Jonan Fernandez: "Bizitza eta elkarbizitza jorratzeko erreminta kaxa bat eskaintzen dugu"

Zer da Baketik?

Baketik, Arantzazun (Oñati) 2006ko urriaren 14an sortu zen Bake Zentroa da. Egitasmo honen bultzatzaileak Arantzazuko Santutegiko frantziskotarrak izan ziren, eta euren erabakiz zentroa laikoa, akonfesionala eta bere funtzionamenduan aniztuna eta irekia da.
Izenak dioen moduan, bi kontzeptu lotzen dira: bakea eta etika. Eta horren atzean intuizio bat dago: etikaren eta bakearen arteko loturak bizitzarako, elkarbizitzarako, hezkuntzarako eta elkartasunerako pista bat eman dezakeela. Hori da intuizioa eta horrekin hasi ginen lanean. Gure esperientzian hori horrela dela frogatzen ari gara, alegia, bi elementu horiek oso emankorrak, oso aberatsak direla.

Zein da Baketik-en zeregina?

Guretzat, une honetan, lau arlo dira ardatzak: pertsona, elkarbizitza, hezkuntza eta elkartasuna. Horietan, ekarpenak egitea da gure zeregina. Horretarako, hainbat egitasmo ditugu esku artean:
- Gatazkei etikoki aurre egiteko ikastaroen proiektua: geurekin edo besteekin hobeto bizitzen ikasteko ikastaroak dira, etika oinarritzat harturik arlo pertsonalean, sozialean eta politikoan. 2006ko urritik ia 6.000 lagunek hartu dute parte.
- Antzerki Forum proiektua: egunero, astelehenetik ostiralera, ikastetxeetatik etortzen dira gaztetxoak antzerki foruma egitera. Antzerkiaren bitartez hiru proiektu lantzen ditugu, hiruhileko bakoitzean bat: 8-12 urtekoekin bullyinga eta bortxakeriaren prebentzioa; 12-14 urtekoekin errespetua eta berdintasuna harreman afektiboetan; eta 14-16 urtekoekin berdintasuna eta errespetua desberdintasunen aurrean. Orain arte 16.000 gaztetxo pasatu dira.
- Kulturarteko eta erlijioarteko elkarguneak: Euskal Herrian ez, baina munduan eztabaida garrantzitsu bat dago; zein den elkargune etikoa kultura eta erlijio desberdinen artean. Guri gai hori asko gustatzen zaigu eta eztabaida horretan sartuta gaude. Ekarpenen bat egin dugu.
- Bideoteka proiektua: 200 film dauzkagu bazkideen eskura, bakoitza bere gida didaktikoarekin. Zinemaren bitartez, besteak beste, bizikidetzari, giza eskubideei, gizarteari eta bizitzari buruz gogoeta egiten dugu.
- Udaberrian, gogoeta etikorako jardunaldiak antolatzen ditugu.
- Arantzazu Afrikarekiko elkargune proiektua: urtean behin, Arantzazun, Afrikari buruzko astea antolatzen dugu.
- Dohain proiektua: gizartean baztertuta dauden zenbait pertsona (gaixoak, presoak, drogaren menpekoak, babesik gabeko adin txikikoak, urritasunen bat dutenak…) hiru egun pasatzera etortzen dira Arantzazura. Dena doan izaten dute eta deskantsatu, ondo pasatu, zerbait ikasi… egiten dute.
- “Izeba” proiektua: Gipuzkoan garatzen ari garen proiektu bat da. Adingabe atzerritarrentzat familia boluntarioak bilatzen ditugu, izeba-osaben papera betetzeko eta integratzen laguntzeko.
- Izan Hezkuntza Proposamena.
- Eta hitzaldiak, jardunaldiak, foroak, argitalpenak…

Izan Hezkuntza Proposamena da Pertsona izaten hezi, 8 ikaskuntza liburuan aipatzen duzuna eta ikasturte honetan hainbat ikastetxetan martxan jarri duzuena. Zer proposamen mota da?

