Gure Sustraiak Aterpea eta baserri eskola

Gure Sustraiak aterpea eta baserri eskola Olloko herrian dago (Nafarroa), izen bereko bailara zoragarrian, Ollaranen, naturarekin bat eginik; eta, mendi nahiz haraneko bide zein bidexketatik paisaia miresgarriaz gozatzeko aukera ematen digu. Herri txiki eta lasaia da, ibilgailuen zirkulaziorik gabea.

Baliabide ugari

Baliabide ugari dituzte, ikasleekin hezkuntza jarduerak egiteko: aparteko ingurunea, aterpe erosoa (56 lagunentzako lekua, erabilera anitzetarako gela, berokuntza zentralizatua eta jangela), frontoia eta joko eremua, baratze ekologikoa, berotegiak eta baserri eskola (ukuiluak, oilategia, usategiak, txerritegia…, jolasteko eremu berde zabalak, hainbat animalia motarekin).

Metodologia

Erabiltzen duten metodologia ireki, parte-hartzaile, esperientziadun eta kritikoak posible egiten du programen eduki kontzeptualetik (etxaldea, baratzea, basoa, energia) haratago joatea; Garapenerako Hezkuntzarekin eta Elkarbizitza Positiboarekin erlazionatutako kontzeptu eta edukiak eta prozesu metodologiko berriak lantzen dituzte, eta, horrela, ikasle taldeen esperientzia aberastu egiten da.
Erronka berriak
Gure Sustraiak baserri eskolako talde pedagogikoak argi ikusten du oraingo belaunaldiak, eta gerokoak, erronka nagusia klima aldaketari aurre egitea dutela, eta baita egun duguna baino etorkizun hobea bermatzea ere. Horrek gure bizitzeko moduetan aldaketak egitea eskatzen du, eta ahalmen sozial eta ekonomikoak Ingurumen Hezkuntzaren barnean biltzea, ez tresna horren bidez ingurunearen ezaguera soil bat izateko, gure bizitzako arlo guztietan Garapen Iraunkorra lortzeko baizik. Ez ingurumenean bakarrik, baita gizartean, ekonomian, kulturan, eta abarretan ere.

Hausnarketa gunea

Globalizazioak elikatzen dituen beharrak eta arazoak –eta horrek sortzen dituenak? mahai gainean jartzeko tresna bihurtzen dira (Iparraren eta Hegoaren arteko urradura, planetako ondasunen banaketa, injustizia sozialak..). Milurteko Garapen Helburuak (MGK-k) gidari hartuta eta baserri eskolako egonaldian hainbat jarduera eginda, parte hartzen duen taldean sakon lantzen dira elkarbizitzarekin, garapenarekin, prozesu hazkundearekin eta abarrekin lotutako kontzeptu metodologikoak (arauak, errespetua, komunikazioa, koordinazioa, gizarte rolak, gatazken konponbidea, larderia eta tratu txarrak…).

Prozesu eragileak sustatzen

Informazioa bildu eta identifikazio lana egin eta gero, azken helburua prozesu eragileak irekitzea da, aldaketara bideratutako balioak eta jarrerak sortzea, ikaslea protagonista bihurtzea, haren alderdi tolerante eta solidarioena eta haren bitartekari izaera garatzea, neurri errealen bilaketa prozesua has dezan; neurri horiek indibidualak nahiz taldekakoak izango dira, eta bidezkoagoa eta jasangarriagoa izango den garapen eredu batera aldatzeko aukera emango dute, eta planetan bizi garenon arteko elkarbizitza positiboagoa erraztuko dute.

Begirale espezializatuak

Aterpetxeak dituen begirale espezializatuek aukera ugari eskaintzen dituzte: egonaldiak, jarduera bereziak, eta abar.
Egonaldietan, neska-mutilek ingurumenarekin, baserriarekin eta baratze ekologikoarekin lotutako jarduerak eta ekintzak egiten dituzte, bai eta lantegiak eta beste hainbat jarduera ere. Hala, egunean 24 orduz ikasten dihardute: jolasak eginez, animaliekin ibiliz edota inguruarekin harreman zuzena izanez. Ingurumenari buruzko edukiak bereganatzearekin batera, bikain pasatzen dute, beren adineko neska-mutilekin bizikidetza lantzen.

Ingurumeneko programak:

Haritza programa

Olloko bailararen geologiaren (diapiroa) eta inguruaren azterketa, inguruko ekosistemen ikaskuntza, funtzionamendua eta horiek zaintzeak duen garrantzia; animalia eta landare espezieak identifikatzea eta sailkatzea; ingurumen arazoen simulazioa, berrerabiltzeak eta birziklatzeak daukan garrantzia lantzea…
 Baratze programa
Urte garaiaren arabera baratzeko eginbeharrak garatzea, konpostaren erabilera, ilargi egutegiaren azalpena, inguruko nekazaritzaren ezaguera, gizakiok dauzkagun baliabideen onura, laborantza trinko eta iraunkorraren alderaketa.
Baserri programa
Etxaldeko animalien ezagutza, zaintza eta mantentze lanak, gizakiarentzat onuragarriak diren elikagaien jatorria, galtzeko arriskuan dauden animaliei buruzko azalpena, eta gaur egungo abeltzaintza trinko eta estentsiboak ingurumenari dakarzkion arazoen azalpena.
Energia programa
Eguneroko jardueretan energiaren beharra ikustea, energia berriztagarrien erabileraren beharra eta honek inguruan dituen onurak aintzat hartzea, energia lortzeko era askotarikoak ikustea, era bakoitzaren alde on eta txarrez jabetzea, energia aurreztu beharraz jabetzeko sentiberatasuna lantzen laguntzea.