Telebistak balio positiboak pizten ditu nerabeengan

Zertarako ikusten dute nerabeek telebista? Zer helbururekin?

Lehenik eta behin, nerabea telebistaren aurrean irudikatzen dugunean, ahaztu egin behar dugu gaztetxoa pantaila bakarrari begira egoten zen garaia. Gaur egun, nerabeak “multipantaila” dira. Hau da, telebista ikusten duten bitartean, sakelako telefonoa erabiltzen dute, deitzeko nahiz mezuak bidaltzeko, eta, askotan, Interneten dabiltza ordenagailu bidez. Beraz, nerabeez eta telebistaz hitz egin behar badugu, kontuan izan behar dugu gaur egungo neska-mutilen ezaugarri hori.

Hala ere, nerabeak “multipantaila” izanagatik, telebista da oraindik ere nerabeak sozializatzeko agente nagusia, beste komunikabideekin alderatuta (Internet, sakelakoa, bideo-jolasak…), nahiz eta horixe izan nerabeek esku artean erabili ohi dituzten komunikazio tresnetan zaharrena.
Baina zertarako ikusten dute nerabeek telebista? Zer helbururekin? Erantzuna argia da: entretenimendurako; informatzeko edo ikasteko baino gehiago, entretenitzeko erabiltzen dute telebista. Orain, nerabeak eskolara ikastera joan arren entretenitu ere egiten direla onartzen badugu, begien bistakoa da, telebista entretenitzeko ikusi arren, ikasi ere egiten dutela. Ondorioz, ezin da utzi gaur egun telebista hezkuntzaz kanpoko tresna gisa.
Hauek dira Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko katedradun eta ikertzaile Concepcion Medranok zuzendu duen ikerketaren lehen bi ondorioak: nerabeak, gaur egun, “multipantaila” dira, eta entretenitzeko ikusten dute telebista. Telebistako dieta. Nerabeen baloreak eta nortasunaren eraikuntza izeneko ikerketa Donostian eta beste zazpi hiritan garatu dute, hala nola Zaragozan eta Malagan (Espainia), Oruron (Bolivia), Rancaguan (Txile), Macorin (Dominikar Errepublika), Guadalajaran (Mexiko) eta Dublinen (Irlanda). Guztira, zortzi hirietako 1.220 neraberekin egin dute test bidezko ikerketa (horietatik 125 donostiarrak izan dira), 15 urtetik 19ra bitarteko nerabeekin, zehazki; eta, une honetan, ondorioak idazten ari dira ikerketaren barnean.
Nerabeei telebistari buruz galdetzean, hainbat faktore izan ditu kontuan ikerketak. Batetik, kontsumo ohiturei dagozkien faktoreak aztertu dituzte: zenbat orduz ikusten duten telebista, aldi berean beste ezer egiten ote duten… Bigarrenik, telebistan ikusten duten horrekiko nerabeek zer-nolako identifikazio maila sentitzen duten ikertu dute; hirugarrenik, telebista ikusteko uneaz galdetu diete; laugarrenik, Internetez egiten duten kontsumoa izan dute aztergai; bosgarren puntuan, testuinguru fisikoa hartu dute kontuan; eta, azkenik, ikerketako atalik garrantzitsuena telebistak nerabearen nortasuna eraikitzeko garaian duen eragina aztertzeko baliatu dute; hau da, neska-mutilek telebistatik jasotzen dituzten balioak zer-nolakoak diren ikuskatu dute.
Ikerketaren abiapuntuko hipotesi nagusia hauxe da, Medranok dioenez: “Gure ustez, telebistak, beste agente batzuekin batera, lagundu egiten du nerabeak sozializatzen”. Lehen datuen arabera, komunikabideek eta, bereziki, telebistak eskolak berak baino gehiago sozializatzen ditu neska-mutikoak gaur egun. “Nerabeak sozializatzeko agente garrantzitsuena familia da; ondoren, lagunak datoz; gero, telebista; eta laugarren, eskola”, ikerketaren zuzendariak adierazi duenez.

Balioak: pertsonaia sortzaile eta originalak dituzte gustuko 

Nerabeek telebistatik jasotzen dituzten balioak ikertzeko, Schwartz-en metodoa (2003) erabili dute ikertzaileek, esparru teoriko hori baliagarria baita kultura arteko ereduak kontrastatzeko. Metodo horrek 10 balio zedarritzen ditu, balio indibidualistak zein kolektiboak: autozuzendaritza, estimulazioa, hedonismoa, lorpenak, boterea, segurtasuna, konformatzeko jarrera, tradizioa, onginahia eta unibertsaltasuna dira aztertu dituzten ezaugarriak.

