Dolors Quinquer: "Ikasleak irakurle kritikoak izatea garrantzitsua da sarean dagoen informazio guztiarekin. Hori ikasi egiten da, eta horretarako, hezi egin behar ditugu"

Ikasleek euren hizkuntza gaitasunak hobetzeko eta hainbat ikasgaitako edukiak hobeto eta gehiago ikasteko balio duen eredu didaktiko bat proposatzen diguzu. Zertan datza proiektuak?

“Eredu komunikatzailea” deitzea gustatzen zaidan eredu didaktikoa da. Izan ere, alderdi hori azpimarratzen du eta izen hori jarri zion Jean Cardinetek. Eredu horrek hainbat alderdi hartzen ditu kontuan: hizkuntza gaitasunak hobetzea, metodo interaktiboak eta kooperatiboak erabiltzea, ikaskuntzarako autonomia lantzea, ebaluazioa irakaslearen eta ikaslearen arteko komunikazio tresna gisa erabiltzea…
Proposamen horretan, irakaskuntza prozesuaz ari garelarik, oinarri-oinarrizko gakoa da komunikazioa hobetzea. Irakastea eta ikastea irakaslearen eta ikasleen eta ikasleen euren arteko komunikazio prozesu gisa ulertzen da. Hori gelan sortzen da, testuinguru sozial batean, eta ikasleak hainbat eduki, gaitasun, estrategia, balio eta abar bereganatzen ditu. Era berean, prozesuaren kontrola eta erantzukizuna irakaslearengandik ikaslearengana pasatzen da poliki-poliki. Hortik dator autoebaluazioa eta ikasteko sistema propio bat garatzearen garrantzia.
Adibide bat jarriko dut. Aurre-historia (DBH 1) urrun gelditzen den gaia da eta zaila da testuinguru egoki bat eman eta gertuko bihurtzea. Lehenbiziko galdera soilik azalduko dizuet: “Irudika ezazu Brasilgo Nekazaritza Ministerioko funtzionarioa zarela. Amazoniako oihanera joango den talde bateko partaide izateko eskatzen dizute. Talde horrek ehizatik eta bilketatik bizi den herri batekin jarri behar du harremanetan. Zure egitekoa nekazaritzaren onurak azaltzea da. Zer esango zenieke? Zer uste duzu erantzungo luketela?”. Ikasleen hasierako arrazoiak eta adierazpenak jasotzea interesatzen zaigu, inolako esku-hartzerik gabe. Emaitza oso interesgarria da: irakasleak ematen dien informazioak sortzen dizkien sinesmenak eta uste okerrak ikusten eta azaleratzen laguntzen du, horrek ikastea zailtzen dielarik. Hurrengo eskola orduetan hasierako ideiak zalantzan jarriko ditugu eta informazio berria emango zaie hasierako ikuspegia berrikus dezaten eta gaur egun adituek ematen dizkiguten azalpenetara hurbil daitezen. Ikusten duzuen moduan, ereduaren abiapuntua teoria soziokulturalak eta eraikitzaileak dira. Baina ez da horretara mugatzen, alderdi gehiago ditu.

“Eredu komunikatiboak” hainbat alderdi dituela aipatu duzu. Ikus dezagun zer proposatzen duzun horietako bakoitzean. Lehenbizi, hizkuntza gaitasunak hobetzea aipatu duzu. Zer hartzen da kontuan arlo honetan?