Bizitzako eta elkarbizitzako hezkuntza jorratzeko erreminta kaxa bat da. Kaxa horrek zortzi atal ditu, bakoitza ikaskuntza desberdin batekin eta horiek lantzeko erremintekin.
Erreminta kaxa horrekin bi gauza lortu nahi ditugu. Bata, eguneroko bizitzan, eskolan, familian, kalean… sortzen diren arazoei ikuspegi konstruktibo eta gizatiarrarekin aurre egitea. Eta bestea, helburu handiak zehatz-mehatz garatzea. Alegia, eskolan landu nahi ditugun elkartasuna, elkarrizketa, berdintasuna, giza duintasuna… eta horrelako helburu nobleak norberak bizitzea eta esperimentatzea.

Erreminta kaxa horren beharrean al gaude?

Baietz uste dugu. Izan ere, bai eskola eta bai irakasleak egoera berezi batean daudela uste dugu. Alde batetik, gizarteak eskaera pila bat egiten dio: eskolak eman behar dio erantzuna elkartasunari, berdintasunari, justiziari, sexologiari, elikadurari… Eskolak guztiorri erantzun behar dio eta, horretarako, gela bakoitzean, asko jota astean pare bat ordu izaten dira.
Hori gutxi ez, eta, Hezkuntza Sailak, fundazio bakoitzak, GKE bakoitzak… bere unitate didaktikoak eta bere karpetak ematen dizkio eskolari: “Nirea egiteko, tori hau”, “nirea egiteko, tori hau”, “Emakumeenganako errespetua garatzeko, tori hau”, “Nazioarteko elkartasuna garatzeko, tori hau”… Orduan, zer da irakasle batek mahai gainean daukana? Eskaera pila bat, oso ordu gutxi eta bitarteko desordenatu pila bat. Hori deskalabru bat da.
Horregatik eskaintzen dugu erreminta kaxa hau. Zer aurki daiteke hor? Erreminta ordenatu batzuk horri guztiari erantzun erraza emateko. Zeren proposamen honen ezaugarri bat horixe da: erreminta horiek erabiltzeko metodoa oso erraza eta errealista dela, jakinik, eskola batean, zenbat ordu libre dauden eta zer aukera dauden hori lantzeko. Bitarteko erraz batzuekin eta ikuspegi errealekin aukera asko ematea da xedea.

Ez al da, beste unitateekin batera, beste bat gehiago izango?

Bai, izan daiteke, baina proposamenaren helburua honako hau esatea da: hemen, zortzi kaxa hauetan, dena sar daiteke. Kanpotik emakumeen bortxakeriari aurre egiteko eskaera bat datorrela, bada, hori erraz asko sar daiteke enpatiaren kaxan edo giza duintasunaren kaxan. Eta gainerako eskaera guztiekin gauza bera egin daiteke.

Beste berezitasunik ba al du?

Bai, hezkuntzan dagoen lehen arazoa aipatutako bat-bateko desordena hori da. Baina bada beste bigarren arazo bat ere: didaktika. Ez irakasleen didaktika soilik, baita gurasoena ere.  Oso aginduzko didaktika da. Adibidez, denok ados gaude elkarrizketa bultzatu behar dela esatean; elkarrizketa ona dela diogu. Eta, orduan, zer da egiten duguna? Bada, gaztetxoei esaten diegu gauzak inposaketaren bitartez egin beharrean elkarrizketaren bitartez egiteko. Eta hori zer da? Guk helduok gaztetxoei ematen diegun irakaspen bat. Gaztetxoek “zergatik?” galde diezagukete. “Zuk esan duzulako? Nik nola egiazta dezaket hori horrela dela?”. Eta, gainera, arrazoi eduki dezakete. Zeren telebista pixka bat ikusten baldin badute edo munduari pixka bat begiratzen baldin badiote, ohartuko dira batzuek ezetz esaten dutela, onena ez dela elkarrizketa, inposizioaren bidez lortzen direla gauzak.
Orduan, guk esaten dugu seme-alabei edo ikasleei zerbait morala edo etikoa erakutsi nahi diegunean, agindua edo irakaspena beharrezkoa dela, baina ez nahikoa. Horregatik, bizipen ikaskuntza batzuk bilatu behar ditugu gauzak norberak frogatzeko, norberak esperimentatzeko, berdin du 8 edo 14 urte eduki.
Izan Proposameneko 8 kaxa horietako erremintek ezaugarri hori dute: esperientziak sorrarazten dituzte. Eta esperientzia horien bidez froga dezake norberak gizakion bidea elkarrizketa, berdintasuna, elkartasuna… direla. Zergatik defendatu eta praktikatu behar diren ulertuko du esperientzia bizitzen badu.