Schwartzek estandarizatutako balio horien inguruan modu abstraktuan ez galdetzeagatik, nerabeen gustuko pertsonaiengana jo dute ikertzaileek, telebistatik jasotzen dituzten balioak aztertzeko; hau da, gustuko pertsonaiek transmititzen dizkieten balioen edo ezaugarrien bidez egin dute azterketa. Izan ere, Medranok dio telebistako pertsonaiek dituzten eta guk gustuko ditugun balioetan jartzen dugula arreta.
Zehazki, honako galdera hau egin diete ikertzaileek 1.220 neraberi: “Zein da telebistan gustukoen duzun pertsonaia? Baliorik islatzen al du pertsonaia horrek?”. Galdera horien erantzunak aztertu ondoren, Medranok dio nagusiki jatortasunagatik eta umoreagatik nabarmentzen dituztela gaztetxoek pertsonaia batzuk besteen gainetik; ondoren, izaeragatik, buruargitasunagatik, egiten duten lanagatik eta beren jarrera inkonformistagatik. Azken tokian, duen itxura fisikoagatik gustatzen zaie pertsonaia bat edo beste. Gustuko pertsonaiak aukeratzeko orduan, neskek pertsonaia jatorrak eta umoretsuak aukeratzeko joera erakutsi dute, eta mutilek izaera nabarmendu dute.
Emaitzetatik ondorioak atereaz, katedradunak dio nerabeek galdera horri “balio positiboekin” erantzun diotela. “Telebistak balio positiboak eta negatiboak transmititzen ditu, baina gazteek, nagusiki, balio positiboetan jartzen dute arreta”, ondorioztatu du irakasleak.
Bada, “zein da telebistan gustukoen duzun pertsonaia? Baliorik islatzen al du pertsonaia horrek?” galdetzean, nerabeek, zehazki, sormena duten pertsonaiak nabarmendu dituzte gustukoenen artean; Schwartzen metodoaren barruan ‘autozuzendaritza’ deritzon balioa da, eta indibidualistatzat hartzen dena. “Harentzat garrantzitsua da ideia berriak izatea eta sortzailea izatea; gauzak bere kabuz eta modu originalean egitea gustatzen zaio” dioen itema nabarmendu dute gustukoen dituzten pertsonaien ezaugarrien artean, eta balio hori izan da kultura guztietako nerabeen artean ondoen puntuatutako ezaugarria; hau da, aztertutako kultura guztietan, nerabeek sormena eta originaltasuna dituzten pertsonaiak dituzte gogokoen, ikerketaren arabera.
Beraien gustuko telebistako pertsonaien ezaugarriei buruz galdetuta, hauek dira gazteek ondoen balioetsi dituzten ezaugarriak:
• “Harentzat garrantzitsua da ideia berriak izatea eta sortzailea izatea; gauzak bere kabuz eta modu originalean egitea gustatzen zaio”.
• “Harentzat garrantzitsua da bere erabakiak hartzea, eta ez zaio gustatzen besteen menpean egotea”.
• “Harentzat garrantzitsua da bere harremanen esparruko jendearen ongizatea zaintzea eta hobetzea. Pertsona leial, zintzo, bihozbera eta arduratsua da”.
• “Inguruko jendeari laguntzeari garrantzi handia ematen dio, eta baita bere lagunekiko leial izateari ere”.
• “Ondo pasatzeko aukerak bilatzen ditu; harentzat garrantzitsua da plazera emango dioten gauzak egitea”.
• “Ezustekoak gustatzen zaizkio, eta gauza berriak probatu nahi ditu. Bizitzan gauza asko egitea garrantzitsua da harentzat”.
Ikerketaren egileek uste zuten nerabeek telebistak transmititzen dituen beste balio batzuetan, balio negatiboagoetan, arreta handiagoa jarriko zutela: “Nerabeek ez dituzte boterea duten pertsonaiak goresten, ezta erakargarritasun fisikoa dutenak ere”. Ikertzaileek espero baino emaitza okerragoak jaso dituzte ondoko item hauek:
• “Harentzat garrantzitsua da aberatsa izatea; diru asko eta gauza garestiak eduki nahi ditu”.
• “Harentzat garrantzitsua da jendearen errespetua, ingurukoek hark esaten duena egin dezaten nahi du”.
Balioen atalean, ez da atera kulturaren araberako alde nabarmenik, eta, oro har, zortzi hirietako nerabeek ezaugarri berberak nabarmendu dituzte. “Balioak aztertzean, garrantzitsua iruditzen zaigu kulturen artean dagoen berdintasuna; nahiz eta kulturak eta nortasunak desberdinak izan, balioesten dituzten ezaugarrien artean ez dago egiturazko alderik. Nerabezaroko balioak globalizatuta daudela erakusten du horrek”.
Dena den, Medranok argi du aldeak egon daitezkeela nerabeek benetan pentsatzen dutenaren eta pentsatu nahi dutenaren artean. “Ez dakigu nerabeek balio horiek zergatik nabarmentzen dituzten, galdetzailearekin ondo gelditzeko edo benetan hala pentsatzen dutelako; askotan, garenaren arabera ez, baizik eta izan nahi dugunaren arabera erantzuten dugu guztiok”. Hori jakinda ere, irakasleak positibotzat jotzen du nerabeek jakitea pertsona bat irudimenagatik balioestea positiboagoa dela erakargarritasun fisikoagatik balioestea baino.
Ondorioz, zortzi hirietako 1.220 neraberi galdetu ondoren, Medranok dio ez dela egia nerabeek telebistan boterea eta edertasun fisikoa dituzten pertsonaiak balioesten dituztela, eta aurrez egin dituzten beste ikerketa batzuekin bat dator hori; aitzitik, estimulua edo sormena nahiz ingurukoei laguntzeko borondatea dira neska-mutilek balioesten dituzten ezaugarriak. “Nerabeei hausnarketa bat egin eta idatziz erantzuteko eskatzen diegunean, gaur egun ere familia da gehien balioesten duten elementua, eta lagunak edukitzea, maitatuak sentitzea, berotasun afektiboa izatea eta onartua sentitzea ere diruaren aurretik balioesten dituzte. Eta hori positiboa da”. Hipotesi hori baieztatzeko, ariketa hau proposatzen diete irakasleei ikertzaileek: “Galde iezaiezue zuen ikasleei bizitza honetan gehien axola zaienaz…, eta sorpresa ederrak hartuko dituzue”.

