Joseba Azkarraga: "Kontua ez da zelan sortu eskola ona, gizarte hezitzailea nola eraiki baizik"

Hezkuntza krisian dagoela entzuten da, behin eta berriz, han eta hemen. Hala al da?

Asko berba egin da hezkuntzaren krisiari buruz, aspertzeraino. Hezitzaileen eta hezkuntzako profesionalen artean halako neke bat ikusten dut. Hezkuntza krisiarekin gatoz berriro. Gainera, hezkuntza krisia aipatzen denean, ondoan hezkuntza erreformatzeko ekimenak jarri ohi dira. Seguruenera, ez dago gizartean azken urteotan hainbeste erreforma izan duen beste arlorik. Eta erreforma batzuk, gainera, ez dira laguntzeko izan. Orduan, ulertzen dut askorentzat aspergarria izatea berriro hezkuntzaren krisiari buruz hitz egitea.
Baina, bai, hezkuntza krisian dago. Ez hezkuntza bakarrik, gizarte osoa baizik. Hezkuntza krisian dago, gizarte hau krisian dagoelako. Eta gizarte honek bizi duen krisia ez da edozelakoa. Nik uste ez dela gehiegi esatea krisi sistemikoa bizi dugula, edo zibilizazio krisia.
Normalean, azken urteotan, krisi kontzeptua krisi ekonomikoa izendatzeko erabili izan da, baina krisia oraindik sakonagoa da, eta larriagoa. Krisi ekologiko latza bizi dugu, eta haren ertzik zorrotzena aldaketa klimatikoarena izango da, segur aski. Krisi energetiko handia datorkigu. Izan ere, gure zibilizazio industrialaren energia nagusia izan dena agortze bidean jarri da, energia fosil merkeen aroa agortzear da, eta horrek ahalmen ezegonkortzaile itzela edukiko du. Eta, gainera, hori gutxi balitz, krisi sozial sekulakoa bizi dugu. Inoizko alde sozialik handieneko munduan bizi gara. Horri guztiari beste hainbat erants dakizkioke: bioaniztasunaren krisia (seigarren iraungitze masiboa bizi dugu); krisi demografikoa (gero eta gehiago gara planetan); aniztasun kultural eta hizkuntzazkoaren krisia (sekula ez dira hizkuntza-komunitateak desagertu orain desagertzen ari diren erritmoan); krisi soziokulturala (ez daukagu erreferente garbirik, ez eta etorkizun-ikuspegi ilusionagarririk); elikadura krisia (elikagai eta ur eskasia); eta krisi psikikoa (depresioa epidemia bihurtuta munduan, suizidioak gora...).
Beraz, gure mundu globalizatu hau krisi askoren bilgune moduko bat da, eta egokia da zibilizazio krisi bati buruz berba egitea. Uste dut hezkuntzaren krisiaz hitz egin daitekeela, baina, zooma askoz gehiago irekiz gero, aurrekaririk ez duen emergentzia globaleko egoera bizi dugu.

Egoera horren larria al da?

Bauman soziologoak metafora polita erabili du: gure zibilizazio hau hegazkin erraldoi bat da, supersonikoa, azken teknologiaz eraikitakoa. Ziztu bizian, abiada betean doa, eta bidaiari goazenok konturatu gara kabinan ez dagoela piloturik.
Uste dut irudi ona dela non gauden adierazteko, gure nora eza azaltzeko. Oso paradoxikoa da: alde batetik, inoiz baino gehiago dakigu, eta zientziaren arlo guztietan aurrerapauso galantak eman dira; beste aldetik, bizitzaren oinarri direnak suntsitzen ari gara, inoiz baino azkarrago. Hau da, nola da posible gero eta gehiago jakitea gure ekosistemei buruz, atmosferari buruz, gure gizarteari buruz, psikismoari buruz…, nola da posible gero eta gehiago jakitea alderdi horiei guztiei buruz, eta datuak metatzen ditugun abiadura berean suntsitzen jardutea bai ekosistemak, bai komunitatea, baita gure psikismoa ere? Iruditzen zait paradoxa handia dela.
Azken batean, trantsizio historikoa egin dugu. Gizarte aurrekapitalistak eta aurremodernoak “nik honekin nahikoa dut” esan zezaketen. Bazegoen nahikotasunaren nozioa, kategoria kultural hori erabilgarria zen, eta indarra zuen. “Nahikoa daukat” esatetik “zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto” esatera pasatu ginen. Horixe iltzatu zaigu eremu psikikoan, sozialean zein ekonomikoan. Eta horren ondorioak zein diren ikusten ari gara: biosfera hankaz gora jartzen ari gara, egundoko alde sozial eta ekonomikoak sortzen ari gara, eta, ahitze bidean jarri dugu geure psikismoa bera.
Hori da daukagun gizartea. Beraz, lehenengo eta behin, hezkuntzaren krisiaz hitz egin aurretik, gure gizarteak bizi duen krisi erraldoiari buruz hitz egin behar da. Zeren hezkuntza, azken finean, sistema orokorrago baten barruko azpisistema bat da. Horregatik, aurrena sistema orokorraren krisiaz berba egin beharko genuke.  

