Irrien Lagunak Kluba Oinarrizko proiektu hezitzailea

Proiektuaren mamia

Proiektu hezitzailea izan nahi du. Izan ere, Pirritxek, Pupu eta Lore bikiak izan ditu, eta hemendik aurrera pailazoak haur jaioberrien hezkuntzaz  arduratu beharko dira. Horretarako, jendarteari, gurasoei, elkarteei laguntza eskatuko diete. Pupu eta Lore denon artean hezteko, Berria egunkariak, Katxiporreta pailazo taldeak eta Elkar taldeak, Euskal Herriko haurrak eta haien gurasoak eta hezitzaileak bilduko dituen  komunitatea sortu dute: Irrien Lagunak Kluba.

Irrien Lagunak Klubak, beraz, ikuspegi hezitzailea izango du, eta bere ardatza Euskal Herriko haur guztien isla izango diren Pupu eta Lore haur jaioberrien heziketa izango da.

Zein baliotan hezi nahi dituzte haurrak?

•Euskaratik euskarara. Gure hizkuntzatik mundua nola ikusten den erakutsi nahi diete eta euskararen normalizazioan eragin nahi dute.
• Euskal Kultura. Gure arbasoen ezagutzaren bitartekari izan eta kultura garaikidearen lan berriak ezagutarazi nahi dizkiete, euskal kultura geure haurren eguneroko bizitzan ohikoa bihurtuta.
• Euskal Herria, Euskal Irria. Zatiketa administratiboak gaindituz, herri bat garela erakutsi nahi diete.  Euskararen Herria, Euskal Irria bihurtuko dute, mundura zabaldu.
• Mila kolore. Pentsaera eta molde askotariko jendea onartzen eta aniztasuna balio gisa agertzen ikas dezaten nahi dute. Errespetutik, aniztasuna aberatsa dela erakutsi nahi diete.
• Bizikidetza. Bizikidetzari buruzko kultura berritzailea sortu nahi dute. Errespetuan eta elkarrizketan oinarritua, eskubide berdintasuna, elkartasuna eta askatasuna sustatu nahi dituzte.
• Partaidetza. Haurren eta helduen arteko harremana indartu nahi dute. Familiaren, eskolaren eta nahi duten elkarteen partaidetza sustatzea dute xede.
• Ekologia. Natura babestea, iraunkortasuna bermatzea eta baliabideak zentzumenez erabilzea zein garrantzitsua den azaldu nahi diete. Kolore guztien artean berdea zein ederra eta garrantzitsua den ikusaraziko diete.

Helburuak

Helburu nagusia, Euskal Herriko haurrei eta haien hezkuntza prozesuan bidelagun diren norbanako eta kolektibo guztiei zuzendutako komunikazio proiektu sendoa euskaraz sortzea da. Beraz, haurrak izango dira ardatza, baina gurasoak, hezitzaileak eta  jendarteko eragileak kontuan hartuta, haurren hezkuntzaren ardura jendarte osoarena dela uste baitute. Horrela, hiru esparrutan eragiteko asmo sendoa dute:

Etxea eta familia

Haurren heziketa kontuan hartuz, gurasoak, aitona-amonak, izeba-osabak… etxea osatzen duten guztientzat baliagarri izatea.

Ikastetxeak

Ikasleen heziketan irakasleek, hezitzaileek eta hezkuntzako eragileek duten eragina kontuan hartzen dute.  Horrela, “Ikastetxe irrizaleen sarea” sortzea da duten asmoetako bat, elkarren arteko komunikazioa indartzeko eta proiektu komunak bideratzeko.

Jendartea

Instituzioak, aisialdi taldeak, kirol eta kultur elkarteak, komunikabideak… Klubaren balioekin bat egiten duten guztiekin, Irrien Lagunak Kultur Elkartea sortu nahi dute, denei ahotsa emateko eta gure herriko haurren heziketa prozesuan landu beharko genituzkeen hainbat balioei buruzko hausnarketa sustatzeko.
Hiru esparru horietako taldeei eta eragileei beraien partaidetza eskatuko diete, elkarlanean egin nahi den proiektua baita Irrien Lagunak Kluba. 

Klubak eskainiko duena

 Gerora hainbat asmo baldin baditu ere, hasteko, bi produktu eskainiko ditu: “Irria” aldizkaria eta “Irrien Lagunak” webgunea.

IRRIA aldizkaria

Harpidetzaren bidez etxean jasotzeko aukera  bultzatu nahi dute, nahiz eta dendetan ere eskuragarri egon. Aldizkariak 5,75 euro balioko du. Urteko harpidetzak, aldiz,10 zenbaki, 45 euro.
Zer lortu nahi dute:
- Haurrak ondo pasatzea, bakarka nahiz guraso edo hezitzaileekin batera.
- Helburu didaktikoa ere badu. Naturarekin, historiarekin eta osasunarekin harreman zuzena izateko aukera eskaini nahi du aldizkariak.
- Euskal Herria bere zabalean eta bere kontrasteekin ezagutaraziko du eta hainbat balio landu nahi ditu: euskararekiko jarrera aktiboa, bizikidetza, errespetua, natura, kultura, eta abar.