Identifikazioa

Telebistatik edo, zehatzago, telebistan gustukoen dituzten pertsonaiengandik jasotzen dituzten balioek eragina dute nerabeen nortasuna eraikitzeko garaian. “Haientzat garrantzitsuak diren balioak bilatzen dituzte telebistako pertsonaiengan, eta horrek euren nortasuna eraikitzen laguntzen die”. Medranoren ustez, telebistan ikusten dutena zenbat eta errealistagoa iruditu, orduan eta eragin handiagoa du horrek nerabeen nortasunean. “Nerabeak bizi esperientzia txikia duenean eta telebistan ikusten duena errealista iruditzen zaionean, bereziki komunikabide hori eredu izango da harentzat, eta eragina izango du haren nortasunean. Nerabea zaurgarria da artean, eta inguruan dituen ereduek asko marka dezakete haren izaera”. Adibide bat jarri du EHUko irakasleak: “Nerabeak telesaio batean modu errealistan ikusten badu gazteek elkar ezagutu eta berehala sexu harremanak dituztela, oso gauza normala irudituko zaio hori”.

Dena den, Medranok dio nortasuna eraikitze horretan gurasoak direla neska-mutilen lehen eredu; “baina telebistako pertsonaiek ere eragina dute, euren burua identifikatuta ikus baitezakete, edo kopiatzeko eredutzat har baititzakete”.
Kronika arrosako eta talkshow-etako pertsonaiekin identifikatzea arazotzat hartzen du Medranok, eta, batez ere, Boliviako, Txileko eta Mexikoko kasua litzateke hori. “Arratsaldean telebistan bere bizitza –egiazkoa edo asmatutakoa– kontatzeagatik 6.000 euro irabazi dituen pertsona batekin identifikatzen baldin bada nerabea, hori negatiboa da; nerabe horrek ez dauka bere nortasuna eraikita, ez dauzka bere balioak indartuta eta pentsamenduak arrazoituta; ondorioz, pentsa dezake ordubetean 6.000 euro irabaziko baditu horrela, ez duela merezi lan egiteak”. Horrelako identifikazioekin tentuz jokatu behar dela dio irakasleak.
Ikerketaren arabera, nerabeei telebistan errealisten gertatzen zaizkien gaiak alkoholarekin eta tabakoarekin lotutakoak dira, horien kontsumoak dakartzan ondorioei buruzkoak, hain justu; eta, Medranoren ustez, positiboa da gazteek horri erreparatzea, eta ez iruditzea hain errealista telebistek sexuaz, indarkeriaz edota edertasunaz ematen duten irudia.