Zer eragin du krisi ekonomiko globalak hezkuntzan?

Azken hamarkadatan egundoko aldaketak gertatu dira ekonomia globalean eta ordena sozioproduktiboan. Garai fordista-tayloristan era konkretu bateko subjektua behar zen. Gaur egun, gure mundu sozioproduktiboak behar duen subjektua oso bestelakoa da. Ez dauka zerikusirik norbanako otzan, esaneko, ez parte-hartzaile harekin. Gaur egun oso bestelako subjektua eskatzen dute gure enpresa eta erakundeek: pertsona motibatua, parte-hartzailea, aplikatua bezain inplikatua, ekimenduna, sortzailea, autonomoa, talde lanerako jarrera eta gaitasuna duena... Iniziatiba da hitz totem berria.
Beste subjektu bat eraiki behar da. Eta egin kontu hezkuntza sistema beti hor egon dela garai historiko bakoitzak behar duen subjektua sortzeko. Ez da horretarako soilik egon, baina funtzio hori beti bete izan du.
Horregatik, eremu sozioproduktiboan gertatutako aldaketek eragin zuzena daukate hezkuntza prozesuetan. Zehatzago esanda, gure hezkuntza, erakundeetan gauza asko aldatzen ari dira subjektu berri hori sortze aldera: curriculumak (edukiak barik, gaitasunak landu behar), irakasleen prestakuntza, pedagogia aktiboen ezarpena, ebaluazio moldeak eta irizpideak, erakundeen diseinua, familiekiko harremana…

Hezkuntza krisia azaltzen duen beste arrazoirik ikusten al duzu?

XX. mendeak ikuspegi berria eman digu: konturatu gara hezkuntzari lotutako promesak ez direla bete. Modernitatearen aginduari jarraiki, hezkuntzak eraman behar zuen gizartea bide onetik. Hezkuntza funtzio ezin garrantzitsuagoa betetzera zetorren, ia epikoa: Ilustrazioren espirituak zioen gizarte modernoan hezkuntzak aterako gintuela ezjakintasunetik, miseria material eta moraletik, hark emango zigula aurrerabide material eta moralerako bidea, ongizatea… Eta ez da hala izan, edo ez uste zen neurrian. Konturatu gara gauzak askoz konplexuagoak direla, badugu modernitatearen anbibalentziaren berri. Zenbait kasutan (Auschwitz), gizarterik aurreratu eta jantzienak egin ditu izugarrikeriarik handienak. Orduan, galdera sakonak sortu dira: hezkuntzak bete al dezake horren garrantzi handia duen funtziorik? Are gehiago, ez al zen hezkuntza modernoa zuzen inplikatu Holokaustoan, izugarrikeria handi hartan? Garaiko hezkuntza sistemak modu zuzenean parte hartu zuen eldarnio totalitario hartan. Hor pitzadura sakona dago. Formazio askoz gehiago daukagu, baina horrek ez du esan nahi jakituria gehiago dugunik.

Nola ikusten duzu egungo gizarte eredua?