Gauza jakina da ikasle askok zailtasunak dituztela ahoz zein idatziz espresatzeko. Haatik, hizkuntza behar-beharrezkoa da komunikatzeko eta partekatzeko, eraikitzeko eta berregituratzeko, eta, batez ere, oso garrantzitsua da pentsamenduarekin duen loturagatik. Hizkuntzak gauzei izena jartzen die eta “pentsatzea” ahalbidetzen du. Horregatik, eta ikasgai bakoitzaren berezitasunengatik, hizkuntza gaitasunak hobetzeko erantzukizunak irakasle guztien artean partekatua izan behar du, ez hizkuntza ikasgaiko irakaslearen egitekoa soilik. Matematikari, musikari edo zientziei buruz hitz egiten, irakurtzen eta idazten non ikasten da? Ikasgai horiei buruzko eskola orduetan.
Adibide bat jarriko dut. Irakurketa ezinbesteko ikasketa da eta Lehen Hezkuntzan hasi arren, Bigarren Hezkuntzan jarraitu egin behar da. Horregatik, irakasleek eta ikasleek elkarrekin erabaki behar dute nola egin eta zer egin hobeto irakurtzeko: irakurtzen hasi aurretik, irakurri bitartean eta irakurri ondoren nola egin barneratu, eta noski, testu interesgarriak irakurri matematikako edo historiako eskoletan. Beti ikasten diren edukiekin erlazionatutakoak. Eta pentsaraztera bultzatzen duten galderak egin, ez erreproduzitzaileak soilik. Irakurketa kooperatiboaren moduko estrategiak erabiltzeak ere aukera asko eskaintzen ditu.
Era berean, oso garrantzitsua da ikasleekin hainbat aditzen definizioa adostea: zer da deskribatzea, argumentatzea, azaltzea, justifikatzea…? Hau da, zer eskatzen diegu kasu bakoitzean? Ezin zaie esan: “azal ezazu prozesu hau, zergatia eta justifika ezazu erantzuna”. Oso esaldi txarra da. Irakasleak hausnartu egin beharko luke zer eta nola eskatzen duen eta zehatzagoa izan beharko luke aditz horien definizioarekiko.
Nik lehen linboan sinesten nuen. Ikasleei “azaldu, konparatu edo deskribatu” esaten nienean, pentsatzen nuen ikasleek definituta zeukatela beren buruan hori zer zen, bazekitela zer eskatzen nien eta ez zela beharrezkoa inolako argibiderik ematea. Galdera ulertzen zutela pentsatzen nuen. Norbaitek, mementoren batean –linboan- azaldu ziela uste nuen. Baina hori ez zela horrela konturatu nintzen. Alegia, kasu bakoitzean zer nahi dugun azaldu eta partekatu behar dela eurekin.
Gainera, J. M. Adam hizkuntzalariak ezarritako testuen ereduari esker, badakigu deskribapen, azalpen edo argudio on batek nolakoa izan behar duen eta adibideak jar ditzakegu. Argudio testu on bat idatz dezaten nahi baduzu, ereduak eta informazioa eman behar zaizkie, eta gainera, testu hori idazteko egokia den testuingurua sortu behar da, hau da, ekintzari zentzua emango dion motibo bat.
Nik uste dut, alderdi linguistiko horiek lantzen baditugu, pentsamendua garatzen dugula eta hobeto ikas dezaten laguntzen diegula, betiere edukiari eta hizkuntzari lotuz.

Eredu bakar batek balio al du ikasgai guztietarako? Adibidez, argudio testu eredu berbera erabiltzen al da matematikan eta giza zientzietan?

Zuzenbidean lizentziatua denak legeari buruzko galderak egiteko modu bat ikasten du; sintaxi zehatz bat, lexiko konkretu bat, gramatika propioa… ditu. “Abokatu batek bezala hitz egiten du” esan ohi dugu. Edukia eta forma ikasi ditu. Medikuek medikuek bezala hitz egiten eta idazten dute. Nik historia ikasi nuenean, historialarien idazteko ereduak ikasi nituen, haiek bezala idazten ikasi nuen, imitatu egin nituen. Eta hausnartu gabe ikasi nuen haiek bezala idazten.  Baina, orain, konturatzen naiz beste modu batera ikasteak dituen aukerez.
Edukia eta forma aldi berean ikasten direla nioen. Esate baterako, paisaje baten deskribapena ez da berdina izango geografiako eskola orduan edo hizkuntzako eskola orduan egin. Aldiz, testuaren tipologia, forma… berberak izango dira: esaldi motzak, predikatiboak, ondoriozkoak edo koordinatuak…
Gainera, mapa bati buruzko komentarioa eta grafiko bati, argazki bati… buruzkoa antzekoak dira: sarrera, deskribapena eta azalpena. Beraz, horietako eredu bat ikasia baldin badaukazu, gainerakoak errazago ikasten dira, egitura berbera baitute eta idatzi beharreko testuak egitura gramatikal berbera baitu. Zoragarria da. Beste testuetarako ere balio duen egitura bat ikasi duzu.
Eta hori edukiekin lotu behar da. Hizkuntzako irakasle zen lagun bat azalpen testuak lantzen ari zen. Horretarako, Giza Zientzietako testuak erabiltzen zituen. Testu horiekin gero zer egiten zuen galdetu nion nik. Ez zuela ezer egiten esan zidan, berari testuak nola antolatuta zeuden interesatzen zitzaiola, ez edukia. Niri alferrik galtzea iruditzen zait. Zeren, behin formari begiratzen ari zarela, eman edukiari ere erabilera bat, gai bat ikasteko behar duzun informazioarekin lotuta egon dadila. Hark eredu gisa erabili zituen testuek ez zuten inolako erabilerarik edukiaren aldetik.

