Zer da garrantzitsuena irakasleak ongi prestatzeko?

Hiru gauza proposatzen ditut nik irakaslegaiak ongi prestatuta irten daitezen: eredu errealista lantzea, hausnarketari garrantzia ematea eta arlo pertsonala profesionalarekin batera lantzea. Banan-banan azalduko ditut hirurak ondorengo lerrootan.

Eredu errealista

Hasteko, irakasleen prestakuntzan ikuspegi berri bat ezarriko nuke: ikuspegi errealista. Gaur egun, hiru ikuspegi daude irakaslegaien prestakuntzari dagokionez: eredu tradizionala, batetik, eta horren helburua teoria praktikara itzultzea da; praktikan oinarritutako ikuspegia, bigarrenik; eta, hirugarrenik, ikuspegi errealista, etorkizuneko irakasleen esperientziaren eta jakin-minaren bidez teoria eta praktika batzea helburu dituen ikuspegia. Hirugarren hori dago, nire ustez, ikaslearen ikuskera konstruktibistetatik gertuen. Euren jakintza eraikitzeko, eurek munduarekiko duten ikuspuntuaz hausnartzeko eta norberaren nortasuna garatzeko eta bizitzako helburua bilatzeko euren gaitasunean konfiantza duten ikasleak nahi baditugu eskoletan, uste dut irakasleen hezitzaileek hirugarren ikuspegi hori hartu beharko luketela eredu, etorkizuneko gure irakasleen ikasketetan ezaugarri horietan beretan sakondu nahi bada.

Hausnarketaren garrantzia irakasleriaren ikasketetan

Irakasleriaren ikasketetan hausnarketak duen rola da nire proposamenaren bigarren ardatza. Ikuspegi errealistaren oinarrizko ezaugarria da hausnarketa sistematikoetan oinarritutako esperientzietatik ikastea, ikasketa iraunkor bat lortzeko gaitasunean laguntzen baitu. Hausnarketa sistematiko eta efektiboa ikasi egin behar den zerbait dela nabarmendu dut: norbanako bakoitzak hausnartzeko bere era gara dezake, modu horretan, bere esperientzietan oinarritutako ikasketen kalitatea hobetzeko. Hausnarketaren muina irakaskuntzaren alderdi inkontzienteak kontziente egitea da, pertsonak sentiberagoak izan daitezen hezkuntza aroko egoera garrantzitsuen aurrean.
ALACT ereduan (Action, Looking back on action, Awareness of Essentials aspects, Creating alternative methods of actions eta Trial izenen inizialetatik datorkio izena ereduari), etorkizuneko gure irakasleen hausnarketarako euskarri moduan erabiltzen dugun eredu horretan, hirugarren fase garrantzitsuari “oinarrizko alderdien kontzientzia” esaten zaio, eta ez kontzeptualizazio abstraktua.
Ereduaren 2. fasean, etorkizuneko irakasleek euren pentsamenduari, sentimenduari, nahiari eta ekintzari buruz hausnartzen dute, eta baita euren ikasleen alderdi horiei buruz ere. Irakastean zenbait zantzuren arabera jokatzen dugula jabetzea da helburua, kontzientzia hartzea; zantzu horietako batzuk norberarengandik datoz, haserrea edo urduritasuna, adibidez. Horixe da, hain justu, irakasle berriei sarri zailena gertatzen zaiena: irakasten duten bitartean, askotan ez dira kontziente euren sentimenduez eta beharrez, ezta euren ikasleen sentimenduez eta beharrez ere. Hausnarketari buruzko gure ikuspegia norberaren alderdi inplizitu horiei buruzko kontzientziaren garapena estimulatzen saiatzen da, irakasle izateko prestakuntza prozesuan ikasi dituzten teoriek baino eragin handiagoa dutela uste baitugu. Sentimenduei buruzko kontzientzia garatzea beharrezko ikusten dugu irakasle enpatiko bat izatera iristeko lanean.
Bigarren fasetik hirugarrenerako trantsizioa hausnarketa prozesuko zati garrantzitsua da. Irakaskuntzako arazoak norberaren pentsamenduaren, sentimenduaren, nahiaren eta ekintzen arteko desadostasunetatik edota alderdi horien eta ikasle batek izan ditzakeen alderdien arteko desadostasunetik datozela sinetsirik, gure ikasleak animatu egiten ditugu, desadostasun horiek aurki ditzaten.