Irrien Lagunak WEBgunea

irrienlagunak.com/index.php
Klubaren ardatza izango da. Bertan parte hartzeko izena eman baino ez da egin behar, gurasoen laguntzaz. Doan da. Sare sozial handia sortzeko asmoa dute, beste sareekin erlazionatuko den sarea. Eta, bost helburu nagusi ditu:
- Irrien Lagunak klubarekin eta bere pertsonaiekin eguneroko harremana izateko aukera eskaintzea.
- Zeharo dinamikoa izanda, haurren elkar-eragiletasuna edo interakzioa bultzatzea eta parte hartzea erraztea.
- Ikus-entzunekoei arreta berezia jartzea, haur txikiei gehien erakartzen dien bitartekoa delako. Hor, klubaren gaineko ekoizpena sustatu nahi dute.
- Klubaren pertsonaiak jendarteratzea. Gaur egun Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek Euskal Herriko haurren artean duten eragina gutxitu gabe, beste pertsonaiak sortu dituzte, Irrien Lagunen unibertso berria osatuz.
- Hasieran haurrei eta ikastetxeei zuzendua egongo bada ere, bigarren fase batean (2011ko martxoa) gurasoei eta elkarteei ere lekua egiteko asmoa dute. Proiektu hori, beraiekin elkarlanean garatzeko asmoa dute.

Irria telebista

Bertan, klubak jarritako bideoak aurkituko dira, baina, ikastetxeek eta lagunek igotakoak ere bai. Printzipioz, hilero programazio berria jartzen joango dira:
- Azken berriak.
- Irriak non? Haurrekin erlazioa duten ikuskizun, festa, kirol-probak… agertuko dira.
- Hileko probak. Proben panela. Haurren partehartzea bultzatzeko, pertsonaia bakoitzak hileko proba bat jarriko die haurrei: animalia baten marrazkia egin, guraso batekin errezeta bat prestatu, argazki bat bidali… eta, ikasturte amaieran, “sariak” banatuko dira.
- Zorion agurrak. Klubeko bazkideak zoriontzeko aukera eskainiko du, bai urtebetetzeetan, bai beste arrazoi bat dela medio. Bertan, zorion postalak egiteko aukera izango dute  haurrek.
- Zer egin? atalean gurasoentzako informazioa zabalduko da. Bertan, irteera posibleak agertuko dira, arlotan sailkatuta: natura, festak, ikuskizunak, museoak… Gurasoek ere, beren proposamenak igotzeko aukera izango dute.
- Pertsonaiak. Telebistarekin batera, webaren gune nagusia izango da.
- Denda. Gure produktuak edo eta haurren hezkuntza eta aisialdia uztartzen dituzten kanpokoak

Merchandisinga

Merchandisingaren bidez bi helburu lortu nahi dituzte:
- Kluba eta bere pertsonaiak gizarteratzen laguntzeko materialak eta jolasak sortzea.
- Klubaren finantziazioan laguntzea. Proiektuaren diru iturri nagusiena izan daiteke merchandisinga epe ertainean. 
Merchandisingaren erabakiak hartzeko halako irizpideak erabiliko dira:
- Erabilgarritasuna: ez dute kontsumismoa sustatu nahi. Merchandising artikuluek oinarrizko erabilgarritasuna izan dezaten saiatuko dira, beharrezkoak diren produktuak soilik eginda.
- Kalitatea/prezioa erlazioa: kalitatezko produktuak egin nahi dituzte, prezio onean.
- Ahal dela, hemen bertan eginak.
Hiru irizpideetatik, azkena izaten ari da betetzen zailena, eta, hala izango dela dirudi,  merkatuaren errealitateak merchandising ekoizpenak atzerriko (Txina, India…) herrietan ekoiztea behartzen baitu produktu askotan.

Pertsonaien unibertso berria

Irrien Lagunak Klubaren hasierako bizkarrezurra Pirritx, Porrotx eta Mari Motots izango badira ere, haiekin batera,  piskanaka,  pertsonaia berriak elkarbizitzen jarriko dira, eta, guztien artean, unibertso berria osatzen joango dira.  

Pirritx

Neska bizkorra da, bihurria, jostalaria,  baina argia eta zentzuzkoa aldi berean.
Porrotxekin eta Marimototsekin bizitzen dituen abenturetan berak jartzen du zuhurtzia punttua, batez ere, Porrotx eroegi edo bihurregi ageri denean.