Ikus dezagun erreminta kaxa barrutik. Zortzi atal daudela esan duzu, eta bakoitzean ikaskuntza bat.

Lehenengo ikaskuntza zera da: gizakiok mugatuak garela, gizakion izaera mugatua dela. Eta hori da benetako gakoa. Pertsona guztiak behin soilik bizi gara, inperfektuak gara, ez dakigu dena eta ez gara ahalguztidunak. Eta neure muga horiek besteak hobeto ulertzen laguntzen didate.
Bigarren ikaskuntza esker onarena da: mugatuak gara, bai, baina gainditzeko ahalmena eta sortzeko gaitasun mugagabea ere badugu. Dohainez inguraturik bizi gara eta gainditzen gaituzten opari horiek merezi dute gure esker oneko adierazpen kontzientea. Ez badugu baloratzen eta aitortzen gure barruan daukaguna, inguruan daukaguna eta besteek daukatena, oso zaila da bizitzea eta elkarbizitza ona edukitzea.
Kontzientziari entzuten ikastea da hirugarren ikaskuntza: denok daukagu kontzientzia eta zerbaitetarako daukagu. Ez zaio garrantzirik ematen, baina etikoki funtzionatzeko behar-beharrezkoa da, oinarrizkoa da kontzientziari entzutea. Ikas daiteke kontzientziari hobeto entzuten eta hori da planteatzen dena.
Laugarren ikaskuntza giza duintasunarena da: giza eskubide guztien oinarrian giza duintasuna dago, eta hezkuntzan daukan baino garrantzi handiagoa eduki behar du. Giza duintasuna ez da irakaskuntza teoriko hutsa soilik, baizik eta esperientzia bat: nik neure giza duintasuna sentitzea, besteen giza duintasuna ulertzeko.
Horiek dira oinarrizko lau ikaskuntzak. Gero, beste hiru daude, instrumentalak.

Zein dira ikaskuntza instrumentalak?

Elkarrizketaren plusa, enpatiaren plusa eta pazientziaren plusa.

Zergatik plusa?

Konbentzituta gaudelako minusa hedatu dela gizartean, gure buruetan, hezkuntzan… toki guztietan: elkarrizketaren minusa, enpatiaren minusa eta pazientziaren minusa. Elkarrizketaren kasuan, adibidez, hobeto komunikatzeko, norberaren helburuak lortzeko… metodologia bat dela pentsatzen da. Hori oso hedatua dago eta elkarrizketaren minusa dela esaten dugu. Komunikazio metodologia bat baino zerbait gehiago da elkarrizketa: egiaren zerbitzurako bereizketa partekatua. Edo zergatik elkarrizketatu behar da? Hori azaltzea zailagoa da, baina elkarrizketak bestearengan konfiantza apur bat jartzea dakar, bestela ez dago elkarrizketarik. Orduan, nik zu baloratzen bazaitut, zuregan gauza positiboak eta eskertzekoak egon daitezkeela aitortzen badut, errazagoa da elkarrizketa.
Gauza bera enpatiarekin. Zer da enpatia? Bestearen tokian jartzea. Buruz dakigu. Eta hori enpatiaren minusa da. Bestearen lekuan jartzeko teknika bat erabiltzen ikastea baino zerbait gehiago da enpatia: besteez kezkatzea eta arduratzea da, besteen sufrimedua geurea balitz bezala sentitzea, nolabait, sufrimenduaren eragileei ekiteko. Berezko gaitasuna dugu enpatia eta gara dezakegu.
Eta, azkenik, hiru ikaskuntza instrumental horiez gain, denak biribiltzen dituen eta proposamen guztiaren oinarria den ikaskuntza bat dago: maitasunarena.

