Maitasun begirada behar da ongi hezi nahi bada

Hezitzaile gisa, behar-beharrezkoak dira gure begiradak duen garrantziaren eta haurraren errespetuaren gaineko hausnarketa.

Begirada aldaketak ikasleekiko dugun jarrera errotik alda lezake. Izan ere, hezitzaileok sarri sentitzen dugu ikaslea edo gu biktima garela. Pentsa dezagun maitasunak mugitzen duela gure jokabidea. Ikuspegi berria hartuta, haurra ez da biktima ezta era suntsitzailean jokatzen duenean ere, maitasunetik jokatzen duen pertsona bat delako. Baina dena ez da hain zuzena eta ulerkorra.
Egia da, askotan, ikusten dugunean ikasleek arreta eskola ez den beste nonbaiten  dutela, zera galdetzen diogula geure buruari: Non dute jarria atentzioa? Zerbait garrantzitsua dute, ziur, maitasunetik jokatzen dutela pentsatzen badugu. Baina, norantz bideratzen ari dira maitasun hori? Gure ikasgelan agertzen duten atentzio eza, ziurrenik, interesa beste nonbaiten kontzentratua dutelako da. Eta zer gertatzen ari den bilatzea, aztertzea, aurkitzea ona litzateke, han, sorburuan eragiteko.
Hainbatetan uste dugu, arazoa konpontzeko, eskola curriculuma hobetzea eta metodo eraginkorragoak erabiltzea direla bidea. Baina gutxitan aipatzen da ikaslearen egoera fisikoa eta emozionala funtsezkoak direla mundua deskubritzeko eta burua garatzera dedikatzeko. Izan ere, bizi duten etxeko egoerak bere ongizate psikikoa  asko baldintzatzen du. Horrek erakusten digu ikasgelakoak bakarrik ezin duela, etxekoekin aritu behar duela eskolak.
Batzuen ustez, neska-mutilak ongi garatuko dira, txikitatik, beren indargune, ezaugarri eta beharretatik abiatzen uzten bazaie. Barruko indar horiei garatzen uztea eta bidea egiten laguntzea da funtsezkoa. Aldiz, zailtasunak, arazoak eta abar epaitzen baditugu, beren garapen naturala zailtzen arituko gara.
Lehen esaten zitzaigun haurra 5 urtekin egina zegoela, hortik aurrera arazoak zituztenekin ezin zela gauza handirik egin. Askotan, abandonatu egiten ziren eta hura zen beraientzako benetako suntsipena. Gaur egun, gauzak aldatu egin dira hainbat girotan… Ikerketengatik badakigu tratu txarra jaso duen haurrak traumarik gabe bizi daitekeela errua botatzen ez bazaio eta maitasunezko laguntza eskaintzen bazaio.
Haur batek zerbait larria jasan arren,  gizakien laguntzarekin, afektuarekin, elkartasunarekin eta maitasun harremanekin gaindi lezakeela eta normaltasunean bizitzera irits daitekeela.
Freud-en esanetan, gizakiak hiru sufrimendu mota jasan ditzake: naturaren hondamendiek eragindakoak, gorputza berak  sortutakoak edo besteekiko ditugun harremanek egindagoak; horien artean, azken hori da kalte handiena egiten diguna.
Horregatik, Bartzelonan egin berria den “Maitasuna eta heziketa” jardunaldietan halako aholkua agertu zuten behin eta berriro: Hezitzaileok maitasun begirada erabili behar dugu.