Gaur egun konpetentziei garrantzi gehiago ematen zaie edukiei baino. Zer iruditzen zaizu?

Azken batean, konpetentziak edukiak dira. Lan kooperatiboa jarriko dut adibidetzat. Konpetentziez hitz egiten hasi aurretik, lan kooperatiboa gela antolatzeko modu bat zen. Gaur egun, konpetentzia da. Zergatik? Nola garatzen dituzu gaitasun sozialak, adierazkortasuna, gainerakoekin erlazionatzeko gaitasuna, partekatzeko gaitasuna…? Bada, modu bat kooperatiboki lan egitea da. Hau da, lehen hautazko zerbait zena orain zerbait zentrala bihurtu da. Gauza bera gertatzen da hizkuntza gaitasunekin.
Gainera, konpetentziak ezin dira ikasi edukirik gabe. Ordenagailuaren adibideak hori hobeto ulertzeko balio dezake. Gaitasun kognitiboak ordenagailuaren hardware-a bezalakoak dira. Ordenagailu batek gaitasun zehatz bat dauka, eta horren arabera, programa batzuk sartzen dira eta beste batzuk ez. Guri gauza bera gertatzen zaigu. Gaitasun bat daukagu, baina horrek ez du funtzionatzen edukirik jartzen ez badiogu. Gaitasun horrek ez du ezertarako balio informazio paketeak jartzen ez badizkiogu (software). Edukirik gabe bestea ez da existitzen. Dialektikoa da. Edukiak behar dira gaitasunak garatzeko. Eta gaitasunekin edukiak garatzen ditugu. Dialektikoa da.
Horrez gain, ezagutza gutxietsi egiten dela ere uste dut. Bai, konturatzen naiz horretaz.

Zer esan nahi duzu ezagutza gutxietsi egiten dela diozunean?

Adibidez, testu bat irakurtzen denean, irakurleak ematen du informazioaren zati handi bat, irakurtzen duenak. Orduan, irakurle horrek ez baldin badaki hitzek eta kontzeptuek zer esan nahi duten, ez du testua ulertzen. Hau da, ezin da ulertuz irakurri, baldin eta aurretik informaziorik ez baldin baduzu. Nik neuk fisika kuantikako testu bat irakur nezakeen, baina ez nuke ezertxo ere ulertuko kontzeptuak falta zaizkidalako.
Harritu egiten nau ikasleen irakur abiadura neurtu nahi izateak. Zertarako balio du irakurketa abiadurak? Ongi dago azkar irakurtzea, entonatuz… baina, helburua ulermena da. Irakurleak hiztegia ulertu behar du eta egoera ulertzeko edo testuingurua ulertzeko gakoen edo patroien egitura mentalak eduki behar ditu. Patroirik gabe ez duzu ezer ulertzen. Oso argigarria da 70eko hamarkadan ikerlari amerikar batzuek egin zuten esperimentu zahar bat. Testu berbera eman zieten hiru talderi. Lehenengo taldeari testua izenburu eta guzti eman zioten: “garbigailua erabiltzeko argibideak”. Talde osoak ulertu zuen, ez zen inolako arazorik egon. Bigarren taldeari testua izenbururik gabe eman zioten. Ez zuten ulertu. Orduan, izenburua eman eta ulertu egin zuten. Hirugarren taldeari ez zioten izenbururik eman eta ez zuten ulertu. Izenburuan dago gakoa, izenburuak ematen du patroia.
Testu hori sarritan erabili dut irakasleekin eta beti gauza bera gertatzen da; ez dute ulertzen testuingururik gabe, harik eta gakoa ematen diedan arte, hots, izenburua. Buru eskema horiek behar ditugu (egoerak, munduaren ezagutza, gauzen ezagutza…) testua ulertzeko. Eta gero, kontzeptuak. Testuko hitz asko ez badituzu ezagutzen, edukiak alde egiten dizu. Horrexegatik, ikasleek, ezagutzarik ez baldin badute, ez dute inoiz ere ulertzeko moduan irakurriko.
Zenbait adinetan neska-mutilek eta gaztetxoek ikasteko gogo handia izaten dute. Uste dut une hori aprobetxatu beharko litzatekeela, hau da, euren jakin-minarekin lotura duten ikaskuntza egoerak eskaini beharko litzaizkiekeela. Zientzietako, naturako, geografiako, historiako… informazioa eman beharko litzaieke. Jakin-mineko une hori aprobetxatu beharko litzateke, une horretan informazioa oso erraz barneratzen baitute. Eta gero, horrek beste gauza batzuetarako balio du, geroago informazio berria prozesatzeko.

