Haize berriak dabiltza haurren hezkuntzan

Betidanik aipatu izan da haur txikien hezkuntzak duen garrantzia pertsonen garapenean. Txiki-txikitan finkatzen omen da geroaren oinarri sendoa.

Asko hitz egin da, bai. Hitz egin soilik, ez; ugariak baitira egin diren ikerketak eta praktikak arlo horretan. Eta, zientziari so eginez, hainbat baieztapen egin ditzakegu. Euskal Herrian izandako Myrtha Chokler argentinarrak zioen gisan, erabaki egin behar dugu zer-nolako pertsonak nahi ditugun etorkizunean, eta horren arabera jokatu. Bai. Erabaki egin behar dugu, ea aginduei edo esandakoei jarraituko dieten menpeko pertsonak nahi ditugun, edo, bestalde, pertsona autonomoak, bere buruaren jabe direnak, askeak.
Hori erabakita, gure jokaerak era batekoa edo bestekoa izan beharko du; eta, ondorioz, eskaintzen dugun heziketa helburuarekin koherentea. Ildo horretan, azken urteotan, Emmi Pikler asko hedatzen ari da gure artean, bere pedagogiak eta praktikak haur autonomoagoak sortzen lagun dezakeelakoan. Ekarpen ederra, ilusioz hartu duguna.
Ilusio berberaz hartu dugu “Irrien Laguna Kluba”ren sorrera. Etxetik at abiatua, baina etxeetan eragin nahi duena. Eskolatik kanpo sortua, eta, aldi berean, eskolekin batera jokatzeko bokazioa duena... Hainbat urtetako historia duten hiru euskal eragilek gorpuztutakoa da “Irrien Laguna” proiektua.
Baina, zergatik hartu du Hik Hasik ilusio handiz proiektua? Helburuetan dioten gisan, hiru esparrutan eragin nahi duelako: etxean (hezitzaile nagusia), eskolan (hezitzaile garrantzitsua), jendartean (auzoa, aisialdia, eskolaz kanpoko jarduerak, komunikabideak...  eragin handia duten hezitzaileak). Izan ere, etxeak bakarrik ezin du, eskolak bakarrik ere ez, eta, jendarteak bere kasa ere ez. Hirurak dira garrantzitsuak eta ona izango da hiru aldeen artean heziketaren oinarrizko ildoak adostea.
Horrez gain, parte-hartzea sustatzera omen dator proiektua. Osasunean, ingurumenaren errespetuan, eta gure herriko kulturaren transmisioan laguntzera; zientzia, jakin-mina eta ikerkuntza bezalako hainbat eremu sustatzera.
Elkartasuna eta bizikidetza dute jomugan... Ederra litzateke hori guztia elkarrekin garatzea, txikitatik, gazte eta helduekin batera, edonon.
Hik Hasiren ustez, proiektu ausarta eta aberatsa izateaz gain, une interesgarrian dator. Izan ere, krisia edonon eragiten ari denean, balioen krisia dagoenean,  ezkortasuna hedatzen ari denean... herritarron ilusioa pizteko, pixka bat amesteko eta  jendarte hobea egiten laguntzeko, halako aukera izatea eskertzekoa da.
Horrela bada, gure eskerrik handiena Berria, Elkar eta Katxiporreta pailazo taldeari herritarroi egin diguzuen opariarengatik. Etorkizun oparoa izan dezazuela!