Peru-Harri museoa

“Harria nire laguna da eta harriarekin jolas egiten dut”. Horixe esan zien Peru-Harri museora hurbildu ziren Zubiriko haurrei Iñaki Perurena harri-jasotzaileak. Harriarekin jolas egiten du, harriekin solastatu egiten da, harriekin eskulturak egiten ditu, harriak jasotzen ditu… Harria da haren bizitzaren gunea eta baita Peru-Harri museoarena ere. Agertoki horretan dagoena, ikus eta egin daitekeena erakutsi digu Iñaki Perurenak.

Harriak altxatzeaz gain, harriaren inguruan zerbait egiteko ilusioa zuen Leitzako harri-jasotzaile honek. Leitzan baserri bat erosi eta zenbait gauza egiten hasi zen. Pixkana-pixkana gorpuzten joan zen, eta, gaur egun, Peru-Harri museoa historia bat kontatzeko agertoki bihurtu da.

Historia horrek harriarekin, harri-jasotzaileekin eta Euskal Herriarekin du zerikusia. “Harri-jasotzaileen historia beste lekuetan ez bezala garatu da Euskal Herrian”, dio Iñaki Perurenak. “Garai batean harri baldarrak toki askotan jasotzen ziren, baina, hemen, Euskal Herrian, harri baldar haietatik kirola egin da harri koadroak, kubikoak eta biribilak jasoz. Hori da hemen kontatzen dena, hemen, Euskal Herrian berezitasun hori gertatu dela”. Harriak, mendietan dauden trikuharriak eta zutarriak, hizkuntza berezi bat… hori dena islatzen da Peru-Harrin.

Kanpoaldeko eskulturak

“Museoaren helburua denei ateak ireki eta gustura xamar ibiliz eta ikusiz gure mundua eta historia zein izan den ezagutzea da”. Horretarako, baserri barruan zein kanpoaldean hainbat gauza ikus daitezke.
Kanpoaldeko zelai luze eta zabalean hiru eskultura erraldoi egin eta jarriak ditu Perurenak: harri-jasotzaile bat, ezpatadun gizon bat eta beso bat.  “Hiru eskultura horiekin harri-jasotzaileak hemen irauteko zein arrazoi izan dituen esplikatzen saiatzen naiz. Lehenengoak harri-jasotzailearen indar fisikoa adierazten du. Bigarrena Nafarroako Mariskalaren omenez egindako eskultura da, eta barruko indarra adierazten du. Hirugarrenak, berriz, besoak, mitologia ordezkatzen du. Herri honek harritik mitoak egin baititu”. Hiru indar horien metaketak azaltzen digu zergatik iraun duen hemen harri-jasotzaileak.
“Aldi berean, irauten duen horrek zer esan nahi duen esplikatzen dut”, dio Perurenak. “Esan nahi du, gu, euskaldunok, irauten duen herri indigena garela. Europa zaharretik hasita, gure hizkuntzak iraun egin du, eta hori gara euskaldunak. Ez besteak baino hobeak eta txarragoak, baizik eta gure hizkuntza dugunak, eta, iraun baldin badu, berezitasunen bat badagoelako da. Bizirik iraun du, hori hor dago, hori historia da, hori errealitatea da, eta hori gara gu”.
Hiru eskultura horiekin batera txapel erraldoi bat ere badago, Perurenak aitaren omenez egindakoa, beti txapela jantzita ibiltzen zelako.
Zelaitik at, baserri ondoan badago beste eskultura erraldoi bat ere: esku bat. Inguruko harrietan silaba bakarreko euskarazko hitz asko irakur daitezke: hatz, hitz, hotz, hots, hats, hatz, antz, hontz, huntz… Eskuarekin eta hitz horiekin hizkuntza baten sorrera adierazten saiatzen da Perurena. “Garai batean eskuz adierazten ziren gauzak, eta gero, memento batean, eztarriz, ahotsez. Hori adierazten du eskultura honek”.
Eskultura horren ondoan katapulta bat dago. Zergatik katapulta? Bada, gazteluen kontrako arma bat zelako eta harriak botatzen zirelako.
Baserriaren atzealdetik mendi aldera igota, leize bat dago. Leizearen kanpoaldea margotu egin du Perurenak, mitologiarekin duen lotura hobeto ulertze aldera. “Mitologia fantasia da, kolore asko ditu, bakoitzak nahi dugun kolorea ematen diogu. Kolorea eta fantasia interpretatzeko margotu dut leizea”. Euskal Herrian hainbesteko pisua izan duen mitologia lantzeko aukera ematen du leizeak.

Baserri barrukoa

Baserri barruan ere bada zer ikusia. Beheko solairuan, nola ez, harriak, Iñaki Perurenak hainbeste aldiz jaso dituen harriak. Erakustaldiak egiteko prestatua dauka: txalekoa eta gerrikoa jantzi, belaunak eta harriak erretxinarekin igurtzi, ez irristatzeko, eta harriak jasotzen ditu, bertaratutakoek ikus dezaten. Baina ez ikusi soilik, animatzen denak harri jasotzen proba egiteko aukera ere izaten du, bai txikiek eta bai handiek, neurri eta pisu askotariko harriak baitaude aukeran! Hori dena, noski, Perurenaren istorio, pasadizo eta esplikazioekin jantzita.
Perurena aita-semeen historia kontatzen duen bideoa ere ikus daiteke.
Lehenengo solairuan harri-jasotzaileen argazkiak, harri gehiago, bertsoak… denetarik dago. Eta goian, ganbaran, baserriko tresna eta erreminta ugari. Garai bateko bizimodua nolakoa zen irudikatzen laguntzeko leku aproposa da.

Denentzako moduko menua

Museoaren helburua harriaren omenez zerbait egin eta horrek bizia izatea da. Eta bizia izateko, jendea behar da, denetako jendea: eskoletakoak, adinekoak… Horrexegatik, denentzako moduko menua prestatzen duela dio Perurenak. Adinaren eta interesaren arabera moldatzen ditu esplikazioak eta aipatutako lekuen ikustaldiak.

Kokapena:

Leitzatik Uitzirako NA-1700 errepidea hartu eta herritik 1,5 kilometrora, eskuin aldera harrizko esku baten eskultura duen bidegurutze bat dago. Bide hori hartu, eta museora iritsiko zara.

Ordutegia:

Astegunetan: aldez aurretik ordua hartuta.
Asteburuetan: 10:30etik 14:30era
Museoa azalpenekin nahiz azalpenik gabe bisita daiteke.

Prezioa:

Txikiek 2 euro
Helduek 3 euro
Bisita gidatuak eta aurrez hitzartuak, pertsonako 4 euro