Ikuspegi kultural eta moraletik begiratuz gero, gizarte homogeneoagoetatik gatoz. Adostasun sozial eta moral nahiko handia zuten gizarte batzuetatik gatoz, eta, testuinguru historiko haietan, argiago zegoen zer eta zelan irakatsi. Eta, gainera, gizarte modernoaren hastapenetan hezkuntza formala edo eskola bera zen ezagutzaren transmisio iturri ia bakarra.
Gaur egun, bestelako gizarteak dauzkagu, askoz ere heterogeneoagoak, aniztasun handiagokoak, polizentrikoak. Eta jada ez dago hain garbi zer eta nola irakatsi behar litzatekeen, zer balio transmititu behar liratekeen horrelako testuinguru historikoetan. Gainera, teknologia berriekin, eskola ezagutzaren igorleetako bat da, eta, beharbada ez da garrantzitsuena. Hor baitaude Internet eta teknologia berriak.
Ondorioz, modernitateari zegokion eskola eredua krisian sartu da, egiturazko krisian, ez azalekoan, geratzeko etorri diren fenomeno batzuen aurrean baikaude.

Zer iritzi duzu eskolaren eta familiaren arteko harremanari eta bakoitzaren funtzioei buruz?

Aldaketak gertatu dira sozializazio prozesuan. Familiak bete izan dituen funtzio klasiko eta historiko batzuk ez ditu lehen bezainbeste betetzen gaur egun, lehenengoz historian. Labaintze moduko bat gertatu da. Nabarmena da gure haurrak lehenago gelditzen direla hezkuntza erakundeen esku. Horrek dakarren guztiarekin. Sozializazio kontratu jakin bat nolabait hautsi egin da. Oraintsu arte familia arduratzen zen haurraren nortasunaren muina eraikitzeaz, osatzeaz, eta haurrak eskolara hezigarritasun baldintza psikologiko eta material batzuekin heltzen ziren. Gaur egun, ordea, erakundeek hartu behar dute euren ardurapean, ez klasikoa den bigarren sozializazioa soilik, baita lehenbiziko sozializazioaren zati hazkorra ere, orain arte familien esku egon dena.
Eskolak, eta hezkuntza erakunde formalek, oro har, erronka itzela dute. Oso desafio eta ardura potoloak dauzkate eskuartean, lehen ez zeuzkatenak: ez soilik gure haurren garapen intelektuala, baita emozionala, afektiboa eta nortasunaren muina osatzearena ere.
Beste alde batetik, beste sozializazio eragile batzuk, era guztietako pantailek esaterako, indar aparta hartzen ari dira. Eta pantaila horiek sarritan ez daukate inolako hezkuntza diseinurik. Hau da, eskolak gehiago egin behar du jarduerarako tarte txikiagoarekin, lehiakide gogorrak atera baitzaizkio testuinguru historiko berrian.

Aipatutako arazoak edo krisiak konpontzeko eskatzen zaio askotan eskolari. Erreala al da hori eskatzea?

Ez, horrek berak krisian betikotzen du eskola, funtzioen gainkarga modukoa zerbait bizi duelako. Aski da irratia piztea: edozein solaskidek arazo sozial bat identifikatu, eta, berehala, horren konponbidea hezkuntzan dagoela esango du. Eta pixka bat gehiago finduz, ez du aipatuko hezkuntza osorik hartuta, eragile guztiak aintzat hartuta (eskola, familia, hedabideak…); aitzitik, eskolak ardura berezia daukala esango du, eta hainbat prozedura jarri beharko lituzkeela arazo hori bideratzeko.
Adibidez, har dezagun elikadura arazo gero eta larriagoa (anorexia, bulimia, umeen gizentasuna…). Sistema orokor honen barruko azpisistema batzuek euren funtzioa utzi egin dute. Esan nahi dut familiak berak ez dituela lehen bezala transmititzen elikaduraren arloko jarraibide batzuk. Jateko denborak ahitu egin dira, eta familia barruko denborak desartikulatu. Gaur egun, sarri bikoteko kide biek lan egiten dutenez, konplexuagoa da lehengo elikadura tradizioei eustea. Etena dago.
Horrez gain, beste azpisistema batek, hedabideenak, etengabeko presioa egiten du, haur eta gazteen kontzientziak kolonizatuz edertasun irudiekin eta gorputz-eredu perfektuekin. Hau da, gaurko haur eta gaztetxoak idealtasun handiagoarekin estutzen ditugu egunero.
Ondorioz, elikadurari lotutako nahaste batzuk sortzen dira, eta gizarte jakin batek gauzak bide horretatik eroaten dituenean, eskolari esaten zaio: “Orain, egin zaitez zu horren kargu”. Hau da, azpisistemetako bati eskatzen zaio sistema osoaren kontraesanak konpontzea. Piloturik gabeko hegazkin horren airbaga izatea, nolabait.
Konponbide guztiak hezkuntzatik datoz, eta zehatzago esanda, eskolatik. Bide batez, beste hezkuntza eragile batzuek, eskuak garbitzeaz gain, egunero egur gehiago botatzen diote suari. Konponbide zaileko egoeratan sartzen gara.
Eskolak argi izan behar du ezin duela dena egin, mugatua dela. Beste batzuek sua piztu eta estrategia piromanoa jarraitu eta gero, eskolari eskatzen zaio suhiltzaile lanak egitea, maisu-maistrei eskatzen zaie gure garaiko heroiak izatea, jada sua ikaragarria denean.