Zer ulertzen duzue maitasunaren ikaskuntza esatean?

Maitasuna funtsezko giltzarria da pertsona izaten ikasteko eta hezteko, prozesu horren sustrai eta fruitu da. Maitasuna gu besteei doan eskaintzeko bizitzak eman digun dohaina da. Ahalik eta onik handiena egitea xede duen entregatze desinteresatuaren jabe egiten gaitu. Maitasuna sentimendua baino zerbait gehiago da: bihotza zabaltzeko esperientzia da. Maitasuna ez da maite dugunaz jabetzea; doakotasun esperientzia da. Maitasuna ez da hegoak ebakitzea, maite dugun horri hegoak ematea baizik. Maitasuna da ohartzea gizakion gailurra besteei ahalik eta onik handiena egitea dela, dohainik.

Zortzi ikaskuntza horiek esperientziaren bidez ikastea proposatzen duzue. Nola egiten duzue hori?

Izan Hezkuntza Proposamenak alderdi teoriko bat dauka eta hori liburuan jasota dago. Ikaskuntza bakoitzak arlo kontzeptual eta teoriko bat dauka eta irakasleek irakurri eta esperimentatu egin behar dute hor proposatzen dena. Zeren ezin baita erakutsi gizakion izaera mugatuaren esperientzia edo eske onaren esperientzia neurri batean norberak bizitzen ez badu. Horregatik, lehen pausoa irakasleok proposatzen ditugun zortzi ikaskuntza horiek bizitzea da. Hori da lehen zatia.
Bigarren zatia proposamenaren alderdi praktikoa da, eta ikasleekin egin beharrekoa zehazten da. www.izanproposamena.org web orrian bilduta dago, eta zortzi ikaskuntzekin egindako mapa batean agertzen da maila bakoitzean zer landu daitekeen. Oinarrizko lau ikaskuntzak LH 2an, LH 5ean, DBH 2an eta Batxilergoko 1. mailan lantzen dira. Eta hiru ikaskuntza instrumentalak eta maitasunaren ikaskuntza beste mailetan: LH 3, LH 6, DBH 3 eta Batxilergoko 2. mailan. Bakoitzean proposamenaren helburuak, abiapuntua, zer kontzeptu landu nahi diren eta 6-8 jarduera praktiko zehazten dira. Eta jarduera praktiko guztiek ezaugarri bat daukate: egiteko oso errazak direla.
Orduan, hasteko, lehen jarduna beti gaiari kanpotik begiratzea izaten da: film baten, ipuin baten, testigantza baten… bitartez ikustea. Bigarren jarduna hori gure barnera eramatea izaten da eta galdeketa baten edo lan pertsonalaren bitartez egiten da. Adibidez, norberak bere koadernoan bi galderari erantzutea proposatzen da. Esate baterako, enpatiaren ikaskuntzan, galdera hau izan daiteke: zer egiten dut nik dohainik? Azkenik, hirugarren pausoa lana partekatzea izaten da.
Beste adibide bat emate aldera, gizakion izaera mugatua lantzeko eta bizitzeko, aurrena ipuin baten bidez istorio bat azaltzen dugu, haurrek ikus dezaten denok dauzkagula gauza onak eta txarrak. Ondoren, bakoitzak galdera honi erantzuten dio: zuk zeure barruan daukazunetik zer da gustatzen zaizuna? Eta, azkenik, denon artean komentatu egiten dugu.
Esker onaren ikaskuntzan, adibidez, film bat ikusi ondoren, zerrenda bat egiteko eskatzen zaie, norberak bere barruan, inguruan, etxean… dituen gauza onak idazteko. Behin hori ikusi eta gero, hori zer ona den ohartzen eta eskertzen ikasten dute.
Guztira, 250 iradokizun daude, adinaren arabera egokituak Lehen Hezkuntzatik Batxilergora arte. Beti hiru pauso horiek egiten dira eta ariketak oso errazak dira. Helburua esperimentatzea da.

