Baztango testigantzak jasotzen Lekarozko 4. DBHko ikasleen eskutik

Historiako mintegia izan da lanaren koordinatzailea, eta, horren buru ibili da, urtetan, Juainas Paul irakaslea.

Gurasoak eta aitona-amonak elkarrizketatzen

DBHko 4. mailako ikasleek ikasturte hasieran plana egiten dute. Elkarrizketak egiten eta datuak jasotzen ikasten dute  era teorikoan, eta, metodologia zehatza erabiliz, aukeratutako pertsonak elkarrizketatzera joaten dira, banaka.
Elkarrizketa horiek egiteko, oinarrizko galdetegia dago. Urtero, ikasleei galdetzen zaie zer iruditzen zaien, eta denen artean egokitzen dute. Ondoren, ikasle bakoitzak nor elkarrizketatuko duen erabakitzen du eta bere galdetegi propioa antolatzen du.

Testigantzak jasotzen

Helburua, gal litezkeen historiak eta istorioak, euskaraz hitz egiteko erak, ipuinak, kontakizunak, ohiturak, toponimia, tresnen izenak eta abar jasotzea da, aurrera begira, ikertzaileek materiala izan dezaten bere lanerako.
Ikasle bakoitzak pertsona heldu bat elkarrizketatzen duenez, ikasturte osoan, belaunaldien arteko harremana indartu egiten da.

Gerónimo de Uztariz historia institutuaren laguntza

Lekarozko institutuan urteak daramatzate lanak jasotzen. Ahozkoak diren jasoketak paperera pasa eta sailkatu egiten dira. Proiektu izugarri horrek Iruñeko Gerónimo de Uztariz historia institutuaren babesa du. Bertan, BHko hainbat irakaslek lantaldea sortu dute.
Elkarrizketak ikasturte osoan zehar
Elkarrizketak elkarrizketatuen ohiko hizkuntzan egin dira, gehienak euskaraz. Horretarako, galdetegi zehatza erabiltzen da. Ondoren, elkarrizketak paperera pasatzen dira, eta, amaitzeko, beste ikaskideei aurkeztu eta denen artean hitz egiten da.
Testigantzen jasoketak ikasturte osoa irauten du eta egindako lana neurtu egiten da. Hau da, Historia ikasgaiaren zati bat da eta notarako balio du.
Geroko lana, jasotako argazkiak, irudiak, elkarrizketak, idatziak eta abar digitalizatzea eta denen eskura jartzea izango da.
Ikasleen ikerketa
Ikasleek egindako ikerketak biztanleen eguneroko bizitzan, heziketan, komunikabideetan eta erlijioan oinarritu dira, batez ere. Elkarrizketetan denetatik hitz egin liteke, baina, arreta berezia jartzen da eskola, lana, euskararen  egoera, garraioak, jolasak, erlijioa eta abarretan.
Elkarrizketaren teknikak ez du prestakuntza handia eskatzen, egitea oso erraza baita aurretik ongi programatzen bada.
Bestalde, kontakizun askotan oso gauza politak agertzen dira. Ikasleek arreta handia jartzen dute, eta, ardura handiz jokatzen dute.
 
Sentimenduen indarra
Juainas Paulen esanetan, “testigantzek eragin handia dute ikasleen sentimenduetan. Normalean, harritu egiten dira  haien aitona-amonek pasatutako egoera latzak ezagutzean, eta, egoera haiek gertukoek bizi izan dituztela ezagutzeak onurak dakartza, gure ustez”.
Frankismoaren erakusketa
2010eko maiatzean Elizondoko Arizkunenea jauregian frankismoaren gaineko erakusketa antolatu zen.
Izan ere, frankismoak kalte handia egin zuen bailaran; gaur egun, begien bistakoak diren kalteak, oraindik orain. Irakasleen ustez, ikasleek zuzenean ezagutzea egoki izan liteke, gerora,  historia errepika ez dadin.

Ondorioetako batzuk

Jendeak beldurra du eta isiltasuna mantendu nahi du gertatutakoaz eta jasandakoaz. Euskarak izan zuen errepresioa, frankismoaren doktrinamendua, gerren osteko sufrimendua, “makiak”...  Izan ere, bailaran, 1936ko Espainiako Gerra Zibilari II. Mundu Gerrak jarraitu zion. Jende ugarik alde egiten zuen mugaren alde batetik bestera, eta, era berean, jende asko aritu zen bai alde batean eta bestean ihes egindakoei laguntza eskaintzen.

Kasualitatearen onurak

Erakusketa prestatzen ari zirela, patuak hala nahita, Historia mintegian, gai horrekin interesatua zegoen jendearekin egin zuten topo eta prestutasuna agertu zuten laguntzeko, bailarako beste aditu batzuekin batera. Horrela, hainbat arlo aurkezteko aukera izan zen: Mikel Rodriguez (mugaren pasoaren gainean), Iker Frias (esklabuek egindako gotorlekuak), Fernando Mendiola (Baztan barruko frankismoaren esklabuak), Lander Santamaria (amerikarrek egindako Gorramendiko gotorlekua), Mikel Ozkoidi eta abar.

Estraperloa lanbide

Bailarako askorentzat, muga pasatzen laguntzeko berdin zitzaien  pertsonak pasa edo materiala, janaria eta abar. Azken finean, hura zen haien lana. Baina, ez zaie hartaz hitz egitea gustatzen, eta, askotan, isildu egiten dira.

Bailarako historiagileak

Elizondon egindako erakusketarako, lan berezia egin zuten bailarako historiagileek frankismoaren garaiko gertaera konkretuak aurkeztuta: makiak, galtzaileek egin behar izan zituzten zigor-lanak II. Mundu Gerrarako bunkerrak eraikitzen...

Gerrako esklabutza

Gerra Zibileko hainbat errepublikar galtzaile “frankismoaren esklabu” gisa eramanak izan ziren mugako “P lerroa” deritzan bunkerrak eraikitzera.

Makiak Baztanen

Gerra Zibilaren ondoren Francoren aurka sortutako “makiak” 1944an agertu ziren bailaran. Muga bertan zela, hura pasatzeko, inguruan ezkutatzeko edota komunikabide gisa erabiltzeko joan ziren hara. Dakitenez, 1961. urtera arte behintzat bailaran ibili ziren.

Amerikarrak Baztanen

Gorramendin gotorlekua egin zuen Ammerikako Estatu Batuetako ejerzitoak eta haiekin gertatutako hainbat pasadizo jasoak daude.•