Porrotx

Pailazo bihurria, umearen ikuspuntua bere egiten duena; umearen begi eta logikarekin jarduten du. Transgresorea da, beraz, beti umearen begiradatik ari denez.
Logikak apurtzen ditu. Zer dago ondo, zer dago gaizki… beti zalantzak eragin eta zalantzaren bidez argia bilatzen saiatzen da.
Mari Motots
Neska alaia eta sentibera.
Naturazalea da. Animaliak maite eta babesten ditu, eta natura osoa ere bai. Largabistaren lagun handia da, hura ere naturazale amorratua baita. Lagun  txakurra ere oso maitea du.
Pupu eta Lore
Pirritxen ume bikiak dira.
Denon haurrak dira, aldez edo moldez. Lagun txakurra dute babesle nagusia.
Pupu mutil alaia da, baina baita bihurria ere.
Lore neska irribarretsua da. Lasaiagoa Pupuren aldean.
Ane pirata eta Patakon
Biek mundu bat osatzen dute. Elkartasuna eta sufritzen dutenekiko konplizitatea bilatzen dute, desberdintasunen integrazioa.
Biak gaixo daude; gaixotasuna dute bidelagun eta horrekin bizitzen asmatu dute. Baina, aldi berean, horrek  halako sentiberatasuna ematen die sufritzen eta bazterkeria pairatzen dutenekiko.
 
Lagun
Txakur leial eta bizkorra, oso bere kasakoa. Kaleko txakurra da, bere kasa ibiltzea gustukoa duena.
Berehala usaintzen du nor den jatorra eta fidatzekoa eta nor ez. Jakin-min handikoa da, eta muturra leku guztietan sartzea gustatzen zaio.

Marikalanbre eta Maritxinparta

Zientziazaleak.
Marikalanbre neska bizkorra da, txipriztina.
Txikitan kalanbre bat jaso eta ahalmen magikoen jabe egin zen. Amona Maritxinpartak argituko  dizkio guztiak. Zientziazale amorratuak dira biak. Zientziaren sekretuak ezagutarazten lagunduko diete haurrei.

Martinber (Martinbertso)

Mutil gaztea, irekia, eta zirikatzailea. Kultura gustukoa du: musika, literatura, bertsolaritza, artea… Sormena, oro har, bere alor eta edertasun guztian.
Hizkuntzarekin jolas egitea atsegin du:
hitz-jokoak, asmakizunak, hitzen hotsak, hitzen musika

Largabista

Gizon gordina, adinean sartuxea, eta naturazale amorratua. Naturari begira egoten da beti bere largabistarekin.
Gizon jakintsua da, naturaren sekretuak dakizkiena.
Gauzak esplikatzeko eta bere lezioak emateko oso modu xelebreak izaten ditu: batzuetan ipuin bat kontatuko dizu, hurrena hitz joko batekin aterako zaizu… baina beti esaten ditu gauza interesgarriak.

Ikastetxeentzako eskaerak eta eskaintzak

Klubak ikastetxeei eskatzen diena:

- Irrien Lagunak proiektua zabaltzen laguntzea.  Euskal Herriko ikastetxe guztietan aldizkariaren harpidetza orriak zabaltzeko bideak erraztea, bereziki, hemendik Eguberrietara sustatuko den kanpainan.
- Ikastetxe gisa webgunean erregistratzea, eta ahal duten heinean, eduki egokiak igotzen hastea. Webgunean erregistratzea doan da.
- Aldizkariaren harpidetza egitea.
- Proiektuaren balioekin bat egiten den heinean, bidailagun izatea: proposamenak bideratu, kezkak agertu…, horretarako propio sortuko duten “Ikastetxe irrizaleen sarea”n.  Aldizkariko harpidetza eta webaren erregistroa egingo duten ikastetxe guztiek osatuko dute “Ikastetxe irrizaleen sarea”.

Klubak ikastetxeei eskainiko diena:

- Ikastetxeko edukiak webgunera igotzeko aukera. Era horretan, egiten dituzten jarduerak, Euskal Herri osora heda daitezke. Beraz, IRRIEN LAGUNAK WEBa, ikastetxe guztien erakusleihoa izatea nahiko lukete. Horretarako, ikastetxe bakoitzak telebista kanal propioa izango luke.
- Irakasleei bideo ediziorako prestakuntza zehatza eskaintzea.
- Aldizkariaren harpidetza merkeagoa lortzeko aukera. Eta gainera, ikastetxeko gela bakoitzean aldizkaria egon dadin, ale kopuruaren araberako eskaintza berezia egingo dute:
    · Ale bat eskatuz gero, urtean 40 euro.
    · 2-10 ale bitartean eskatuz gero, urteko harpidetza bakoitzak, 30 euro.
    · 10 aletik gora eskatuz gero, urteko harpidetza bakoitzak, 20 euro.
-  Klubean sortuko diren merchandising-eko materialak merkeago lortzea.
- Antolatuko diren ikastetxeen arteko ekimenetan parte hartzea: ekimen zehatzak, festak…
- Klubarekin harremana izango duten ikuskizunak prezio berezietan kontratatzeko aukera (txotxongiloak, antzerkiak, klubeko pertsonaia batzuk ikastetxeetara…)
- Klubeko haur parkea merkeago kontratatzeko aukera,  eta, formatu askotariko guneak sortuko direnez, ikastetxe bakoitzarentzat propio egokitutako programazioa osatzea.
- Kirol/kultur jardueretarako azpiegitura eskaintzea: helmugarako arkua, hesiak…