Urari harrika

Ikastolara bidean harrika. Errekako urari, Etxetorreko kristalei edota elkarri. Ainhoa, Eneko eta hirurok. Hori da gogoan dudan lehen borobila, lehen taldea. Galtza motzak eta Legazpi,  mundu. Kimu Berri ikastola; izena eta izana.

Hurrengo borobila, gela izan zen, gelakideak. Errekreoan, patioko oihanean, taldearen abaroa gelakideek eskaintzen zuten. “Beste gelakoak” arrotz baziren, zer esanik ez “handiak”. “Txikiak” ez ziren existitzen. Bihurrikeria genuen lanbide; Andereño Karmele aingeru goardako.
Beste borobil kontzentriko bat: OHOn, harriduraz, maila ezberdinetako jendetza. “Ikastolakoak” talde hura handitzen zihoan, munduarekin bat. “Domingo” edo “La Salle”koak arerio baino etsai genituen; Zumarraga-Urretxuko ikastola ere bazela erakutsi zigun futbitoak. Batzen gintuen “ikastola” baino, banatzen gintuen herritartasuna zen orduan nagusi. Kimu Berri Haztegi birbataiatu zuten gero; harrobi. Bertsolari batzuk ikusi genituen behin Joxe Marik ekarrita.
Lehen harrikadatik, uretako borobilek indarra galdu zuten. Lizeo garaian, taldea eta lagunak ikastolarekin lotzen zituen zera lausotzen joan zen; bizipena oroitzapen gisa lurmentzen. Garaialdetik garaiz alde egin eta gutxira, ikastola, nagusiki, kurtsokide izandakoekin, irakasleekin eta euskararekin lotzen nuen; atzekoz aurrerako hurrenkeran baina. Finean, ikastola orokorragoaren azpimarra indartu zen, herriaren izen edo aurpegi zehatzez harago. Kilometroak  festa batek Legazpin inoiz izan den jendetza handiena paratu zigun begibistan. Neuk 2.600 kilometroko joan-etorria egin nuen asteburu hartan.
30na laguneko 3 gela izan ginen. Maskor hartan bazen perlarik, bazen prendarik. Asier, Yago, Unai... ordukoak dira. Facebook gabeko lagunak. Izenaren aurretik “Andereño” zuten Ketxus, Karmele, Arantxa, Kontxi, Loli, Lurdes... haiek guztiak ere ez dauzkat ahazteko. Ezta geroagoko Joxe, Mariajesus, Arantxa, Asun eta konpainia ere. Gerora “maixuago” ikusi eta aitortu ditut, maixu-maistra nituen garaian bertan baino. Bitxia, jaurtitako harria urpean ezkutatzean zein ederra den pentsatzea bezala da.
Lehen harrikada, euskarari betiko lotu gintuena, gurasoena izan zen. Gure aitak burlaizez “Bai euskarari!” esanda mozten gintuen, diglosiak gaztelania mingaineratzen zigunero. Gure amaren euskara azkoitieratik euskañolera lerratzen denean ere, ironia jasotzen du. Finean, txiki-txikitako oroitzapenak, itzuliko ez den hazkuntza eta hezkuntza garai bat. Orduko zirkulu kontzentrikoak, dabilen harria eta herria, Abusun dabiltza orain. Bilbo handi-handian. •