Dublinen bi aldiz gehiago ikusten dute telebista Donostian baino

Balioen atalean, Boliviako, Dublingo, Txileko zein Euskal Herriko nerabeen artean alde handirik ez bazegoen ere, agerikoak dira kulturen arteko desberdintasunak ikerketak aztertutako beste adierazle batzuetan. Telebista kontsumitzeko ohiturei dagokienez, alde horiek nabarmenak dira, emaitzek erakutsi duten moduan.

Telebistari gazteek eskaintzen dioten denbora, esate baterako, bikoiztu egiten da Donostian izan Dublinen edo Rancaguan. Ikerketan parte hartu duten 125 donostiarrek, bataz beste, 2,5 orduz ikusten dute telebista egunean; aldiz, Irlandan eta Txilen, 4,58 orduko emaitza atera da ikerketan. Donostiarrak izan dira ikerketa osoan kopuru txikienak dituzten nerabeak, bai  aste barruko datuei erreparatuz gero (2,5 ordu), eta baita asteburukoei (2,87 ordu) erreparatuz gero ere.
Alabaina, telebista ikusten ari diren bitartean zer egin ohi duten galdetu diete, eta, atal horretan ere, erantzunak desberdinak izan dira jatorriaren arabera. Besteak beste, etxeko lanak egiten ote dituzten, jaten duten, irakurtzen duten... galdetu zaie gaztetxoei. Nerabe dublindarrek, esate baterako, telebista ikusten duten bitartean sakelako telefonoa erabiltzeko oso ohitura handia dute, bai lagunekin hitz egiteko eta bai mezuak bidaltzeko ere. Donostian, aldiz, telebista ikusten duten bitartean, familiarekin egoteko baliatzen dute denbora hori neska-mutilek; eta Txilen, berriz, telebista ikusten duten bitartean jateko ohitura daukate.
Telebista ikusten duten bitartean egiten dutenaz galdetu diete nerabeei, baina, telebistaz beste, hura itzaltzean aisialdian egiten dutenaz ere galdetu diete. Erantzun horietan ere, nahikoa batasun antzematen da, nahiz eta kultura desberdinetatik etorri: gehienek familiarekin pasatzen dituzte ordu gehien, astean 9,30; horren atzetik, hauek daude: lagunekin egotea, Interneten ibiltzea, musika entzutea, kirola egitea eta, horien ondoren, bideo-jokoetan ibiltzea. Galdera horretan ere, espero ez zituzten emaitzak jaso dituzte ikertzaileek, Medrano harritu egin baitu bideo-jokoak bosgarren lekuan ikusteak. Atzerago ageri da irakurketa; Donostian, adibidez, egunean telebistari eskaintzen dizkioten orduak eta astean zehar irakurketari eskaintzen dizkiotenak parean daude; hau da, egunean 2,45 orduz ikusten dute telebista, eta astean 2,64 orduz irakurtzen dute. “Donostiako telebista kontsumoari buruzko datuak ez dira altuak, beste kultura batzuekin konparatuta; baina, irakurtzeari eskaintzen zaion denborarekin alderatuta, donostiarrek telebistari eskaintzen dioten denborari buruzko datuak ere kezkagarriak izan litezke”. 

Telebistaz bestelako zaletasunak: Internet 

Telebista ikusten ez dutenean nerabeei, familiarekin eta adiskideekin egoteaz gain, Interneten ibiltzea ere gustatzen zaienez, ikerketan parte hartu dutenek Interneten erabilerari buruzko hainbat galderari ere erantzun diete. Hasteko, Internet zertarako erabiltzen duten galdetu diete, eta gehienek komunikatzeko erabiltzen dutela erantzun dute, adiskideekin harremanetan jartzeko, Facebook, MSN edo Tuenti bidez, bereziki. Ondoren, filmak eta musika deskargatzeko baliatzen dute; informazioa kontsultatzeko gero, eta, horren ondoren, jolasteko. Azkenik, nerabe gutxi batzuek erosi egiten dute Internet bidez.