Orduan, esperientziaren bitartez zortzi ikaskuntza horietaz jabetzen gara, eta horrek “hobeto” bizitzeko balio digu.

Bai, esperimentatu eta horretaz jabetzea garrantzitsua da. Jo dezagun istripu bat izan duzula, zerbait larria gertatu zaizula bizitzan. Zer egin behar duzu horri aurre egiteko? Ba, aurrena, derrigorrean galdu duzuna onartu. Onartzen ez duzun bitartean ez baituzu gaindituko. Beraz, trauma horrekin zerbait galdu duzula eta hori onartzea da lehen pausoa. Muga berria onartzea, alegia.
Bigarrena, esker ona. Muga hori daukazu, baina zenbat gauza dauzkazu zure inguruan gozatzeko, eskertzeko, baloratzeko… Hori egiten ez baduzu, ez zara zoriontsu izango.
Eta hirugarrena: hori gertatu zait eta nik bizitzan erabakiak hartu behar ditut, bide bat hartu behar dut, biktimismoa ere tentagarria da… Orduan, nola hartu erabaki onak kontzientziari entzun gabe? Zure lekua berreskuratu behar baduzu familian, lantokian, gizartean, lagunen artean, herrian… giza duintasuna daukazula gogoratu behar duzu. Duintasuna daukazu eta horrek argitzen dizu non dagoen zure tokia.

Demagun bi pertsonen artean gatazka bat sortu dela. Nola agertzen dira hor ikaskuntza horiek? Nola bideratzen da horrelako egoera bat?

Normalean, norbaitekin gatazka bat baldin badaukat, berehala hasten naiz esaten kabroi bat dela, gezurti bat dela eta nahi duen bakarra berearekin ateratzea dela. Zer egin dut? Etiketa bat jarri: gezurti bat da, berekoia da, protagonismoa nahi du… Orduan, etiketa jartzen badiot eta horren arabera hartzen baldin badut jarrera bat, akabo. Zeren berak ere gauza bera egingo baitu. Niri beste etiketa bat jarriko dit. Eta hor ez dago elkarrizketarik, etiketa horiek dena baldintzatzen dutelako.
Beraz, zer planteatzen dugu? Gatazka egoera bat baldin badago, elaborazio marko bat behar da. Aurrena, ez dezagun ahaztu ni mugatua naizela eta bera ere bai. Horrek dena baldintzatuko du.
Bigarrena: adostasuna badago, baina non dago puntu komuna, elementu positiboak, berak zer dauka ona, nik zer daukat ona, zertan ez daukat nik arrazoi guztia, zertan dauka berak arrazoi pixka bat…
Hirugarren urratsa: etikoki zer egin behar dugu egoera horretan, deskalifikatzen jarraitu ala dauzkagun gauza komunak bilatu?

Horrelako egoeretan asko hitz egiten da enpatiaz.

Gure joera epaitzea eta etiketa jartzea izan ohi da. Eta hori da liburuan eta gure planteamendu guztietan esaten duguna: etiketaren kontrako prozesu bat proposatzen dugu. Zeren etiketa kondena baita eta gauzak epaiaren zain uzten baititu. Behin etiketa jarrita, kendu arte ez dago zereginik. Horregatik, proposamena etiketarik ez jartzeko estrategia bat da, etiketa saihesteko estrategia bat.