Ikasketaren alderdi pertsonala

Orain arte esandako guztia nire proposamenaren hirugarren ardatzarekin loturik dago, ikasketaren alderdi pertsonalarekin. Ikasleak, etorkizuneko irakasleak eta irakasleen hezitzaileak gizakiak dira, euren beldur, itxaropen, balio eta egiteko konkretu eta indibidualekin, eta horrek ez du soilik haien jarreran eta ikasketan eragiten, askotan ezaugarritu egiten baititu jarrera eta ikasketa horiek. Ziurrenik, denbora luzean ezaugarri arrazional eta kontzienteetan erreparatu dugu, alderdi gizatiarra kontuan izan gabe.
Nire egiteko pertsonalak lotura du haurren zaintzarekin eskoletan. Denborak erakutsi dit zeinen garrantzitsua den haurraren oinarrizko ezaugarriak garatzea eta ezaugarri horiek nortasun eta egiteko bati loturik garatzen laguntzea. Berriro ere, eredu hori erabili beharko dugu etorkizuneko irakasleekin egingo dugun lanean, eta baita geure hausnarketa propioetan ere, irakasleen hezitzaile lanean. Horregatik eskatu dut arreta jartzeko oinarrizko hausnarketan, adibidez, tipularen ereduaren maila guztietan oinarritutako hausnarketan, eta adituaren roletik atera eta sentibera izaten ausartzeko.
Tipularen eredua literaturan ‘Batesonen eredua’ esaten zaionaren egokitzapena da, nahiz eta Gregory Batesonek inoiz ez zuen argitaratu eredu hori. Sei hausnarketa maila bereizten ditu eredu horrek, eta erakusten du gaitasunei buruz soilik aritzea mugatuegia dela.
Irakasleek inguruneari buruz hausnar dezakete (lehen maila), adibidez, ikasgela edo ikasle bati buruz; beren hezkuntza-jarreraz (bigarren maila), edo beren gaitasunez (hirugarren maila). Hausnarketa are sakonagoa egiten da azpian dagoen sinesmenari buruzko hausnarketa egiten denean (laugarren maila), eta pertsona bakoitzak bere nortasuna (pertsonala eta profesionala) ikusteko duen moduarekin erlazionatzen denean (bosgarren maila). Azkenik (seigarren maila), bakoitzak munduan duen lekuaz hausnar liteke, irakasle bakoitzaren egitekoaz. Maila transpertsonala da hori (batzuetan, espiritualtasunaren maila deritzo), norbanakoarengandik haratago doan gauzekin lotuta baitago. Irakaslearen inspirazio pertsonalari erreferentzia egiten dio maila horrek, haren idealei eta helburu moralei. Maila sakonenetan ageri dira pertsona bakoitzaren oinarrizko ezaugarriak. Esate baterako, ikasleei beren buruarengan konfiantza izaten laguntzeko zereginak lotura handia izango du maiz sentiberatasunarekin, enpatiarekin, iraunkortasunarekin eta antzeko ezaugarriekin.
Irakasleentzat garrantzitsua izan daiteke euren oinarrizko ezaugarriez jabetzea, modu sistematikoagoan eta eraginkorragoan erabili ahal izateko. Argi dago, hori kontuan hartuta, irakasle izango direnen prestakuntza prozesuaren ikuspegia pertsonarengan oinarritzen dela, eta ez gaitasunetan; izan ere, beste ikuspegiak, askotan, gaitasun zerrenda batzuk besterik ez dira izaten.
Tickle-k honako hau dio (1999, 136): “Irakaskuntza bere horretan izan dadin, irakaslea da oinarria, pertsona den aldetik”, eta gero eta gehiago, ikerlariek eta irakasleen hezitzaileek ere hala onartzen dute. Palmer-ek honako hau dio (1998, 10): “Prestakuntza ona ezin da tekniketan oinarritu; prestakuntza ona nortasunean eta irakaslearen osotasunean oinarritzen da”. Nire iritziz, pertzepzio horiek aldatu egin beharko lituzkete irakaslearen prestakuntzako praktika tradizionalak, eta tipularen ereduaren sakoneko mailei arreta handiagoa jartzeak beharrezkoa izan behar luke irakaslearen nortasunaren eta profesionaltasunaren arteko oreka lortu ahal izateko.
Idealen galerak eta horiek lortzeko babesik ez izateak eragin handia du irakaskuntza higatzeko eta uzteko orduan. Palmer-ek dioen moduan (1998), “Zer zentzu du?” galderari erantzuna aurkitzea ez da luxu bat, baizik eta behar bat, irakasleek, gorputz eta arima, euren lanbideari eskainirik jarraitzen badute.
Pertsonak bere ongizate eremuak ugaritzeko nahia azaltzen duenean soilik egin ahal izango du benetako aldaketa.