Hizkuntza gaitasunei buruz hitz egin dugu. Baina proposatzen duzu eredu didaktikoak alderdi gehiago ere baditu. Hitz egiguzu horiei buruz.

Bai, hala da. Beste alderdi garrantzitsu bat lan kooperatiboa da, berdinen artean hitz egitea argudiatuz, ideiak defendatuz… Iritzi truke horrek erraztu egiten du fenomeno bati buruzko ulermena. Horrez gain, oso komenigarria da ikasleak ekintzaren erdigune izatea. Hau da, gelan ez dadila nagusitu irakaslearen aurkezpena, non azalpenak eman eta ikasleak ariketak egitera mugatzen diren. Izan dadila ikasleei helburu intelektual txikiak planteatzen zaizkien eskola ordua. Hau da, arazoetan, egoeratan, galde-erantzunetan… oinarritutako ikaskuntza.
Horrekin batera, garrantzi handia ematen diogu berdinen arteko ikaskuntzari. Beti erabili behar ditugu ikasleen arteko elkarrekintzak bultzatzen dituzten metodoak. Zeren, asko ikasten baita berdinen artean, besteei lagunduz eta besteengandik laguntza jasoz. Ezagutzaren eta norberaren arteko bitartekaritza adin bereko batek ere egin dezake. Berdinen arteko ikaskuntza hori oso indartsua da  behar den moduan bultzatzen bada.

Nola bultzatzen da berdinen arteko ikaskuntza behar den moduan?

Abiapuntua ez da ikasleei ikasi beharreko azalpen bat ematea eta hori aplikatzeko ariketak egitea. Baizik eta galdera bat edo egoera bat planteatzea eta pentsatzen, bilatzen, ikertzen, antolatzen, galderak egiten… uztea. Eta azkenean, hori guztia antolatzea. Prozesu bat da. Eta hori egiteko oso interesgarria da lan kooperatiboa: elkarrekintzan eta elkarri laguntzen aritzen diren talde txikiak osatzea.

Horrek guztiak autonomia garatzen eta ikasteko metodoa hobetzen laguntzen al du?

Bai, baina laguntzekin. Hau da, ikasleari ikasteko sistema propio bat garatzen lagundu behar zaio, pixkana-pixkana hobetuz, sistema hori eutsiko duten jarraibidedun aldamio batekin. Lehendabizi, eskaera zein den ulertzen lagundu behar zaio, zer den eskatzen zaiona; eta gero, aurreikusten eta egin aurretik planifikatzen. Pertsona adituek, zerbait egin aurretik, planifikatu egiten dute: zer da eskatzen didatena eta zer egingo dut. Ikasle askok ez dakite planifikatzen eta eskoletan ere ez da irakasten. Horregatik, horretarako, orientazio oinarriak erabiltzen ditugu: zeregin bat egiten hasi aurretik zer egingo duten, zer pauso jarraituko dituzten eta zein ordenetan emango dituzten jakiteko tresna batzuk dira. Benetan oso erabilgarriak dira eta horrela prozesua automatizatu egiten da, “ikasten ikasi” delakoaren erremintak dira.

