Atzera begira

1978an Itoiz taldeak bere lehen diska aurkeztu zuen, Jimu Iturralde, Jon Juaristi, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Manu Erzilla eta Joseba Sarrionandiak Pott literatur aldizkaria sortu zuten Bilbon, Koldo Izagirrek Guardasola ahantzia argitaratu zuen, Euskal Herrian Euskaraz elkartea sortu zen, Bizkaiko ikastolen aldeko lehen Ibilaldia antolatu zuten, Euskaltzaindiak "Bai Euskarari" kanpaina erraldoia antolatu zuen euskararen aldeko kontzientzia piztu eta dirua biltzeko, Hego Euskal Herriak ezezkoa eman zion Espainiako Konstituzioari, Poliziak German Rodriguez hil zuen San Ferminetako bigarren entzierroan, BVEk Jose Migel Beñaran Argala ETAko buruzagia hil zuen Angelun, bere autoan lehergailua jarrita eta nik Bego Arteagaren eskuari gogor oratu eta atzerantz egiten nuen indar Eguzkibegi ikastolako atarian. Gerora ateak zarratzeko baino zabaltzeko gurago ditugula konturatu gara baina orduan erdi erdian kristalezko leiho bana zuten ate zuri haiek zehartzeak zer suposa zezakeen jakiteke, malkotan lehortu nintzen. Amaren esku leun, epel, ezaguna askatu eta andereñoaren esku arrotz, latz, hotzari heltzea ordura arte egindako sakrifizio handiena izan zen. Neure burua dakusat, atzera begira, kokotean begiak banitu legez, atearen kristalezko leihotik lanbrotutako begiekin agurtzen ninduen amari begira. Nire bizitzako egunik zoriontsuenetarikoak etorri ziren biharamunetik bertatik. Kurrikulumak agindutakoa ez eze, bizitzeko ezinbestekotzat ditugunei buruzko lehen ezagupenak koadrodun amantal haien babesean jaso genituen. Euskal Herriarekiko zein euskararekiko begirunea erakutsi ziguten andereño eta maisuei esker ari naiz berbok idazten. Euskarazko kulturaren oinarrizko irakaspen haiengatik bizi nau euskarazko kulturak. Ez dago hit-paraderik Imanol Urbietaren, Mikel Laboaren zein Hertzainaken kantak ahanztaraziko dizkigunik. Maitasuna letraz letra ikasi genuen, urtero bat. Bi izenen artean x bat, berendiak zu zaitu laket, gelako ederrena zeu zara idatziko genituen paper txataletan. Mundu guztiko eskoletan legez, mahai-azpitik batak besteari pasako genion mezua, maitearen eskuetara iritsi arte. Andereñoa arbelean idazten ari zela egingo genuen irri, maiteak maiteari begiratu ere egin gabe. Jolasordurako txirrina entzun eta jolastokira arineketa batean alde egingo genuen, maitea ordu erdiz ahaztu eta jolasean bizitzan beste eginbeharrik ez bagenu legez zein baino zein aritzeko. Adiskidetasuna ere, ordutik daukat urregorritzat. Burua lar nagitzen ez bazait, hil artean gogoratuko ditudan lagunak ordukoak dira, autobusak harrapatu zuen Eneko, autobusean istripua izanda hil zen Gotzone, Frantziako eta Espainiako kartzeletan dituzten Oier eta Gorka. Zahartzaroan eskoletara itzuli gintezkeela bururatu zait, begirunea, adiskidetasuna eta maitasuna azkenekoz bizitzera.