Kubako eta Euskal Herriko haurrak baturik, liburuen eta antzerkiaren bidez

Adiskidetasun Liburuak motxilan sartuta egin dute Euskal Herritik Kubarako bidaia Ane Mona, Oskola eta Karramarroi antzerki taldeek. Liburu bereziak dira, baina, Adiskidetasun Liburuak. Euskal Herriko bederatzi ikastetxetako haurrek egin dituzte euren eskuekin, eta hitzekin eta, bereziki, irudiekin eta marrazkiekin osatu dituzte. Liburu horien bidez, Kubako haurrei Euskal Herria zer-nolakoa den erakutsi nahi izan diete, ze hizkuntza dugun, ze ohitura ditugun... Kubatik bueltan, beste horrenbeste liburu ekarri dituzte antzerkilariek Euskal Herriko ikastetxeetara, haur kubatarrek euren eskuz egindakoak guztiak, uharteko bizimoduaren berri ematen dutenak.

“Eskolen arteko harremana lantzeko eta zubi-lana egiteko helburuarekin” sortu dute antzerkilariek Adiskidetasun Liburuen proiektua. Herri bakoitzak dituen kultura, balioak eta nortasuna zabaltzeko eta besteenak ezagutzeko helburuarekin sortu zuten proiektua. Parte hartu duen ikasgela bakoitzak bere erara osatu ditu liburuak, eta euskararen eta gaztelaniaren arteko aldeak saihestu ahal izateko, marrazki, irudi, zuhaitzetako hosto, lore, bandera eta mapekin jantzi dituzte lanak. “Benetako artelanak atera zaizkie haurrei, lan mardulak”, kontatu du Rita Naviera proiektuko parte-hartzaileak Kubatik itzuli ondoren.
Hemendik, orotara hogei liburu eraman dituzte Kubara, eta hango ikastetxeetatik beste horrenbeste ekarri dituzte, horiek guztiak ere eskuz eginak; han Euskal Herrikoak banatu zituzten bezala, orain, itzuleran, Kuban egindakoak banatu dituzte hemengo ikastetxeetan. “Liburu horiek elkartasun eta senidetasun keinu dira”, azaldu du Koldo Zelestinok. “Horiek dira guk zabaldu nahi ditugun balioak; Europako gizarte askotan krisian dauden balioak dira, hain zuzen ere, eta antzerkiaren bidez ez ezik, liburu horien bidez zabaldu nahi izan ditugu”.
Antzerki Gurutzadarekin, Kuban barrena
Ane Mona, Oskola eta Karramarroi Bilboko antzerki taldeak data berezietan joan ziren Kubara, liburuak eramatera: iragan otsailean, han Antzerki Gurutzada ospatzen zuten egunetan, hain zuzen ere. Guantanamotik Baracoara gurutzatu du antzerkiak uhartea otsailean, eta tartean eurekin izan dira Bilboko antzerkilariak ere. Mendialdeko herriak pasatu ditu gurutzadak, 200dik gora, eta haur kubatarrek gutxienez urtean behin antzerki-ikuskizun bat ikusteko aukera izatea zuen helburu. Aurtengoa Antzerki Gurutzadaren 21. ekitaldia izan da. Mendialdean bizi diren haurrak antzokietara edo antzerkia dagoen lekuetara joan ezin direnez, antzerkigileak eurak dira haurrengana mendira joaten direnak, eta, aurten, euskal antzerkilarien bisitak ere izan dituzte mendialdeko zenbait herritako haurrek.
Antzerkiaren filosofia berbera du hezkuntza-sistemak Kuban, hau da: haurrak dauden lekuetara joaten dira irakasleak, eta, horren ondorioz, oso haur gutxi dituzten ikastetxeak daude Kubako mendialdeko hainbat herrixkatan, hezkuntza jaso gabe haurrik gera ez dadin.
Koldo Zelestino, Rita Naviera, Izaskun Gabiña, Alaitz Argandeña eta Onintze Goitiz antzerkilariak joan dira gurutzadara, baina proiektua duela bi urte abiatu zuten, Kubako Santiago bisitatu zuten lehen aldian: “Kubako antzerki mugimenduarekin harremanetan jarri, eta berehala hasi zitzaizkigun guztiak Antzerki Gurutzadari buruz hizketan. Ekimenaren filosofiarekin segituan egin genuen bat, eta itzultzea erabaki genuen”. Eta halaxe itzuli dira bi urtera, liburuz horniturik.
Liburuz eta antzerkiz horniturik. Obra batekin ez, baizik eta birekin itzuli baitziren Ane Mona, Oskola eta Karramarroi antzerki konpainiak Karibera. Euskal Herrian egin ohi duten bezala, ikuspegi pedagogikotik prestatu dituzte Kuban erakutsi dituzten antzezlanak, eta elkartasun eta adiskidetasun balioak azaleratu dituzte. Olentzeroren historiak izan dira antzeztu dituztenak gurutzadan, eta ikaragarrizko harrera beroa jaso zuten. “Batzuetan, antzokian egin genuen, ikastetxeetan beste batzuetan, edo kalean, eta guztietan, haurrek zein helduek besoak zabalik hartu gaituzte; itzelezko harrera egin digute”. Irribarrez betetzen zaie aurpegia Naviera eta Zelestinori uharteko haurren harrera beroa gogoratzean. Komunikabideetan ere izan zuen euskal herritarren bisitak oihartzunik, irratian nahiz egunkarietan.
Kubako haurren prestutasunaren erakusle, euskal kantuekin egindako koreografiak ekarri dituzte gogora antzerkilariek. Konpainiek, Kubara joan aurretik, hemengo ikastetxeetako haurrek landu dituzten bi abesti bidali zizkieten hango haurrei ikas zitzaten eta, gero, guztiek elkarrekin kanta zitzaten: Guantanamera abesti kubatarraren euskarazko bertsio bat, eta, bestea, Uka, uka...keinuka! izeneko abestia. “Kantuak euskaraz primeran abesteaz gain, koreografia batekin lagundurik eskaini zizkiguten, oso ederra izan zen”.

