Hizkuntzen garapena eskolako errealitatean

Eleaniztasuna, etorkizunari begira dugun erronka

Jardunaldiaren lehen zatian, “Eleaniztasuna: Zergatik? Noiz? Nola?” izenburupean, SAREAN Elkarteko talde-dinamizatzaileak hainbat adituren iritzien eta ikerketen bilduma aurkeztu du.
Ondoren, ekitaldiaren zatirik garrantzitsuena egin da, hau da, lan taldeen jarduna. Jardun horretan, Topaketetako partaideek, Hezkuntza Sailak egin duen proposamena eta eskola publikoetan dugun egoera aztertzeko aukera izan dute; era berean, eleaniztasunaren bidetik aurrera egiteko iradokizunak egin dituzte. Hona hemen eztabaidan azpimarratu diren puntu nagusiak :
• Denok onartzen dugu etorkizuneko gizartean beharrezkoa izango dela eleaniztuna izatea. Beraz, Eskola Publikoak ikasle eleaniztunak izateko prestakuntza egin behar du, eta helburua lortzeko bideak sakon aztertu ondoren erabakiak hartu behar ditu.
• Behar-beharrezkoa da eskola publikoetako errealitate askotarikoa kontuan hartuko duten ikerketa gehiago egitea.
• Eskolan eleaniztasuna bultzatzeko irakasle eleaniztunak behar ditugu. Gaurko irakasleak prestatzeaz gain, irakasle eskoletan kontuan hartu behar dute etorkizuneko irakasleen prestakuntzan gaitasun hori lortu behar dela.
• Herritar eleaniztunak lortzea ez da eskolaren lana bakarrik; komunikabideen zeregina, administrazioen elkarlana eta familien inplikazioa osagarriak eta guztiz garrantzitsuak dira.
• Hezkuntza Sailak egin duen proposamenaren inguruan ondoko iritziak jaso dira:
- Ez dira aldez aurretik ikastetxeak kontuan izan, eta proposamena heldu denean ez da astirik egon aztertzeko, zalantzak argitzeko eta planifikatzeko.  
- Proiektuan parte hartzeko baldintzen alorrean:
    * Ikastetxeetako maila bereko ikasle guztiak sartzeko aukera ez izatea ez da egoki ikusi, ikasleen arteko desberdintasun arriskutsuak sor daitezkeelako.
    * Proiektuaren jarraipena ziurtatzeko, beharrezkoa da irakasleen iraunkortasuna, baina baldintza hori gure ikastetxeetan sarritan betetzen ez denez, ezinbestekoa da egoera horri irtenbidea topatzea.
    * Ikastetxe bakoitzaren hizkuntz egoerari hobeto erantzuteko, egokiago ikusten da denboraren banaketan malgutasunez jokatzea.
- LHko 4. mailan arloren bat atzerriko hizkuntzan emateak sortzen dituen zalantzak:
    * Ikasle askorentzat euskara ikasteko aukera bakarra eskola da.
    * Egindako ebaluazioetan agerian geratu da zailtasunak daudela euskarazko maila ona lortzeko.
    * Ikastetxe askotan, euskara hobetzeko duten beharra ikusirik, ez da egoki ikusten euskara orduak murriztea eta gaztelaniazko orduak gehitzea, ondo ezagutzen baitute hizkuntza hori.
Eleaniztasuna eskoletan, arrazoi pedagogikoetan oinarritutako erabakia
XXIX. jardunaldietako partaideek, kalitatezko eleaniztasunaren bila, eskaera hau egiten diete Hezkuntza Saileko arduradunei:
Beste hizkuntzak bultzatzeaz gain, euskararen normalizazioaren alde benetako apustua egin dezatela, eta horretarako behar diren baliabideak erabil ditzatela:
- Ikerketak egin.
- Euskararen erabilera bultzatu.
-  Ikastetxeetan hiru hizkuntzen gaitasunak hobetzeko dauden esperientzia onak ezagutu, indartu eta zabaltzeko lana egin.
- Ikastetxeei autonomia eta laguntza emanez, haien ezaugarrien araberako Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua garatu.
- Irakasleen prestakuntza indartu eta Irakasle Eskoletan ikasle eleaniztunak prestatu.
- Ahozko komunikazioak duen garrantzia aitortzen laguntzeko baliabideak eman: talde txikiak egiteko, ingelesez hitz egiteko irakasle laguntzaileak...
Amaitzeko, Administrazioari biziki eskatzen diogu gai garrantzitsu honi heltzeko abiapuntu pedagogikoak erabil ditzala.

Elkarlana, Eskola Publikoaren proiektuen oinarria

Jardunaldiak amaitzeko, Hezkuntza Saileko ordezkariak izan genituen.
Marian Ozcariz Sailburuorde andereak Hezkuntza Sailak aurkeztu duen proposamenaren inguruko azalpenak eman zituen:
- Deialdiaren arrazoia.
- Proiektuaren ezaugarriak.
- Etorkizunerako asmoak.
Sailburuorde andereak Topaketetako partaideek egindako hausnarketaren ondorioak ezagutzeko interesa azaldu zuen, eta etorkizunari begira proposamenak aztertzeko konpromisoa hartu zuen.
 Amaitzeko, Francisco Luna jaunak, ISEI-IVEIko zuzendariak, hirueletasuna bultzatzeko proiektuaren ebaluazioa nola egingo den azaldu zuen.
XXIX. jardunaldietan bildutako irakasleek argi utzi zuten eleaniztasuna bultzatzeko Eskola Publikoan egin den lana, eta etorkizunari begira jarraitzeko borondate osoa dagoela adierazi zuten. Bide horretan, Hezkuntza Sailaren eta ikastetxeen arteko elkarlana faktore garrantzitsua da, eta SAREAN Elkarteak horren aldeko konpromisoa hartu du.•