Zenbat denbora behar da Izan Proposamena lantzeko?

Gela batean irakasle batek horrelako gauzak egiteko, gutxi gorabehera, astean ordubete eduki dezakeela kalkulatzen da. Orduan, proposamen horrek ez ditu ikasturte bateko ordu guztiak betetzen. Esate baterako, LH 2an gizakiaren izaera mugatuaren ikaskuntza lantzeko 4 ordutan egin daitezkeen 6-8 jarduera proposatzen dira. Beraz, gainerako orduak beste gai batzuk lantzeko erabil daitezke. Helburua ez da proposamen horrekin ordu guztiak betetzea, baizik eta denbora uztea beste gai batzuk lantzeko eta horiekin lotzeko.

Zenbat ikastetxe ari dira Izan Proposamenean parte hartzen?

2010eko martxoan aurkeztu genuen proposamena Arantzazun. Lehen ikastaroa maiatzean egin genuen eta 85 pertsona etorri ziren, denak irakasleak. Ikasturte honetan 10 irakasle interesdun eta bi edo hiru ikastetxe edukitzea nahikoa zela pentsatzen genuen, eta interesa askoz handiagoa dela ikusi dugu. Jadanik 4 ikastetxek egin zuten ikastaroa irailean eta beste 11k eskaera egina daukate. Une honetan, proposamenaren inguruan, gutxi gorabehera, 30 zentro dabiltza.
Ikastetxe batetik deitzen baldin badigute proposamena aurkezteko eta ikastaroak emateko eskatzeko, hala egiten dugu. 10-12 orduko ikastaroak dira. Eta, gero, martxan jartzen dute nahi duten moduan eta ahal duten erritmoan.
Hemen, Arantzazun, egiten ditugun ikastaroetara ere etor daitezke irakasleak beren kabuz.

Irailean hasita, oraindik goiz izan daiteke ebaluazio bat egiteko. Baina zer-nolako erantzuna edo harrera izan du orain arte?

Orain artekoa ikusita, balorazio ona egiten dugu. Alde batetik, irakasleei gustatzen zaiela ikusten dugu, ondo hartzen dute. Pertsonalki ez dute bizitzen karga bat bezala eta beraientzat ere ikasteko balio duela ikusten dute.
Bukatutakoan ondorio bat ateratzen dute: ez da zaila hau aurrera eramatea. Eta guretzat hori da garrantzitsuena. Guretzat obsesio bat izan da hori hasieratik. Zeren irakasleak erabat gaindituta baitaude: denbora gutxiegi, eskaera gehiegi, birtarteko gutxi… Horregatik, egiten denak oso errealista izan behar dut. Eta orain arte egindakoa ikusita, nik uste dut lortu dugula errealista izatea. Mementoz pozik gaude horrekin.

Liburuan aipatzen duzu proposamenaren oinarrian “pertsona izaten heztea” dagoela. Zer da “pertsona izatea”?

Hobetzeko daukagun gaitasuna jorratzea. Kito. Horixe da. Pertsona zer den definitzeko, agian, entziklopedia bat, 10 entziklopedia edo 10 urte beharko genituzke. Baina gu beste definizio horrekin gelditu gara: pertsona hobetzeko gaitasuna duen izakia da. Hori da pertsona eta hori da zoriontsua izatea. Zoriontsua zentzu errealista eta arrazoizkoan, hau da, ez publizitatean planteatzen den zoriontasun horretan. Guretzat zoriontasuna ona eta txarra integratzea da, zailtasuna eta erraztasuna bateratzea…
Zoriontasun horrek lotura asko dauka hobetzeko gaitasun horrekin. Alegia, pertsona batek bere bizitzan zehar hobetzeko gaitasuna daukala planteatzen badu, eta gaitasun hori jorratu egin behar duela erabakitzen badu, zoriontasuna bizitzeko aukera gehiago dauzka. Horregatik uste dugu definizio horrek garrantzi handia daukala.