Interneten ordu kontsumoari dagokionez, hauxe da hirien arteko desberdintasuna (beheko koadroa).

Telesailak ala kronika arrosa?

Talkshow-ak ala informazioa? Dokumentalak ala lehiaketak? Telebistan nerabeek egiten duten kontsumo aukera ere desberdina da, jatorriaren arabera. Parte-hartzaileei galdetu diete ea zer-nolako saioak gustatzen zaizkien gehien telebistan, eta Donostian eta Espainiako kasuetan, adibidez, telesailak atera dira nagusi. Aldiz, Latinoamerikako erantzunetan, talkshow-ak eta kronika arrosako programak eta lehiaketak nabarmendu dituzte.
Nerabeek ikusten dituzten saioen araberakoa da, halaber, gurasoek telebistarekiko duten esku-hartzea ere; kasu batzuetan, gurasoek jarrera murriztailea hartzen dute; hezigarria, besteetan; eta zenbaitetan, gurasoek seme-alabekin ikusten dute telebista. Bada, erantzunak aldatu egiten dira nerabeek ikusten dutenaren arabera, baina baita jatorriaren arabera ere.
Gurasoek jarrera murriztailea hartzen dute nerabeen kontsumoarekiko, nerabe horiek talkshow-ak edo kronika arrosako saioak ikusten dituztenean, horixe da Donostiako kasua, bederen, eta baita Txilekoa eta Espainiakoa ere. Gurasoek eta nerabeek telebista-ordu gehien telesailak ikusten igarotzen dituzte elkarrekin.
Ikerketak erakutsi du, gaur egun, oraindik ere nerabeek gurasoekin ikusten dutela gehien telebista, batez ere Donostian. Latinoamerikako kulturetan, telebista norberaren logelan ikusteko ohitura handiagoa dago, eta Dublinen ere antzera gertatzen da; eta, Medranoren ustez, nabarmendu egin behar da hori.

Concepcion Medranoren proposamena: telebistako edukiak hezkuntza formalean erabiltzea

Telebistaren lehen helburua irakastea edo heztea ez den arren, nerabeak entretenitzen ari diren bitartean ikasi egiten dutela jabetuta, hezkuntza formalerako proposamen zehatza egiten du Concepcion Medrano EHUko Psikologia katedradunak, ikerketa hau egin ondoren: “Telebistan ikusten dituzten edukiak eta pertsonaiak deskodetu eta hezkuntza formalean erabiltzea”. Balio moral, etiko nahiz sozialei buruz (justizia, ongia, adiskidetasuna, onginahia...) modu abstraktuan hitz egin beharrean, gustuko dituzten telebistako pertsonaien bidez hitz egitea proposatzen du irakasleak. “Zergatik gustatzen zaizkie nerabeei simpsondarrak edo Messi?  Messik helburuak jartzen ditu, lorpenak ditu, taldean lan egiten du, diziplinatua da, umila da… Ezaugarri horietatik zerk erakartzen du nerabea? Zein neurritan du nerabearekin zerikusia?”. Horrelako ariketen bidez balioei buruz hitz egitea proposatzen du Medranok.

“Ikastetxeetan telebistarekin lan egin behar dugula esaten ari zaigu ikerketa hau”, ondorioztatu du ikertzaileak. “Lehenago filmekin edo publizitatearekin egin den bezala, telebistak eskoletan lekua eduki behar du, nerabeen bizitzetan leku handia baitauka”. Telebista edo telebistako edukiak ikastetxeetan noiz eta nola erabili behar diren jakiteak kezkatu egiten ditu irakasleak, ulertzen du hori Medranok; baina ikertzaileak dio “telebistarako gaitasuna” landu egin behar dela hemengo hezkuntza sisteman, atzerrian egiten ari diren bezala. “Nik zabaldu nahi dudan mezua da telebistak hezi egiten dituela nerabeak, nahiz eta ez izan hori haren helburu nagusia, eta, ikerketa honek eta beste askok erakusten duten moduan, telebistak nerabeen bizitzan hainbeste ordu hartzen baditu –oro har, familiak duen adinako leku du telebistak euren bizitzetan–, gaia landu egin behar dugu hezkuntza formalean”.