Administrazioek jartzen dituzten trabak gaindituz, norabide argia du euskararen aldeko hezkuntzak

Herrien garapenean hezkuntzak duen garrantzia handia dela, jada, edonork onartu arren, hainbat administraziok hartzen dituzten erabakiak ez datoz bat ideia horrekin. Izan ere, ugariak dira Euskal Herri osoan hezkuntzaren garapenak jasaten dituen trabak: aurrekontuak murriztea, langileen lan baldintzak kaxkartzea, euskara ez izatea hizkuntza ofíziala hainbat lurraldetan, Frantziako administrazioak, bereziki, behar bereziak dituzten ikasleak aintzat ez hartzea, hainbat politikarien adierazpenak entzutea, eta abar.

Politikarien adierazpenen artean deigarriak izan dira Patxi Lopez EAEko lehendakariak egindakoak: "Bortizkeriaren bukaerak gauzak erraztuko dizkio euskalgintzari"… "(Indarkeriaren bukaeraren ondoren) Euskarak bat egingo du behin betiko askatasunarekin". Halako adierazpenek zer mesede egiten diote euskararen normalizazioari? Zerikusirik ba al du hizkuntzak Patxik dioen horrekin guztiarekin? Euskara zeren susmopean jarri nahi du?
Jakina da neurri eta adierazpen horiek guztiek ezkortasuna eta desilusioa ekar ditzaketela hezkuntza esparrura, eta, agian, hainbat hezitzaile zulo horretan eroria dela, dagoeneko. Baina, hezitze lanean sinesten duenak ongi daki jende askoren etorkizuna prestatzen ari dela; eta, horretarako, egiten duen lanean konfiantza izan behar duela, elkarlanean aritu behar dela eta ilusioa transmititu egin behar duela. Hori baita eguneroko lanetik egin dezakeen ekarpena.
Esan genezake, oro har, Euskal Herriko jendartea ongi ari dela erantzuten erasoei. Hori erakusten dute, behintzat, azken aldian egin diren hainbat adierazpenek: aurrematrikulazio berrietan, euskarazko ereduak berriro ere gora egin du (Nafarroaren kasuan, zehazki, ingelesaren gaia nahasteko erabili bada ere, D ereduak dezente aurreratu du); gero eta jende gehiago eskatzen ari da euskaraz ikasi ahal izateko onartua ez duten hizkuntzaren ofizialtasuna; Iparraldean, bestalde, Bizitoki  ikastola berritzailea sortzeko ahaleginean ari dira, eta, behar bereziak dituzten ikasleen aldeko mugimendua indartzen ari da…
Horrez gain, zer adierazi dute hauteskunde sindikalek? Hezkuntzako langileek euskararen aldeko jarrera duten ordezkariak babestu dituzte. Lurralde eta sare guztietan gertatu da fenomeno bera, euskararen alde lanean ari direnak gero eta gehiago dira, gero eta babes handiagoa dute.
Ateak zabalik daude itxaropenerako. Krisiaren ondorioak gogorrak dira. Badakigu egoera zaila dela, baina herritarrek gero eta argiago dute norabidea, eta, bide horretan, hezitzaileek zeresana eta eragina handia dute. Urteetan hala izan da, eta, orain ere bai, nola ez. Izan gaitezen horren jakitun!