Herritarrak hezkuntzaz hausnartzen

Hasierako helburu hori guztiz bete zuten azaroan O3TEN.HSN Orio Iruten jardunaldiekin. Sei hilabete lehenago lanean hasi eta berehala, “herritarren borondatea eta harrera ona” jaso zituzten antolatzaileek, Eider Salegi eta Ainara Peña antolatzaileek nabarmendu dutenez. “Oso borondate oneko jendea topatu genuen berehala, esparru ugaritako jendea oso pozik agertu baitzen hasieratik, eta doan lan egiteko eta beren denbora eskaintzeko prest gerturatu zitzaigun jendea”. Lan horren guztiaren emaitza ere oso positiboa izan da antolatzaileentzat, “aspaldian herrian antolatu den ekitaldi jendetsuenetakoa eta parte-hartzaileenetakoa” izan baita Orio Iruten.

Curriculum propioa osatzeko edukiak
Jardunaldiek hezkuntzarekin loturiko hainbat gai ukitu zituzten sei egunetan zehar, curriculum propio batean lekua izan behar luketen gaiak guztiak ere. Hasteko, herritik bertatik hasi ziren, Benito Lertxundi abeslari oriotarra  mintzatu baitzen, herrian jendaurrean lehen aldiz partekatu zituelarik Ez dok Amairurekin eta geroago ere Euskal Herrriaren eta euskal kulturaren inguruan bizitako esperientziak; Euskal Herriaren historiari begirada bat bota zioten jarraian, Nabarraldeko Beñi Agirreren eskutik, baina gaur eguneko gaiak ere ukitu zituzten Bilgune Feministaren eskutik, esate baterako, hezkidetzaren inguruko hitzaldi batekin.
Sei egunetan mahai-inguruentzako tarterik ere izan zen jardunaldietan, EHBE Euskal Herriak Bere Eskolak, Hik Hasik eta Porrotxek Euskal Herriko hezkuntza-sistema aztertu zuten alde batetik, eta Oriora etorririk, beste mahai-inguru batean herriko hezkuntza eragile guztiak batu zituzten lehen aldiz jendaurrean mahai baten inguruan, Orioko Herri Ikastola, Zaragueta Eskola, Haurreskola, Musika Eskola, Txurrumuski aisialdi taldea eta Mugabe helduen eskola. Antolatzaileentzat azken ekitaldi hori bereziki garrantzitsua izan zen, “argazki esanguratsua da herriko hezkuntza eragile guztiak elkarrekin azaltzea, eta horrek aurrerantzean etor daitezkeen proiektuen hasiera izan behar luke”.

Herriko Eskola Kontseilua helburu

Jardunaldien ekarpen nagusia herritarrek eurek hezkuntzaren inguruan hausnartu izana da, Foro Independentistaren arabera: “Adibide konkretuen gainean hausnartuz, jendeari eskema asko aldarazi zizkieten jardunaldiek”, adibidez, Euskal Herriko historiari buruz ematen den heziketari buruz edo heziketa parekideari buruz. Izan ere, hezkuntzaren inguruko hausnarketak errealki planteatu zizkieten herritarrei, bai hezkuntzarekin harreman zuzena duten ikasle, guraso edo hezitzaileei, baina baita hezkuntzarekin hain harreman estua edo zuzena ez duten bestelako langileei ere. “Hezkuntzan zuzenean ari ez direnak ere inplikatu egin ziren, eta ohartu ziren hau guztien ardura dela, guztioi eragiten digula, eta nazio bat eraiki nahi badugu funtsezko tresna dela hezkuntza”.
Bigarren ekarpena aurrerago gauzatuko da, jardunaldietatik ateratako hausnarketa eta ondorioei forma emateko garaia baitute orain oriotarrek. Alde batetik, jardunaldietan, hitzaldietan nahiz mahai-inguruetan, azaldu diren ideiak eta hausnarketak hainbat euskarritan argitaratzeko asmoa dute. Eta bestetik, hau litzateke Foro Independentistak jardunaldi hauekin erdietsi nahiko lukeen helburu nagusietako bat, Herriko Eskola Kontseilua sortzea dute xede, eta horri loturik, herriko haur guztiek partekatuko duten Orioko curriculum propioa garatzea.

Herriz herri zabaldu dadin

Orio Iruten ekimenak herrian izan duen onespena eta arrakasta ikusirik, bertan garatu duten esperientzia beste herrietara zabaltzea gustatuko litzaieke orain antolatzaileei, eta eurak horretan laguntzeko “erabat prest” daudela diote. “Baina ekimenak herritik sortu behar du, herritik herriarentzat”. Orion, gainera, alderdi politikoen esku-sartzea saihestuz atera dute aurrera ekimena, “siglei ez eta edukiari eman diogu garrantzia”, diote antolatzaileek.
Orion bertan ere, aurrera begira, jardunaldi hauek jarraipena izan dezaten nahiko luke Foro Independentistak, “hausnarketa pedagogikoetan sakontzeko eta hezkuntzari buruzko hausnarketak eta indarrak curriculumean edo proiektuetan jartzeko, eta ez hainbeste diru-laguntzetara, matrikulazioetara edo antzeko gauzetara”. Antolatzaileek argi ikusi dute, “inposatzen dizkiguten gauzetatik harago, nazio eraikuntzan gauza ugari egin daitezkeela hezkuntzatik”.