Ebaluazioa. Metodo didaktiko honek ebaluazioan ere aldaketak ekarriko dituela pentsatzen dugu.

Bai, noski. Ebaluazio ekintzak prozesuan barneratzen dira eta ikasketa ekintza bihurtzen dira. Oso erabilgarriak dira irakaslearentzat ikasleei gauzak nola egin behar dituzten adierazteko, eta gauzak zergatik dauden gaizki edo ongi esateko. Normalean irakasleek ebaluazioa prozesuaren amaieran erabiltzen dute, emaitza ona edo txarra den esateko. Aldiz, guk beste modu batera jokatzea proposatzen dugu. Irakasleak ebaluatzeko zein irizpide erabiltzen dituen azaltzen badie ikasleei eta haiekin partekatzen baditu oraindik esku arteko lana egiten ari direnean,  balio handiko ikasketa erreminta bat bihurtzen da. Ikasleari ikasteko asko balio dion zerbait eman dio.
Eginkizun bat ongi dago baldin eta baldintza batzuk betetzen baldin baditu, horiek identifikatzen baldin badira eta ikasleak bereganatzen baldin baditu. Horrela askoz ere azkarrago aurreratzen da. Irakasleak ikasleekin partekatzen baldin badu jarraituko duen araua eta zer begiratzen duen zuzentzen duenean, ebaluazio irizpideak ikasteko laguntza handian bihurtzen dira. Eta gainera, notaren gaineko berrikuspenak amaitu egiten dira horrela. Beste kontu bat konpetentzien curriculumeko azken ebaluazioa da. Baina, gai horrek beste elkarrizketa baterako ematen du.

Irakasleek sinesten al dute eredu didaktiko honetan? Praktikan martxan jartzen al dute?

Nik uste dut ereduaren borondatea ikusten dutela. Baina programek proposatzen dituzten eduki kantitateak gainezka egiten diete. Nahiz eta prestakuntza aldetik esan hori ez dela hain garrantzitsua, programa asko bete behar duten uste osoa dute. Eta noski, programa asko betetzeko modua azalpena da, nahiz eta ikasten dutena azalekoa izan eta berehala ahaztu. Bigarren Hezkuntzako eskolen antolaketa taylorista edo lantegietakoa ere oztopo bat da.

Selektibitateak eragin al dezake presio horretan?

Selektibitatea ere aldatzen ari da. Orain dela gutxi Zientzietako proba interesgarri bat ikusten aritu nintzen. Irrati programa bateko elkarrizketa baten transkripzioa zen. Bi pertsonen artekoa, bata zientzialaria eta bestea ez. Sumendiei, tsunamiei eta horrelako gaiei buruz ari ziren eztabaidan. Bakoitzak bere argudioak eta ikuspegia azaltzen zituen. Ikasleei ematen zituzten baieztapen haietatik zeinekin zeuden ados eta zeinekin ez identifikatzeko eskatzen zitzaien, eta justifika zezatela zergatik. Hau da, lehen aipatu duguna eskatzen zitzaien, testuinguru batetik abiatutako eredu zientifiko bat erabiltzeko eskatzen zitzaien. Selektibitatetik datorkigun mezu hori ona da.

Eskola porrota. Kezkatzen zaituen gaia al da?

Dudarik gabe, arazo larria eta heltzeko zaila da. Eskola arazoak 10 urterekin agertu ohi dira eta 16 urtera arte hazten joaten dira. Eskolarekiko interes galtzea eta asmo gaiztoen prozesua gero eta handiagoa da eta progresio geometrikoan hazten da. Lehen zailtasunak agertzen direnean esku hartzen ez bada, gero eta zulo handiagoa sortzen joaten da, azkenean porrotera eta eskola uztera iritsi arte. Ikasteko zailtasunak dituzten ikasleek berehalako laguntza behar dute, bestela, galdu egiten dira. DBHra pasatzen direnean, kasu askotan beranduegi izaten da. Sistemak garaiz antzemateko eta garaiz laguntzeko arduratu beharko luke. Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarako aldaketa ongi egitea ere garrantzitsua da. Jarraipena funtsezkoa da: oinarrizko konpetentziei buruzko ulermena partekatu, ebaluazio kriterioak partekatu…
Katalunian, DBHko zenbait zentrotan, ikasleen herenak baino gehiagok porrot egiten du. Asko da eta eskola publikoan arazoa areagotu egiten da, zeina asistentziala bihurtzen ari den. Izan ere, bertako ikasleek ikasketa maila arrazoitsua lortzea nahi baldin bada, giza baliabide eta baliabide tekniko eta material asko behar dira. Herena gehiegi da. Oso zaila da jarraitzen ez duen, irakurtzen duena ulertzen ez duen, zailtasunez idazten duen ikasleen herenarekin gela batean lan egitea.