Dokumentala: proiektuaren jarraipena

Romelian, Los Naranjosen, Felicidaden, Palenquen edota Jamaikan bizi izandako guztia filmatu egin dute antzerkilariek, eta dokumental bat egiteko proiektua daukate orain buruan. Kubako haurren egunerokotasuna, bizimodua eta eskolak duen garrantzia azaldu nahi diete Euskal Herriko haurrei, dokumental horren bidez, Adiskidetasun Liburuekin hasitako zubi-lanari jarraipena emanez. Horretarako, harreman zuzena izan dute haur eta hezitzaile kubatarrekin, eta elkarrizketak egin eta filmatu dituzte hango eskoletan: “Harrigarria da mendialdeko haurrek duten jakintza eta kultura maila, eta baita antzerkiarekiko erakusten duten jarrera parte-hartzailea ere. Benetan ezagutzeko moduko eredua da Kuban antzerkigintza eta hezkuntza bera zabaltzeko egiten den lana”, dio Zelestinok.
Adiskidetasun Liburuekin hasitako proiektuak, beraz, segida izango du dokumentalarekin. Baina aurrerantzean, ostera ere, Antzerki Gurutzadaren beste ekitaldi batean parte hartuz ziurrenik, Kubarekin eginiko harremanak estutu nahiko lituzkete antzerkilariek, eta ez dute baztertzen Adiskidetasun Liburuaren proiektua beste herrialderen batekin abian jartzea ere. “Europan ezagutzen dugun eredutik aparte, badaude munduan kultura handiko beste herrialde batzuk, eta horiek ezagutu eta ezagutarazi nahi genituzke”. •