Bilboko euskal museoa Jatorrira bidaia

Gure gizartearen historia eta kulturaren bilakaera bertatik bertara ikusteko aukera ematen dio museoak bisitariari. Nola bizi ziren garai bateko arrantzaleak? Nola bizi ziren Ameriketara joan ziren artzainak? Eta, zerekin jolasten ziren? Nola janzten ziren? Ze bilakaera izan dute euskal herriek? Galdera horien guztien erantzunak ematen ditu Euskal Museoak, antzinako materialekin eta irudiekin.

Lehen solairuan artzaintza-kultura, itsasoa, zeramika, armak eta ehunei eskainiriko erakusketa iraunkorrak daude. Areto ilunean sartu eta haurrei berehala deitzen die arreta tamaina errealeko egurrezko ontzi batek, eta urrun ikusten dute garai hartako euskal herritarren errealitatea eurenarekin alderatuz. Duela pare bat mendetako ontzien erreplikak, arrantzurako aingura, kainabera, saski edo bestelako tresna zaharrak, arropak edota arrantza eta kristau fedea lotzen dituzten irudi ugari ikus daitezke aretoan, eta baita herri arrantzale baten erreplika ederra ere. Aurrerago, bestalde, artzaintzari eskainitako gunean, Ameriketara joandako artzainek jolaserako erabiltzen zituzten kartak ikustean konturatzen dira haurrak: “gauza batzuetan ez gara batere aldatu!”.
Euskal Museoan egiten den urrats bakoitza, euskal historian egiten den urratsa da, kulturaren bilakaera ezagutzeko. Bilakaera hori munduari begira dago batetik, baina era berean, Euskal Herriko izaera propioa agerikoa da. Ehungintzari eskainiriko aretoan oso nabarmen ikusten da, hariak, ehunak eta oihalak sortzeko tresneriari begiratuta, aurreko mendeetako euskal herritarrek atzerriko tresneriaren antzekoa erabiltzen zutela, baina euren ohituren eta beharren araberako jantziak egiten zituzten, Euskal Herriko ezaugarri batzuei jarraituz.

Artzaintzatik eta arrantzatik, merkataritzara

Bigarren solairuan loza eta portzelana ederrak daude, Euskal Herriko lantegietan eguneroko zereginetarako XVIII-XX. mendeen artean erabiltzen zituzten loza eta portzelanazko objektuak ikus daitezke.
Hirugarrengo solairuan, berriz, Bilboko kontsulatuaren erakustaldia eta Bizkaiko maketa daude. Oso tamaina handikoa da Bizkaiko maketa, eta bisitariak txori begiz bezala ikus ditzake goitik Bilbo eta inguruko herriak.
Bilboko kontsulatuaren bulegoak zirenetan sartzearekin batera, historia lezio bat ikasiko du bisitariak. XIV. mendea arte arrantzale eta nekazari izandako herritar asko merkatari, armadore eta nabigatzaile bihurtu ziren XIV. mendean. Bilboko merkataritza-jarduera oparoena XVI. mendean izan zen, museoan ikus daitekeenez, eta herrialdearen merkataritza eta nabigazio-lanetan foruek zein nolako garrantzia zeukaten ere bistarazten du, besteak beste. Hiru mende inguru iraun zuen Bilboko Kontsulatuak, eta Espainiatik igaro gabe, bere ordezkaritza zeukan Bruselako juntan.

Eulalia Abaituaren zuri-beltzeko erretratuak

Beheko solairuan aldi baterako erakusketan jartzen ditu museoak, eta maiatzaren 29a arte Eulalia Abaitua argazkilariari eskainirikoa egongo da ikusgai. Eulalia Abaitua Bilbon jaio zen 1853an, familia burges batean. Liverpooleko gaztelu batean bizi zelarik deskubritu zuen argazkilaritza, eta sendieak eta herritar arruntak erretratatzen hasi zen, xafla estereoskopikoak erabiliz. 1941ean zendu zen Bilbon. Zuri-beltzeko bere erretratuekin areto bat bete du Bilboko Euskal Museoak.

  •  Museo gehiago Bilbon:

Bilboko Arte Eder museoa

XII. Mendetik gaur egunera arteko obrak biltzen ditu museoak, Grekoa, Murillo, Zurbaran, Goya, Zuloaga, Arteta, Txillida, Oteiza… Haur eta Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzenduriko proiektuak ditu museoak. www.museobilbao.com

Bilboko Itsasadarra museoa

Bilboko itsasadarrean eta horretatik bizi izan diren gizon eta emakumeen historia, kultura eta nortasuna babestea eta hedatzea da museoaren egitekoa, eta haurrei zuzenduriko programa bereziak dituzte. www.museomaritimobilbao.org

Guggenheim museoa

Arte moderno eta garaikidea jasotzen eta erakusten du bilduma iraunkorreko eta aldi bateko erakusketekin Frank O. Gehryren eraikinean. Artelanak jolasen bidez aztertzeko heziketa-programak dituzte haurrentzat. www.guggenheimbilbao.es