Zer beharko lukete berriro ikasteko eta ulertzeko eta zailtasunak gainditzeko?

Bi faktore bereiz ditzakegu: familiari lotutakoak eta eskolari lotutakoak. Gauza jakina da alderdi sozioekonomikoek eta kulturalek garrantzi handia dutela eskola porrotean, nahiz eta aukera berdintasunean indarra egin. Perrenaud-en arabera, “familien kapital kultural gabeziak eskola proiektuan eragin egiten du”. Amaren (edo familiako erreferentziazko pertsonaren) ikasketa mailaren eta eskola arrakastaren arteko korrelazioa ere ezaguna da.
Beste aldetik, porrota ez da homogeneoa. % 15arentzat gutxi gorabehera, errekuperazioa eskolaren esku dago: bere antolaketa, harrerazko egiturak eta irakasle talde indartsuak,  hartzen diren neurri berdintzaileak, eskolako metodologia, familiaren laguntza eta bere kapital kulturala. Beste % 10arentzat askoz ere aldaketa handiagoa beharko litzateke heziketa kulturan. Eta gainerakoarentzat, uste dut oraingoz sistemak erantzun gutxi dituela beraien arazoentzat.
Beste herrialde batzuetan alderdi soziokulturalek ez daukate hainbesteko pisurik. Hitzaldi batean, Andres Schlicher-ek (OCDEko Hezkuntza zuzendaria) hiru faktore aipatu zituen Finlandiako eredu arrakastatsuari buruz hitz egin zuenean: 1) ikasleekiko itxaropenak arrakastaren motor gisa, helburuak planteatzea, ikasleen inplikazioa lortzea, ikasteko ingurune positiboa lortzea; 2) laguntza eta oinarri sendoak, ikasleentzako laguntzak ongi diseinatzea eta irakasleentzako laguntzak (bakarrik ez sentitzea); 3) zentroen autonomia, erabakiak har ditzakete eta euren testuinguruaren araberako helburuak jartzen dituzte. Ez dakit gure testuingururako balio dezaketen.

Hizkuntza gaitasunei buruz hitz egiten ari gara, idazten eta irakurtzen jakitea… Zer erlazio eduki dezake horrek teknologia berriekin eta horrek dakarren idazteko eta komunikatzeko moduarekin? Zeren, ez dira berdinak…

Katalunian moodels-ak erabiltzen hasi dira irakasleen eta ikasleen arteko komunikazio tresna gisa, eta aldaketa nabaritzen da. Beste maila batean, ikasleek etengabe erabiltzen dituzte sms-ak, chat-ak, posta elektronikoa… eta erabiltzen duten idazkera naturala da, kode propioak dituena. Zenbait Hizkuntzako irakasle hortik abiatzen dira eta proposamen interesgarri eta berritzaileak dira. Ikasleen idazkera mota hori aprobetxatzen dute, ikasleek idazten dutenetik abiatzen dira, egiten dutena eta nola egiten duten aztertzen dute. Eta gero, idazteko beste eredu batzuk ezagutzen dituzte. Ikasleek ez dutela idazten esaten da, baina idazten dute, eta asko, baina beste testuinguru batean.
Ikaslea oso azkar ari da aldatzen. Eta ikasteko moduak ere aldatzen ari dira. Etengabe konektatuta daude, ikasten ari dira, baina, aldi berean, chateatzen… Aldaketa handien atarian gaude.

Nola ikusten duzu eskola aldaketa une honetan?