Nola hezi pertsonak? Eta aurretik, nola hezi geure burua besteak hezteko?

Bizizikasi pedagogiaren bitartez. Aipatutako zortzi ikaskuntza horietatik abiatzen den pedagogia da. Hau da, pertsona batek hobetzeko eta ikasteko behar duen guztia barruan dauka, eta ez da beharrezkoa aditu baten menpe egotea edo ez dakit zer gauza ikastea kanpoan. Gauza garrantzitsuenak edo nagusiak barruan daude. Eta hori deskubritzeko, gure esperientziak ikaskuntza bihurtu behar ditugu.
Edonola ere, kontuz ibili behar dugu. Zeren, alde batetik, gizakia hobetzeko gaitasuna duen izakia dela diogu. Baina, beste aldetik, baita bere burua engainatzeko gaitasun handia duen izakia ere. Bi elementuak hartu behar dira aintzat. Beti pentsatu behar dugu lehen gatazka, lehen ahalegina, lehen elkarrizketa, lehen erronka, beti geure buruarekin dugula. Horregatik, geure buruaren eta funtzionamenduaren kontzientzia handiagoa eduki behar dugu. Beti aintzat hartu behar dugu hobetzeko daukagun gaitasuna jorratzeko, autoengainatzeko daukagun gaitasuna desegin egin behar dugula.

Daukagunarekin konformatu beharrean, gizakiok beti gehiago nahi dugu.

Justu horregatik da lehen ikaskuntza gizakion izaera mugatuarena. Esperientzia guztiak dira garrantzitsuak, baina oinarri-oinarrian dagoena da mugatuak garela. Horrek dena baldintzatzen du, dena, dena: gure tokia munduan, gure lekua bizitzan, gure harremana besteekin, lankideekin, bikotearekin, seme-alabekin… Eta beraiek ere mugatuak dira, mundua ere mugatua da.
Beraz, lehen esperientzia mugatuak garela da. Eta, bigarrena, garena eta daukaguna eskertzea, aitortzea eta balioestea. Hori egiten ez badugu, zoriontasuna ezinezkoa da.

Gizartearen mezuak, ordea, bestelakoak dira.

Bai, mezuek dena posible dela diote: zuk hau erosten baldin baduzu, zuk hau botatzen baldin badidazu, zuk hau baldin badaukazu… zoriontsua izango zara, mugarik gabe eta ahaleginik gabe. Itxaropen faltsuak sortzen dira.
Horrez gain, beti desira bultzatzen eta sustatzen da, gehiago edukitzearen desira, kontsumitzearen desira. Kontrolik gabeko desira bultzatzen da. Horixe da publizitatea: gizartearen zerbait materiala eduki behar dut, oraindik ez daukadana, zoriontsua izateko. Eta etengabeko antsietate horretan gaude.
Denak dauka abantaila eta desabantaila, baina zentzu horretan, gure aitona-amonak, neurri handi batean, planteamendu proportzionatuagoetan bizi ziren. Ez zeukaten guk daukagun askatasuna eta zeukaten hezkuntza itxia zen. Eta askatasunik gabeko hezkuntza ez da eredu ona. Hori da desabantaila. Abantaila, berriz, bizitzaren proportzioaren  neurria nahiko ondo hartuta zeukatela. Nahiko ongi lerrotutako printzipio humanista batzuk zeuden: gauzak txukun egitea, aurreztea, ondokoa ongi tratatzea… Orain, askatasun handia daukagu, baina ez daukagu inongo mugarik eta horrek desabantailak dakartza.
Gure planteamendua guztiz kontrakoa da. Hobeto bizi daiteke. Pixka bat hobeto, edo aldi bakoitzean pixka bat hobeto. Bide horretan murgildu behar dugu, bestela, itxaropen faltsuak sortzen dira eta lehenago edo geroago lehertu egiten gara.