Nola ikusten dituzu irakasleak eskolaren gainkarga horren aurrean?

Eskolaren motxila funtzioz eta zereginez betetzen joan den heinean, irakasleen estatusa behera etorri da. Badirudi irakasleek begirune soziala galdu egin dutela. Hau da, gehiago eskatzen zaie, eta gutxiago eman (ez naiz soldataz ari).
Gure lehengo herrietan alkatea zegoen, autoritate politikoa; medikua zegoen, autoritate zientifikoa; abadea zegoen, autoritate espiritual-erlijiosoa; eta maisua edo maistra zegoen, hezkuntza autoritatea, aurrerapenaren sinboloa.
Gaur egun, estatus hori aldatu egin da. Alde batetik, gurasoek maila kultural jasoagoa dute, hezkuntza eta kultura kapital handiagokoak dira, eta, ondorioz, irakasleak ez dira lehengo autoritate eztabaidaezin haiek, zorionez. Baina baditu bere albo kalteak, batez ere hezkuntzako gaurko profesionalentzat.
Beste alde batetik, bada kalean sarritan erabiltzen den diskurtsoa: lehen eskolan kokotekoa jasoz gero, etxera joan eta, ezer galdetu gabe, beste bat gurasoek. Gurasoen eta irakasleen artean halako itun inplizitu bat zegoen, belaunaldi hitzarmena, nolabait. Itun hori hautsi egin da eta gurasoen eta seme-alaben arteko itunak sortu dira: gurasoak kontu eske joaten dira eskolara. Eta, helduen arteko ituna hautsita, irakasleak babes gutxiagorekin sentitzen dira gerta daitekeenaren aurrean.
Bada gehiago: irakasleek ikasleen aurrean autoritatea galdu dute, neurri batean behinik behin, arlo batzuetan eredu imitagarri izateari utzi diotelako. Adibidez, gehienetan ikasleek askoz hobeto erabiltzen dituzte teknologia berriak. Are gehiago, maiz, gaitasun handiago dute informazio gainkargari eta testuinguru historiko honen konplexutasunari aurre egiteko.

Krisia orokorra da, zibilizazio krisia aipatu duzu. Baina, zooma itxi eta hezkuntzara mugatuta, nork hasi behar du horri buelta ematen, eta nondik?