Eskolak egokitu egin beharko du. Belaunaldi aldaketa dator, irakasle asko erretiratzen ari dira eta etortzen diren gazteek zailtasun gutxiago dituzte gelan teknologia berrietara egokitzeko. Edonola ere, ez dut uste egokia denik aldaketa teknologietan soilik jartzea indarra. Ongi dago ordenagailuak eta Internet ezagutzea eta erabiltzea, baina orain arte esan dugun guztiarekin batera. Hau da, ez dugu santu bat erantzi behar beste bat janzteko. Bi gauza uztartu beharko lirateke: teknologien erabilera eta irakasleek ikasketari buruzko ideia oso argiak edukitzea. Besteak beste: zer den oinarrizkoa, nola eraman hori aurrera, ikasitakoa egituratzearen garrantzia…
Eta badago beste puntu garrantzitsu bat ere. Informazioa ez dago liburuetan soilik, beste mundu ireki bat dago: Internet. Mundu horretan mugitzeko irakurleak kritikoa izan behar du. Irakurle kritiko bat kritikoki irakurriz formatzen da, eta irizpidea eta ideologia edukiz. Irakurketa kritikoa bultzatu beharko genuke eskolan.

Nola laguntzen zaio ikasle bati irakurle kritikoa izaten?

Adibidez, testu baten aurrean gauza hauek identifikatzen ikasiz: egilea zein den, haren asmoak eta sinesmenak zein diren, non argitaratua dagoen, zein urtetan, zer nahi zuen, zer defendatzen duen, zein galdera egiten dituen, zein galdera erantzuten dituen, zer ekarpen egiten duen, zein galdera berri sortarazten dituen… Garrantzitsua da testuari distantzia batetik begiratzea perspektibarekin ikusteko. Hori da irakurketa fokatzeko modua.
Lehen Hezkuntzako irakasleen mintegi batean zera proposatu nien irakasleei: ikasleek testu bat nola irakurri jakiteko, orientazio oinarriak eraikitzea. Oso interesgarria izan zen. Batzuek elkarrizketak grabatu eta transkribatu egin zituzten. Harritu egin ninduen LH 4ko ikasle batzuek honako hau esatea andereñoari: “ez diguzu esan nor den testu honen egilea”. Egilea Oscar Wilde zen. “Guk jada irakurria dugu gizon horren testu bat, gustatu egin zitzaigun eta badakigu nor den”. Haurrek badute gaitasun hori. Eta alderdi hori ez gutxiestea oso garrantzitsua dela pentsatzen dut. Zeren guk egunkari bat irakurtzen dugunean, zenbait artikulu irakurtzen ditugu eta beste zenbait ez, egilearen arabera. Hori ikasi egiten da. Irakurle adituak nahi ditugu eta irakurle aditua irakurle selektiboa da. Irakurle aditu batek egiten duen lehen gauza aurrean daukana bereiztea izaten da. Eta hori, sarean dagoen guztiarekin, irakatsi egin behar da, inoiz baino zorrotzagoa izan behar da. Esate baterako, jakin egin behar da zein iturri diren egokiak, denak ez baitira sinesgarriak. Iturri egokiekin dokumentatu behar da. Hori ikasi egin behar da. Eta horretarako, hezi egin behar ditugu.

Bukatzeko, hitz egiguzu unibertsitatean gidatzen duzun Argó programaz. Zer-nolako proiektua da?

Argonauten itsasontziak Argos izena zuen eta hortik dator Argó proiektuaren izena. Programaren helburua Bigarren Hezkuntzaren eta unibertsitatearen arteko trantsizioa hobetzea da. Hortaz, “unibertsitaterako bidairen” laguntza moduan planteatu nuen, non azkenean, Jasonek bezala, urrezko ardilarrua aurkitzen duten, kasu honetan, ikasketak, jakituria.
Programa hau harremanak estutzen saiatzen da, unibertsitatea Bigarren Hezkuntzako irakasleengana, ikasleengana eta familiengana hurbiltzen. Programaren ideia unibertsitatea Bigarren Hezkuntzari irekitzea da, unibertsitatean baitago ezagutza. Unibertsitateak eskaintzen duen markoa aprobetxatzen dugu: hitzaldiak, ikerketen aurkezpenak, erakusketak… eta Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako ekintzak antolatzen ditugu. Unibertsitatea oso azkar ari da aldatzen (gradu berriak, aldaketa metodologikoak, ebaluazioko aldaketak…) eta programaren bitartez Bigarren Hezkuntzako irakasleak horren jakitun izaten ahalegintzen gara. Horrela baino ez diete lagunduko euren ikasleei goi mailako ikasketak egin nahi badituzte edota euren gelan aldaketak egin nahi badituzte.

