen badaezpada jolas haiek lagunekin konpartitzen, neure kasa ibiltzen nintzen zehar begiradak botaz.
Baina, badirudi zehar begiratzen banuen ere, barru-barruan gorde ditudala bizipen haiek eta txikitan ernaldutako beldur handi horri aurre egin nahi diodala. Edo besterik gabe, hain barruan gordetako ikastolako oroitzapen haiek oso nireak direla, denda prestatzea bezalaxe, eta, bertan, nire txikitako zati bat gorde nahi dudala…. •