Konplexua da oso. Baina, hasteko, zera argitu behar da: hezkuntzari buruz pentsatzen hastea geure gizarteari buruz pentsatzen hastea da. Hau da, kontua ez da zelan sortu eskola ona, baizik eta nola eraiki gizarte hezitzailea. Izan ere, hezkuntza ez da erakunde formal bati eta profesio jakin bati dagokion zeregina (sekula ez da izan, baina orain inoiz baino gutxiago). Hori ere bada, jakina, baina, aldi berean, gizarte osoaren funtzioa da: eskolarena, familiarena, hedabideena, herri mugimenduena, enpresena, politikariena... Esapide afrikar batek dio haur bat heztea tribu osoaren lana dela. Oso garrantzitsua iruditzen zait hori argi edukitzea.
Nolakoa izan beharko luke eskolak gizarte hezitzaile horretan?
Tribu guztiak arduratu behar badu heziketaz, eskolak argitu egin behar du bere lekua eta mugak zein diren. Jakin egin behar du, baita ere, muga horiek azaltzen eta esaten: “Gu erakunde mugatua gara eta honaino hel gaitezke”. Eta jakin egin behar du gizarteak jartzen dion gainkargaren tranpa salatzen, tranpa baita, azken finean. Normalean, eskolak eta hango hezitzaileek, bokazioz eta misio historikoz, joeratxoa eduki dezakete horrelakoak esateko: “Bai, hau ere geure gain hartuko dugu”. Nire ustez, ordea, eskolak arrakasta izan nahi badu, ezinbestekoa da une historiko honetan ondo zehaztea zein diren bere ahalak eta zein ez. Eta kolaborazioak serio planteatzea beste eragile batzuekin, bai familiekin, bai hedabideekin, baita gizarteko beste eragile batzuekin ere. Konplexurik gabe planteatzea heziketa oso gauza konplexua dela, denen artean egitekoa, eta bestela porrota gauza segurua dela. Aspaldiko egitasmoa da, badakigu, baina inoiz baino zentzudunagoa. Izan ere, ezagutzaren gizartean sekula baino nabarmenagoak dira bi hauek: ez dago hezkuntza efekturik ez duen giza ekintzarik (gizarteko gune guztiek hezten dute, modu batean edo bestean); eta bizitzan ez dago hezkuntza efekturik behar ez duen unerik (hori oso argia da ezagutzaren gizartean).

Nola ikusten dituzu beste eragileak. Hedabideak, esate baterako, prest al daude ardura hori hartzeko?

Oraindik oso urruti daude hortik. Sozializazio prozesuan gero eta eragin handiagoa dute. Bideo-jokoena, esate baterako, une honetan industria kulturalaren negoziorik oparoena da, zinemagintzaren aurretik dago. Horrek adierazten digu zenbaterainoko eragina duen. Era berean, produktu horiek ez dira diseinu pedagogiko batean ardazten, gehiegitan ez daude pentsatuta hezkuntzaren ikuspegitik eta ez dute planteatzen zelan lortu haurraren edo gaztetxoaren hezkuntza eta hazkuntza ona (lehentasunak ez dira horiek, behinik behin).

Nork esan beharko lieke euren produktuek ikuspegi hezitzailea eduki beharko luketela?

Denok eduki beharko genuke zeresana. Edonola ere, familien aldetik eskaerek oso zorrotzak izan beharko lukete. Azken batean, familiak dira industria kultural horren eta haurren arteko bitartekariak. Familiek erosten dituzte. Familiek badakite haur bakoitzak gelan Internet, telebista eta era guztietako pantailak dituela, eta horien eragin eta erabilera egokia zein den jakin behar lukete. Hortaz, familia bakoitzak horren inguruko hausnarketa serioa egin beharko luke.
Familien aldetik presionatuta sentitzeaz gain, ikuspegi politikotik ere presionatu egin beharko litzateke industria kultural hori. Uste dut politikaren bidetik pauso batzuk eman beharko liratekeela, hori guztia beste modu batera arautzeko. Baina hortxe dago gure munduak bizi duen arazoetako bat: negozio mundua arautzeko politikaren ezintasuna.
Material eta hedabide alternatiboak (asmo hezitzailedunak) sortzea litzateke beste egiteko bat.

Familiak ardura batzuk eskolaren esku utzi dituela esan duzu lehen. Zer-nolako funtzioa eduki beharko luke familiak eskolan, gizarte hezitzaile batean?

Familiak eginkizun batzuk berreskuratu beharko lituzkeela iruditzen zait. Horretarako, baldintza batzuk sortu beharko dira, noski. Ez ditugu beste herrialde batzuetan dituzten baldintzak haurrak zaintzeko. Esadazu gizarte batek haurren hazkuntzarako zein baldintza sortzen dituen, eta esango dizut gizarte hori ona den, ez den horren ona edo txarra den. Ikuspegi horretatik, gure gizartea gizarte atzeratua da, eta atzera egin duena. Oso modu kritikoan begiratu behar genioke gure egoerari. Kezkatzekoa da lau hilabeteko haur bat haur eskolan aparkatzea eta ia egun osoa igarotzea hezkuntza erakunde batean, nahiz eta erakunde horiek gero eta hobeto diseinatuta egon. Ia-ia ez dago diseinu on posiblerik horri ganoraz erantzuteko. Erabil ditzagun haur eskolak modu arrazional eta zentzuzkoan.
Dena dela, ezin da orokortu, ezin da esan familiak seme-alaben heziketaz ez direla arduratzen. Denetik dago.