Azal iezazkiguzu Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat prestatzen dituzuen ekintza batzuk.

Esate baterako, nobel saridun bat edo antzekoren bat etortzen baldin bada hitzaldi bat ematera, horren berri ematen diegu eta hitzaldirako sarrera errazten diegu. Gainera, gai horri lotutako mintegi bat antolatzen dugu, edota ikerketa talde bat ikusteko bisita. Orain dela gutxi “Pa Negre” filmari buruzko saio bat egin genuen. Filma ikusi genuen, eta gero, Historiako irakasle batek gerra ondorengo gakoak azaldu zituen. Liburuaren egilea (Emili Teixidor) ere etorri zen eta Literaturako irakasle batek elkarrizketa egin zion. Azkenik, zineman aditua den irakasle batek filma aztertu zuen eta proposamen didaktiko bat egin zuen. 350 irakasle etorri ziren.
Gai berean aritzen diren Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko irakasleentzako mintegiak ere antolatzen ditugu. Adibidez, matematikaren arloan, iaz ikuskari bati Batxilergoko matematikako curriculuma azaltzeko eskatu genion, eta irakasle talde bik benetan gai horretako ikasgaietan zer egiten den esplikatu zuten. Batez ere unibertsitateko irakasleak joan ziren entzutera. Iristen zaizkien ikasleengandik zer espero zezaketen jakin nahi zuten. Aurtengo ikasturtean alderantziz egingo dugu: ikasketa askotariko matematikako lehen mailetako irakasleek (ikasgai askotan dago irakasgai hori) zer egiten duten azalduko diete Bigarren Hezkuntzako irakasleei: zer gai lantzen dituzte, zer metodologia erabiltzen duten, nola ebaluatzen duten… Eztabaida interesgarria izango da, dudarik gabe.

Eta ikasleentzat?

Ikasturte honetan Batxilergoko 800 ikasle etorri dira kimikako laborategietara. Egunero goiz osoak pasa dituzte 50nakako taldetan kimikako laborategian. Kimikaren urtea da eta Kimikako Sailak bere ateak ireki nahi zizkien Batxilergoko ikasleei. Guk, geure programatik, saio horiek antolatu genituen eta hainbat gauzatan lagundu diegu: ekintzaren diseinua egiten, zentroekin komunikatzen, izen-ematean, ebaluazioan…
Ikasleak adituen laguntza bila ere etortzen dira unibertsitatera, Batxilergoaren amaieran ikerketa lan bat entregatu behar baitute. Horrez gain, Udako Campusa antolatzen dugu eta urtero Batxilergoko lehen maila egindako 180 ikasle etortzen dira. Bi, hiru edo lauko taldetan jartzen ditugu eta ikerketa taldetan, laborategietan, sailetan eta abar banatzen ditugu hiru astetan zehar. Eurek aukeratzen dute interesatzen zaien arloa, ikerketa taldeekin kolaboratzen dute eta praktikak egiten dituzte.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Argó programak arrakasta handia du. Zortzigarren edizioa dugu aurtengoa eta oso ongi funtzionatzen du. Jasangarria den proiektua da, ez baitugu ia aurrekonturik behar. Kostu ekonomikoa oso baxua da eta sortzen dituen irabaziak oso altuak.

 

“Ikaskuntza sistema on bat eraikitzen laguntzeari” dagokionez, irakasle batek zera esaten zidan: “Baina ikasle batek galdera bati erantzuten baldin badio, utziozu, erantzuna eman dio”. Eta zera erantzuten nion nik: “bai, baina matematikoek esaten dute arazo bat ebazteko modu dotoreak eta baldarrak daudela. Guk bide eraginkorrak eta dotoreak ikasten irakatsi behar diegu. Eta batez ere, bide horiek jorratzeko laguntzak eman”.