PISA frogen hamaika irakurketa

Urtearen hondarrean PISA emaitzak iritsi ziren. PISA 2009 frogak, matematikan, irakurketan eta zientzietan 4. DBHko ikasleek zuten maila neurtu zuen. Froga hori, ELGEko (Ekonomi Lankidetza eta Garapeneko Erakundea) 45 herrialdetan egin zen.

Aurreko beste bi frogen emaitzak –PISA 2003 eta PISA 2006– argitaratu zirenean gertatu zen gisan, oraingoan ere zeresan handia eman dute.
Emaitzak emaitza, aitortu beharko litzaioke edozein kanpo neurketak hausnarketarako eskaintzen duen aukera. Ez da ahaztu behar, eta emaitzen pare jarri beharko litzateke gainera, PISAk ikasleen errendimendua neurtzeaz gain, ikasleengan ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren inguruan gertatzen diren baldintzen gaineko azterketa egin nahi duela.  
Emaitzen jendarteratzeari iritzi eta gogoeta andanak jarraitu dio. Datuek gure ikasleek zientzien arloan duten gabezia argitan utzi dute. Eta segidan etorri dira espekulazioak. Haien artean, bada, besteak beste, gure heziguneen irakasteko erari erreparatu dionik. Gure irakasteko era memoristikoa eta teorikoa da kasurik gehienean. Alta, PISAren aztertzeko modua gehiago kokatzen da tauletatik, datuetatik eta grafikoetatik abiatuz problemen ebazpenean. Beraz, litekeena da zientzien irakaspenen gaineko arazoa ez izatea eskaintzen zaion ordu kopurua baizik eta irakasteko era.
Ildo berean, ELGEko analista den Pedró-nen arabera, nazioarteko ebidentziek diote udalek parte hartzen duten beste gobernu ereduarekin eta zentroen autonomia maila handiagoa duen testuinguru batean, emaitzak hobetuko liratekeela. Zer irakatsi eta nola ebaluatu erabakitzeko autonomia handiagoa duten lekuetan emaitzak hobeak direla, alegia.
Antza, emaitzetan gora egin duten herrialdeetan, gehiago arduratzen omen dira irakasteko era hobetzeaz eskaintzen dituzten edukiak aldatzeaz baino.
Badira hainbat datu zer pentsatua ematen dutenak. Esaterako, frogara aurkeztutako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 4.768 ikasleetatik % 20 inguru ez zela ari bere adinari zegokion ikasturtea egiten, errepikatzailea zen.
PISA 2009 frogan Hego Korea izan da emaitzik altuenak lortu dituena. Izugarrizko progresioa izan omen du, gainera. Ispiluaren beste aldean, ikasleak dauden aldean, ordea, beste datu batzuk daude. Emaitza onek talka egiten dute egunean hamaika orduz eskolara joatea behartuta dauden ikasleen estres eta atsekabe mailarekin. Hego Korearrak, ELGEko ikaslerik onenak izateaz gain, estres maila altuena eta zoriontasun gutxiena sentitzen dutenak dira. Ez gara gu hori diogunak, emaitzek diote!