Irakasleen prestakuntzan ikusten al duzu aldaketa edo berrikuntzaren beharrik?

Alde batetik, ohiko prestakuntza dago, hots, gaur egun irakasle ona izateko zer gaitasun eduki behar liratekeen: psikologia ebolutiboaz jakin beharko luke, gertaera politiko modura ulertu beharko luke hezkuntza, irakasteko eta ikasteko prozesuetan prestatu beharko luke, alderdi metodologiko eta didaktikoetan ere bai, eta abar luze bat. Horixe da gaur egungo ikasketek eskaintzen dutena, hain zuzen, nahiz alderdi soziologikoz eta politikoz herren samar ikusten ditudan.
Baina, bestetik, beste era bateko prestakuntza edo zaintza behar da: irakasleen zaintza integrala, nolabait. Segur aski, bere burua zaintzen ez duen erakunde batek, lantzean behin bere barrua bokazioz busti eta orekatzen ez duen irakasleak, ezingo du ongi zaindu beste inor. Hori hartzen dugu premisatzat.
Denok dakigu gaur egun irakasle lana ez dela erraza. Eskakizun psikiko handiko lanbidea da eta, ikuspegi horretatik, ondo zaindu beharreko alderdiak daude.
Ildo horretatik, irakasleen esperientzia lantegiak eraiki daitezke: gune eta une batzuk irakasleen zaintza horretarako, desintoxikazio emozionalerako, esperientziak partekatzeko, bai onak eta bai txarrak…
Nahiz eta pedagogia esperientzialak indarra izan, irakaslearen irudiak funtsezko izaten jarraitzen du, eta garrantzi handia du figura horren zaintza emozionalak, psikikoak eta afektiboak. Uste dut garrantzitsua dela, prestakuntza teorikoaz aparte, era horretako zaintza integrala, eta nik ez dut ikusten horrelakorik gaur egun.

Nerabeak zaintzeari eta hezteari garrantzi handia ematen diozu.

Bai, subjektuaren eraikuntzan funtsezko bi une daude bizitzan: bizitzako lehen urteak eta nerabezaroa.
Gaur egun, ikuspegi psikikotik, askoz zorrotzagoa den gizartean bizi gara. Identitatea norberak banaka eraiki behar duen zerbait da, ez emanda datorrena, garai batean bezala. Horrez gain, bada idealtasunaren etengabeko transmisio mediatikoa ere: edertasuna, estatusa, arrakasta, boterea, distira egoikoa… Norbere niaren eraikuntza distiratsura animatzen gaituzte egunero. Uste dut ikuspegi horretatik tentsio psikiko altua eragiten duen gizartean bizi garela. Iruditzen zait gizarte horrek beste garai batzuetan baino gehiago eskatzen duela, baina gutxiago eman. Hau da, zerekin egin dute topo gure gazteek? Krisian dagoen gizartearekin, norbere identitatea eta bizi-proiektua eraikitzeko krisian dauden osagaiekin: lana krisian dago, ideologia modernoak krisian daude, ongizate estatua krisian dago, familia krisian dago, hezkuntza krisian dago… Zer ez dago, gaur egun, eraldakuntza prozesuan edo, gutxi-asko, nolabaiteko kinkan?
Beraz, gazteek desinstituzionalizazio prozesuan dagoen gizarte batekin egin dute topo. Hori kontuan hartuta, uste dut ez dela erraza gazte izatea gaur. Ikuspegi materialetik esne-mamitan eduki ditugu, baina ikuspegi psikosozialetik hauskorragoak dira; askoz eskaera handiagoei aurre egin behar die eta identitatea eraikitzeko material prekarioagoak ditu belaunaldi horrek.
Egoera hauskor horretan, gazteek hiru irtenbide faltsu hauta ditzakete nortasuna eraikitzeko lanetan (baita nagusiek ere):
1. Infantilizazioa: batzuek biktima papera hartzen dute, kulpak inori erantsiz; konplexutasunari aurre ez egiteko modu bat da.
2. Segurtasuna emango dieten talde itxietan gotortu daitezke (tribu hiritarrak, esaterako).
3. Identitatea eraikitzen ahalegintzen dira, horretarako objektu komertzialak erabiliz. Merkatuak zuzendutako txotxongilo bihurtzen dira.
Eskolak nerabezaroari arreta berezia eskaini behar lioke, eta identitatearen eraikuntza modu finean zaindu (beste batzuekin batera). Bestela, merkatuak egingo du. Gaur merkatuak zuzentzen du, hegemonia handiz, gazteek daukaten autonomia gosea eta nitasuna eraikitzeko beharra. Kolonizatze hori gero eta goiztiarragoa eta masiboagoa da, gainera.
Zer egin dezake eskolak?
Esate baterako, konpromiso soziala landu, konpromiso sozialean hezi gazteak. Hau da, bizi-ibilbide zentzudunak erakutsi, edo konpromiso sozialean ardaztu diren bizi-ibilbide batzuk erakutsi, eredu modura. Kontsumismoa, ospea, niaren gorespena… dira eredu hegemonikoak; bada, eredu hegemoniko horien aurkakoak diren beste batzuk aktibatu: ikusarazi bizitza askoz aberatsagoa dela besteekiko konexioan eraikitzen denean, baita konpromiso sozialaren bidetik eraikitzen denean ere… Debagoienan Gazte Eskola sortu dugu asmo horrekin, besteak beste. Ohiko egozentrismo materialistatik eraiki ez diren eredu batzuk eskaini beharko lirateke, beste irudi erakargarri batzuk, eredu zentzu-dunak (zentzuz hornitzen gaituztelako hitzaren bi adieratan: esanahiez eta norabidez).

Etorkizuneko eskola horrek zer izan behar du, erreproduzitzailea ala eraldatzailea?

Hezkuntza, oro har, eta eskola, zehatzago esanda, ez litzateke ardaztu behar daukaguna erreproduzitzeko lanean, inoiz baino argiago ikusten da hori.
Segur aski hori izango da hezkuntza krisiaren beste ertz bat: une honetan, sistema honen erreproduzitzaile ari da batez ere, eta egokitzapenak izugarrizko indarra eskuratu du. Eskola, neurri handi batean, horregatik dago hain asaldatuta, etengabe aldatzen ari den gizarte horretara egokitzeko urgentzia eta mandatu historikoari men eginez ari delako. Egokitu, egokitu, egokitu, hain exijentea den kanpo mundu horretarako jendea prestatu. Ostera, iruditzen zait fase historiko honetan apalduta gelditu dela alde eraldatzailea, emantzipatzailea, humanizatzailea.
Kontua da, etorkizunari begira, oreka hori aldatu egin beharko genukeela denon artean, hasieran esandakoagatik: gure garapen ereduak etorkizunik eskaintzen ez badigu, biziaren mantenurako hain kaltegarria bada, gizarte horren erreprodukzio lanean jardutea estrategia kriminal batekin kolaboratzen jardutea izango litzateke kasik. Berba gogorrak dira, baina bizitzaren oinarriak kaltetzen gabiltza egunetik egunera, eta ikuspegi askotatik. Horregatik, sekula baino gehiago izan beharko du daukagun hori gainditzera deitutako hezkuntza eredua.
Horrez gain, argi dago gizarte horren azpisistemetako bat dela hezkuntza, eta gizarte horren beharrizanei erantzuteko dago, neurri handi batean. Baina azpisistema horrek badu bere logika propioa, batzuetan gizartearen logika orokorrarekin bat ez datorrena. Gizartearen zerbitzura egoteaz gain, autodeterminatzeko gaitasuna izango duen norbanakoa eta komunitatea sortzean datza kontua, eta sarriegi bi zeregin horiek ez datoz bat. Eta hor, jakin egin beharko luke bere logika propio hori defendatzen, eta baita gotortzen ere, nahiz bat ez etorri ekonomia globalak edo gizarteak behar duenarekin.

 

Jada badakigu irakasle ona ez dela ezagutzaren transmisioa ongi egiten duena soilik; ez eta esperientzia egokiak diseinatzen dakiena ere, haurrak eta gazteak ulermenera irits daitezen. Batez ere, oinarriko bizi hautuak egiten laguntzen duena da, nire ustez, irakasle ona. Eta  Arizmendiarrieta horrelako tipo bat izan omen zen.